hil da esperantza

atean joka ihardun zitzaigun

geratu arte hilotza

 

hil da esperantza

uda ta negu aditzen dugu

leihotik haren kiratsa

 

hil da esperantza

ongarri ezak hondatuko du

arbaso zaharren baratza

 

hil da esperantza

gailendu zaigu beldurra eta

nagusi dabil zalantza

 

hil da esperantza

erdal airean eskainiko du

herri honek azken hatsa

 

hil da esperantza

beranduegi jaio ginenon

garrasiaren garratza

 

hil da esperantza

berpizterikan ez dago eta

bizi bedi esperantza

 

 

 

© Joxerra Garzia

 

 

"Joxerra Garzia: Dena dela (Bezperaren kronika)" orrialde nagusia