KONBERTSIOA

 

        Rizal, katolizismoan hezia izaki, sekulan ez zen heldu librepentsalari izatera, baizik eta libresinestuna. Heriotza atarian zegoela bisitatu zuten jesuitei protestantea iruditu zitzaien, eta protestantetzat edo protestantismoaren gogaidetzat eta germanofilotzat tratatu zuten behin baino gehiagotan.

        Gure artean, espainiarron artean, ezer gutxi ezagutzen da protestantismoa zer den eta zer esanahi duen, eta apezteria espainol katolikoa gai horretan zeharo ezjakina da. Apaiz espainolek, jakituntzat jotzen diren horiek ere, protestantismoaz duten ideia baino zentzugabekeria handiagorik ez dago. Asko eta asko Balmesen liburu makal eta kaxkarrari lotzen zaizkio, eta zenbaitek Bossueten argudio ospetsu eta tamalgarri hura errepikatzen dute. Hortik zehar topatzen dituzten protestante ortodoxoei, kapera irekiko protestanteei, Elkarte Bibliokoren bateko diru trukeko artzainei entzuten dietenek, kontzeptu hori berresten eta horri iraunarazten laguntzen dute, zeren eta ortodoxia protestantea, katolikoa bera baino zikoitzagoa eta arloteagoa eta ahulagoa baita, eta Liburuari, Bibliari, bere letra hilean ematen dioten kultu superstiziosoa penagarria baita.

        Darwinisten artean Darwin bera baino darwinistagorik badagoela ulertzen ez dutenak diren bezalaxe, era berean luteranoen artean Lutero bera baino luteranoagorik ere badagoela ulertzen ez dutenak edo ulertu nahi ez dutenak badira, alegia, protestantismoaren hastapen espezifikoari, Eliza katolikotik berezi eta apartatu zuen hastapen hari, lehen protestanteek atera ezin izan zizkioten edo ateratzerakoan atzera egin zuten ondorioak ere atera dizkioten izpirituak badirela. Zeren dotrina batek, beste batetik aldentzen eta bereizten denean, aldendu eta berezi den hartatik gehiago baitauka bere-beretik baino, eta hasiera hartan protestantismoak gehiago zeukan katolizismoarekin baltzukoa bere espezifiko eta bereizgarririk baino.

        Protestantismoak azterketa librearen eta fede bidezko justifikazioaren hastapena aldarrikatu zuen —kasu, fede kontzeptua katolikoaz desberdin ulertuz— eta zenbait neurritan sakramentuen balio sinbolikoa; baina dogma ez-ebanjeliko ia guztiak gordetzen segitu zuen, eta horien artean Jesukristoren jainkotasunarena, lehen bost mendeetako Eliz-Guraso greziar eta latinoen lanari esker eraturiko dogmak, alegia, tradizio katoliko espezifikokoak. Baina azterketa librearen hastapenak exegesi librea eta zientifikoki zorrotza erakarri du, eta protestantismoan oin-hartutako exegesi honek dogma horiek guztiak birrindu egin ditu, dogma positiborik gabeko kristautasun ebanjeliko nahiko zehazgabea eta mugailuna zutik utzirik. Joera honen eredurik garbiena unitarismoa deritzana da —esate baterako Channing-en sermoietan ikus daitekeena bezala—, edo Harnack-en gisako jarrera. Eta protestante ortodoxoek, kriterioz katolikoak baino are hertsiagoak izanik, jarrera hori gaitzetsi egiten dute, eta horri buruz San Paulok esan zuena ahaztuz, horrela pentsatzen dugunoi kristau izena ere ukatzen setatsuki saiatzen dira.

        Eta bere idatzietatik atera dezakedanez, Rizal molde horretako jarreran aurkitzera heldu zen. Horrelako jarreran, eta ez duda-muda eta zalantza hamletiarrezko azpihondarrik gabe, eta betiere katolizismo sentimentalaren oinarri gainean, bere haurtzaro-zolaren gainean. Zeren poeta den edonork bere haurtzaroa arimaren muinean baitarama eta hartaz bizi baita.

