TANATOLOGIA
(Panfleto biblikoa)
Jainkoak bidalia zitekeen izurriteaz pentsatu zuen orduan. Ze, berak, Jainkoarengan sinesten baitzuen. Eta Plazidoz ere pentsatu zuen bai une hartan, hura baitzen pasio osoz maite zuen gizona eta. Dardarak astindu zizkion erraiak gero, eta heriotzaren gertutzeak begiak ixtera bultzatu. Eta hain gertu zetorkion hotzaren oldarrak hustu egin zizkion gorputzean zi,tuen bai indarrak, bai espirituak ere.
Indarrak, gero eta gutxiagoak bestalde. Ahultzen sentitzen zituelako medikuarengana joatea erabaki izan zuen. Goserik ez, hotza, maiz sukarra pixka bat ere bai, urduritasun lehiatia. Medikuari ez zitzaion zaila egin gizon hark zer ukan zezakeen susmatzea, eta grabea zitekeela eta test bat egitea komeni izango litzaiokeela entzun zuenean, Bat-batean jakin zuen berak ere aspalditik beldurra murmurika zetorkiona. Ukan zezakeen gaitzik okerrena zuela: Huraxe.
Eta berak Jainkoarengan sinesten zuen. Eta hala esan zion Plazidori hau besarkatzera zihoakiola bere burua egia esatera behartua ikusi zuenean. Ezingo zuten elkar besarkatu, larrutan sutu aurrerantzean eta hobe luke berak ere medikuarengana joatea, ze elkarrenganako amodioak seguru aski ez baitzuen inorentzako barkamenik izango. Herioaren gorputza naiz orain eta nire haragi biguna, behar duen hutsetara moldatzen hasia da hura. Hiltzera noa eta ez nuke nahiko beste inor, eta are gutxiago zeu nire erruz atzetik etortzea.
Plazidoren gorputz txuria ez zen hitz haien ondorioz inolaz ere beldurtu egin. Eta izuturik begiratu zituen Julenek lagunaren izter eta sorbalda guriak. Han, bere aurrean, argia zen besoen artean isladatzen zena, eta Jainkoaren mendekua aipatu zuenean, zotinka, baietz erantzun zion Plazidok, Jainkoa beti izan zela euron artean eta hala jarraituko zuela betirako. Zeu maitatzean dago nire bizitza, gaineratu zuen gero, eta maitalearen gorputza besoetan jasoz, hainbeste aldiz bion irudiak argitu zituen ohera abiatu zen, ariman zeraman trixtura ixildu eta asetu nahian.
Itzaldura alegere batean joan zitzaizkien egunak, hileak. Elkarren besoetan lotzen zirenean, hondoraino eta lasai xurgatzen zituzten plazerraren dohain eta gabeziak, amodioaren garaierako bideak aurrerantzean oztoporik gabe aurki zitzaketela beren buruei goxo esanaz. Mundu guztiak ezabatuak zeuden. Amaieran, ez beste inon distiratzen zuen argi bakarrak. Eta harantz zuzentzen ziren beren hitz hustuak, hasperenak, kexuak, batak bestearen bularrean bere burua itsasten zuenean, edota iztai eta sabelak ferekatu zituzten eskuek nork bestearen gerrian pausatu ondoren, ipurmasailak zabaltzen zituztenean maitasun marmarioa leunduz, mehetuz, xahutuz.
Eta maitekiro laztandu zituen Plazidok Julenen saihetsak egun hartan, ze denbora ez baitzihoan aurrera alferrik, eta honen gorputzaren dagoeneko haragi ezak hezurrak uzten zituen ederraren zantzu bakartzat. Han, hezur multzo hartan, sabeldurak eta oinazeak zigortzen ari ziren hondakin hartan zegoen Plazido bere irudi propioa ikustera bideratuta, eta lagunaren aldaka edo belaunen bat ferekatuz hala zioen gero: "Ni ere zurekin noa, Kaposiren minbizia edo dudala esan dit gaur medikuak eta. Ihesi egin behar izan dut harengandik ospitalera eramana ez izateko. Zertarako ezer egin, galdetzen nion medikuari, baina..."
Elkarrekin zihoazen, bai. Hala etorri izan ziren ordura arte bekatuan erori geroztik. Orain, oroimenen beharrik ez zuen bizitza berri hartan, ez zitzaien laket hain urrun gelditzen ziren gauzak gogoratzea, baina bai, beldurra zegoen Julenen begietan Plazidok elkarrekin oheratzeko lehen aldiz proposatu zionean. Izakien margoak itzaltzen zituen beldur itzela. Eta Plazidok Jainkoak ez digula beldurrik eman behar esan zionean, berak Haren belztasuna munduan gertatu diren beste motatako ankertasun eta zikinkerien aurka zihoala pentsatzen zuela eta maitatzea Jainkoarengan bizitzea zela azaldu zionean, ez zuen Julenek lortu hain estu gaineratua zeukan beldur hura baztertzea, baina gogotsu dastatu zituen ondorioz lagunaren ezpainak, Plazidok hain lasai zabaltzen zituen ezpain gorriak.
