GIZONA

 

        Barne-barneko arreta min batez nindoan ni, Retanaren liburu horretan, Rizalek Madrilen estudiante garaian idatzitako eguneroko hura irakurtzen. Esperantzaz taiuturiko bere izpiritua gero mamitu zen fikziozko pertsonaia haien erretorika hedatsuetan hainbat edo gehiago ageri da haren arima ameszalearen taupada bere anotazio laburren baitan.

        Rizalek Madrilen «Filosofía y Letras» estudiatu zuen urte beretan ibili nintzen neu ere Fakultate hartan bertan ikasten, baina hura bukatzen ari zen, eta ni, orduantxe hasten. Tagalo hura behin baino gehiagotan ikusia izan behar dut Unibertsitate Zentraleko kalustra txit bulgar haietan; behin baino gehiagotan elkarren ondotik iraganak izan behar dugu, hark bere Filipinetan eta nik nire Euskal Herrian amets egiten genuen bitartean.

        Bere egunkarian ez zaio ahaztu grekerako katedrara bere asistentzia jasorik uztea; hartarako zaletasuna sartu zitzaiola zirudien, eta kalifikaziorik hoberena berak lortu zuen. Ez zait harritzekoa gertatzen. Rizali ez zitzaion eskierki grekerarako zaletasuna sortu, hori ziur esan dezaket. Rizalen zaletasuna Lázaro Bardón J.renganakoa zen, gure maisu beneragarri harenganakoa, niri sortu zitzaidan zaletasun berbera.

        Noli me tangere obran, don Lazarorengandiko bi ukitu badira. Bata, Gloriaren hasiera Bardón-ek itzultzen zuen bezala itzultzea: «Aintza jainkoari zeru-goietan; lurrean, bakea; gizonen artean, borondate ona». Rizalen kutunetariko bat don Lazaro izan zen; hori neuk baieztatzen dut, don Lazaroren ikasle izan bainintzen eta Rizalen egunkaria eta obrak irakurri baititut.

        Eta bai merezi ere maragatiar jator eta zakar hark, haur arima zuen gizaseme zintzo hark, gure don Lazarok, apaiz sekularizatu hark. Rizalek ezagutu zituen espainiar guztia don Lazaro bezalakoak izan balira... !

        Unibertsitate Zentraleko kalustra haietan sarritan elkarren albotik iraganak izan behar dugu, esan bezala, tagaloak bere Filipinak amets eta nik, bizkaitar honek, nire Euskal Herria amets. Biok erromantikoak.

        Rizal beti erromantikoa izan zela esatean, arrazoi du Retanak, erromantikotzat ameslari ulertuz, idealista, azken finean nolabait ere poeta. Bai, erromantikoa, filipinar guztiak omen diren bezala, Taviel de Andrade J.k dioenez...

        Eta bere bizitza guztian horixe besterik ez zen izan, ameslari purrukatu, poeta. Eta bere arimaren poesia isurtzen saiatu zen, ez mamituriko konposizio erritmikoetan bakarrik baizik eta bere obra guztietan ere bai, batez ere bere bizitzan.

        Bere aberria, Filipinak, poesiaz eta erlijiotasunez maitatu zuen. Bere abertzaletasunaz erlijio egin zuen, eta horretaz gero mintzatuko naiz. Eta Espainia ere poesiaz, erlijiotasunez, maite izan zuen. Eta horrek eragin zuen, hain zuzen, aberria ez poesiaz ezta erlijiotasunez ere maitatzen ez dakitenek hura heriotzara eraman behar izana.

        Retanak batean «Quijote Orientala» deitzen dio, eta ongi deitua dago horratio. Baina Hamlet batek bikoizturiko Quijotea izan zen, pentsamenduaren eremuko Quijotea izan zen, errealitatearen akatsak higuingarri zitzaizkiolarik.

        Haren balentriak bere liburuak izan ziren, bere idatziak; haren heroismoa, idazlearen heroismoa izan zen.

        Baina, ez pentsa gero, idazle profesionalaren heroismoa zenik berea, ez; berea ez zen izan idazteko pentsatzen edo sentitzen duenarena, baizik eta pentsatu duelako edo sentitu duelako idazten duen giza maitasunez bete-betearena. Eta idazteko pentsatzea eta pentsatu delako idaztearen artean egundoko aldea dago —Schopenhauer-ek ohartarazi bezala—.

