—HIRU—

 

        Frase haren atzetik idatziko nuenaren zuzenaz razionalki jabetzeko asmotan, bada, gako bati heldu beharrean nengoen eta handik haria niregana tira, baina fraseari begira eta begira egon nintzaion arren, hari puntaren aztarren tikienik ere ez zitzaidan inondik azaltzen. Euskaldun jakitunek eta euskarako irakasle ezjakitunek euskaldunberrioi sarrarazten diguten maniaz baliatu behar izan nuen perpausa hura hiru trontzotan ebakitzeko, eta orduan banan-banan estudiatu nituen puntarik zutenentz konkluitzeko. Hala eta guztiz, zati bakoitzak hitz gehiegi zeramala-eta, hiru heren haiek erditik zatitu nituen, sei puska lortu arte: haatik atal batzuak koxkor eta besteak oraindik puztuegi. Neurtzen hasi nintzen: lehenak bi hitz, gero «teodora» bakarrik, hirugarrenak eta laugarrenak erdibana zortzi hitz, eta azken biei zazpina eman nien. Baina zati osagarriei nola hitz-kopuruari simetrikoegi nerizten. Halatan hirugarren eta laugarrenaren artekotasuna errez hautsi nuen azkenekoari lau hitz ordez bost kontatzearekin, zeren seiren honen aditz laguntzaileak baldintza itsatsia baitzeraman, eta bost konta niezaiokeela erabaki nuen. Azken bi ataletatik berriz beste berri bat atera nuen, «itxi hindudan»-ekin beste kozkor berezi bat eginaz Guztien neurriak hauexek ziren:

 

        I.ak bi: «hortxe haunat».

        II.ak bat bakarrik, bera baitzen gunea: «Teodora».

        III.ak lau: «behar huen bertikaltasun osoa».

        IVak bost: «ezin eskain ba-diezakenat ere».

        V.ak zazpi: «urrezko anagrama boluptuosoz tailatutako ebano egur beltzez».

        Seigarrenak bi besterik ez, esan bezala: «itxi hindudan». eta azkenak bost: «marko zahar afrikano horren barnean».

 

        Baina soroen neurriak hartu aurretik lurzatiketan arituek lehenik ze lur-klase den ongi dakitela eta zein baino zein zati hobeago den jakiteak ere kalterik egiten ez dietelarik (aldapatsu, ordeka, malkor, malda, malkor, egutera, laiotz, lurgozo, buztinlur, sihats, errekondoko, zelai, harrikari, mailu, baserriondoko), nere hasierako saio razionala alferrik galduta neukala iruditu zitzaidan, hiztasuna batere kontutan hartu ez nuelako. Beste saio klase bati heldu nintzaion orduan eta frase haren hitzak banan-banan begien ingudetik pasatzen hasi nintzen: lehendabizi begi batez errepatzen nituen gero begi betez ikusteko, eta azkenean begi bete-betean aztertzen nituen, morfemak, fonemak eta mezua bakanki har nitzan. Nere ezagumenak makina bat lan intelektual egin eta gero (gutienez hamar bat orrialde bete nituen), saioak berriz ere pikutara eraman ninduen, zeren ezagumenaren azken punta-puntara ailegatu eta osotasuna galdu ala, hitzak berak ulergaitz bihurtzen ari baitzitzaizkidan. Frasearen osotasuna ez zegoen zatika eginik eta ale tikienaren osotasuna bera ere (har dezadan adibidez «teodora») beste zati guztien osakuntzak gorpuzten zuen osotasunaren zati baizik ez zela nekusan. Neurtu, pisatu, ikusi, hausnartu, zenbatu, tajutu, analizatu, garbitu, konparatu eta beste hainbeste ekintza serioren poderioz, hitz guztiak adimenaren labe barnean gori-gori neuzkala konturatu nintzenerako erre egin zitzaizkidan. Errauts artetik ordea zerbait atera nuen: hitzek azal eta giharra bazutela konturatu nintzen. Biziki estimatu nuen hura sikiera idorotzea.

