Larruzko estola

 

«Urduri zaudela dirudi, laztana», esan zuen Eleanor-ek.

        «Urduri nago, bai» onartu zuen Suzanne-k; «urduri baino gehiago, kezkati. Begira, nire urtebetetzea datorren astean da».

        «Zorte onekoa zara» eten zion Eleanor-ek; «nirea ordea ez da martxoaren bukaera arte iritsiko».

        «Gatozen harira, Bertram Kneyght zaharra, Argentinatik Ingalaterrara itzuli berria da. Bera, nire amaren urrutiko lehengusu horietako bat da, eta oso aberatsa denez, inoiz ez ditugu harremanak erabat mozten. Urteetan ez baduzu ez ikusten ez berataz ezer entzuten ere, itzultzen denean bera beti Bertram lehengusua da. Ez dezaket esan gutaz asko ardurazten denik, baina dena den atzo nire urtebetetzearena aipatu genuen eta oparitzat beregandik zer jaso nahi nukeen galdetu zidan».

        «Ondo ulertzen dut orain kezkati egotea» adierazi zuen Eleanor-ek.

        «Orokorrean, horrelako arazo baten aurrean» esan zuen Suzanne-k, «ideia guztiak aienatu egiten dira; badirudi ez dudala mundu honetako ezertxoren desirarik. Oraintxe arte Kensington-go dendaren batean ikusi nuen hogeita hamasei txelinetako portzelanazko irudi txiki baten atzetik nenbilen. Bertram-i irudia nolakoa zen eta non aurki zezakeen kontatzeko prest nengoela ohartu nintzen hogeita hamasei txelinetako oparia arras xelebrea eta ez-egokia zela horrenbesteko dirutza duen gizon bati eskatzeko. Berak hogeita hamasei libra zuk edo nik lore sorta bat eros dezakegun bezain erraz eman diezadake. Ez nuke nahi bere diruaren gose naizela pentsatzea ez eta parrastatzailea ere».

        «Arazoa zera da»: esan zuen Eleanor-ek, «zer pentsatzen du berak opariak egiteari buruz? Pertsona aberatsenetako batzuk guztiz zekenak dira gai hori dagokionean. Mailaka aberasten joaten direnean beraien eskakizun eta bizitza patroiak era berean handitzen dira, opari egite zentzua aldiz sarritan, beraien lehenengo urteen egoeran mantentzen den bitartean. Ereduzko oparia handimandia eta ez garestiegia izaten delarik. Horregatik kalitate oneko dendek ere, lau txelin balio duten eta sei edo zazpi balio duten itxura duten opariak, hamar txelinetara jartzen dituzte, «urte garaiko opariak» dioten txartelekin. Horretako opariz gainezka egoten dira erakusleiho eta apal guztiak».

        «Badakit» esan zuen Suzanne-k «horregatik da arriskugarria, batek nahi duena adieraztekoan zehatza ez izatea. Zera esaten badiot: «Davos-era noa aurtengo neguan, beraz bidaiarako egokia den edozer ondo legoke» urre koloreko irudiak dituen bidai zorro bat edo antzeko zerbait opariko lidake».

        «Edo zera pentsatuko luke: Dantzaldi askotara joango denez abaniko bat erabilgarria izango luke».

        «Bai, eta ehundaka abaniko ditut, beraz ikusten duzu arriskua eta kezka non dautzan. Une honetan beste edozer baino lehenago benetan behar dudana, larruzko lepoko bat da. Ez daukat bat bakarrik ere. Esan didatenez Davos, errusiarrez beteta dago eta jakina da errusiarrak material horretako jazkiz estaltzen dutela gorputza. Batek larruzko ezer ez duenean eta horrelako jende artean dagoenean gizarte araudiak eteten ditu».

        «Larruzko lepokoaren atzetik bazabiltza», esan zuen Eleanor-ek «zerorrek aukeratu beharreko gauza da. Ezin duzu jakin zure lehengusuak zilar koloreko axeri larrua edo urtxintxa arruntarena bereizten dituen».

        «Goliath and Mastodon-s dendan zilar koloreko axeri larru zoragarriak daude» esan zuen Suzanne-k pentsati. «Bertram denda horretan sartzea lortuko banu eta larru sailetarantz eraman!».

