PROZESUA

 

        Nire lanaren atal honetara heltzean, egundoko tristura zabaldu zait nire barnean, eta aldi berean, esan beharrean gertatzen naizen guztiaren ardura larriaren kontzientzia. Nire aburuz neurtu behar ditudan gertaerak jadanik Historiaren parte dira, nahiz eta haietan esku hartu zuten gehienak oraindik bizi izan. Guztientzat pertsonalki begirunerik handiena nahi dut. Jainkoak eta Espainiak barkatuko diete egin zutena, zer egiten zuten jakin gabe egin zutelako, eta kolektibitate bateko, beldurrez zoraturiko giza andana bateko partaide gisa jokatu zutelako. Beldurra eta bakar bakarrik beldurra, beldur-sentimendu doilorgarria, beldurra eta bakar bakarrik beldurra izan zen Rizal kondenatu zuen Tribunal militarraren eragile.

        Rizalen fusilamenduaz hitz egitean Retanak dio Espainiari ez dagokiola, zorionez, bere semeetariko batzuek egindako hutsegiteen erantzukizuna (188. orria). Atsekabe dut horretan Retanarekin bat ez etortzeaz. Nire ustez, krimen haren erantzukizuna tamalez Espainiari ere eskierki badagokio; are gehiago, eta pentsatzen dudan bezalaxe esango dut: Rizal fusilatu zuena Espainia izan zela uste dut. Eta beldurrak eraginik fusilatu zuen.

        Beldurrez, bai. Aspaldidanik, Espainian egiten diren hutsegite publiko guztiak, krimen publiko guztiak, beldurrak eraginik egiten dira; aspaldi honetan, bertako korporazio eta instituto guztiek, Armadarengandik hasita, beldurraren eraginpean beste inola ez dute jokatzen. Argudioka hartuko ote dituzten beldur dira guztiak, eta hori gerta ez dadin, eraso dezaketenean eraso egiten dute. Eta beldurrak eraginik erasotzen dute. Beldurraren eraginez fusilatu zuten Rizal, Armadak Jurisdikzioen lege arbuiagarri eta zentzugabea beldurraren eraginez eskatu zuen bezalaxe, eta Parlamentuak beldurraren eraginez bere botoa eman zion bezalaxe.

        D. Enrike de Alcocer y R. de Vahmonde teniente fiskalaren salaketa-idatzia, Nikolas de la Peña J. auditore nagusiaren diktamena bezalaxe, gauza lotsagarria eta penagarria da. Alegia, hala izango litzateke baldin eta jaun hauek beren baitan eta berekiko autonomoki jokatu balute, eta ez beldurrez kikilduriko gizarte baten eta instituto baten zati gisa. Retanak xehatu egin du Alcocer J.ren salaketa itxuragabe eta burugabe hura.

        Guzti horren funtsean inteligentziarenganako beldurra eta gorrotoa besterik ez da nabari, Alcocer eta Peña J.ak partaide ziren institutoan oso berezkoak diren beldurra eta gorrotoa, alegia. Retanak dio, fusilatu zuten arrazoiengatik Rizal fusilatzea, Errusian Tolstoi fusilatu nahi izatea bezalaxe dela. Horretarako gogo ederra duenik bada, nire ustez, hamaika. Eta badakit Bartzelonan, duela jadanik anitz urte, Lizeoko atentatu basatiaren prozesua mamitzen ari zelarik, horretan ziharduen eta aldizkari baten bilduma zeukan Epaile militar batek, zein aldizkaritan nire irakaskuntza-lankide Dorado Montero J. kriminalista ospetsuak eta nik parte hartzen baikenuen, badakit esan ere esan zuela: «Hauek, bi katedratiko jaun hauek, harrapatu nahi nituzke nik, eta orduan ikusiko lukete ona zer den». Filipinetan izan balitz, dagoeneko nire adiskide Dorado Montero J. eta ni pentsamenduaren martirien betirako loak harturik ginatekeen. Jurisdikzio militarrean gauzarik izugarriena, epaitzen ez jakitea da. Epaitzeko lanbidea eduki bide duenak behar duenaren kontrakoena baita militarrek jasotzen duten hezkuntza. Ez intentzio txarrez, baizik eta baldarkeriaz, gauzaezkeriaz huts egiten dute. Eta batzuetan zertxorenbat gehiegiz eta beste batzuetan zertxorenbat gutxiegiz huts egiten dute.

