Miteran errege!
Borda, Itxaro
Uda honetan sortu zauriak
hitz betez ditu errausten,
Miteran fauna errege handi
Parisetik zaigu hausten:
Bazter guziak arros lehorrez
dolutan dirade jauzten,
Kasu oraindik dituen xede
ederrak ez diren hausten!
Gure orduko oihu-nekeak
zituelakoz laudatu
Badu lau urte lendakaritzat
genuela guk hautatu,
Ez gara nehoiz egun bezainbat
gezurtiekin ausatu:
Herrian bere hitz legunekin
hira asko du kausatu...
Miteran fauna gaurko urtea
izan dukezu bakarra,
Langabezia poliki haziz
ordena tresna zaharra,
Kaletan jarriz ehun milaka
polizi urdin zakarra
Kartzelak eta komizariak
betez sor zedin aharra...
Zure golkoko arros zimelak
emeki dira usaindu,
Europa hontan bakea eta
indarra behar da zaindu,
Frantziak ere auzoen gero
demokrata bere gain du:
Eztradituak hartu ondoren
Espainia egin saindu!
Hala ere zuk Euskal Herrian
ukanen duzu ohore,
Inxospek eta Destradek berak
emanen dizute lore:
Zozo erdiak garela dion
bringilak badu podore,
Ahalgearen banderak dauka
frantsesak duen kolore!
Miteran fauna negar egizu
urak ito duen hartaz,
Miteran fauna hitza emazu
gure kulturaren kartaz,
laborarien minak kentzeko
dirua eskain zapartaz:
Errantzun ona bilduko duzu
bihar koleraren zartaz!
Egun batean Miteran jauna
ez dugu deus eskatuko,
Ez gara zutaz edo bestetaV
gehiegi keskatuko,
Egun batean boterearen
kargak zaigu feskatuko
Eta orduan hutsaren otsa
dukezu galdezkatuko...
Anarte hortan balia zazu
bidaia iduri bele,
Bazter orotan solas handitan
hedatuz lau mila ele;
Ongi etorri Miteran jauna
zoaz bidetan pelele,
Histori hontan ez dira beti
uste dugunak tetele!