Nor banakoa etxe bat bada

besteengandik bereizi,

zure adatsen teilatupean

maizter nahi nuke nik bizi.

 

Bizitza golde bortitza denez

kopetan zimur-ildoak.

Urteen uzta zilar malutez

estaltzen ari biloak.

 

Ikustearren daude begien

leiho ilun nahiz argiak.

Zureak itsu balira ere

neretzat maitagarriak.

 

Sudur-hegian ahoa duzu

hitz ta musuen atari.

Bertan etzanik mihin gorria,

txakurtxo beti jostari.

 

Ate ondoko intxaurrondoak

atsedena ta geriza.

Nektarrez eta eztiz gainezka

zure bularren kaliza.

 

Etxeak zutik iraungo badu

ona behar orubea.

Halakoxea zure gerria,

leun ta tolesgabea.

 

Etxeko kea gorantz doala,

zimenduek lurrari muin.

Izango al naiz zure zangoen

dantzan esku hartzeko duin!

 

Etxe aldean soro-larreak,

langa-hesolez hesia.

Zure besoen barrutian naiz

maitasunean hezia.

 

 

 

© Joxerra Garzia

 

 

"Joxerra Garzia: Dena dela (Bezperaren kronika)" orrialde nagusia