        Izugarria naiz detailetarako eta deskubrimendu haren sorgune berezia eutsi nahi izan nuen, baina laboratoriotako eureka handietan bezala, formula hura zer arrazonamendu mementutan asmatu nuen ahantzi egin zitzaidan. Gauza handiak errez galtzen ditut, baina ttikiak sekula ahazten ez zaizkidalako, Ravenan belartxo bat eskutan, erradrilu koloreko gona luzea soinean, eta begiak pintatuta nenbilela gordeta dut oraindik nonbait memorian, bai eta aitaren etxeko nire gelako kristo baldarrak bere ezker eskua koloka zuela ere, edo Conchako hondartzan zehar Joxerekin lehen aldiz mintzatu nintzen ordu bitako tenore hartan, gure aitzinean faraon ospetsu baten izena lepotik zintzilik eramango zukeen aitonsemea baino tenteago paseatzen zebilen kaioak eskubiko hankarekin pauso ttikiagoak ematen zituela. Behera begira nindoan esku batetik bestera hondar apur bat botatzen, eta emazteak zer esango zion galdatu niolarik, askotan gehien desiratzen dugunaren ordez gutxien espero genezakeenarekin ibili ohi garela erantzun nahi izan zidan nere begiak bilatuz, baina nereok hondartzarantz behartu zuten eta «geuk ere gura ez dugun nonahi utz ditzakegu urratsak» gisako bat bota zidan, eta pauso desberdinez zebilen kaio hura hegan hasi zen konplizidadearen partaidetzat nehork ukan ez zezan-edo. Horregatixe ahantzienik nagoenean, jende inportante edo-eta gauza inportanteen aurrean nagoen seinale dela-eta, nere parker beltza eskutik askatu gabe sintagmaz betetako hamar bat folio zikin haiek utzi eta mahaiaren erdiko kajoia neregana bultzatu nuen agenda ttikia hartzeko. Iragan urteko oporrak irailan hartu nituen, Elének irailan derrigorrez hartu behar zituelako eta bixita bat egin nion. Parisera ailegatu nintzen egunean bertan, Elénengana nindoala, Réamur-Sebastopol metrotik jetxi nintzen eta metrondoko almazen handi batetan sartu eta agendatxoa erosi nuen. «C'es moche, ton agenda» esan zidan gauean Elének ohe tik, «París es cojonudo» agendan idazteko ohatila altxatu nintzanean. Baina agenda huraxe eta ez besteren bat erosteko eman nizkion arrazoi erromesek berehalaxe ikusarazi zieten Elének sei franko haiek pezetetan gaizki kalkulatu nituela. Baina agenda hor oso pratiko da. Egun biz behin agendako orriei eskubiko behe ertzean zulotxo batzuk dauden tokitik jan behar zaie belarria zein egunetan bizi garen jakiteko edo eguneroko eginbeharrak ez ahazteko «1977, fevrier, 19». Larunbata zenez, «samedi» irakurri nuen.

