FILIBUSTEROA

 

        Hemen dugu ba, izengoitia, chiboletea.

        Entzun diezaiogun Rizali berari bere Noli me tangere obrako «Comentarios» XXXV kapituluan zer esaten digun:

        «Apaiz zuriek D. Krisostomori plibustiero deitu diote. Laido hori tarantado (burugabe, txoriburu) eta saragate baino ere okerragoa da, betelapora baino ere okerragoa, Ostiral Santuz hostiari karkaixa botatzea baino okerragoa. Gogoan duzue noski ispichoso hitza, eta gizon bati hori deitzea aski zela Villa Abrilleko zibilek desertura edo gartzelara eraman zezaten; ba, plibustiero askoz ere okerragoa da. Telegrafistak eta xuxendariak ziotenez, plibustiero kristau batek, apaiz batek edo espainol batek gu bezalako beste kristau bati esanda, santusdeus eta requimiternam dena batera dela dirudi; inoiz plibustiero deitzen badizute, zure pekatuak aitortu eta zure zorrak ordaintzen has zaitezke, zeren zure lepoa urkatzen uztea beste erremediorik ez baitzaizu geratzen.»

        Bai pasarte ederra! Zeinen bizi eta nabarmen ageri zaigun hementxe, ideiak zikoitzak direnean edo zeharo falta direnean, hitzek hartzen duten indar eta aginte ikaragarri hori! Plibustiero edo filibustero izugarri hori, separatista goitizena dagoen bezalaxe, chibolete bat zen, hitz hutsa, edukirik gabekoa, burubideren hutsalkeria nolabait bete nahirik erabiltzen den Viva España hitz hutsa bezalaxe.

        Retanak arrazoi zuen; Rizalek bere Calambako etxeaz egin zuen marrazkia, Blumentritt irakasleari igorri ziona, bere etsaiek ikusi balute, eskierki esango zuketen marrazki hura ere filibusteroa zela! (145. orria). Eta arrazoi du zera eransten duenean, Filipinei buruzko Rizalen dotrinak kataluniar eta euskaldun askorenak Katalunia eta Euskal Herriari buruz doazen baino aurrerago ez zirela heltzen, eta hauei oraingoz behintzat lasai bizitzen uzten zaie.

        Ozenki esan beharra dago, espainolak izan zirela, batez ere fraileak —fraile baldres eta egoskor haiek— izan zirela Rizal separatismora bultzatu zutenak. Eta gaur gauzak errepikatzen ari dira, eta gainerako beste espainolak dira gaur kataluniar eta euskaldunok separatismora bultzatzeko saiatzen ari direnak.

        Entzun dezagun zer dioen Noli me tangere-ko LXI. kapituluan Rizalen pertsonaia batek, alegia, Rizalengan ziren anitz gizonetariko batek. Honela dio:

        «Beraiek ireki dizkidate begiak, zauria ikusarazi didate eta kriminal izatera behartzen naute! Eta halaxe nahi izan dutenez, filibustero izango naiz, baina benetako filibusteroa, dohakabe guztiei dei egingo diet... Guk, hiru mendetan zehar eskua luzatu diegu, maitasuna eskatu diegu, haiei gure anaiak deitzeko irrikaz izan gara; eta nola erantzun digute, ordea? Irainez eta isekaz, gure giza-izaera ere ukatuz.»

        Eta horrela heldu zen Bonifazio, bodegeroa, intelektual ez zena, eta iraultza egin zuen.

        Filibusteroa! Irakur ezazue berriro ere, liburuaren 262. orrialdean, Metropoliko prentsak, zorigaitzeko prentsa zirtzil eta egoskor honek, gure hondamendiaren eragilerik nagusienetariko honek, Rizali buruz esan zuena. Aranari buruz esan zuena berbera.

        Arrazoi du Retanak, ideial separatista berez, ideial gisa, penintsulan ere zilegi dela dioenean. Aberria eztabaida daiteke. Are gehiago, eztabaidatu egin behar da. Eztabaidatuz bakarrik helduko gara ulertzera, hartaz kontzientzia edukitzera. Gure zorigaitza horixe da, espainoletarik askoz ere gehienentzat gaur egun Espainiak ez duela ezer esan nahi, eta nazioa, gizabanakoa bezalaxe, ahuldu eta azkenik hil egiten dela baldin eta iraupen soilaren sena beste pizgarririk ez badu bere bizitzan.

        Rizalen gorpuaren gainean bota zuten Viva España sakrilego haren Espainia, esplotatzaileen, basatien eta ergelen Espainia da; jauntxoen era beren morrontxoen Espainia; agintaritxoen eta latifundio handiren jabeen Espainia; inolako ideialik gabe presuposturik bakarrik bizi direnen Espainia.

        Espainiari Filipinetan edukia eman nahi izan zion Rizalek, eta eduki hori betetzeko fraileak eta basatiak soberakin gertatzen zirenez, Rizal filibusterotzat salatu zuten.

        Espainol handi eta tagalo handi haren kontrako fiskalaren salaketa triste baino tristeago hartan —berehalaxe hitz egingo dut horretaz— esaten zenez, Espainiari adorea eta kemena sobera geratzen omen zitzaion gure arbasoen ausardiak eta oldarrak aurkitu eta konkistaturiko lurralde haietan bandera espainolak haizetan kulunkatzea utzi behar izaterik ez toleratzeko; eta erretorika arbuiagarri eta galgarridun esaldi hauei, Retanak komentario egokia ipintzen die. Filipinetako Irlak hain zuzen, ez zituzten ausardiaz eta oldarrez konkistatu, baizik eta pertsuasioz eta bertako erregetxoekin paktuak egitearen bidez irabazi ziren, ia odol tantarik ere isuri gabe. Konkista horretako jeneral buruzagia —eransten du Retanak— Miguel Lopez de Legazpi izan zen, bere bizitzan zehar ezpata asko erabili ez zuen eskribau zahar on puska bat.

        Bai; Filipinak Espainiarentzat nire herrikide Legazpik irabazi zituen —nire euskal arrazaren gizonik errepresentagarrienetariko bat, arraza horren, bere eta nire arraza horren txit errepresentagarri izan zen beste hura bezalaxe, Urdaneta alegia—; eta garuna erabiliz irabazi zituen, eta ez Pizarroren modura ezpataz eta egurrez konkistadore izan diren askok beren erabakiak ateratzen zituzten beste organoa erabiliz.

        Horrelaxe, burubidez jokatuz, irabazi zituen Legazpik, euskaldun eskribau on puska hark. Eta ordea, nola galdu ziren? Ikus dezagun.

        Ikus dezagun Rizalen prozesua.

 

 

 

© Miguel Unamuno

© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

"Unamuno Rizal-i begira" orrialde nagusia