IDAZLEA

 

        Liburu honetan Rizal idazle gisa izan zenari buruzko iritziak eta judizioak aurkituko dituzu; honetan literaturgile gisa begiratzen zitzaion.

        Beste ezer baino lehen ohartarazi beharra dago, eta Retanari ere ez zaio ahaztu, Rizalek bere obrak gazteleraz idatzi zituela eta gaztelera ez zela bere ama-hizkuntza, edo, gutxienez behintzat, bere herriaren hizkuntza jator eta naturala ez zela. Gaztelera Filipinetan, nire Euskal Herrian den gauza bera da, hizkuntza etorkin eta sartuberria; eta nik uste, han sehaskako hizkuntza, amaren laztanak hartu eta errezatzen ikasi zuten hizkuntza, gaztelera izan dutenek ere ezin izan dutela hizkuntza errodun gisa jaso.

        Nirekikoaren arabera juzkatzen dut. Nire lehen hitzak zizikatzen gazteleraz ikasi nuen, eta nire etxean gazteleraz hitz egiten zen, baina Bilboko gaztelera, gaztelera pobre eta herabea alegia, lumatu gabeko gaztelera, sarritan euskararen itzulpen txar traketsa besterik ez. Eta horrela ikasita gero, pentsatu edo sentitu duguna adierazteko hartaz baliatu behar dugunok, hura eraberritzera, saiatzearen poderioz hizkuntza bihurtu arte birmoldatzera, beharturik gertatzen gara. Eta hau, idazle gisa nolabait ere gure ahuldadea izaki, aldi berean gure indarra kausitzen da.

        Zeren eta gure hizkuntza ez da «caput mortuum» bat, ez da pasiboki hartu dugun zerbait, ez da ohikeria itsu bat, baizik eta bizi-bizirik dugun zerbait da, gure indarkada eta ahaleginak nabarmenarazten dituen zerbait. Gure hitzak bizirik daude; hitz hilak berpiztu egiten ditugu, eta ahuldadeak jota zeudenak bizi berri batez bizkortzen ditugu. Gure hizkuntza, gure bihotzaz eta gure buruaz maspildu egiten dugu, konkista-eskubidez baitugu gure.

        Retanak Rizali hizkeraren eta estiloaren arteko bereizkuntza sobera ezagun hori aplikatzen dio; argi eta garbi zera dioen dotrina aplikatzen dio: hizkera akastuna eduki arren, estilo propio indartsu edo hedatsua eduki daitekeela eta, aitzitik, mintzaeran akatsik gabea, orbangabea eta zeharo txukuna izan eta baina inolako estilo propioren arrastorik ez edukitzea gerta daitekeela dioen dotrina.

        Bereizkuntza hori mila bider egin izan da; baina gazteleraz herentziaz eta ohitura hutsez pentsatzen duten horiek, beti gramatika eta zirtzilkeria kutsuko kako-makoetan buru-belarri dabiltzan troskoilo horiek sekulan ez dira bereizkuntza horren mamira heltzen. Beren izpirituaren pobrezia neurrigabeak eragozten die bereizkuntza hori senti ahal izatea. Beren gisa utzi beharra dago. Beren literatura mixerable guztia zokoan ahantzirik hondoratuko da, eta denbora luze baino lehen inor ez da oroituko XVII edo XVI. mendeko hizkuntzaz egiten dituzten ihakin traketsez, hauen huskeria doinutsu, neketsu eta nekagarriak inork ez ditu aintzakotzat hartuko.

        Rizalen estiloa gehienean biguna, kulunkaria, bihurria da, gogortasunik eta ertzik gabea, eta zerbaitetan akatsik izatekotan, hedatsua izatea litzateke. Hizlari estiloa da eta estilo hamletiarra da, pentsamenduaren hari nagusiko finkotasunaren inguruan zalantza ugariz josia, kontzeptutsutasunez betea. Ez da dogmatiko baten estiloa.

