—BI—
«La derniére chose qu'on trouve en faisant un ouvrage
est de savoir celle qu'il faut mettre la premiére».
Pascal.
Bi koadroak orain zintzilik dauden paretan Joxek black & decker erosi berri elektriko harekin bi zulotxo egin zituenean, nere etxeko sarrera horren misterios eta elizkoi geldituko zitzaidanik ez nuen pentsatzen. «Goazeman mezetara» zion Joxek gure maitasun ontzi humanoak hartaraturik niregana igo nahi zuen bakoitzean, koadroez barre egitea neri batere gustatzen ez zitzaidalakoan noski, baina funtsean ongi ezagutzen zuelako bi koadroekiko ebokazio hutsak ere neure sentipenari relax eta gutizia-mina itsats ziezadakeela. Koadro bat bertikalean daukat etxeko sarreran, gutienez laurogei urtetako egur beltzezko ohol zahar eta zabal baten enbrilla okerretik. Burdinez zertxobait entendituko zukeen bateren bati iritzia eskatzera hurbil banintzaio, berehalaxe eta ziur jakingo nituzke material herdoildu haren urteak, bai eta —nahi izanez gero— hemengo forja vascongadaren tankerarik zuenentz ere. Neri ordea ez zitzaidan batere axola lehenengo galdera horren tajuzko ihardespen zientifikorik, bi gauza bainekizkien duda izpirik gabe: marko haietan nere aitaren amak berak sartu zituela ezkon-berritan bere ezkontzako bi fotoak, eta ez ziola inori foto hark ez markoetatik ateratzen eta ez ukitzen ere utzi, ezta ere edozeini permititu hautsa kentzeko baietarik pasa liezaien. Amona hogeita hamar urte hauetan Polloe kanposantuko lurretan datza, beraz marko horren zahartasunak zalantza tikienik ez duke, bere seme gazteenak hogei ta zazpiren bat urte zituela hil baizen. Embrilla oker eta trakets hura euskal forjariaren ekintza zitekeen ala ez berriz, deus guti axolatzen ninduen, aitaren aitetama Afrikako espainol armadaren ohore guztiz Melillan ezkondu zirela argi eta garbi bainekien, eta plaza gerrati hartan sei bat urtez bizi izan zirela ere. Halatan, sarreran zintzilikatu ditudan markoon ohol afrikanoek derrigorrez zaharrak behar dute. Eta maite ditut oholok, bigarren koadroko urrezko egur beltz anagramadunak, egin ahalak eta bi egin arren, guztiz bertikalki kolokatzerik inolaz izan ez baditut ere, zeren hartarako ezker-eskubitik behar bainituen pixka bat zerratu edo moztu, baina orduan anagramen forma sensual zekenak urratu egin beharko nituzke, nire lehengusu ebanistak esan zidanez behintzat.
Ravenako elizetako sabaietatik hartu zuen nere gustuak Bizanzioko andragizonen aurpegiganako begitartea. Nere begionez behatze hark ba du horratio arrazoi handi bat, alegia imajina haien irudiek barnera eta sakonera jotzen dutela, iraileko sanmiel uholdeen haserreak udako hondartza erreak hezur-muinetatik gazitzen dituen gisa. Anarteraino hondarrek hori eta ihar diraute, goizetako ihintz salitretsuaren bustidurak eta gauetako itsasoaren kutiziatxoak ez baitiezaiekete eguerdiko eguzkiak erretakoa heze eta busti. Haatik gure itsas ertzetako herrietan sanmieletako urak dira soilik udari fin gaitza lekarkioketenak, zeren ur horiek hondarra heze-heze egiten baitute sakon barnetik azaleraino, negu itxura emanaz. «Aprés l'amour il ne reste que l'hiver» despedida gisa esan bazidan Elének Ravenatik aldegin nuen bezperan, Bizanzioko imakinak sakonduraren maskota berberatzat har genitzakeela erabaki genduelako izan zen eta gure azken agurra bata bestearen kontra San Vitaleko eliza hartantxe egin genuelako.