        Rizal protestantetzat eduki zuten eta obra honen 105. orrialdean ematen den aita Pastells-i egindako gutunean horretaz bihotza zabalduko dio eta Odenwaldeko bakardadeetan artzain protestante batekin emandako ibilaldiez hitz egingo dio. Bestalde, Rizal y su obra liburuan jesuitek esaten dutena ez dut sinesten, alegia, protestanteek eta arrazionalistek idatzitako guztia irakurririk eta haien argudio guztiak bildurik zituela. Ez da exajeratu behar. Rizalen kultura erlijiosoa, bere idatzietatik atera daitekeenez, ez zen gure artean arrunki ematen dena; baina aitzitik, egundoko goimailakoa ere ez zen, ezta gutxiagorik ere. Horretan diletante bat baino ez zen. Jesuitek aipatzen dituzten adibideak —ikus obra honetako (116) oharra— zeharo arruntak eta joan den mende-hasierako giro-girokoak dira. Baina, hori bai, jesuita espainolak izaki, eta Rizal gai horretan nahiko apala eta epela izan arren, honek baino gutxiago zekitenez, honena aski izan zen literatura protestanteaz eta arrazionalistaz gizon oso jakintsutzat har zezaten.

        Horri buruz gure artean nabarmenki nagusi den ezjakinkeria itzel eta lotsagarria izan da Rizal librepentsalaritzat jotzeko bidea eman duena. Ez; libresinestuna izan zen, eta hori beste gauza bat da. Rizalek, ziurki diot, Buchner-arren edo Haekel-arren ez zukeen zin egingo.

        Liburu honen 292. orrialdean Ezagumenaren erlatibitatearen hastapena azaldu zuen era zorrotz eta argia irakurtzea aski da, arrazionalismoaren dogmatiko bat, atzekoz aurreko teologo bat ez zela ulertzeko, baizik eta zentzu agnostikodun eta kristautasun sentimental batean oinarrituriko libresinestun bat zela. Eta funtsean, errepikatzea komeni da, bere haurtzaroko ume-katolizismo herrikoia, inolaz ere ez oso teologikoa, Luistarren Kongregazioko idazkari-ohiaren katolizismoa. Nik, hamabost urte nituela neu ere kongregazio horretakoxe idazkari izana bainaiz, horretaz zertxobait badakidala uste dut.

        Rizal protestantetzat eta germanofilotzat eduki zuten, eta bistan da horrek gure artean zer esan nahi duen. Espainian eta espainiarrentzat, protestante edo horrelako zerbaiten gisa azaltzea, ateo gisa azaltzea baino okerragoa da. Katolizismotik ateismora oso erraz pasatzen da; zeren, Channing-ek esaten zuen bezala, eta hain zuzen Espainiaz mintzatzean, dotrina faltsu eta zentzugabeek berezko joera baitaramate erreflexiorik gabe jasotzen dituztenengan eszeptizismoa sorrarazteko, eta inor ez da gutxiegi sinesteko joera biziagoa duenik, gehiegitxo sinesten hasi zirenak baino. Katoliko ez izatekotan, ateo eta anarkista izan behar dela aldarrikatzen entzutea Espainian normala da, zeren ez arrazoiak ez fedeak zuzpertzen ez duten erdibidea baita protestantismoa. Eta norbaitek bere burua protestante deklaratzen duenean, ingelesaren urreari saldutzat jotzen dute. Protestantea gure aurrean antikatoliko baino are gehiago ageri da antiespainol gisa. Ateismoa protestantismoa baino jatorragoa da oraindik. Herexia, erlijioaren aurkako delitu adina edo are gehiago jotzen da aberriaren aurkako delitu.

