SAN JOSE RIZAL

 

        San Jose Rizal. Eta zergatik ez? Zergatik ez zaio eman behar heroien kultuari santutasunaren onespena?

        Isabelo de los Reyes J.ren onberatasunari esker bere idatziak eskuratu ditudan Eliza Filipinar Independiente bitxi horri buruz noizbait zerbait idazteko asmoa badut; arrazionalismo kristaua sinbolo eta zeremonia katolikoz jazteko ahalegintxoa den eta bere etorkizuna nire ustez oso zalantzatsua duen eliza bitxi horretaz. Erlijioak egiten dituztenak eta erreformatzen dituztenak ez dira pentsalariak. Errazago iruditzen zait, Espainiak han utzi zuen sentimendu katoliko kristaua oinarritarako hartuz, aberriarenganako, Filipinenganako, kultua bera erlijio bilakatzea, eta eliza hau filipinarrentzat Rizal izpirituz bizi den beste Filipinak zerutar baterantz erromes-ibilaldi gisa agertzea.

        Ez dakit Rizalek, bere erlijio-sen finarekin, eta kultura erlijioso handirik izan ez arren, apaiz zismatikoaren eskua ageri zaion Eliza, frailearen eta bere diszipuluen zantzua ageri zaion Eliza, onartuko ote zukeen.

        Apaiz zismatikoaz, edo apaiz herexe edo ukatzaileaz, ez dago fidatzerik. Ateo bihurtzen bada ere, apaizak apaiz izaten segi nahi du, eta berak apaiz gisa jarrai dezan Eliza ateo bat edukitzea nahi luke. Erlijio-erreforma bera ikuspuntu profesionaletik begiratzen du.

        Baina horretaz edozer delarik ere, eta Eliza Filipinar Independienteaz eta bere irakasketa hain xaloki agnostikoez eta zientziazaleez edozer delarik ere, egia da Rizal kanonizatzean beste zenbait gauzatan baino artezkiago jokatu zuela. Eskierki beste gauza guztiek liburu europarren kutsua zuten, Biblioteca Alcan-eko liburuen usaina, eta horrek ordea, aitzitik, herri baten arimaren berezko higiduraren lorea dirudi. Eta Erlijioak herriek egiten dituzte, eta ez pentsalariek. Herriek beren bihotzaz, eta ez pentsalariek beren buruaz.

        Beraz, Eliza Filipinar Independientearen ekintzarik gailenena, Filipinetako herriak aldarrikaturiko Rizalen kanonizazioa onetsi izana da.

 

 

 

© Miguel Unamuno

© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

"Unamuno Rizal-i begira" orrialde nagusia