Sasoi beteko tximaluzea

halaxe zen gurean Jon

horregatikan herrian denok

esaten genion Sanson.

 

Sanson esaten genion eta

zen gure itxaropena

gizalditako morroitzatikan

aterako gintuena.

 

Morrontzatikan ateratzeko

bazen zerbaiten beharra

beharko zuen malezi izan

beharko zuen indarra.

 

Malezia ta indarra erruz

berez bazuen Sansonek

hortik aurrera lagundu zuten

gure herriko gizonek.

 

Herriko gizon guziak eta

orobat andre guziak

eskatu hutsez betetzen ziren

Sansonentzat kutiziak.

 

Kutizi denak bete ziren ta

noizpait heldu zen garaia

esan zitzaion «gure kateak

hausten beharko duk saia».

 

Kateak hausten saia aurretik

nahi omen zuen indartu

hamaika bider luzamendutan

aritu zen: guk onartu.

 

Beharko ere onartu noski

izanik gure esperantza

azkenerako hartuagatik

Sansoni usteldu traza.

 

Usteldu traza bazeukan ere

ezin guk ezertxo egin

gure indarrak, gure kemenak

agorturik berarekin.

 

Kemen-indarrak agortu eta

ezin genuen sinetsi

beste armarik ez genuela

beharko genuela etsi.

 

«Etsi beharko dugu betiko»

batek ziren halaxe

guziak haren kontrako ziren

mintzatu berehalaxe.

 

Berehalaxe esan zioten

traidore zital bat zela

Sansonganako konfidantzarik

behar zuela bestela.

 

Konfidantzarik ez zuen hura

bidali zuten kanpora

eta Sansonen zerbitzupean

aurrera joan zen denbora.

 

Denbora luze baten buruan

zabaldu zen notizia

Sansonek ihes egin zuela

harturik zeukan guzia.

 

Zuen guzia harturik eta

txima luzeak mozturik

geroztik etsai artean dabil

ta ez dabil tristaturik.

 

Tristatu gabe bizi liteke

egunen azkeneraino

okerragorik ez omen dago

zorri berpiztua baino.

 

Okerragoa zorria baino

bada gauza bat halere

herri txiki bat baldin ez bada

bere buruaren jabe.

 

Bere burua gobernatzeko

nor bera baino hoberik?

boterearen zimaurrak

ez du zorria beste lorerik.

 

Beste loreak maite ditugu

zuri, berde nahiz gorriak

a zer jardina mundu osoa

libre balira herriak.

 

Balira, balitz, balu, balitu...

usteak ustelak dira

kanpo zein barne Mesiasekin

ez gaitezen inoiz fida.

 

Mesias bati fidatu eta

hara zer zaigun agitu

herri zahar honen kondaira zer den

ez al duzue aditu?

 

Kondaira zaharra aditu eta

zertan hasiko negarrez

indarrez lotu zuten herria

aska liteke indarrez.

 

Indarrez flako bagabiltz ere

ez erregutu inori

gure esku dago zutik jartzea

geuk hondatutako hori.

 

Hondatu dugu herria eta

ia guriak egin du

etxean eta auzotik ere

badugu zeinek agindu.

 

Zeinek agindu badaukagula

hauxe da penitentzia

baina sortuko dira berriak

har dezagun pazientzia.

 

 

 

© Joxerra Garzia

 

 

"Joxerra Garzia: Dena dela (Bezperaren kronika)" orrialde nagusia