        Erlijioaren eta aberriaren arteko nahasketa sakrilego horretaz zerbait esateko aukera hemen zen, aldarearen eta tronuaren arteko zorigaiztoko elkargo horretaz —gurutzearen eta ezpataren arteko beste hura bezain zorigaiztokoa, eskierki—, eta halaber tronuarentzat nahiz aldarearentzat ekarri dituen ondikozko ondorioez. Zeren traza horretako kidekeriak erlijioarentzat baino kalte handiagoa aberriarentzat, ala alderantziz, erakarri ote duen jakiten zaila baita.

        Liburu honetako 306. orrialdean azaltzen den oharrean (387) aurkituko duzu, Pangsinan-go gobernadore zen Karlos Peñaranda jaunaren ukase bikain bat, non mehatxupean agintzen baitie barangay-buruei igande eta jaiegunetan meza entzun dezaten, entzungo ez balute peso bateko isuna ezarriz. Hau, espainiar haien askatasunaren eta duintasunaren kontrako atentatu zakar bat zen, eta aldi berean erlijioaren kontrako lotsagabekeria nabarmena. Zeren bere sinesmeneko betebehar erlijiosoak betetzera kristau katoliko bat santzio zibilen mehatxupean behartzea, erlijioaren kontrako lotsagabekeria baita, dongekeria hutsa; kultuzko eskaintza hura bere balio erlijiosorik gabe uztea eta kristau-kontzientziaren askatasunaren kontra atentatzea. Pangasinan-en bikariotza egiten zuten fraileek kristau eta katolikoren erlijio-zentzurik izan balute, atentatu horren aurka altxatzen lehenak ziratekeen.

        Eta gero irakurri besterik ez dago berriro ere, Despujol jeneralak Rizal deportatzeko emandako aginduaren erabaki penagarri hura, hantxe esaten baita Filipinetako lurralde beti espainol hura —gaur egun dagoeneko ez da— eta beraz beti katoliko hura deskatolizatzea, desnazionaltzea bezalaxe zela. Horrelako gauzak irakurtzeak goibeldu egiten du arima, eta are gehiago gure arima, zeren eta Espainia benetan nazionaltzeko beharrezkoenetariko gauza bat, Despujolek eta bere aholkulariek eta gidari izpiritualek katolizismoa hartzen zuten zentzuan deskatolizatu egin beharko litzatekeela uste baitugu. Zeren agian baliteke Eliza katoliko erromatarra deskatolizatzen ari dela esateko bidea ematen duen beste zentzu bat ere egotea.

        Rizal protestantetzat, arrazionalistatzat, librepentsalaritzat, eta dena den antikatolikotzat jo zuten. Eta ni ordea ziur naiz beti libresinestun izan zela, erlijiozko sentimendu lainotsu eta zalantzatsuz betea, erlijioa baino gehiago erlijiotasuna zuena, eta bere haurtzaroko ume-katolizismo zeharo poetiko harenganako nolabaiteko txera zuena. Dogma katolikoak jadanik buruz ez sinetsi arren, Europan zehar egin izan zituen ibilaldietakoren batean, bere haurtzaroko oroitzapenak gogoratzeko helburutan noiz edo behin meza entzun izanak ere ez ninduke batere harrituko, zeren meza katolikoa alde guztietan berbera baita, eta katoliko jaio eta hezi denak, bere aberritik urrun dabilenean, tenplu katoliko batean baino hobeto inon ezin baitezake senti han aurkitzearen Mura.

        Rizal heriotzara kondenaturik, bere epaileen beldurraren inspirazioak eraginik, bere antzinako maisu jesuitak bere gainera jausi ziren, eta aspaldi hartan bere inguruan eraikia zuten hesia hertsitu egin zuten. Borroka penagarria benetan.

        Rizal gizajoak bere antzinako maisuekin, jesuitekin, izandako harremanak baino gauza irakaskorragorik gutxi da. Hauetan ageri da batetik bere berezko jatortasun zintzoa, bere maisu haienganako errespetoa eta eskerrona, zeren eta bera (eta oro har indioa), gizalege handiagoz tratatu baitzuten fraileek baino (indioa oro har tratatu izan zuten bezalaxe), arrazionaltasun handiagoz, kristau-izpiritu handiagoz.

