Kolorado-ko bertsoak
Borda, Itxaro
1
Grand-Junction-en bizi da Manex Urruty
Apaldi artzain joanik herritik urruti
Eskaini deraitana ez baita gauz guti
Haren agurtzerako gaitezela zuti.
2
Munduan barreiatu euskaldunak fidel
Elgarrekilan daude beterikan sakel
Ipar Ameriketan bihotza dut epel
Maite zaitudalako bietan Urepel!
3
Xalbadorren omenez etorririk horra
Urruty-k hurbildurik zerasatan gora
«Bertsolari gaztea jin Koloradora!»
Ehun dolar eskuan erran nion «nora»...
4
Hiru-hogoi hamalau urtetan zer zaina
Donazahartar sortzez da Manex Artzaina
Irria ezpainetan garbi buru gaina
Euskaldunentzat beti zutik du mahaina!
5
Basamortuan artzain ardi troparekin
Bost urtez egona da beste lagunekin
Lo eginez ardura begitto batekin
Sahetsean pistole kargatuarekin!
6
Munduan zehar dauka ezagun andana
Ezin ditzazke berak erran bana-bana!
Segreturiken ez du etzaitez engana:
Leu orenetan jeikiz hasi gogor lana...
7
Euskaldun denak nolaz dezake konpreni
Arrazen berextee etzaio komeni;
Hortako hartua du iduri zait eni
Mexikan emaztea Velazquez'tar Bennie...
8
Antxeran erosi-ta lur pixka bat hole
Aberestu egin da berak daki nola
Lur pean aurkiturik nolazpait petrola
Huna gure Urruty errege dagola!
9
Nahiko kantua ta euskaldun musika
Atean: gure jaunak gaitzan benedika
Baratzean baditu igelak gaindika
Baina ezin ikasi haiek igerika...
10
«Errexa zaio hori aberats zen ta!»
Euskaldun seme denak egin dezan kanta
Elgarri eskuz esku munduan eman-ta
Manex-ek altxatu du plaza bat xarmanta!
11
Euskal artzainak dira lur zabal guzian:
Kosmonotek zituzten aurkitu ârgian
Ardiekin batera hantxet ilargian
Ari zirenak bake haunditan musian...
12
Ta dolarrak segurki ezarriak metan
Altzairuzko kutxetan prestuki banketan
Euskaldunek beharko ginuke denetan
Aitatxi aberats bat han Ameriketan...