Halatan, bada, «hortxe haunat, Teodora, behar huan bertikaltasun osoa ezin eskain badiezakenat ere, urrezko anagrama boluptuosoz tailatutako ebano egur beltzez itxi hindudan marko zahar afrikano horren barnean» idazten hasi nintzen nere besotan lo zetzan Joxeren gorputzaren berotik hastandu eta basa-gaztaroaren usaineik langelara joan nintzenean, gorputz hark ahal guziaz bere berora bultzatzen baninduen ere, burdinari burdina suz lot dakiokeen bezala. Gau hartan behar beharrezko nuen idaztea eta neure antsiapenaren korapilo askatua berriro lotzen hastea jakin gura bainintzen ea zergatik eta nola bi gorputzok lehen aldiz elkargana zitezkeen apenas egun batetako mintzaldi mar-marraren akuilu soilez, gauzak geuk biok gutxien espero genituen bezala bai, baina gehien desio genituen eran gertatu zirenez gero. Arrazoi guztien iturburua nolabait ezagutzekotan, bi koadro horiek estali zidaten edo —hobeto esan— estali nahi izan zidaten Ravenako goiz batetako sentsazio aldagaitz huraxe estudiatu beharrean nengoen, zeren inon ere izatekotan, ebanozko esparruan dateke inora ihesik ezin egin diezadakeen aurpegiaren pertsegitze hau. Etxean baititut oraindik bizi Teodora eta Justiniano, nere aitaren ama zenak bere asunto hain pertsonalak zaintzeko eta beti presente edukitzeko erosi zituen marko beraietan zintzilik. Nere amonaren ezagutza pertsonala egin ez banu, gau hartako nere harridura animiko hura agian beste modu batetaz planteatuko zitzaidakeen sensazioa izan dut askotan, arimaren itzulinguru eta zeharkadak ordea ez zaizkit sekula argi eta garbi azaldu. Edonork, ba, galdetuko balit —Joxek agian— gau hartakoak eta ondorenean bakanka etorri zaizkidan plazerune oparoek Ravenan gertatu zitzaidanarekin zerikusirik ba ote duten, deus guti esan diezaioket, zeren tajuz gaur idazten hasi arte ez baitut inoiz ezer idatzi, Joxeren suari aldendu nintzaion lehen gau gori hartan idatzi nuenaz aparte, noski. Eta inon finkatzekotan, idatzian soilik finka daiteke nere bizi arrazoitua, zeren lagunek diotenez, ala txorradak esatea ala hitz-nagia omen da nere mintz-ontziaren ohitura. Arrazoiz pentsatzeko usantza beti sentitzearen beharrari lotuta joan zait eta orain idazterakoan —ez al zait honela gertatuko!— adimen biluziari bakarrik mintzatzen uzteko asmoa dut, noizbait edonork nire izkribuok irakur ditzakeen edo ni neu, hobeago esan, irakur nazakeen beldurrez. Disimuluaren joko ustela baita idazlearen traza hartzea edo auzokoaren aurrean idazle legez agertzea. Horregatixe, esan, txorradak besterik ezin dezaket esan eta neure lagunik minenei ere ezin diezaieket ezer seriorik adieraz, neuk behintzat, neure pentsamenduei sentituaren ikuitua kentzen badiet, apasionatuegitzat ez naute-eta alferrik jo gaztaroan izan ditudan hezitzaile jende erlijios eta akonplexatu guzti haiek. Nere gaztaroaren destruitzearekin batera sortu zen niregan ixiltzeko nahi ero iraunkor hau, hezitzaileei nere heziketa ez baitzitzaien batere erraza gertatu. Hortik ere datorkit gazte egoskor iraute horren hain zama luzea, nere izatearen abiada ez baitzen horren prest eta agudo biolatzen utzi. Dakidanez, Joxerena ere ez da askoz hobea izan, gaur egun horrexek gehiegi kezkatzen ez duen arren, egunero erdiets dezakeen sensu bizitze hutsez sentikortzen baina. «Goazeman mezetara» dio eta benetan hala pentsatzen edo sentitzen du bi koadrook dotoretu duten sarreran sartu denerako eta etxean genituen negar, barre, gozo, eta guztiak beretzat ez ziren korapilorik gabeko ari liturjiku baten joatea baizik, hasi eta bukatzeraino kontinuidade infinituan murgiltze bat baino. Harritzeko da nola bukatzeak ez dion ezer mugakorrik senti edo pentsarazten, mezetan bezala. Ba da ordea hiruzpalau hilabete Joxe inon ere gehiago ikusi ez dudala eta ez neuk nahi izan ez dudalako, ez. Bera ere azkenik idazten hasi ote den susmorik ba dut, eginak egin ez bagenitu nahiak bultzatuta edo ez dakit. Talde marxista-leninista zientifiko kaskar baina ortodoxo hartatik bota zutenetik gaurdaino Joxek ez du ezer idatzi, baina bota zuten arte asko idatzi zuen, ziur eta zuhur gainera ohi zuela, askotan entzuten zuen berak ere mendi handien arteko bere horizonte txikiko ingurunean, arazo nazional eta sozialaz aritua zen edonondik eror zekiokeen paper txikienik ere irakurtzen, baina bere zirkulu debotoaren langetatik fuera hegan zezakeenean, maizegi ez izan arren, gehienetan semea hartu eta Parc de Luxemburgera joaten zen. Bere zenbait sentimenduz ere husten zen esku arteko edozein paper sueltotan, ia bere poesia guztiak esate baterako tabako paketetan idatzitako