INGURATUTA GATXEUDEN
Heroiz beteta daude Historia-Liburuetako orriak. Soldadu greziar hark (Epaminondas? Filipides?) berrogeita bi kilometro korritu zituen Atenasko populuari greziarrek pertsiarren kontra lortutako garaipenaren berri emateko, bizitza ahalegin horretan galduz. Davidek Goliath handia menperatu zuen, kolpe on batez eta Zeruaren laguntza lotsagabeaz. Teseok Minotauroa akatu zuen, Laberintoko zorabiotik libratuz bere zezen-arima. Herkulesek Kantzerbero, Infernuko hiru burutako zakurrari «Hi aizak, erne ibil hadi, zaplasteko bat emango diat bestela» edo horrelako zerbait esan zion, ni eta nire eskolakideak goizeko zazpi t'erdietan jaikitzen ginen fraide kolegio ilunbeltz batera joan eta bertan egunero zazpi orduz aritzeko e.a.
Halere, nik uste, azainarik miresgarrienak ez dira jeneralean moldezko letretan inprimatzen, ezta ahoz aho ere ezagutarazten. Gertatu eta kitto, balentria egin berria izan arren, monstruo baten burua ez badugu aurkezten, momentu horretan ez bazen kazetariren bat handik pasatzen, frogagarririk, lekukotasunik lortu ezean, behin ez gara estudianteen aztergai bihurtuko, inoiz ez digute oroitarririk altxatuko sorterriko plazan. Historia kasualidadez tajutzen da.
Nik, eguraldiaren onberatasunean fio eginez, Gasteiztik Donostia aldera irten nuen 84-85eko negu gorriaren egun gogoangarri batez, nire furgoneta xuri-xurian, ezerk geraraziko ez gintuelakoan. Ni? Ni Donostiara ailegatu ezinda geratu? Bueno, bueno!
Gogorra zihoan urtaroa, furgoneta ez zen batere nabarmentzen paisaje erabat elurtuan eta zabaldutako mantalaren birjintasuna kolorez behintzat urratu behar ez nuenez ez nintzen Naturaren suminduraren beldur.
Apenas zegoen trafikorik, ni bezalako despistaturen bat edo beste, horrek Asun auto-stopean nazka-nazka eginda eta hotzak akatzen egotea ulergarri egiten zuen.
Hartu egin nuen, erdi izoztuta zegoen. Zera esan nion, han ikusten zituen kajoietako batean kanping-gas bat zegoela, baita ere Cola-Cao, esnehautsa eta opilak. Laster jarri zuen martxan asuntoa, erretrobisoretik ikusten ahal nuen, ia irakitekotan zegoen esneari ilusioz begiratzen zion. Geroxeago ondora etorri zitzaidan berriro, antuxuneari bi eskuez helduz, beroa bai eskuetatik bai eztarritik behera barnera zekion, esker onezko gauza mordoa xuxurlatuz.
— Zein ederki apaindu duzun furgoneta, mutil!
— Gustatzen? Geuk egin genuen dena, lagun artean.
— Puta madre dago, aaah! Eta Cola-Cao hau bezalako gauza ederrik sekula ez dut hartu!
Ondo sentitzen nintzen, Asun hotzetatik erreskataturik eta musura koloreak nola zetozkion ikusita. Oso neska ederra zen.
Hizpideari helduz ohizko argitasunak eman genizkion elkarri, Donostiara zihoan bai, han bizi zen familiarekin, hogeita lau urte zituen... parabí... parabá...
Geroxeago ixiltasuna nagusitu zen, baina atsegina zen oso. Asunek noiz paisajeari noiz niri erreparatzen zigun, beti irribarrez.
