—BAT—

 

        Itsas ertzeko lehor bustian memento batetik bestera azken pausoak urrats handi bat egin dezake, ezkerreko belauna mugitzen duen zangoak gora altxatu baitu luzeflesio airetsu baten bidez erradrilu egosiaren koloreko gona luzea, baina milakoren bat hondar alek oraindik behatz puntetatik eutsi nahi lukete gora doakien oina, ointaupauda horren alde egiteak bustidura gesal hutsunea sentiarazten baitie, hurrengo uhinkolpearen kresalak guztiz estali arte. Mila hondar horik osatzen duten multzoaren gainetik ez da jadanik ezer eta inor gehiago korrika pasatuko, otsaileko eguerdi hau itsasgora ari baita Conchan, eta nahiz eutsi-eutsian hondar horien indarra puntu soil batetik beraiengana tiratzen ari, oinak azkenean ihes egiten die belaunaren tentsore bertikalaren poderioz eta hegan dabilen gonaren inguruminguruek dagiten buelo barnean sartzen hasten dira, belauna lehendabizi, gero oina, ixter zuriaren leuna lehenago lehiatu den antzera. Urratsa egina dago hondartzan, oinzoruaren negatiboa erabat garbi irakur ez badaiteke ere, zeren pausoa itsasorantz hurbildu baita, hegoaldetik iparralderantz alegia, Donostiak bere zikinkeriak oro itsas aldera ohi dituen direkzioan. Urratsa markatu duen hondar kopurua zenbagaitza da, etorri berri den uhinaren nagikeriak banan-banan zenbatzeko ahala errotik borratu ezin izan badu ere, eta denen artean lortu duten gorputza oin eme bolatil bat pasatu berri dela salatzen ari da oraino. Urrats honekin azken pausoa emana dago, orain eskubiko oinak altxatzerakoan egin dezakeen gona-bueloa bakarrik falta da, gorputz eme honen jabeak gura duen punturaino hel dadin, horretarako itsasoak oztopo besterik ipiniko ez dion arren. Ematen ari den pausotik metro bat harantzago larruzko bi bota beltzek zutik eusten duten desio arra metro batetako distantzia deslotuan dago oraino. Hondartzatik itsasertzera botadunarenganaino hasitako martxa airosa emakumeari gelditu ezina zaion neurrian, larruzko bota gainean zain dagoena bi besoak zabaldu beharrean aurkitzen da. Eten da eskubiko oina, baina bere azken urratsak ez du itsas azaletako hondartza bustian irauten. Ar botadunaren beso irrikatsuak emakumea bere gorputzean lotzen ari dira eta honen karrerak zekarren desioaren indarrez haren desiraren ralentia jira-biraka zurrunilatzen hasi da. Erradrilu egosiaren koloreko gonaren ukituak kakiz jantzitako soldadua gizondu duelarik, bat-batean geldi orokorra egin da. Lotura korapilatsu hori besterik ez, ezpainak ezpain mihientzat, ahotik ahora listuaren linburtzea xirristaka ozeanoaren uhinotsarekin batera. Egia ari du Donostiako Conchan ordu bietako tenore honetan: hire etxeko aposentotan itsasotik itsasora trasmigrazioan migratzen ibilia natzaik argi eta ilun beti gauetan, hire etxeko espaziotan haizetik uretara bultzatu nau egarriaren haragizko tranpolin airosak, hire etxean errekatik itsasora igerian aritu zaizkidak ari eta ari desirkunde arin besaluzeak, hirekin ametsetan —nondik nora ez zekiat— zabalegi zitzaizkidan nere ohe solitarioko bakardadearen plazer desairatuak.

        «Goazeman mezetara» erantzun dio soldaduak.