telefono, klaseordu eta pelikula ikusgarrien arteko hutsunetan idatzi zituen, edo Metroan irakurtzeko kaletik jaso eta poltsikotan sartzen zituen octavilla urratuetan. Ravenan ere izanda omen zen eta ezagutu, nik baino askoz zientifikoago ezagutzen zuen San Vitaleko guztia, «mosaique et permanence» zeritzan mintegi bat egina baitzen Pariseko Sorbonan, berak hango ikasketak zientifikotzat ez bazeuzkan ere. Etxe sarrerako pareta zulatuz geroz, Justinianoren koadroari neuk gogo nuen sanmieletako urek irauli hondarren traza bertikal eta profundoa eman zionean, «harrizkoa dun hemen ere» entzun nion. Hori entzun arte ez nuen sekula pentsatu ea harri txikiez eginda izateak berak ez ote zien bizanziokoei duketen sakondura itsasten, hau da, erabilitako materialaren muga hutsaren ondorioa baino ez ote zitekeen izango. Arazo honek asko grinatu banau ere, ez dit San Vitaleko elizan izan nuen iritzia hautsi eta harixe darraikiot oraindik, hain zuzen ere harri berdinez mila irudi desberdin egin daitekeelako eta, gainera, nola harri txikiari derrigorrez beste harrixkaren bat hurbildu behar zaion, eliza hartako plastikaren zabalera peligrosoa dateke harrizko material erabiliari dagokion zor bakarra, bere egite propioz edozein mosaikotasunek ezin baitu ezer sakonik sorrarazi. Halatan
«hortxe haunat, Teodora, behar huen bertikaltasun osoa ezin eskain badiezakenat ere, urrezko anagrama boluptuosoz tailatutako ebano egur beltzez itxi hindudan marko zahar afrikano horren barnean» fraseari ekin nionean, berehalaxe jabetu nintzen, frase bezala oso ordinario eta lahar xamar izan arren, sekulako indarra zuela idatz ekintzarako grina sutu zidan egoera opako hura ezagut nezan, suari datxekon beroa sutondoan bakarrik froga daitekeelako. Baina gau hartako nere idatz beharra ninderamaten erro errealei disimuluzko adarrak lotzea zelarik, eta tornu intelektual haren medioz, sentitzearen aleak alde batera eta gertaera pertsonal guztietan daukagun razionaltasunak ongi ezkututako zahia bestera galbahetu behar nituelarik, alde estetiko formalari ez nion lekurik txikiena ere utzi nahi, neretzat balio estetikoa depasoko gauzen araberan datza, modaren joan-etorriak gona luzearen gora-behera zentimetroka ederresten duen bezain aldakor. Eta honela ez balitz, hobe nuke poesiaren bat edo paratzen saiatzea. Baina gaizki esana dut, poesiari ez baineritzon morroi zintzoa betebehar hartarako, poesigintza inolako idazlanik ez delako, idatz lanabesen batere beharrik ez baitu berez poesiak, bere izatea materia sentituarekin sentipenak egin duen inkontru eternoa izanik, forma eta gaia urtu dituen esplosio informala baita. Horregatixe materia eta gerta dakiokeen beste guzia sentipenez urtuz edo lehertuz poeta bezala eguneroko hogeita lau orduz bizi ez denari, poesia antzeko metrika asmaturen batek ez liezaioke poeta izenik ematen ahal. Neronek, gau hartan behintzat, poesiaz ezin. Marko afrikano bari Teodorak itsatsi ezin izan zion bertikaltasunean zegoen Joxeren gorputz liberalarengandik nere libratu nahi eta ezinaren arazo opako guztia eta horregatik fundamental neritzan, itxura dexenterik ez bazuen ere, lehen frase idatzi hari. Teodorari Joxek nik baino kasu gutiago egiten zion eta normala zen, gau hartantxe ez baitzen alferrik niregandik Teodora lehen aldiz hastandu. Teodora eta Justiniano & Teodora eta ni bikote kopulatibo hutsak baino zerbait gehiago dira, eta horixe errotik auzitzeko aproposena lehen idatzi frase hura litzatekeelakoan nengoen.
Askotan frase bati ezin zaio ordea besterik lotu.
Orduan esaldi hari esan-ezinaren estalkia punto edo-eta punto y aparte batetaz letorkioke. Dagoenean ordea esan-nahia zertaz adieraz eta esan-ezina hil, frasearen jomuga fraseen ari eta ari parafraseatze oparoan dateke, «tu sais, c'est formidable le bouquin que tu m'as envoyé» lehengo batetan telefonoz, Noëletarako bidali nion liburua eskertuaz, Paristik Elének aipatzen zidan hartan gertatzen zen bezala, eta hori Garcia Marquezen azkena kasualidade hutsez bidali niolarik, baina nola gutienez lau aldiz irakurri nuen, zeharka, atzekoz aurre, tarteka eta etenik izan nituen irakurruneak kontatu gabe noski, ez nuen uste liburu haren erdaraz irakurtzea Eléne nire lagun min eta birjinalari beste inori baino egokiago zekiokeenik. Gau hartan oinazez idatzi nuen lehen fraseari beraz punto y aparte batek soilik ken liezaizkioke sentidurak lardaskatzen zizkidan bihotzeko taupada adierazgaitzak, arrazonamendu ezohitu eta gogoetatsu bat izan ezik hedatu ezin izango nituen taupadak.
© Mikel Azurmendi "Mikel Azurmendi: Gauzaren hitzak" orrialde nagusia