Altsasura iritsi ginenerako erabat gaiztotu zen giroa, Natura delakoa ni izorratzeko nahian zebilen. Elurrak mara-mara eraso zion eta guztiz urduritu nintzen, ordura arteko joateko moduko karretera elurleraz ibiltzekoa bihurtzen baitzen agudo. Zeharo gutxiagotu nuen abiada, ia atzeraka gindoazen, poliki-poliki joan beharrez. Han ginen, zuritasunean igeri noizbait ailegatzeko itxaropenez, eta egia esan Legorretara bitartean ez zen ezer nabarmenik gertatu, nabarmenkeriak nire buru petralean ari ziren. Nire furgoneta etxetxo bat zen, lo egin zitekeen, jan, egon, e.a. Neska bat hartu orduko disparatu ohi zitzaigun nire irudimen berotsua eta jeneralean Donostiara iristerako zazpi, zortzi aldiz orgasmatzen ginen, gutxi gorabehera, Agurain, Ziordia, Olazti, Altsasu, Idiazabal, Olaberri eta Beasainekin kointzidituz. Fuerte banenbilen, baita Ordizian ere, baina hau oso gutxitan gertatzen zen, ez naiz lehoi bat, aizue. Asun eta biok Etxegarateko aldapetan ito ginen, neure amodiozko bidaian, baina Olaztikoa mundial atera zitzaigun.
Bazirudien gure aurretik abiatutako guztiak ditxosozko bihurgune horretan pilatu zirela. Izan ere kurbatxoa tranpa hiltzailea zen, izotz hutsa, eta bazterrak ahaleginean porrot egindako ibilgailuez josita zeuden, denetik, autobusak, turismoak, furgonetak... gu azaldu ginenean inork ez zuen, aurrekoak ikusita, Fortuna Ama kabroiaren mende jarri nahi, baina ni, mesedez! Nola ez nintzen ba pasako!
Egia esan kurba madarikatuari oldartzerakoan zer ari nintzen txistukatzen ez dut gogoratzen, baina «La Marseilleise» edo «A las barricadas» zen, une gloriosoetan, bihotza kargaturik, begiak bustirik, kantatzen diren horietako bat, animoaren bizkortzaile. Metro batzuk ederki asko egin genituen, ingurukoen ikusgarri, eta orduantxe atzeko gurpilek ezetz esan zuten, ez zutela aurrera jarraitu nahi, ezkerretara baizik, nik aurreranzkoari eusten nion, beraz, problema bat genuen. Traizioa egin zidan ene maiteak, txapak txapari deitzen dio eta bide bazterretan zeuden anaiengana jo nahi zuen, txirristatze geldi-geldi batean bagindoazen, txapelgorriak jokatu zuenean. Bai, ertzain batek eguneko ekintza ona burutu nahi zuen, furgonetari ipurditik helduz geldiarazten saiatu zen; egia esan por culo eman zion bere aingeru zaindariak. Hauxe da kontua, furgonetak gupidagabe zanpatu zuen txoko intimoak ukitzen zizkion gixajoa. Balentria eginda zentimetro batzuk harantzago gelditu zen.
Jaitsi ginen, bi hankak han zeuden, elurretan patxadan, gero putzu gorri bat, hesteak, gibela, birika puskak etab. etab., elurtzaren zuritasun zuria deszurituz. Aukera aprobetxatuz txiza egin nuen.
Badakizue nola bizi den jendea Legorreta aldeko paraje errukarri haietan, ez jan, ez bizi ez dute egiten hango kristauek, salbajekeriaz jositako mixeria endemikoan, nazkagarria benetan. Ba jilipollas horren hondakin gordinen usaian gizatalde goseti bat plazaratu zen, begiek ziz-ziz, ahoek ñam-ñam, oinutsik, zarpail, eta kirats bero baten esku. Gure ondotik lasterka pasa eta puska gorriengatik hil ala bizi borrokatu ziren, atzamarkaka, hortzaka, makilak eta atxurrak astinduz, piztia-orroak aireratuz. Asun eta biok hilotz bakarrarekin ez zirela aseko sumatuz bultzaka hasi gintzaizkion furgonetari, orduantxe australopiteko horietako batek zeuzkan hortz guztiak sartu zizkidan ezkerreko besoan.