        ...Zure apenas hogei urtetako gorputzean hark aurkitu zuen saskikada bete hartatik bat hartu eta hortzetan ez baino haginetan ipini zizun, sagar gaziaren gustu hura betirako ukan zenezan eta zure algodoi morezko alkandoraren barnerantz bularrak indarrez sentitzeko eskua sartu zuelako, tontor batetik bestera zirkulazio esferiko bat sentitzen hasi zinen, arratsaldeko ipar haizea pinu puntetan mugitzen dakuszun kadentziaz arnasarazten zintuela. Gonapera ailegatu ahala, eskuaren espirala bihur ez zedin, etzan egin zintuen eta zure sagar saskiaren barnean murgildu zen haren eskua sagar guziak banan-banan emeki ukituz, espiraletan borobilduz hango ileen sentiduan. Nahiz negu gorri izan, udazken hasierako ilunabarraren sensazio ezohitua nabari zenuen, zeren ihintza ari balu bezala sagarrak bustitzen zihoazkizun eta hankak loretan irekitzen hasi zitzaizkizun eta bat-batean bat aukeratu, bere praketan igurtzi eta zure ahoko haginetaraino sartu zizun, eta sagasti gazi osoaren ihintz-gustua utzi dizu gaurdaino. Ez zenuen biltzen ibili beharrik izan, hark zuretzat denak jaso baitzituen tolarea gainezka lehertzeraino bete arte eta gizonduaz zihoakizun eran, makinaria guztia bueltaka hasi zitzaizun geroz eta presio handiagoz: ez zenuen odolik espero, ez baitzinen birjin kontsideratzen baina ar haren sua hain zen nonbait orokorra, ezen zure ontzietako likidoa guztiz husteko hainbat presio bero egin baitzizun. Gero korapiloa zeuk hautsi zenuen haren gorputzaren dimentsio karnalak zure esku propioz neurtzeko asmotan eta iparraldetik hegoalderaino eskuz eta ahoz, oinez, airez eta belauniko ibiltzen utzi zizun zure arteziaz harriturik. Gorputz etzan hartatik usaiak zetozkizun zeru ortzietako ugaritasunarekin: kuartel esparruko aspertze solitarioa sentiarazte adinako oilar-usaia batzutan: zenbait unetan ordea, oilo-usain inutila bihurtzen zen gisa, oilategi nazkagarriren batetara lotua-edo izanda zela iritzi zenion gorputzari: bai, seminariotik ere pasatua zela ez zizun aitortu beharrik izan: eta Ravenan Elénegandik dastatu zenuen lehenaldiko erretxin usain berberarekin ere han-hemenka topo egin zuen zure ahoak, baina gaur ordea Donostian zaude eta gaua da eta zure ondoan datzan orbel ihar pilaren beste usai hori ere, nahiz lepoaldean bakarrik lekutu, ezkata sobrante batzuk bailira, ar honen gorputzarena dela jakin duzu. Oroit zaitez «liburuak behin betirako utzita ditut» esan dizula eguerdialdean kaitik barrena hondartzarantz gerritik helduta zinderamanean, baina biblioteka hauts fosila ez da horren erraz galtzen horratio. Ustekabean halere, garbiarenarekin topatzen ari zara nonahi eta bere andrearentzat honela usaintzea maite duela konprenitu duzu: horixe dateke eskutan duzun enbor bizidun honen usain nagusia, haren andreak gaur beharko zuen usain ohitua, baina nolanahi ere galdua.

        Eta beste emakumeari zor zaiona nere etxean aurkitzeak desira emeenak berriro piztu dizkit eta hiru aste bete hauetako bakartasun boluntarioaren bakardadeak berriro nere azpian daukadan gorputz arra maitatzera narama: ni naiz orain haizea eta aldenik alde honen sua bizkortzen ari naiz. Labe guztia goritu da, sagar erre bat aukeratu eta sartzen ari natzaio ahoan Joxeri.

        Gaua egunsentiak bultzatu duela ikusteko astirik izan dugu ohetik eta izar guztien azken keinu bakunean loa kanpatu da gure artean: Joxeren loak bakar uzten nau eta andra-gizonak lehen aldikoz lekutu diren gela hau basagaztaina usaiez betea dagoelarik, ohetik altxatzeko beharra sentitzen dut. Idazten hasia naiz dagoeneko.

 

 

© Mikel Azurmendi

 

 

"Mikel Azurmendi: Gauzaren hitzak" orrialde nagusia