        «Denda horren inguruan bizi da, ezta?» esan zuen Eleanor-ek. «Bere ohiturak ezagutzen al dituzu? Ordu zehatz batean irteten al da paseatzera?».

        «Hirurak inguruan joaten da bere biltokira oinez eguraldi ona egiten duenean. Denda bide horretan dago».

        «Bihar kale ertz horretan topo egin genezake berarekin ustekabean» esan zuen Eleanor-ek «berarekin abiatu gintezke eta zorte pixka bat izanez denda barrura desbideratu genezake zure lehengusua lotarako buru saretxo bat edo beste zerbait behar duzula esanaz eta ondo barruan gaudenean nik zera esan dezaket: «zure urtebetetzerako zer nahi duzun esatea nahi nuke». Orduan zuk dena prest edukiko duzu zure lehengusu aberatsa larru sailera eraman eta opari gaiak erakusteko».

        Ezin hobea ideia hori», esan zuen Suzanne-k, «oso azkarra zara. Hirurak hogei gutxitan etorri zaitez bihar; ez berandutu, dena ondo joan dadin gure segada zehatz mehatz prestatu behar dugu».

        «Hurrengo arratsaldean hiruretarako minutu gutxi geratzen zirenean, larru harrapatzaileak, maltzur-maltzur zeuden aukeratutako ertzean. Arratsalde zoragarria zen, adineko gizon bat ibiltzeko zirrara sortzeko benetan eguraldi aproposa».

        «Adizu, laztana, niretzat zerbait egitea nahi nuke gaur arratsean» esan zion Eleanor-ek bere adiskideari; «edozein aitzakiarekin gure etxera etorri eta Adela eta bere izebekin bridge-an jokatu. Bestela nik jokatu beharko dut, Harry Scarisbroke ustekabean etortzekoa da bederatziak eta laurden inguruan eta nik berarekin hitz egin ahal izateko aske egon nahi nuke besteak jokatzen ari diren bitartean».

        «Barkatuko didazu maitea baina ezin dut» esan zuen Suzanne-k «bridge arruntean zure izebak bezain jolaskide motelekin jokatzeak erabat aspertzen nau, lokartzeko zorian jartzen nau».

        «Baina nik Harry-rekin hitz egiteko aukera bat behar dut» premiatu zuen Eleanor-ek begietan haserre distira pizten zitzaiolarik.

        «Barka nazazu, eska iezadazu edozer gauza hori ezik» esan zuen Suzanne-k alai; adiskideei laguntzeko egin beharreko eskakizunak maitagarriak ziren bere ustez, betetzea eskatzen ez zitzaizkion bitartean.

        Eleanor-ek ez zuen ezer gehiago esan gaiari buruz, baina ezpain ertzek nahikoa adierazten zuten.

        «Hemen da gure gizona» oihukatu zuen Suzanne-k bat-batean; «E!».

        Atseginez agurtu zituen Bertram Kneyght jaunak bere lehengusu eta honen adiskidea eta gogo onez onartu zuen jendez gainezka zegoen denda handi hartara sartzea. Beirazko erosle ate artera.

        «Gaur bezain jendeztatua egoten al da beti?» galdetu zion Bertram-ek Eleanor-i.

        «Gutxi gora behera, gainera udazkeneko merke aldia da orain» erantzun zion.

        Suzanne-k, bere lehengusua larru sailera gidatzeko zuen desira artegatsuarekin, beti ere besteak baino aurrerago zegoen, eta sarritan itzultzen zen beraiengana, hauek edozein gauza erakargarrirengatik atzeratzen baldin baziren. Lehenagoko aldiz hegan hasten diren txorikumeak beraien guraso lehiatsuak zaintzen dituzten bezala itzultzen zen Suzanne.

        «Suzanne-ren urtebetetzea da datorren ostegunean» esan zion isilka Eleanor-ek Bertram Kneyght-i, Suzanne-k atzean utzi zituen batean; nire urtebetetzea, berearen aurreko egunean da, beraz bakoitzarentzat zerbaiten bila gabiltza».