— Asuuun! Asuuun! Ai, ai, ai, ai, emaiozu, aii! —laguntza behar nuen antropofagoak askatuko banindu. Asunek erreflejo azkarrak frogatu zituen ordukoan, hiru ostikada, hiru, eman zizkion potroaldean, (egia esan, orain emakume bat zelakoan nago) nik, neure aldetik, buruan kolpatzen nuen libre neukan besoaz. Bota genuen azkenean eta ateraino iristea lortu nik, Asunek kubritu egiten ninduen, zartakoak eta ostikadak banatuz goseak makaldutako azpi-gizakiei, asko balio zuen nire Asunek. Igo zen bera ere eta eragin nion giltzari, arrankatzeko inongo problemarik ez baina ez zegoen hari eusterik, abiatu zen, nire kontroletik kanpo zeharo, eta aldameneka oldartu ginen eskubiko etxeetara, han errebotatu eta bestaldera, beste bi errebote eta azkenean hortzaka egin zioten gurpilek bideari. Irten genuen jatetxetik.
Elurra, zeuzkan guztiak emanez, oso gogor ari zen erasoan, parabrixa-garbigailuekin borroka latzean, gure aurrean indar zuria altxatuz, erroberei erantsiz, zirrikituetatik barneratuz, motorreko ura eta likidoei oro elkartasun-deiak helaraziz, «Izoz zaitezte» esango zien, pentsatzen dut nik. Asun eta biok, elkarri helduta, beso bat aski eta asko baitzen gidatzeko, geure bero eta adorea genituen alde, gauza handirik ez.
Demasa zen hotza, ez zegoen horrela jarraitzerik, gelditu ez gelditu nengoela mugarri batek erabaki zuen, musu bortitz batez, zuzenean jo genuelako. Ikusten al zen ba ezer ere?
Panorama ederra, alajaina! Oinez abiatzea burugabekeria hutsa litzatekeenez bertan geratu, bertan defenditu beste erremediorik ez zegoen. Atzera pasa eta ohea montatu genuen, txamarrak ondo itxi, txanoak jarri, nire zakuan sardina batek protesta egingo zuen moduan egokitu, irten berriz, azken esne hondarra berotu eta edan, zakuratu ostera. Halabeharrez besarkatuta geunden baina egoerak erotismo izpirik ere ez zuen, begiak besterik ez nizkion ikusten, aurpegia bufandak estaltzen zion eta. Haren beldurra edo nirearen isla ondo asko ageri.
Kalefakzioa mantentzearren martxan zegoen motorrak kitto esan zuen azkenean eta ixiltasunak hotza areagotzen zuela zirudien.
Gauak menderatu zuen zuriaren diktadura eta beltzarekin batera atertu zuen. Gutxienez metrokoa zen elur-itsasoa.
— Zer moduz zaude?
— Bueno, epel bai behintzat, zu?
— Egia esan, erabat akojonatuta, ederki gaude!
— Bihar hurrengo herrira iristen saiatu behar. Ikaztegieta da, ezta?
— Bai, baina alde honetan ez dago oinez ibiltzerik, gogoratu Legorretakoa, Ikaztegietan horrelakoa izango litzateke ongi-etorria, gosalduko gintuzkete...
— Orduan?
— Nahiz eta elur gehiago ez egin, dagoenak egun asko emango ditu urtzen, gaileta batzuk besterik ez dauzkagu, nahi eta nahiez mugitu beharrean gara, furgoneta utzita.
— Esan ez duzu ba hemendik ez dagoela oinez abiatzerik?
— Oso arriskugarria da, noski.
— Zein da hurrengo herri zibilizatua?
— Zibilizatua... buf... ba al dago Gipuzkoan zibilizazioaz hitz egiterik? Ene ustez... Tolosara iritsiz gero salbatuta gintezke.
Oso posibilidade gutxi, biok konturatzen ginen noski, baina ez genuen elkar larritzen jardun nahi. Lo zen egin genezakeen onena, indarrak hartu, gogorra izango zen eta biharamuna.
Nahi bai. Sar zaitezte, goitik behera jantzita, txamarrak eta guzti, bi zaku batean. Ernegarazi egiten ninduen ezin mugitzeak, estuasunak, beldurrak, ixiltasunak. Asun berdin zebilen, gure begiek topo egiten zuten sarri, nekearen nekez loak hartuko gintuen, baina ez berehala.
