ESPAINIARRA

 

        Espainiar, bai, barne muinean espainiar, oraindik epela zegoela bere gorpuaren gainean, zeruari irain gisa, «Viva España!» sakrilego hura bota zuten —barka iezaiezu, Jauna, zertan ari ziren ez baitzuten jakin!— dohakabe haiek baino askoz espainiarragoa.

        Espainiarra, bai.

        Hizkuntza espainiarrez pentsatu zuen, eta hizkuntza espainiarrez eman zizkien bere anaiei bere irakaskuntzak; hizkuntza espainiarrez kantatu zion bere aberriari bere azken agur min eta samurra, eta hizkuntza espainiarrak iraungo duen arte iraungo du kantu honek; eta betirako hizkuntza espainiarrez idatzirik utzi zuen Filipinetako Biblia.

        Zertara zatozte orain zuen gaztelera irakatsi behar horrekin? —dio Simounek El Filibusterismo obran—. Ondorio penagarriak ez balitu, asmoa bera ere barregarria gertatuko litzateke-eta! Irla hauetan hitz egiten diren berrogeita gehiago hizkuntzari beste bat erantsi nahi diezue, elkarren artean gero eta gutxiago uler gaitezen!...

        Aitzitik, ihardetsi zuen Basiliok; gaztelera jakiteak Gobernuari lotzen ahal bagaitu ere, bestalde irla guztiak elkarren artean ere lot ditzake.

        Eta hauxe da ikuspuntu finkoa.

        Erromatarrak Espainiara iritsi zirenean, gutxienez ere izan behar zen hemen nire herrikide Legazpi Filipinetara iritsi zenean han ziren hainbat hizkuntza. Espainiako herri guztiak elkarren artean ulertzeko bidea latina gertatu zen, eta latinak batu zituen, eta latinak egin zuen Aberria. Eta ez litzateke harritzekoa, Filipinetako batasun izpirituala ez tagalerak baizik gaztelerak egitea.

        Berriki Manilatik Felipe G. Calderon Jk, filipinar jakitun eta ikasi honek idatzi didan gutun batean, hala esaten dit:

        «Zuretzat agian esplikaziorik ez dukeen eta guretzat ordea zeharo esplikagarri den kontrazentzu bat dela medio, atsegin dut zuri esatea, gaur egun (hemen) inoiz baino gehiago hitz egiten dela gaztelera, eta arrazoia garbi dago, ikastetxeak, gazteleran oinarriturik, gaur egun ugaldu egin direla kontutan hartuz gero; liburu eta egunkariren erabilpen handiagoa dago zeren eta aldez aurreko zentsura desagertu baita, eta frailearen esku gogorrak gaztelera ikasteko asmo eta saio oro eragotzi egiten baitzuen.

        Zuk, Noli me tangere irakurri duzunez, «Aventuras de un maestro de escuela» kapituluaren bidez ikus dezakezu zein den frailearen eragozpen lana gazteleraren aurka: eta El Filibusterismo obran aipatzen den Gaztelera-Akademia ospetsua, neuk eta baita garai hartan Administrazio Zibileko Zuzendari zen Benigno Quiroga Ballesteros Jk ere, aktiboki parte hartu genuelarik, errealitate bat da gaur.

        Eskola publikoak hemen ingelesean oinarriturik daude; baina ondorioak ez dira hizkuntza horrentzat hain atsegingarriak, zeren eta ikasleek eskola ofizialetan oraindik ere ingelesa eta gaztelera paraleloki lantzen baitituzte, gaztelera gizarteko hizkuntza delako, eta ingelesa berriz ofiziala, eta etxekoa eskualde bakoitzeko dialektoa.

        Ingelesak lortzen duen arrakasta eskasa zuri frogatzeko, honako datu hau aski izango zaizu; 1901ean promulgaturiko Prozedura Arautegi zibilak erabakitzen zuenez, urte horretatik aurrera justizi-auzitegietan ingelesez hitz egin beharko zen; baina epaile filipinarrak nahiz abokatuak, halaber Epaitegi Goreneko magistratuak ere, berrikuntza hori onartzeko gai ez zirela ikusirik, beste lege bat eman behar izan da auzitegietan gazteleraren erabilpena beste hamar urtez luzatuz.

        Lege horren ondorioz Filipinetako herriak ikusi ahal izan du ingelesik gabe ere bizi litekeela, eta hasiera batean adinako ahaleginak ez dituzte egiten hizkuntza hori ikasteko».

        Gaztelera, Rizalen hizkuntza, Filipinetako gizarte-hizkuntza da. Gure izpirituak duenik finena, garbiena eta hoberena bere baitan daraman gure hizkuntza honek Filipinetan irautea, gizon guztien artean beste inori baino gehiago ez ote zaio Rizali zor? Zer irakatsirik franko badu gure Espainia honen destinoak! Dominatzeari uzten dionean hasten da benetako errespetoa eta begirunea jasotzen. Bere kolonia izan diren guztietan, berarengandiko dependentzia galtzean maite izaten dute gehiago eta hobeto. Bere uztarria hastandu ondoren egiten zaio justizia. Horrela gertatu da Kuban, horrelaxe Amerika espainiar guztian, baita Filipinetan ere. Bi Espainia ote daude ba?

        Saiakera honen irakurleek aurrez Retanaren liburua irakurria dutenez, alfer-lana da hauei frogatzen saiatzea, Rizalek Espainia bere inude espiritual gisa, bere maistra gisa, bere aberri Filipinen inude espiritual gisa maite zuela. Buruz eta bihotzez laztanki maite zuen, eta ez tagalo handi haren gorpuaren gainean 'biba' sakrilego hura bota zuten dohakabe baten grina itsu eta basati eta berekoiaz.

        Rizal Espainian bizi eta hezi zen, eta koloniako fraile eta enplegatuez beste espainiarrik ere ezagutzeko bidea izan zuen.

        Espainiari buruzko Rizalen aburu guztiak oso zuhurrak, oso baretsuak, begikotasunez beteak dira; inolako edukirik gabeko, mamirik gabeko Viva España hori, besterik ez bada makilka, guztioi botarazi nahi diguten basati horiek, eta horiek bakarrik, inolaz ere ulertu ezin dezaketen maitasunez beteak ziren haren iritziak; eta hauek botarazi nahi diguten hori ez da burutik ez bihotzetik irteten den zerbait, baizik eta basatiei nahikunde kementsuak irteten zaizkien beste organo horretatik ateratakoak. Rizalen espainolismoa ezin uler zezaketen bandera hori-gorria kulunkatzen ikusi orduko bizkarrezurrean zehar hotzikara zirria sentitzen duten burugabe gaixo horiek. (Eta hori sentitzen badute, gorria eta zirria errima kontsonantean ongi datozelako bakarrik da.)

        Honi bueltaka aritzea alferrikakoa da.

        Retanak hala dio: Hain espainola zen ezen, hainbesteraino izatetik sortzen baitzitzaion bere neurriz gaindiko harrotasun pertsonal mugagabe hura; espainolena izan zitekeena baino gutxiago ez zuen izan nahi bere espainoltasunean. Hain zuzen horregatik, hain espainol izateagatik, filibusterotzat jo izan zuten.

 

 

 

© Miguel Unamuno

© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

"Unamuno Rizal-i begira" orrialde nagusia