        Aste bete aurretik «Aquarium» idatzita neukan orrialdean «hitzak azala eta giharra baditu» idatz nuen. Azkenaurreko larunbatean 12-ri zegokion orrialdea bilatu nuen, han ere «Aquarium» idatzi takoa irakurtzeko gura etorri zitzaidalako. Behin batetan, Joxe eta biok ohean geundela hiru astebete bere zain egon nintzaionik ez zidan hark sinesten, eta sinets liezadan, agenda bera ohera era man niolarik, Joxek frase hori ikusi eta oso interesante iritzi zion. Hartaz aritu ondoren, buruan neukan azal-hitzaren sailketa aberastu egin genuen nire iritziz bi motatakoa bakarrik zatekeelako: lehenik, beste norbait konbentzitzeko erabili ohi den hitza, eta gero, gezurra eta egia abiadura semantiko batek bakarrik bereiz ditzakeelakoan mintzatzen denarena. Konbentzitzaileen azal-hitza biktoriosa da —esaten nion Joxeri— nahiz askotan iritziko edo ustezko ahots apal baten doinupean borobildua joan. Nire gaztaroko inguruan nituen jende erlijioso guztiek erabili ohi zuten hitz hori eta Madre Navarrok ere mintzaera berdina zerabilen beste monja guztiena baino harroagoa izan arren. «Estamos consternadas de que no quieras estudiar una carrera porque estás muy dotada» izan zen entzun nion azkena, aitaren «díganle que siga estudiando» agindua neri nolabait itzuli eta disimulatzeko. Mamiz morkotsa da hitz klase hau eta proiektil bat bihurtzen da esan bezain laster, horregatixe konbentzi gaitzake hain zuzen ere. Halakoak diharduen ahoa edozein pertsona nolanahi aipatzeko edo txikitzeko prest dago beti, dogma, deskomunikatzea, fama kentzea, amiltzea eta zer dakit beste zenbait bide manaiatuz. «Parece que no quiere seguir estudiando. No le quisiéramos ofender; pero su hija, y se lo decimos con tristeza, no está muy dotada» erantzun zioten aitari telefonoz, ni konbenzitu ezinaren frakasoa gaitzerdi zitzaiekeelakoan aita nire gaieztasunaz konbentzi albalezate. Joxe seminariotik pasatua zelako erabat ados zetorkidan eta, gainera, gure inguruko tomismo politiko ugariegiaren zerrenda bat eman zidan, eta «konbentzitu nahi den norbait hori, norbera denean, kristauen morala sortzen da» erantsi zuen. Joxerekin edukitako mintzaldi guzti hartaz bi hitz arrunt eta euskal esaera bat geratu zaizkit buruan: « adversarii» latinez bat, eta «-ismo» atzizkia erdaraz bestea; azkenik, euskarazko «hitzetik hortzera» adierazpena. Haatik esaera honen adiera zuzena ez dut tajuz hartu eta oraindik euskara ikasten ari naizelarik, nere zalantzak ezin liezaioke Joxeri iritzia aldaraz, baina bigarren azal-hitz klasean hobe erortzen dela nago, zeren euskal esaera horrek adierazten duen hitz ugariegikeria telebistan dentifrikoak aipatzen edo atez ate mirakuluak saltzen edo agintaritzatik ezer eman gabe asko prometatzen duten jendeen azal-hitzarekin zerikusirik baduela dirudi. Klase honetako hitz hori merkatari hutsa baita, nornahi edonon saltzeko edo erosteko esana. Hitz ekonomiko eta politikoa dateke hau, Trabukorekiko abestiak «hitzak ederrak, bihotza faltso» edo «hitzak ederrak putzak minak» Joxek adierazten zidan antzekoa. Halere hirugarren sail bat ere bazukeela azalhitzak-eta, «palabra de honor»-kin hasten zena adibidez Joxe ohe gainean esaten ari zitzaidanerako„ neu zigarro bat erdiesteko aitak amari mintzatu ohi zionaz gogoratzen hasita nintzen. Aitak amari bezala, Torres berak ere «palabra de honor, Inés, que papá no está aquí» esan ohi zidan maiz telefonoz, nahiz kafearen usainetik aita han zegoela neuk igarri. Aita eta Torres ez zeren antimilitaristak noski, baina militarrak batere maite ez zituen makina bat jende ikasi ere bazegoela azal-hitz klase honen esklabo esan zuen gero Joxek. Zigarroa pasatu nionean «Inesa» esan zidan «unibertsitatean lizentzia edo doktoradutza bat erdiesteko mila fitxatan hitzak pila eta pila dabilena, honoris causa-ren usaiean ez ibili arren, eta herriagatik saiatzen ari dela esan arren, familia ustel eta azal honetakoa da» eta denbora asko pasatu zait, honetxekin Joxek zer esan nahi izan ote zuen konprenitzeko.

        «Février. 19. Samedi»-n bezalaxe, larunbatak 12.n ere «Aquarium» zegoen idatzita, baina ezer gehiago ez. Agenda itxi egin nuen. Erdi-erdian ezker eskubitik «Quo Vadis» urrezko letra handien azpiko elipse gris barnean molde zabalagoz idatzirik «agenda planing», eta beheraxeago «marque déposée; trade mark» arras irakurgaitz, ondoan berriz «universitaire». «Quo vadis» errepostu nion sortu nuen Teodorakiko esaldi bakan hari eta aldameneko hamar bat orrialde idatzi haiei begiratuz, niregandik Teodoragana zihoan bideak razional tokietara ez ninduela gidatzen konprenitu nuen, eta norbera ikertzea, nola osotasunean hala zati eta pusketa posible guztietan inoiz ez dela amaitzen jabetuaz joan nintzen eta buruan nuen desorden razionala txukun-txukun ipini ordez, paperak zeuden bezalaxe zakarrontzian utz nitzakeela erabaki nuen, pentsaera literario edo arrazoitu asko zuten arren: idatzi ala, lerroak ge.rtaera biziez apurtzen zitzaizkidalako hain zuzen ere. Gauzen hitzen kontra nere indarrak neurtu partez, hitzen gauzari errendatu behar nintzaion. Teodorarekiko lehen idatzia tatxatu egin nuen ei Pascal-ek idatzitako beste hura neuk ere goi-goia idatzi nuen, izenburu gisa baino gehiago razion aieru bakarraren aitzakiaz. Joxe eztulka entzun nuen nire ohean eta burura zetorkidana ahal nuen bezala idazten jarraiki nintzen.

 

 

© Mikel Azurmendi

 

 

"Mikel Azurmendi: Gauzaren hitzak" orrialde nagusia