        Rizal poeta zen, pentsamenduaren heroi bat eta ez ekintzarena, pentsamenduaren ekintza ez bada behintzat pentsamenduarena, hitzarena, hasieran zen harena, Jainkoaren baitan zen harena, Jainkoa berbera zen harena, eta Ebanjelioak dioenez gauza guztiak sortu zituen harena.

        Retanak dioenez, Rizal 1892an, Manilara itzuli zenean, politikan sartu zen, Liga fundatuz, eta «mistiko lirista» hura prosako langile bihurtu zen, eta Tolstoiren pendant hura Becerraren pendant bilakatu zen. Horrela, beharbada, Filipinen kausari zerbitzu handiagoa eman zion; baina bere tamaina eskastu egin zen, eransten du Retanak. Baina Santos J. aurka irten zaio Retanari, irakurleak obra honetako (312) notan, 252 orrialdean irakur ditzakeen kontsideroez.

        Pentsamenduaren heroiak ez dira beren ekintzaren jabe; Izpirituaren oldarrak, beraiek joaterik pentsatzen ez zuten tokitara eraman ohi ditu. Norberaren bizitzako kanpoalderako ekintzak menderatzeko, irudimenez nolabait ere pobre xamar izatea komenigarria da, eta, bestalde, pentsamenduaren arloko ausart handiak, ideiak sortu eta landu eta hauek beren ondorio ideial eta teorikoez agortzeraino aurrera eramaten adoretsu diren izpirituak, oso gutxitan izan ohi dira bizitzaren kanpoalderako ekintzetarako borondate kementsua duten gizonak. Galileo, pentsatzen hain heroikoa izaki, Santo Ofizioaren aurrean ahula izan zen. Eta horrela gertatu ohi da, eta Bourget-en «Le Desciple»-ko maisuaren psikologia egia handia da. Estudia ezazu, bestela, Spinozaren bizitza, eta Kant-ena, eta beste hainbat eta hainbat pentsalari heroikorena.

        Rizal, ameslari ausart hura, ekintzarako eta bizitzarako borondatez ahul eta herabetitzat jotzen dut. Bere uzkurtasun hori, mila bider egiaztaturiko herabetasun hori, bere lotsakortasun hori, jarrera hamletiar horren eite bat besterik ez dira. Iraultzaile praktiko bat izan zedin, Andres Bonifacio baten mentalitate xinplea beharko zukeen. Nire ustez, lotsatia eta zalantzakorra izan zen.

        Eta heroi barnekoi hauek, barne munduen konkistadore handi hauek, ekintzak berak herrestarazten dituenean, halaber ekintzaren heroi gisa ageri ohi dira, beharrak beharturiko heroi gisa. Aurreritzirik gabe irakur ezazue Luteroren bizitza, bere asturuak nora zeraman ezin jakinik, bihozkadatan erraldoi izan zen harena. Probidentziaren lanabes izan zen, Rizal izan zen bezalaxe.

        Rizalek aurrez sumatu zuen bere azken errematea, azken fin gloriatsu eta tragikoa; baina pasiboki aurrikusi zuen, tragedia greziarreko protagonistak bezala. Ez zen bera haren bila joan, baizik eta hara lorrean eramanik sentitu zen. Eta esan ahal izan zuen: Egin bedi, Jauna, zure borondatea, eta ez nirea!

        Horretarako asmorik izan gabe, halabehar bat burutu izan duten hainbat eta hainbat gizon probidentzialen historia berbera da; besteei itxaropen eta kontsolagarritarako ematearren, beren ametsak eraikitzeko beren barne-baitan hertsirik ere, buruzagi gertatu izan direnen historia berbera.

        Retanak non edo non esaten du, Rizal mistikoa izan zela. Demagun. Bai, mistikoa izan zen, eta beste anitz mistikok bezala, bere estilista-dorrearen puntatik, zerura begira eta besoak jasorik, bere herria borrokara eta bizitzara gidatu zuen.

        Rizal idazlea izan zen, edo hobeto esateko, pentsatzen eta sentitzen zuena idazten zuen gizona. Eta hain zuzen idazle gisa burutu zuen bere obra.

 

 

 

© Miguel Unamuno

© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

"Unamuno Rizal-i begira" orrialde nagusia