TAGALOA

 

        Izan ere, Rizal sinbolo bat izan zen, hitz honen adiera etimologiko eta jatorrizkoan; bere arrazaren bilkundea, mamia eta muina alegia. Eta herri baten bilkunde, sinbolo izatera heltzen den gizon oro bezala, oro har gizateriaren ordezkotza izan ohi duten gizon banaka bakanetariko bat.

        Oso ongi ulertzen da Rizal gaur egun idolo bat izatea, Filipinetako malaiarren santua izatea. Badirudi esaten ari zaiela: Nireganaino hel zaitezkete; ni izan nintzena izan zaitezkete, zeren eta nire haragiko haragi baitzarete, nire odoleko odol baitzarete.

        Protestante unitarianoek, alegia, Hirutasun Santuaren dogma eta Jesukristoren jainkotasunaren dogma onartzen ez dituztenek, diote, Jesus gizon huts dela eta gizon besterik ez dela sinestea, Jainkoarekiko bere semetasunaren kontzientzia biziena eta argiena berak izan arren, besteak bezalaxe gizon bat zela sinestea; sineste hori alegia, sineste askoz bihozberagoa askoz pozgarriagoa dela Jesukristo Jainko-gizon dela sinestea baino, Hirutasun Santuko bigarren pertsona gizon egin dela sinestea baino, zeren eta Kristo gizon bat baldin bada, beste gizonok bera iritsi lekuraino iristea posible baikenuke; baina Jainko baldin bazen, hura berdintzea ezinezkoa baita.

        Eta Mexikoko idazle batenean irakurri nuen, Benito Juarez indio handiaren bizitza eta obra indio mexikano askorentzat eredu eta salbazio-bide izan zela; zeren eta beraien arteko bat, odol garbiko amerikar bat, ikusi baitute une batez aberriaren izatea beregan hartzen, aberriaren kontzientzia bizia izaten, eta bere arima estoiko eta erlijiotsuan —erlijioski estoikoan— berriaren destinoak eramaten. Juarezek inguruan zituen mestizo eta zurietariko askok izan zezaketen, eta zenbaitek izan zuen, berak baino adimen argiagoa eta eskola gehiago. Baina gaztelera ere mutil-kozkor eginda gero ikasi zuen amerikar odol garbiko abokatu indigena hark bezain tenple oneko bihotzik eta aberriarenganako sentimendu hain sakon eta erlijiotsurik inork ez zuen izan; eta bere ahaide apaizak irakatsitako dogma katolikoetan sinesmena galdu zuenean, sinesmen hori ikasgeletan jasotako zuzenbide-hastapenetan ipini zuen, jainko-indar baten gisa sentitzen zuen bere aberriari, Mexikori, itsasteko.

        Rizalek ere ikasgeletan bereganatu zuen tagalo kontzientzia: zuri burugogor, harroputz eta erdeinakorrek eskolatu zuten ikasgeletan. Berak esaten digu El Filibusterismo nobelako «Una casa de estudiantes» XIV. atalean: «Politikak arrazen artean ezartzen dituen hesi eta oztopo guztiak, ikasgeletan desagertzen dira, gaztetasunaren eta zientziaren beroak urturik-edo». Eta bere aberriarentzat irrikaz desiratu zuena horixe da: zientzia eta gaztetasuna —gaztetasuna eta ez umekeria— arrazen arteko hesiak eta oztopoak desegin zitzaten.

        Hesi horiek, legezkoek baino gehiago ohituraz ezarritakoek alegia, gogor atsekabetzen zuten Rizalen arima eskuzabala. Bere arrazaren kontzientzia, hezkuntzak ernalduriko bere bikaintasun pertsonalari zor zion kontzientzia hori, oinazezkoa izan zen. Horrela, bere sen poetiko sakon-sakonez bere azken agurreko kantuan Filipinei deitu ahal izan zien: «Nire aberri idolatratua, nire oinazeen oinazea!» Bai, aberria izan zen bere kontzientzia, zeren haren baitan bereganatu baitzuten Filipinek bere izatearen kontzientzia, eta aberri kontzientzia hori bere oinazea izan zen. Bere baitan bere arraza, eta beregan, arrazaren Kristo bilakaturik, sofrikarioz salbatu zen.

