Laztaren erreinua
Borda, Itxaro
Sartu dura garaile, polizak etxetan
laztaren erreinua hedatuz denetan;
harmatuak jautsirik herriko plazetan
asko lurralde utzi dituzte penetan...
Goizeko eguzkitan, pistolen disdira!
Gizonk harturikan alai joan dira...
Hauzoak hor zagotzin leihotik begira:
"beha baratze hartan poliziak badira!"
Ganbaran miaturik ezer ez atzeman
nahi zuten miralla ez dute hauteman...
Suprefeta baitzagon denen kontra teman
Baionarat zituzten kriminelak eman...
Egiak, estadoak agertuz gezurrak,
mistifikatzen ditu kuraiez beldurrak!
Baionan hil diren bi gazteren hezurrak
zuri hitza bakean umexurtz den lurrak...
Indarrak, Erresuma betitik osatzen
nahasmena beraz du Azkarrak losatzen;
azkenik aise dira handiak botatzen
beren opulentzia ez dute gozatzen...
Errepresioa da Handien makila;
Frantzia dugu segur lan hortan abila,
salatariekilan eskutik dabila
gure libertatea dutelarik hila!
Ezpatak du erreinu ederra sortua
ez du oraino bere ura agortua...
Odolaren medioz, batasun lortua,
herriak husturikan da basamortua!
Ariko dira berdin gure gogoetan
ahantz arazi arte, amets zoroetan
nola ginen bizitzen oihan zokoetan
eta euskal mintzaira haurren ahoetan...
Estado bortitza bai hautsiko balitza
indarrik eman gabe ez ninteke mintza;
ospetsu izan arren alfer dago hitza
gure askatzerako behar da egintza!