Aurpegia gerturatu eta bufanda nire kokotsaz jaitsaraziz musu xuabe-xuabe bat eman zidan. Segitu nion jokoari, dozenaka musu bero eman genion elkarri eta begiak busti zitzaizkigun.
Gogorra izan zen esnatu eta egoera penagarri horretan jarraitzen genuela ikustea. Hirurak edo laurak izango ziren. Asunen aurpegia bi zentimetrotara, lo seko, maite hura.
Zakutik ateratzeko gogoa, baina ez nuen nire sufrikario-kidea esnatu nahi. Izartsu zegoen gaua, ilargi betea, argi handia lur kolpatuaren gainean, eta krudela bazen ere, eder askoa zen paisaje hartan ahaire baten lehenengo notak entzun nituen, baju-baju, baina segituan ohartu nintzen haren izateaz. Galduak ginen.
Esnatu zen Asun, kantua ixiltasunari zeharo nagusitu zitzaiolako.
— Zer da hori?
— Esperantza apur bat bazegoen galderan, gauza bakar bat izan zitekeela jakin bazekielako, amets txar bat zela entzun nahi zidan, nik ezin hori esan, tamalez.
— Gaueko hartz gorriak.
Han ziren, dagoeneko hogeita hamar bat metrotara. Ohizko antolamenduan zetozen, hirunakako ilaratan, elkarri lepotik helduta, umore onean. Kantua, noski, «Siberian, han bai ederki» famatua.
— Inguratuta gatxeuden!
— Niri beldurrak beti hika eragiten dit.
Gaueko hartz gorriak, bihotz beltz, lur zuriaren gainean.
Haien pizti buruak! Orro gosetia bihurtu zen kantua, hortzore-iragarkia ematen zuen betortz erakusketa hark. Nik labana txiki bat nuen, txorizoa ebakitzekoa, problema dexentekoa zen.
Ekin zioten. Oldartu egiten ziren txaparen kontra, kristalak txikitu zituzten, atzaparrek guri heldu nahi, eta guk heltzerik nahi ez. Hondamendian ere nire ausartziaren lekuko, ebaki barregarri bat egin nion bati behatz potoloan eta gaueko hartz gorri horren odol tanta urdin argiak irten ziren Mundura. Atzeko atea erauzi azkenean eta Jazintok aurreko hanka biez zapaldu zuen gure gotorlekua. Gu ez ginen batere ondo sentitzen, egia esan. Jazintori lerdea zerion.
Eta orduan... ai orduan! Biolin baten doinua entzun zen eta gaueko hartz gorriak oro larritu ziren zeharo, bera ere gorri-gorri, eski-gaineko karga heroikoan Ertzaintza zetorrelako, Kusterretxea jeneralaren agindupean.
Gaueko hartz gorriek ez zioten ihesari eman, ez jauna, bi gudarosteak borroka ikaragarrian hasi ziren, hortzak eta ezpatak dantzatuz, eta gaueko hartz gorriek ezkutatu egiten zuten hiletargia, bi hanketan erraldoi, eta ertzain txiki ausartak irrintzika eta Kung-Fu garrasiz borrokatzen ziren, han-hemenka herioak jotakoak ziplo erortzen ziren elur-amaren hilobi jelatuetara, Udaberrian berpizteko esperantzaz, eta odol urdin argi eta gorrien jarioak blai eginda zituen inguruak azkeneko gaueko hartz gorriak amore eman zuenerako.
Ertzaintzak hogeita sei hildako eta laurogei bat zauritu izan zituen, gaueko hartz gorriek berrogeita bi hildako, zaurituak errematatu egin baitzituzten. Askok ihes egin ahal izan zuen. Kusterretxea jeneral adoretsuaren buruak aza xelebre bat ematen zuen, elurretan hazia. Gorputza ez genuen inondik ere aurkitu. Ederra enkontrua!
Hurrengo orduak hildakoak omenduz eta ohoratuz igaro genituen, eta buruzagi berria zen Etxeberriska kapitainak oso hitz ederrez agurtu zituen joandakoak eta indarberritu bizi ginenok. Benetan ikusgarri zegoen gaueko hartz gorrien atzaparrez egindako lepokoaz. Haren aldamenean kolumnako botika-gizonak, hartz-buru bat txapelaz, izpirituen babesa gureganatzen zuen, erretolika xelebrez.