        Bere ideiak, Platonek bezala, elkarrizketaren bidez isuri zituen, izan ere bere nobelak elkarrizketa soziologikoak, eta zenbaitetan filosofikoak besterik ez baitira. Bere izpirituaren aniztasuna azaltzeko pertsonaia bat baino gehiago behar zuen. Retanak dio, Rizal Noli me tangere-ko Ibarra dela, eta ez Elias; eta nire ustez bata eta bestea da, eta eskierki kontraesanetan sartzen direnean da. Zeren eta Rizal kontraesanezko izpiritua izan baitzen, bere barne muinean iraultza irrikatzen zuen arren, iraultzaren beldur zen arima; bere herritarrez, bere arrazakideez aldi berean fidatu eta mesfidatu egiten zen; bere herritarrak trebeenak eta gauzaezenak jotzen zituen —trebeenak, bere buruari begiratzen zionean, haien odol berekoa zelako; eta gauzaezenak besteei begiratzen zienean—. Rizal, beldurraren eta esperantzaren artean, sinesmenaren eta etsipenaren artean, etengabe kulunkatu zen gizona izan zen. Eta kontraesan guzti hauek bere maitasun sutsuak lotzen zituen sorta batean, bere maitasun poetiko hark, bere aberri laztan, bere eskualde kuttun eguzkitsu, Ekialdeko itsasoetako bitxi, bere Eden galdu harenganako ametsez eginiko maitasunak, alegia.

        Quijote-Hamlet tagalo honek, amodio oso sakon batean, —eta aurrerago esango dudan bezala, bere aberriari, Filipinei, zion kultua erlijiozkoa izan baitzen— benetan erlijiozkoa zen grina honetan aurkitu zuen bere kontraesanen sorburua eta kulturarenganako bere gogo beroaren etsipena. Nahi zuen kultura; baina bere herriarentzako nahi zuen, hura askatzeko eta goresteko. Bere etengabeko lehia, filipinarra jende eskolatu eta ikasia bihurtzea izan zen, filipinarra gizaraztea. Eta iraultzak higuindu egiten zuen, zeren kulturaren obra arriskutan ipiniko ote zuen beldur baitzen. Eta beldur zion arren, bere gogoaren kontra ere ordea, irrikaz desiratzen zuen agian iraultza.

        Rizalek, erlijiotasun sakoneko arima izaki, garbi sumatzen zuen askatasuna ez dela helburua, baizik eta bide bat, bitarteko bat. Gizon batek edo herri batek libre izan nahi izatea ez dela aski, baldin eta askatasun horretaz gero zertuko duen erabilpenaren ideia bat —hobeto esateko, ideal bat— beregan taiutu ez badu.

        Rizal ez zen Filipinen independentziaren aldekoa; hori bere idatzi guztietan argi ageri da. Eta ez zen hala, hain zuzen, bere aberria nazionalitate independientetarako gaitutzat, prestatutzat, jotzen ez zuelako; artean Espainiaren ugazabatzaren beharra zuela iruditzen zitzaiolako, harik eta bere adin heldura, emantzipazio adinera, iritsi arte Espainiak babesten segi behar zuela —hobeto esanda, babestu egin behar zuela— iruditzen zitzaiolako. Pentsamendu hau garbi asko ikusi zuten jazarri zutenek, metropoli bat izan behar denaz giza-nozioren arrastorik sekulan izan ez zuten zorigaitzeko espainol haiek, koloniak betiere finka bat balira bezala erabili zituzten haiek, bertako jendea esplotatu beharreko ganadu gisa hartuz.

        Eta nola esplotatu ere! Filipinar espainolarengana, kolonietako aberkidearengana zer nolako mespretxua! Mespretxu hori, beste zenbait moldetako zapalkuntza eta irainak baino gehiago, mespretxu anker eta antikristau hori Rizalek bere ariman sarturik eraman zuen beti arantza baten gisa. Bere arrazari eginiko irain eta laido guztiak bere baitan sentitu zituen. Arrazaren sinbolo bat izan zen.

 

 

 

© Miguel Unamuno

© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

"Unamuno Rizal-i begira" orrialde nagusia