        Eta haietan ikusten da halaber jesuita espainolen erremediorik gabeko arrunkeria eta zabarkeria aldagaitza, beren jakitun kutxazainak eta guzti, berriak bildu, klasifikatu eta banatzea denerako dituzten jakitun zuhur eta baliagarri horiekin, baina benetako kontzepzio filosofikoetara igotzeko beren hezkuntzaz zeharo gauzaeztuak dauden horiekin.

        Retanak liburu honetako 293. orrialdean (363) oharrean dio, Rizalen eta beraien artean izandako eztabaida guztia argitaratuko zutela agindu zuten arren, orain arte behintzat ez dutela egin, eta gero eransten du, agian apur bat maiseatuz: «Gutun hain bitxiak argitaratu gabe gordetzeko izan ditzaketen arrazoiei errespeto handia diegu» . Nik, neure aldetik, badut susmorik, nahiz eta Rizalenak polemika erlijiosoan egundokoak eta gutxiagorik ere ez izan —esan dut Rizal gai horietan, eta beste zenbaitetan ere, dilettante baino ez zela izan— jesuitak ordea zeharo porrotean nabarmentzen ez ote diren. Zeren, hauek espainolak direnean, arlo hauetan benetan ezjakinak, arloteak eta zabarrak dira gero, horratio! Aski da esatea hemen nonbait badabilela A. Murillo izeneko bat, exegesiaz idaztera eta Harnack eta Loisy abadeaz hitz egitera ausartzen den bat, eta hitz egin ere eskolastika eta zentzugabekeria beldurgarriz egiten du.

        Zientzia jesuitikoaren irakurkizuna baino zentzugabekeria handiagoko irakurkizunik ez dago, batez ere beren zientzia erlijiosoarena baino. Teologo gisa arbuiagarriak dira, eta exegesilari gisa are arbuiagarriago.

        Jesuita espainol bat bakarrik burura ziezaiokeen, Sarda eta Salvanyren obrak Rizali opari egitea, konbertituko ote zuen asmoz edo. Horrek ematen digu bere mentalitatearen neurria, edo-eta Rizali buruz zeukan kontzeptu arlotearen berri. Aita Francorenak eranstea besterik ez zitzaion falta izan. Eta jesuiten istorio honetan, lerro artetan irakurri beharrekoak dira aita Balaguerrek Rizal gizajoari buruz nonbait bota izan zituen ergelkeriak eta arrunkeriak.

        Eta hala eta guztiz ere, Rizal menderaturik, konbertiturik, atzera eginez ageri da. Baina ez arrazoiaren bidez. Menderaturik, bai; konbertiturik, agian bai; baina konbentziturik, ez. Rizalen adimena ez zen ezertarako sartu obra honetan. Poeta izan zen; heriotza hurbil ikusten zuen poeta izan zen; berehalaxe irentsi behar zuen Esfingearen begiradaren aurrean poeta izan zen, heriotzaz bestaldekoaren arazo izugarriaren aurrez-aurre. Garai lasaiagotan bere eskuez zuretan landutako Jesusen Bihotzaren imajina hura ikustean, bere haurtzaroak barne-muinetatik larraxaleraino arima hunkitu zion poeta izan zen. Jesuiten erdiz-erdiko kolpea hauxe izan zen, eta beren arrazoibide barregarri guztiek baino eragin handiagoa izan zuen.