        «Ah» esan zuen Bertram-ek, «beraz, agian niri ere aholkuren bat eman diezadakezu gai honetan. Suzanne-ri zerbait opari nahi nioke baina ez dut berak nahi duenaz arrastorik ere».

        «Suzanne arazo bat da» esan zuen Eleanor-ek. «Batek burura dezakeen guztia baduela dirudi, zorteoneko neska. Dena den, abaniko bat beti da erabilkorra; dantzaldi askotara joango da aurtengo neguan Davos-en. Bai, abaniko bat beste edozer gauza baino atseginagoa izango du. Guk urteak bete ondoren bakoitzaren opariak ikuskatzen ditugu eta beti oso apal sentitzen naiz. Oso opari ederrak jasotzen ditu eta nik inoiz ez dut erakusgarria den ezer jasotzen. Nire adiskide edo opariak egiten dizkidatenetik bakar bat ere ez da diruduna inolaz ere, beraz beraiengatik ezin dut espero gogoratzea eta huskeriaren bat oparitzea besterik. Duela bi urte nire amaren aldeko osaba batek, herentzia bat jaso zuen batek, nire urtebetetzerako zilar koloreko axeri estola bat agindu zidan. Ezin dizut azaldu zein pozik nengoen, nire adiskide eta etsaien aurrean nola azalduko nintzen imajinatzearekin. Eta orduantxe bere emaztea hil egin zen, eta noski, gizon gixajoa aldi hartan ez zegoen urtebetetzeko oparietan pentsatzeko. Ordundik atzerrian bizi izan da eta inoiz ez dut larrua edukitzerik lortu. Ulertuko duzunez urtebetetze inguruko egun hauetan ezin dut zilar koloreko axeri larrua dauden erakusleihorik edo lepo baten inguruan dagoen bati begiratu negarrez hasteko gogoa sentitu gabe. Pentsatzen dut garai batetan horrelako bat edukitzea hain gertu izan ez banu, egun ez nintzatekeela horrela sentituko. Begira, hemen dago abanikoen salmahaia. Zure ezkerretara; jende artean erraz ahaztu eta ezkutatuko zara. Ikusten duzun politena eros iezaiozu, oso neska maitagarria da eta».

        «Kaixo, galdu zintuztedala pentsatu dut» esan zuen Suzanne-k, bere bidean saltzaileei trabak jarriaz. «Non dago Bertram?».

        «Aspaldi banandu naiz berataz. Zurekin zegoela pentsatu dut» esan zuen Eleanor-ek. «Inoiz ez dugu jende tarte honetan aurkituko».

        Egia izan zen.

        «Gure arazo eta deliberamendu guztiak pikutara» esan zuen Eleanor-ek; «bere ondoan mantenduko nintzen gehiago ezagutu izan banu, baina aurreztatu berriak ginen. Laurak jotzera doaz, hobe dugu tea hartzera joatea».

        Egun batzuk beranduago Suzanne-k Eleanor-i telefonoz deitu zion.

        «Mila esker argazki markuarengatik, horixe bera zen nahi nuena. Oso ondo asmatu duzu. Ba al dakizu zer opari didan Kneygt-ek? Zuk uste zenuena; eskuzko abaniko ziztrin bat. Zer? Bai kalitate onekoa bai, baina...»

        «Niri zer opari didan ikustera etorri behar duzu» esan zuen Eleanor-ek telefonoz bestalde.

        «Zuri! Zergatik opari behar zizun zuri zerbait?».

        «Dirudienez zure lehengusua, besteei opari bikainak egiteak plazera ematen dion aberats horietako bat da» izan zen erantzuna.

        «Harritu nintzen bai ni, zergatik ote zuen nire lehengusuak Eleanor non bizi zen jakiteko horrenbesteko interesa» esan zion Suzanne-k bere buruari eta telefonozko elkarrizketa moztu zuen.

        Laino beltz bat sortu zen bi emakume gazteen arteko adiskidetasunean; Eleanor-i zegokionean, lainoa, zilar koloreko axeri estola bat zen.

 

 

© Saki
© itzulpenarena: Rosa Miren Artola

 

 

"Saki: Ipui hautatuak" orrialde nagusia