Eskualdun hil-herriak
Barbier, Jean (J.B., Donibane-Garaiztarra, Ganich)
1
Elizaren ondoan, oi Eskualdun haurrak,
Gore hilen herriak zoin diren ederrak!
Han dagozi bakean aitaso zaharrak,
Han ditut etzan nahi nik nere hezurrak.
2
Kurutze, lore eta elhorri xuriak
Han elgarri josirik dira ezarriak;
Iguzkiak bezala ilhargi-zariak
Ongi apaintzen ditu gure hil-herriak.
3
Primadera goizetan, etxe-aldetikan
Xoritto bat heldu da berriz hanturikan:
Berri hek salaturik hobirat musikan,
Badoa loreņo bat handik harturikan.
4
Udako arratsetan zeruko izarrak,
Ihinztatuz doazi lur-meta nabarrak:
Zinez erran liteke ahaiden nigarrak
Bilduak daduzkala hil-herriko lurrak.
5
Lur-pean lo dagozi gure arbasoak,
Iguzkirat itzuliz zango-ta-besoak:
Zeru-gainerat aldiz daduzkate soak,
Direlakotz gelditzen Eskualdun osoak.
6
Igande guziez han herria da biltzen
Beren egitekoez ez dira ixiltzen;
Hobian berehala hila da higitzen,
Zeren dituen haurrak ondoan aditzen.
7
Elizan direlarik haurrideak sartu,
Leheneko kantuak ditu ezagutu:
Haren hezur gaixoak dira ikaratu;
Lur-pean airea du berak akabatu.
8
Anjelus erran eta buru-has emanak,
Hil-hobien ondoan dagozi gizonak;
Andrek aldiz dauzkate lurrean belhaunak,
Zerurat doazila othoitz kartsuenak.
9
Hilak bakarrik dira orduan gelditzen;
Beso baten gainean oro dira jartzen:
Atseginekin dute herrian aditzen
Lehengo errabota pilotak zartatzen.
10
Ilhun beltzean dira entzun irrintzinak,
Kantabre arbasoek zinkatzen zuztenak
Hilak lokhartu dira hil-herrian denak:
Ohikoak dagozi bethi Eskualdunak!