        Zuriaren aberekeria harroa nozitu behar izan zuen Rizalek, eta aberekeria horri eransteko, grekerazko hitz bat baino ez dago: adoadia, authadia. Hau da, norberak bere buruarenganako sentitzen duen ederrespena, norberak nor eta bera izateagatik duen atsegina, satisfazioa, norbera bere baitan laket izatea, eta bestalde zentzu arruntean, harropuzkeria, mutirikeria, burgoikeria, lotsagabekeria. Eta zuria horrelakoxea da: harroputza, mutina, burgoia, lotsagabea, 'authadikoa'. Eta harroputza da besteen arima konpreni ezin duelako, asinpatiarengatik, alegia, besteen arimetan sartzeko eta mundua haiek ikusten eta sentitzen duten bezala ikusteko eta sentitzeko gauzaeza delako.

        Beste arrazen aldean gurearen jatorrizko nagusitasuna eta bikainagotasuna frogatu nahia oinarritzeko, arraza zuri edo kaukasikoko gizonok asmatu izan ditugun astakeria eta txorakeria guztiei errepaso bat ematea, benetan bitxia litzateke. Hemen azalduko lirateke Bibliako alegietatik hasi eta alegia pseudo-darwinianoetarainoko guztiak, doliko-horail eta antzeko beste zenbait barregarrikeria ahaztu gabe. Bereizten gaituen edozein ezaugarri, dohain bat edo abantaila da; guk ez dugun ezaugarri oro, akatsa da. Eta azkenaldi honetako Japoniaren antzeko kasuren batekin aurrez-aurre topo egiten dugunean, kikildurik geratzen gara.

        Etnologiarekiko kezka hau eduki zuen Rizalek, eta liburu honen 137 eta 138. orrialdeetan irakur daitezke hori buruz ateratzen dituen ondorioak. Eta behin baino gehiagotan, eta batez ere Antonio de Morga doktorearen Sucesos de las Islas Filipinas liburuari eransten dizkion oharretan, ikus daiteke nola saiatu zen zuriak egiten zizkien irain guztiez bere herritarrei kontzientzia harrarazten.

        Liburu honen 23. orrialdean ikusi ahal izan du irakurleak Blumentritt irakasleak kontatzen duena, alegia, Rizal txikitandik biziki mindurik aurkitzen zela, hain zuzen, beste gabe bera indio izateagatik bakarrik, espainolek nolabaiteko mespretxuz tratatzen zutelako. Blumentrittek horri buruz adierazten duena benetan mamitsua da.

        Filipinetatik pasatu diren espainol ia guztientzat, indioa sekulan adin heldura iristen ez den ume txiki bat da. Gogora dezagun Egiptoko apaiz zuhur serios haientzat greziarrak haur batzuk bezalaxe zirela, eta pentsa dezagun ea gure espainolek han gehienez ere egiptiar dekadenteren papera ez ote zuten jokatzen greziar hasiberriren artean, gizarte-haurtzaroan aurkitzen ziren greziarren artean.

        Beste zenbaitek indioaren morroikeriaz hitz egiten du, eta horri dagokionean, hemen, Penintsulan, gertatzen denari begiratzea besterik ez zait bururatzen, eta hemen jatorriz halako herrialde berezi batekoak hartu ohi dira morroikeria handienekotzat, eta baina izan ordea, hauexek dira agian askatasunaren eta barne-duintasunaren sentimendua garatuena dutenak. Kalegarbitzaileak bere erratzarekin espaloi ertzean, ur-garraiatzaile batek bere suilarekin, izan dezakete eta izan ohi dute beren duintasunaren eta independentziaren sentimendua, haiek erdeinatuz eta gero ordea enplegu eta fabore eske dabilen aitonseme handiak baino finagoa. Morroikeria gure artean, aitonsemeren jantzi harroez estali ohi da, barruan daramagun eskale ozartia haren harroxkokerian mozorrotzen da. Gure literatura pikareskak luze daki horretaz.