Eta hilabete luzeak igaro zituzten gero elkar ikusi gabe. Eginaren mingotsak ilunetara bota baitzuen Julenen bizitza, eta ilunetan argiago erasotzen zioten egunean hain irmoki arbuiatzen zituen gorputz zuri eta distiratsuek: gainera joaten zitzaizkion gorputzak, izterren artean estutzen zituen gerriak, bere eskuetan taupaka zirauten sexu guriak. Eta negarretan eskatzen zuen gero Jainkoaren kupida, bakardadean erregutzen Hari barkatzeko eta burutik desio txarrak alderatzeko. Hauek ordea, ez zuten alde egiten eta behin gizon heldu batekin plazerraren atseginaz bigarren aldiz dastatu zituenean, damua eta samina izan ziren han lekuko bakardadean izan ohi ziren bezala, baina handik bi egunetara beste gorputza bilatu zuen, eta beste bat biharamunean, eta geroztik plazerra eta Jainkoarenganako samina eskutik joan ziren aurrerantzean. Plazerra beste, jainkoa ere ezin zuen burutik kendu, eta lehenaren mirabe izanik Bestearengana zuen luze eskua, dardarti eta hilkor Harengana zuzentzen zuen eskua.
Beste mutil batekin zihoan Plazidorekin aspaldiko partez topo egin zuenean. Elkarrekin ziren biharamunean. Eta hurrengoan. Baina finkatzera ziruditen harreman haiek ez zuten bi astebetetik gora iraun. Higuina hartu baitzion Plazidori Julenek eta harengan ikusten zuen bakea bekatua bera baino nazkagarriago iruditzen zitzaion, ze hobena hain lasaiki bizitzeak eta baretasun hartara bere burua eroria iruditzeak barruak lauskitu eta ziztatu egiten baitzizkioten. Hala bultzatua, beste gizonekin oheratzeari ekin zion, beharrezkoa baitzuen nardan itotzea argiaren ukitua errukitsua goxatzeko eta. Baina Plazido besteren artean bat bihurtu zenean, desioaren marean itotzen ziren nazkak eta higuinak eta hilean behin edo bi hilabetero hura ikusten zuenean, beste gorputzen artean gailen adoratzen zuen harena, azkenean zabarkeria bihurtutzat hartzen zuen bere bizitzan noiz suertatuko zen harekin elkartzeko eguna, argi izpi bakarra izanik.
Ulertu ezinik jasaten zituen Plazidok hain maitea zitzaion lagunaren joan-etorriak, eta elkarrekin bizitzeko egin ohi zituen eskari guztiak alferrekoak izaten ziren, ze guzti hauen aurrean isilaldi sakonean kokatzen baitzituen Julenek bere begiak. Pozoiak pitzatua bailitz loditzen zen orduan inguruko airea, eta "inorekin ezin zuela bizi" esanaz, areago ixten zuen Julenek isilaldi goibel eta mingarri hura. Mingarri izaten ziren bezala Plazidoren atsegina gozatzeko ahalegin guztiak lurperatzeko hartzen zituen neurriak. Sexu harremanak ezin zuten izan berarentzat lasaitasunik eta nazka eta lotsa besterik ezin ukan zezaketen une haiek ohekidea edertzen hasten zitzaizkionean, nazkagarriago bihurtzen baitzen bera orduan eta burura zetorkion gauzarik zikinena egitera prestatzen zen.
Hala gertatu zen behin Plazido lasaiki titi bat miakatzen ari zitzaiola. Elkarrekin egotea ederra zela, zioen honek, eta laket zitzaiola bere bularreko ileek argiarekin egozten zituzten irira rubioak begiratzea. Berari berriz askoz ere gehiago gustatzen zitzaiola ipurtzuloa miakatzea erantzun zion Julenek, eta han inguruko ileen islada beti beltza izaten zela gainera. Eta esan bezala egitera abiatu zen Plazidoren protestei jaramonik egin gabe, bada honek oso laket zegoela ziotson eta ea zergatik beltzunetaz, ilungoaz, bekatuaz ihardun behar zuen beti ari zitzaion galdezka. Eta aurpegi aurrean zituen Plazidoren atzemasailak, noiz arnas txistu batean hau Jainkoa euron artean zegoela orduan esaten hasi baitzen, eta maitasunak suspertzen zituen sentimenduetan aurki genitzakeela Jainkoaren odolaren taupadak. Zikinean murgiltzeko Julenen gogo guztiak ziplo geldiarazi zituzten hitz hauek. Negar zorian begiratu zion Plazidori eta bere biluztasuna Jainkoaren begien aurrean sentituz, totelduta gelditu zen, ahoa erdi zabalik, dardar; eta begiak itxiz, Jainkoarengandik babesteko xuxurlatu zuen negarrez.
