—HAMAR—
...duela hamabiren bat urte, itxo egizan, ...hamar, hamaika, bai, hamabi urte, sesenta y seisean hunan eta, hasi ginen plakak hausten. Gure belaunaldiak hartan ekin zion bere biolentzia kanpora manifestatzeari; hala uste dinat behintzat. Aldez aurre biolentziaz ere saiatuak ginen beste zenbait plaka pribatu hausten, ...Zer iruditzen zain, Inesa? familiarekiko plaka eternalaren kontra maitasun librea predikatzen hasi ginen, eta praktikara eramatea erreza gertatu ez bazitzaigun ere, Zarautzeko hondartzan biluzirik bainatu ginen... udako gau bero batetan voyeur ugariegien eskandalurako bainatzeko gura sentitu genuen... Aiten gudari dekorazioak edo beraien erresistentziari buruzko ebokazio sentimentalak berak ere apurtu beharra ikusi genuen... kartoizko amets dekoratibo haiek ez ziguten ezer laguntzen herriaren opresio barnean geure opresio pribatu eta pertsonala ezagutarazteko. ...Opresio pertsonala, horixe hunan inportanteen guretzat... Felipen batzuk, besteok Etan sartu ginen gero, zenbaitetan eskulanetara ihes ere egiten genuela; aitetamen eskandaluz, noski.... oraingo ducados hauek kaka zaharra ditun, neska, gaulois-ek hobeago direla niatxon, geuk hainbeste gorroto bagenien ere. Eskandalua!! ay de aquel que escandalice esan zuenak bazekien, bai, legeak errespetatzea zela lehendabiziko segurantza, gauzak dagozen lez jarrai daitezen... Geure haragi humanoentzat nahiz burutapen razionalarentzat ere seminarioetako eta prailetxeetako barrote klerikalak Gulag bat zirela salatzen genuelarik, kopetetan tatuaje publiko bat ezarri nahi izan genuen: «ateo gara» «ez, ez dut nahi» ...ja, ja, ja, ja... inportante irizten genienan halako tatuajeei... zer nahi den... eskandalua derrigorrezko zitzaigunan, biolentziaren lehen maila premiazko bat zela esango ninan orain. Eskandalizatuak, berriz, gu lokatzetan ibiltzeak eskandalizatu bazituen, ez zen gu zikin-zikinik ikusten gintuztelako, qué va... hori bost axola zitzaien; beraiek gura zuten trankilitate mediokrea gure lohietan ezin ikusiak eskandalizatzen zituen, eta ez geuk. ...Ezagutzen al den «il y a raison de craindre la boue car il n'y a pas moyen de s'y mirer» zeinek esan zuen?... — Ez, ez dakit... — Ba, herriko diputatu handiputz batzuk alkantarila baten aurrean presaka pasatzen ari zirelarik, Zenon zinikoak bertatik halaxe esan omen zien.
Casette-ri atzera eragiten diot, esaldi hori berriro entzun nahi baitut
zituen eta ez geuk... Ezagutzen al den «il y a raison de craindre la boue car il n'y a pas moyen de s'y mirer» zeinek esan zuen?... — Ez, ez dakit...— Ba, herriko diputatu handiputz batzuk, alkantarila baten aurrean presaka pasatzen ari zirelarik, Zenon zinikoak bertatik halaxe esan omen zien. Gure lokatz artean beren mediokridadea ezin zuten nabaritu... Plaken atzetik atrakoak; dinamita ere bai; odola gero, txo! baina biolentzia esterno hura justifikatzeko, beste tatuaje ahulago batzuez apaindu genituen geure kopetok... teoriak hartzen hasi ginen... teorizatu egin behar omen genuen. Estatu baten premia, indarra, boterea, zentralismo demokratikoa eta zer zekinat nik beste zenbait ideia eder gehiago ...inor ez eskandalizatzeko aukeratu genituen maskarok ez hitunan beste haiek baino ederrago, ziur ezetz... Badakin, politikoak ginen jadanik, politiko hutsak, eta anarteraino kontestatzaile hutsak besterik ez; maskarok hartu eta jadanik burgestxiki izango ez ginelakoan... Ez genuen geure zorionaren atzetik gehiago ibili behar, problematika antistorikoa baizen norberaren kezka larriez kexatzea eta norberaren askatasunaz arduratzea sujetibismoa. Ideia berri batzuk hartu eta materialistak omen ginen, hau den hau Lurdesko mirakulu harrigarria... Arrazoi historikoak teoriaz domeinatzen hasiak ginen, zertarako ba gure problema pertsonalak eta gure gozatzeko egarria klase-borrokan ezar? Gogoratzen naun lagun bati behingo batetan esan niona: «gizartea aldatuz eta libratuz bakarrik, compañero, norbera aldatzen eta libreagotzen joango duk. Disponibilidad total»... — Eta hori egia da, Joxe, ezta? — Egia? Etzekinat egia denentz, baina ez dun inoiz eta inon gertatu egia hori, gainera gizartea aldatze eta libratzea zer dun gizonak aldatu eta libratu direneko seinale baizik? eta gizonak aldatze eta libratzekotan, gizona bera aldatzen joan behar dun, ezta? hemen ez zegon mirakulurik, neska, guztion zorionari eta askatasunari buruz norberaren hazkuntza eta aldaketa fundamentalak ditun, eta ez
— Stop. Goazen aurrerago, roilo hau buruz baitakit. fff... fff fff... ff... Stop. Start.
roz eta gehiago gara, bai, gure gozatzeko inkapazidade kotidianoa ezkutatu nahi ez dugunok. Guretzat, eguneroko gozatzeari mugak kentzen joatea da borroka guztia. Lagunek eta auzokoek, denek nola gehiago goza dezakegun asmatzea dun borrokarik inportanteena, ze gure burua aldatzen ez goazen eran, gureak egin din. Non zeuden, Inesa, bizitzari kantatu beharko luketen herriko artisten idei popularrak? Non Caja de Ahorrosak, banketxeak, Ondarretako paseoak eta beste edertu dituzten artista populozaleak? Faxistek euren hildakoei egin dizkieten monolitoak eta mausoleoak egin beharko ote dizkiegu geuk ere geure hildako borrokalariei?... Kaka zaharra... Kaka... Greziako hogei t'hamar tiranoek mila herritar baino gehiago akatu zuten portikora joan eta sekulako murala egin omen zuen Polignoto zeritzan artista batek. Hara hor oroimena. Hau da filosofia herrizale, eta hauxe bakarrik dateke egungo faxistek borratu ezin izango duten oroimena. Plakazale faxista bat beste plakazale abertzale baten kontra ikusi nahi duenak, bazekin zer egin: baina borroka bakarrik lekutzen denean heriotza dateke garaile eta inork...
Stop. Arroza platerean ahitu denez, cassette-a guztiz gelditu dut, nere ahoak ezin izango baitit Joxeren hitzak irensten lagundu.
© Mikel Azurmendi "Mikel Azurmendi: Gauzaren hitzak" orrialde nagusia