        Hierarkia sozialen zentzu fina zuen Rizalek, bakoitzari zor zitzaion tratamendua ez zuen sekula ahazten. Horretaz Retanak kontatzen diguna oso interesgarria da, alegia, Dapitan-go errezepzio ofizialetan hierarkiazko ordenaren arabera agurtzen zituela bertan zirenak; baina familiarteko bilkuretan lehenik andereak agurtzen omen zituen, hauek indioak baziren ere. Beren menpekoekin harroxko eta beren nagusiekin morrontxo ziren ofizial haiek, japoniarren erako jokaera molde hau bere balio guztian ulertzeko ez ziren gauza, ezta beren herrian artaberoa eta zekalea besterik jan gabeko fraile ezjakin haiek ere, edozein indiori hika hitz egiten zioten haiek ere.

        Penintsulako burugalduenak datoz hona, eta inoiz edo behin zintzo bat heltzen bada, lurralde honek berehala zitaltzen du, dio Noli me tangere-ko pertsonaia batek. Baieztapen horren zehaztasun handiagoa ala txikiagoa eztabaidatzera ez naiz sartuko ni —baina dena den, baieztapen hori justiziarik gabea balitz ere, mila bider adierazi izan du Espainian bertan— baina zer-nolako espainolak ezagutu ote zituen ordea Rizalek Filipinetan! Eta batez ere, zer-nolako fraileak! Zeren eta fraileak hemen, gehienak, gizamaila ezjakinen artetik, baldres, arlote eta arruntenen artetik irten ohi baitira. Goldea edo laia-kertena lagatzen dituzte komentura sartzeko; han sasi-latinez eta irentsezineko eskolastikaz basazurdea nolabait ere txukuntzen diete eta gero, sartu zirenean bezain ezjakin eta baldres, apaiz bihurturik aurkitzen dira, jende ugarirentzat txit errespetagarri eta beneragarri. Nola ez zaie ba, authadia, beren buruarekiko hantuste harroa piztuko? Eraman ezazue gizona kondizio hauetan Filipinak bezalako herrialde batera: indio lotsati, eskolatugabe, fanatizatu eta xinpleren artean jaregin ezazue, eta esan gero zer atera daitekeen.

        Behin batez, eskoziar baten harropuzkeria lotsagabea ezin jasanik, aurre egin nion esanez: «Aurrera segi baino lehen, utz iezadazu ohartxo bat egiten: Ingalaterra batez beste bere osotasunean eta nazio gisa harturik, Portugal edo Albania baino jakitunagoa eta aurreratuagoa izan arren, zu nirekin bat etorriko zara noski, ingelesen arteko astokilo eta ezjakinenak bere burua portuges edo albaniar azkarrena eta jakitunena baino gehiagotzat uste izatea ez dagoela ametitzerik, ez al da hala?» Eta gizonak baietz erantzun zidanez, bala bukatu nuen: «Ba, begira: zu Ingalaterran, gaur ematen ari zaren frogen arabera, kultur mailan beherenetakoen artean aurkitzen zara, eta ni Espainian, ezaguna den nire apaltasun guztiaz esaten dizut, bertako goreneko mailan aurkitzen naiz: beraz, zuk eta nik elkarrekikoa bukatu dugu, zeren eta niregandik zuregana, Espainiatik Ingalaterrara artean baino alde handiagoa dago, baina, jakina alderantziz gertatzen dela ordea». Eta nire ustez, horixe bera esan ahal izan zuten hamaika indio eta mestizotxo arruntek, mespretxatzen zituzten fraile serios eta plantoxo haien aurrez-aurre.

        Liburu honen 35. orrialdean irakur daiteke, Rizal 1880. urtean lehen aldiz nolaz izan zen Malacañang jauregian, zeren gau ilun batez konkor dunbuilo baten aurrean pasatzean saludorik egin ez zuelako Goardia Zibilak ostikopean erabili eta zauritu egin baitzuen, eta dunbuilo hori nonbait destakamendu hartako teniente-agintaria izan. Eta gertaera honi aurki liezaioke zerikusirik geroago Rizalek Schiller-en Gillermo Tell dramari tagalerara eman zion itzulpenarekin, honetan hain zuzen. Gessler tiranoaren kapelua puntan zuen makilari saludorik zuzendu ez izanagatik atxilotzen baitute Tell.