Handik aurrera beste bi destakamentuan. Gure salbatzaileak Irungo 7.ekoak zirela jakin genuen, harantz zihoazen, bideetan zehar lur bortitz honek prestatutako zelatetan harrapatuei lagunduz, lan latza, Munduko alde garratzenetako batean ginela kontutan hartuz.
Ni, eskiez kalamidade hutsa nintzela ikusita, elurlera batean egokitu ninduten, jana eta tresneria artean. Asun berriz laster bilakatu zen atentzio-gune aparta, bere saltsan zebilen, taldez talde, aurrera eta atzera, denak animatuz, denei irribarre goxoa eskainiz, giza-ostearen esperantzaren ikur. Nire Asun.
Ezerk ez zion espedizioaren abiadari oztoporik ipini gatazka ondoko egunean, baina desgrazia handi batek jo ninduen orduan ere. Gautu eta kanpamentua montatu genuen, Altzotik nahiko gertu ginela uste dut. Ezin Asun aurkitu inondik ere, galdua zelakoan Etxeberriska kapitainarengana jo eta... non ikusten dudan honen ondoan kantari, su baten inguruan jan eta edanean, zirri eta zirri zerri harekin... Ondo gordeta, erretiratu ziren arte itxoin nuen, eta negar malkotan ikusi nola Etxeberriska kapitaina eta Asun denda batera sartzen ziren. Orduantxe hartu nuen erabakia.
Gaua. Gau hotz eta bakartia. Ez nuen batere lorik egin, esnai iraun nuen, gogoratuz, dardarez sufrituz, etorkizuna bideratuko zuen egun berriaren aiduru.
Egunsentiarekin batera agertu zen nire kontrarioa larruzko beroki dotorez, eta kafe bila joan zitzaien su ondokoei, eta ni harengana, goizeko aire hotza zeharkatu nuen desafio isil bat ezpainetan. Nire ariman langarra ari zuen.
— Etxeberriska kapitaina.
— Bai? Zer dugu?
Ohizko jestuak burutu nituen, gerritik gora erantzi, momentu horretan ez zen negurik, eta nire labanaz ziztadatxo bat egin nion neure bularraldeari, bihotzaren parean. Odol-errekasto bat sortu zen.
— Hil bedi berori —esan nuen, eta odoletan bustirik, eskuaz igurtzi nion kopeta. Hark beste horrenbeste egin zuen. Asunen begi izutuek so egiten ziguten.
Berehala egin ziren prestatze-lanak. Ordu laurden batean Asunek bi izara zeuzkan aurrean, izara horien atzetik Etxeberriska eta biok geunden zetazko bihotz gorri bana egiazkoaren tokian erantsirik. Asunek bi bihotz gorri ikusten zituen, zein bere basamortu zurian galdurik, bi bihotz gorri, elurretan hazitako amodioak eta bat zeharkatu behar zuen bi eskuaz eusten zion ezpataz. Bere maitaleetako bati bizitza lehertu behar zion, eta negar egiten zuen, negar zotina. Belauniko jarri zen, burua ezpataren eskutokian apoiatuz eta bat-batean, bere malkoak zeramatzan armaz izara bati oldartu eta Etxeberriska kapitaina oihu ozen mindu batez hil zen bere izatearen eztandan.
Eta Donostiara iritsi ginen egun batez. Destakamentuak erabat urritua bukatu zuen txangoa, Billabonako barbaroekin izandako gatazkan hamaika lagun galdu baikenuen.
Asun eta biok nire Alde Zaharreko etxean egokitu ginen eta egunak eta urteak baju hitz eginez eta paseatuz igaro genituen, Mundu xelebre honetan.
1998.eko Ekainean Asun gure atarian hil zuten, bizkaitarrek Donostia konkistatu zutenean.
Nik, honezkero, hamar bat urte pasa ditut Lekeitioko etxalde batean esklabo. Egia esan, ondo, ez naute ia jotzen.
© Joxean Sagastizabal
"Joxean Sagastizabal: Inguratuta gatxeuden" orrialde nagusia