        Kristo tagalo gizajoak kaperan jasan zuen bere sofrikarioa eta estoiko bihozgabea zela pentsatu nahi izatea alferrik da. Nire arrazoia ezin dut menperatu! zioen gizajoak aita Balaguerren erasoaren aurrez-aurre. Amor eman zuen; ordurartekoaren ukoa sinatu egin zuen. Gero Kempis irakurtzen zuen. Misterio handiaren aurrez aurre aurkitzen zen, eta Hamlet gizajo hark, Hamlet tagalo hark, hala zioen nonbait berekiko: «Eta halaxe balitz? Bada-ezpada ere!» Orduan bere izpirituak beste izpiritu handi haren antzeko egoera jasan behar izan zuen nonbait, adimen oso sendoa baina sentimendua are sendoagoa zuen Pascal handiaren antzeko egoera, hark esan baitzuen: «il faut s'abêtir», «norbere burua astokilotu beharra dago», eta sinetsi ez arren, ur bedeinkatua hartzea gomendatu zuen, azkenerako sinesten bukatzeko.

        Rizalen azken momentuen kondaira, bere benetako izpiritu-agoniarena, zeharo hitsa da. «Kalbario-bidean goaz!» Eta bere kalbario-bide hartan, bere sakrifizio hura alferrikakoa gerta ote zitekeen pentsatzen joan zen agian, heriotzaren ateetan hainbat gizon beldurrez kuzkurtu duen, ahaleginaren hutsaltasunaren sentimendu izugarri horrek mendean harturik beharbada.

        «Bai egun ederra, Aita! Jadanik ez zukeen horrelako egun ederrik ikusiko. Besteek ikusi ahal izango zituzten, baina haiek ere ez al dira ba hilko? Filipinek ikusiko ote dituzte egun eder, garden, argitsuak?»

        «Zazpi urte pasatu nituen nik han!» Eta bere izpiritu ameslariaren aurrean zazpi urte lasai, bare eta gozo haiek iragango zitzaizkion, ibar berdean zehar doazen errekako uren antzera.

        «Espainian eta atzerrian galdu nintzen ni». Zer esan nahi du galtzeak? Haurra zen beregan zezelka mintzo zena.

        «Ni ez natzaio nire aberriari, ezta nazio espainiarrari ere, traidore izan!» Ez, ez zen traidore izan. Espainia izan zen hari traidore izan zitzaiona.

        «Nire burgoikeria handiak ekarri nau hona, aita». Burgoikeria! Lepagainean burua eta bularrean bihotza duenik, nor ez du galtzen burgoikeriak? Zer da ordea, burgoikeria-edo hori? Bere burua burgoitzat aitortzen duena sekulan ez da burgoi izan. Burgoiak beste haiek ziren, Jainkoari irain gisa haren gorpuaren gainean Viva España sakrilego hura bota zuten basapizti anker haiek ziren burgoiak.

        «Nire harrokeriak galdu nau!» Hori, Jesusen Bihotzaren irudia zurez landu zuten eskuei zegokien adimenak esan zuen, haurraren adimenak, poetarenak. Eta egia zioen. Bere harrokeriak, bai, bere harrokeriak galdu zuen, bere arrazak irabaz zezan, zeren bere arima salbatu nahi duenak galdu egingo baitu, eta galtzen uzten duenak salbatuko baitu! Bere burgoikeriak, bai, bere harrokeria santuak, arraza adimentsu, jator eta ameslari bat beragan bizi zela jakitearen kontzientziak, arbuiatzen zuten zuri haiek adinakoa sentitzearen harrotasunak, burgoitasun santu, burgoitasun bikain honek galdu zuen.

        1890eko uztailaren 15eko La Solidaridad aldizkarian, «Una Esperanza» artikuluan, hala idatzi zuen Rizalek: «Jainkoak gizonari sakrifizioaren ondoren berrerospena agindu dio: gizonak bere eginkizuna bete dezala, eta Jainkoak berea beteko du!»

        Rizalek bere betebeharra burutu zuen, eta Filipinetako Eliza Independienteak, Jainkoak bere aldetik bete duela iritziz, kanonizatu egin du gure tagalo handia: San Jose Rizal.

 

 

 

© Miguel Unamuno

© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

"Unamuno Rizal-i begira" orrialde nagusia