        Irain hauek guztiek, poeta-arima hunkibera eta samur hura mindu, urratu, zauritu egiten zuten; zuri baldres eta izpiritu ahuleko haien zakarkeriak ezin zituen jasan, hara azaltzen ziren Sanson Carrasco guztien kirtenkeriak, garbantzuz edo artazopaz maspilduriko espainol zeken haien astakeriak ezin zituen jasan.

        Eta Rizalen bere biziko ametsa, bere aberriaren arima askatzea, salbatzea, izan zen. Dena Filipinen alde! Bere dohain guztiez defendatu zuen kausa hau zela-eta, hala idatzi zion A. Pastells jesuitari: «Lur honetan kanabera ernetzean, nipazko txabolak sostengatzeko sortu da, eta ez Europako etxe mukurruak eraikitzeko». Pentsamendu zorrotza benetan, eta hau bere hedadura guztian A. Pastellsek eta jesuita espainiarren artean beste inork ulertu ez ote zuen beldur naiz. Eta hauek ziren, gero, han hoberentxoenetarikoak...

        Rizalek ez zuen sekulan Filipinetaz baizik pentsatu; baina Jesusek ere ez zuen inoiz Judeatik at joan nahi izan, eta kanaandar emakumeari esan ere bai, bakar-bakarrik Israelgo erresumako ardi galduen bila bidalia zela. Eta mundu bazterreko zoko hartan jaio eta bertan hil zen arren, mundu zabal guztira hedatu zuen bere dotrina.

        Rizalek, filipinarren herri-kontzientzia bizia izanik, aintzinako zibilizazio tagaloaz amets egin zuen. Lilurapen naturala da; Paradisuaz ipuina sorrarazi duen lilurapen bera da. Gauza bera gertatu da nire Euskal Herrian, han ere aintzinako euskal zibilizazio batez amets egin da, asaba Aitor eta hodeietan marrazturiko prehistoria fantasiatsu eta guzti. Gure aintzinako arbaso zaharrek gurutzea Kristo etorri aurretik ere adoratu izan dutela esateraino iritsi dira. Poesia hutsa.

        Poesia horretan kulunkatu nituen nik nire gaztetxo-denborako ametseriak, eta horretan bertan kulunkatu zituen beste gizon bitxi eta gizabeteko poeta hark, Sabino Aranak alegia, eta baina harentzat oraindik ez da heldu bere osoko ospearen eguna. Madrilen, Madril izukin horretan, hango aldarrikariengan biltzen baita eta mamitzen espainolen ulertezinkeria guztia, txantxetan edo amorruz hartu zuten, ezagutu baino lehen arbuiatu egin zuten, edo eta irain egin zioten. Hari buruz zerbait idatzi zuten paperpunttari guztietarik inork ez zuen bere obra ezagutzen, eta are gutxiago bere izpiritua.

        Eta Rizalekin barne-muineko ahaidetasun hertsia duelako atera dut hemen Sabino Aranaren aipua, arima gartsu poetiko eta ameszale hura, eta Rizal bezalaxe beretarrek nahiz besteek konprenitu gabe hil zelako. Eta Rizali filibustero bezalaxe, Sabinori filibustero edo antzeko zerbait deitu izan zioten.

        Hutsaren hurrengo ñabardurak diruditen arren, izatez ordea biziki esanguratsu diren zenbait zertzeladatan ere elkarren antza zuten. Saiakera hau gehiegi luzatzearen beldur ez banintz,

        Aranak euskararen ortografiaren berrikuntzari eta Rizalek berriz Tagalerarenari ekin izanak nire ustez zer adierazten duen esango nuke.

        Eta indio hau Espainiak hezi zuen eta Espainiak espainiar bihurtu zuen.

 

 

 

© Miguel Unamuno

© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

"Unamuno Rizal-i begira" orrialde nagusia