Eta Jainkoa maitasunean agertu zitzaion egun hartan. Eta hala suertatuko zitzaion aurrerantzean, ze Plazidorekin bizitzera gelditu baitzen eta ez zuen ordudanik bekatuaren beharrik izan Haren presentzia sentitzeko. Plazidoren begiak, gerria, oinak, alaitasuna zerakarkioten, eta mundu guztia isladatzen zen poz hartan, arimaren sortu berriak zituen begietan plazaratzen zen edozein izakik, eskuek, oinek, bizkarrak zituzten maitasunerako indarraz jantzia izanik. Elkarrenganako sentimenduetan zetzan Jainkoa eta maitatzea, lehen, infernuaren sortzaile bazen, orain ez zen honen itzalik ferekuetan izaten nahiz eta, noizean behin, eurak ez zirenetaz zihardutenean, nola edo halako tristura beren bihotzetan kokatu. Errealitatea eurontzat ankerra izan zitekeen maiz, eta ogibidea eduki beharrak, eta auzokoen marmarioek eta beren familiakoen atsekabeek, eta mundu guztiaren mespretxuek, laino bat zabaltzen zuten inoiz horietan hain oskarbi eta argitsu ohi ziren beren Paradisuaren haranetan. Jainkoaren argia epeltzen zuen munduak eta bere eritasuna Plazidori agertarazi ondoren honek bere besoetan jaso zuenean, mundua erabat ezabatua izan zela sakon argitu zitzaion malkoen artean Juleni.
Ez zuten beraz izurritea zigorra bailitz bizi izan. Beren amodioari emandako sari bat ikusi zuten beren gorputzen hondatzean, eta sentitzen zuten egarria hondoraino asetzeko abagune hura ez zuten alferrik galdu. Ze denbora laburra zuten elkarren arteko misterioak ohoratzeko, baina argi zekiten baita beti izaten dela motza misterioen denbora, tximistarena den bezala, eta pozik zeuden argi hura, hodei guztiak piztu ondoren, soil eta garden azkenik euren artean bizi zelako.
Ez zuen negarrik egin Plazidok, bere besoetan hilik zetzan Julenen begiak itxi egin zituenean. Lagunaren hil zoria berea egingo zuen eta Julenen begietan bere aurpegia ikusi zuen bezala, halaxe ikusiko zituzten hil orduan haren begi, sudur eta ezpainak bere begiek, ze aurki iritsiko zen une hura eurak bat izateko erabateko gaua izango baitzen. Eta han, ohe gainean, bere lagunaren gorputz maitea magalean zuelarik, eskerrak eman zizkion Jaunari Bere besoak beren bizitza inguruan hain boteretsuki zabaldu egin izan zituelako. Gero, lagunarenganantz makurtu zen eta kopetan azkenengo musua eman zion bekatua hitza eztiki xuxurlatzen zuelarik. Bekatuaren ezinbestean, argiaren bila ibili ginen zu eta ni —esan zuen bere ahora eramanaz Julenen esku hila. Nork ez du inoiz dastatu haren zapore zimurtsua? Oi maitea! Zein luzea den bakardade hau!
Egunsentiko argiak ez zion bere lagunaren albotik aldenduarazi. Itxoitean zetzan bere babes bakarra eta orduak igaro ziren medikuari hots egin beharko ziola erabaki zuen arte. Dinbilika, espiritua apenas jasan ahal zuten hezurrak dardarka, bularreko minak lehertuz, zutik iraun zuen hariaren beste aldean norbaiten ahotsa entzun arte. Eta ezpata gorri batek goitik behera zatituko balu bezala minez erantzun zuen noiz izan zen, nola izan zen, bera nor zen. Bera? Julenen eskuak sentitu zituen orduan bere bihotza sakatzen eta hark sakabanatzen zuen odolak hazkura zabaltzen zion gorputz osora. Nor zen bera? Dena hilda dago —erantzun zuen—. Dena.
© Luis Daniel Izpizua
"Luis Daniel Izpizua: Izuztarri" orrialde nagusia