        Edozein korporaziotan, eta bereziki Armadan, gizabanakoaren inteligentzia eta irizpide-independentzia arriskutzat hartzeraino heltzen dira. Gehiena agintzen duenak du arrazoirik gehiena. Diziplinak, norberaren irizpidea hierarkiaren menpean jartzea eskatzen du. Prezio hori ordainduz bakarrik sendotzen da institutoa. Eta horrela Armadan, eta are gehiago Gorputz gisa Irakaslegoan ere, bere eginkizuna kultura zabaltzea izaki, banakako inteligentziari susmo txarrez begiratzen zaio, eta gorrotoa ere izan ohi zaio isilean. Banakako inteligentziarenganako Aita Santuek izan dituzten larderiak ezagunak dira. Beren buruak jakintsutzat dituztenei buruz esan izan dituzten guztiak ezagunak dira. Inteligentziak harrokeriara daramala esan ohi dute. Norberaren irizpidea inoren menpe jarri beharra dago.

        Eta hori naturala eta desenkusagarria izanik ere, zeren eta korporazio eta instituto ororen bizitzaren sorburutik eta funtsetik baitator, hori, instituto hauek hasi-masiko garapen mailan aurkitzen direnean, are okerragoa bilakatzen da. Korporazio bat zenbat eta perfekzioz eskasagoa izan, hainbat eta handiagoa izango da bere baitan garatzen doan inteligentziarenganako beldurra eta gorrotoa. Eta gure armada, armada gisa —eta era berean gure kleroa klero gisa, eta gure irakaslegoa irakaslego gisa—, hasita hartako garapen mailan aurkitzen da. Bere inteligentzia kolektiboa, bera osatzen duten banakako inteligentzien batez bestekoa baino eskasagoa da, eta batez besteko hori, Espainian oro har ez den bezalaxe, armadan oso handia ez delarik. Baina hasi-masiko bere inteligentzia kolektibo horrek badu bere hasiberritasunaren nolabaiteko kontzientzia, oso iluna bederen, eta banakako inteligentzia indibidual azpijale horien aurka bere burua defendatzen saiatzen da. Bere baitan diren inteligentzia indibidualekiko indiferentzia, mespretxurik ez denean behintzat, gure armadan adina beste inongotan ez dela kokatzen esango nuke, eta adore itsuari eta senezko oldarkeriari gurean adinako begirunea zaion beste armadarik ez dela esango nuke. Gerrillak nola egiten galdetu zion jeneral atzerritar bati Prim jeneralak erantzun omen ziona erantzungo luketen militar espainolak elemenia dira. Elemenia dira, ikusi baina jaso gabeko lezio guztiak gorabehera, oraindik ere gerra ez batik bat buruarekin baizik eta beste horrekin egiten dela pentsatzen segitzen dutenak. Eta beste hori ere ez da adorea. Zeren eta adorea, gehiago baita garunetikoa barrabiletatikoa baino. Eta dena den, bihotzetikoa da.

        Eta ongi ulertu gero, gure armadaz diodan hau, mutatis mutandis beste instituzioez ere badiodala, neu partaide naizenetik hasita.

        Baina —hala esango dit zenbaitek— Rizalen prozesuan ordea gerra-auditoreak ibili ziren, benetako abokatuak! Gorputz juridiko militarreko partaide izateko, milizian sartzen diren abokatuek, gainerako beste laguntzaileek bezalaxe, Gorputzaren izpiritu orokorra bereganatu egiten dute. Haiengan uniforme estu eta zurrunak, toga lasaiak baino eragin handiagoa du.

