Gerla ondoan
Barbier, Jean (J.B., Donibane-Garaiztarra, Ganich)
1
Behatu diotet, gaur, gure mendieri,
Eta ikhusi ditut arthaldez igeri!
Behatu're diotet oihan handieri...
Ederki hostaturik, irriz zauden neri!
2
Karrankaz airatuak, han, bortu-gainean,
Arranoak, lerroka, zera gorenean...
Haret hunt zoazin, librotasunean...
Soldado-Xoririkan bat ez, urrunean!
3
Ur-xirripa heldu zen, garhirik goizean,
Othoitzean Jaunari, kantu-erasian!
Xori papo gorriak, leiretan sasian,
Hurrupaño bat dia hartu airatzean!
4
Barrandan egotu naiz, kanoia, zafraka,
Noiz hehar othe nuen aditu, milaka...
Bildotx-ardiak ditut entzen marrumaka;
Artzaina ondotikan heldu zen xixtuka!
5
Nere etxe xuriak -irriz denak ari-
Dir dir egiten zion argi-zirrintari!
Erleak, burrubaka, lothuak lanari,
Andre-gaia zabilan, bihotza kantari!
6
Hil-mezuen orde, nik ategrantzietan,
Espos-oihuak ditut entzun elizetan!
Kapa ilhunak orai beude xokoetan...
Oi, zonbat joia pullit, aurthen herrietan.
7
Izatua naiz beilan, gerla-tokietan,
Eta zer ikhusi dut, hildo ilhunetan?
Ogi urhezkoa zen heldu, lorietan!
Xori bat kantuz ari, kanoi baten puntan!
8
Ikhusi izan ditut hango hil herriak,
Milaka han, martirak lerroka zarriak;
Hautxet zioten orok, hantxet eroriak:
Bakea duzuela; bakea Herriak!
9
Eguerri zen bain xuxen, nik uste gabean;
Sartu nintzen, goiz batez, eliza batean;
Jesus-Haurra mintzo zen, bi taulen artean:
«Loria zeruetan! Bakea lurrean!»