Mirailen haraindietan
Borda, Itxaro
1
Miraila haien haraindietan, itxuren mundu zabala,
Bi mila aldiz gehitua den memoriaren ahala,
Gizon bakoitzak neholaz ezin menperatuzko kabala
Sakona dena, ordea batzuk uste dutena azala...
2
Miraila haien argitasunak tirriaturik gabiltza:
Zer zorigaitza izarbeletan argirikan ez balitza...
Infinietan aurkitzen bada parada galduen giltza
Gozamenekin hustuko dugu amets zoroen kalitza!
3
Mirailari so nindagolarik hetsi nintuen begiak
Ez ikusteko erortzer ziren agi nereen egiak...
Miraila hautsi zen azkenean; oi berinda alegiak!
Eta geroztik ezagun ditut erhoen baketegiak...
4
Herabeturik, arrosen eta zazpi sugen elkartean,
Loreak entzun ditut handitzen miraila pusken artean.
Ametista nik pausatu nuen begi ordez bitartean
Gizonen gauzer itsu nintzela oharturik anartean...
5
Konprenitzen dut ez dutala ez sekulan deusik ulertu
Beste jendeak nola naizela berdin bizitzen izertu.
Orain banoa bide berotan, beldurra ez da lupertu,
Miraila pusken begi mindunak hertan beharrez okertu...
6
Purruska denak lurrean daude, bihotzak ez du sofritzen:
Haize hegoen negar auhenek zerua dute gorritzen...
Nere itxura ez dut ikusten, hutsa ari da loditzen;
Nola biziko naiz ni gaizoa ez banaute sokorritzen...
7
Ezin bestean inguratu dut nere mundua zedarriz
Hutsaren hotza nahiz mendratu, su itxinduak ekarriz...
Orroitzapenak opari gisa belar nagian ezarriz
Eden dut edan ahanztearen iturrietan egarriz...
8
Minen errorik ez dator antsiz memoriaren mundura
Arina baita geroa eta pizua iragan hure...
Itsas gazia bezain mugikor da haraindietan ura:
Miraila puskak, puska dagotzi; fini dugu abentura...