        Ontzigindegian gerraontzi bati gila jartzen zaion egun beretik, jadanik marinel dotazio osoa badu, eta han komandanteak ontzigintzako injineruak baino gehiago agintzen du. Behin batean hala esan zidan Armadako mediku batek: «Ontzi bat konbatean sartzean eta artileriak ekin behar dionean, maniobra artileriako ofizialak ematen dituen ordenuetara menpetuko dela uste izango duzu zuk? Ba ez, jauna. Han komandanteak agintzen du. Eta zaurituak sendatzea edo meza ematea bururatzen ez bazaie, eginkizun horiek erdeinatzen dituztelako da».

        Eta horrela da milizian gauza guztietan. Arma-gizonek, gerlariek, beren eginkizuna borroka egitea dutenek alegia, Gorputz laguntzaileak erdeinatu egiten dituzte; eta hauek, laguntzaileak, beste haien antzeko bilakatzen saiatzen dira, agian erdeinatzen badituzte ere. Erdeinua erdeinuz ordaintze hori, formula espainol jator-jatorra da.

        Rizalen prozesuan parte hartu zuten letraduek militar gisa parte hartu zuten, eta militar gisa, fraile dohakabe haien eta beren antzekoen eraginpean, beldurrak menperaturik.

        Rizalen aurkako salakuntza lotsagarria, kontsidero tamalgarri hauen argitan irakurri behar da, bai eta diktamena ere, eta txostena ere bai. Egia da Taviel de Andrade jaunaren defentsa gizabidezko eta zuhurtasunezko agiri bat dela; baina zer nolako ezinbesteko herabea ageri den bertan! Dena den, defendatzailea salbuetsi beharra dago, beldurrak ez baitzuen hainbesteraino lotu.

        Auditore gizarajoak, Peña jaunak, salatuaren trebetasun intelektuala neurtzeari ekin zion, eta horrek beste hura gogorarazten dit, Flauberten Madame Bovary absolbatzean haren meritu literarioak neurtzera sartu zen magistratuak bota zituen tentelkeriak alegia, eta hori zela medio nobelista handi hark berebiziko astindua eta jorratua eman zion, zeren nobelistak inolaz ere ezin baitzezakeen ontzat eman, magistratu hura justizia banatzeko zeukan bere jarleku hartatik kritikaritzara sar zedin.

        Rizalen prozesu-garaietan Manilan sumatzen zen beldur-giroan, beldur haren kutsaduratik libre irauten zaila gertatzea naturala da. Liburu honetan irakurri beharrekoa da nola Kristoren mirabe omen ziren haiek sarraskia predikatzen zuten. Hori ohiturazkoa dute; fedea, edo nahi dena, inoren burutan sartu nahi dute buruak kristokadaz pitzatuz.

        Berriz ere diot, Espainia izan zela Rizal fusilatu zuena. Eta inork esango balit, hemen jadanik ideiengatik inor ez dela fusilatzen eta hemen izan balitz, Rizal ez zuketela fusilatuko, halaxe dela erantzungo dut, baina hori ordea hemen Europatik hurbilago gaudelako da. Eta Europak gainera, nazio batek bere kolonietan egiten dituen burugabekeriak tartean direnean, sorbaldak uzkurtu, burua jiratu eta jaramonik ez duela egiten, zeren bertako nazioetarik zein da errurik gabe aurkitzen denik? Europako nazioen etika bikoitza da eta koloniez ari denean aldatu egiten da.

        Eta hori guztia egiaztatu zuen Polavieja generalak, eta hain zuzen bere mentalitatea, nik jakin dudanez behintzat, hain hasi-masikoa izaki, oso ederki zegokion beldurraren eraginpean epai hura eman zuen hasi-masiko kontzientzia kolektibo hari.

        Rizal heriotzara kondenatu zuten; baina artean halere beste ekitaldi bat falta zen, konbertsioa alegia. Ezpatak bete zuen bere eginkizuna —eginkizun hori betetzeko ezpatak balio ez duen arren—; baina artean isopoari bere eginkizuna betetzea falta zitzaion, eta hau ere isopoak betetzeko balio ez duen eginkizuna.

        Ikus dezagun konbertsioa.

 

 

 

© Miguel Unamuno

© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

"Unamuno Rizal-i begira" orrialde nagusia