Clovis eta gurasoen erantzukizunak
Marion Eggelby Clovis-en ondoan eseri zen, berari gehien gustatzen zitzaion gaiaz hitz egiteko —bere ondorengo eta beraien talentu eta bikaintasun anitzez—. Clovis ez zegoen entzule adikor dei genezakeen egoeran; Eggelby-darren belaunaldi gazteenak, eta beretaz bere amak egingo zuen apainduraz beteriko deskribapenak, ez zuen bere irrika pizten. Bestalde, Eggelby andreak bientzat adina gogo zuen.
«Eric gustatuko litzaizuke», esan zuen itxaropenez baino arrazoimen gehiagoz. Clovis-ek Amy eta Willie ezagunak zituen eta nabarmena zen ez zitzaizkiola batere atsegin. «Bai, ziur naiz gustatuko zaizula, ezagutu ahala guztiei begikoa egiten zaie. David gaztearen ospe handiko koadro hura gogoratzen dit beti, koadroa norena den ahaztu dut, baina oso ezaguna da».
«Esan duzuna nahikoa izango litzateke ni bere aurka jartzeko, asko ikusiz gero behintzat», esan zuen Clovis-ek. «Imajina ezazu, esate baterako, bridge-partida bat. Bat erabat kontzentratua dago, bai bere bikoteak hasieran esan duena gogoratzen eta baita ere aurkakoak hasieran bota dituzten kartak gogoratzen. Zer izango litzateke David gaztearen koadroa gogorarazten duen norbait etengabe parean edukitzea? Erotzeko modukoa besterik gabe. Eric balitz gorrotatu egingo nuke».
«Eric-ek ez du bridgean jokatzen», esan zuen Eggelby andreak duintasunez.
«Ez al du jokatzen?» galdetu zuen Clovis-ek; «Zergatik ez?».
«Nire haur bakar bati ere ez zaio kartatan jokatzen erakutsi» esan zuen Eggelby andreak; «damak eta xake jokoa dira nik adoratzen ditudan joko motak. Eric damatan oso jokalari ontzat daukate».
«Zure familia bide arriskutsuan jartzen ari zara», esan zuen Clovis-ek «gartzelako apeza den nire lagun batek esan zidan, berak ezagutu dituen gaizkile okerrenen artean, heriotza zigorra zutenak edota gartzelan denbora luzez egoteko zigorra zutenak, ez zirela bridgean jokalari soilak. Baizik eta hain zuzen ere, gutxienez damatan bi jokalari ezagutu zituen mota horretako gaizkileen artean».
«Egia esan nik ez dut ikusten nire mutikoek gaizkileekin zerikusia dutenik», esan zuen Eggelby andreak minbera. «Arreta handiz heziak izan dira, hori nik ziurta diezazuket».
«Zer bihurtuko ziren beldur zinela frogatzen du horrek», esan zuen Clovis-ek. «Nire ama berriz, inoiz ez zen kezkatu ni nola heztearekin. Berak itxaron egiten zuen eta noizbehinka jo egiten ninduen eta gaizki zegoenaren eta ongi zegoenaren arteko desberdintasuna badago, zuk badakizu, baina nik ahaztu egin dut».
«Ona eta txarraren arteko desberdintasuna ahaztu» oihukatu zuen Eggelby andreak.
«Beno, konturatu zaitez, Natur historia eta beste gai asko denbora berean ikasi nituen, eta batek ezin du guztia gogoratu, ala bai? Lehen Cerdeñako muxarra eta muxar arrunta berezi ohi, nituen, eta usapalak gure itsas bazterretara kukuak baino lehenago etorri ohi zirela, bestalde banekien baita ere itsasbehiek heldu arora iristeko behar zuten denbora; Eta zuk ere garai batean gauza hauek bazenekiela esatera ausartzen naiz, baina egun ez dituzula gogoratzen baieztatuko nuke».
«Gauza horiek ez dira garrantzitsuak», esan zuen Eggelby andreak, «baina...»
«Gu biok gauza horiek ahazteak berak frogatzen du garrantzitsuak direla» esan zuen Clovis-ek, «ohartu behar zara, ahazten direnak, beti, garrantzizko gauzak izaten direla, bizitzako txolinkeriak aldiz, inolako beharrik gabe gelditzen dira gogomenean. Hor dago nire lehengusina Editha Clubberly, esate baterako: Inoiz ez dut bere urtebetetze-eguna ahazten. Ez zait batere axola bere urtebetetzekoa noiz den, ezta jaio zen ala ez ere. Biak lehen senarra kontrabandista zela eta negozio erregela zuntzunei buruzko elkarrizketak hasten ditut berehala. Bidaiak ere ezin dira aipatu, bere bigarren senarrak beti atzerrian bizi beharra baitzuen».
«Shrubley andrea eta ni ez gara giro berdinetan ibiltzen», esan zuen Eggelby andreak ahopean.
«Hildegarde ezagutzen duen inork ezin dio giro zehatz batetan ibiltzea leporatu» esan zuen Clovis-ek; «Bere bizitza ikuspuntuak gera ezina den lasterketa bat dirudi, lasterketarako gasolina abastu bukaezina duelarik. Gasolina ordain dezakeen norbait aurkitu ahal izanez gero, askoz hobeto. Gogora dezakedan beste edozein emakumek baino askoz gehiago erakutsi diodala aitortzea ez zait axola».
«Zein jakintza mota?» galdetu zuen Eggelby andreak, epaile batek, zigorra erabakitzeko aretoa utzi baino lehen hartu duenean, hartu behar lukeen antzeko itxurarekin.
«Beno, beste zenbait gauzen artean, otarraina prestatzeko gutxienez lau modu desberdin erakutsi dizkit», esan zuen Clovis-ek esker onez. Noski, honek zuri ez dizu ezer handirik esango; kartatan jokatzearen plazeraz at daudenek ezin dute benetan jakiek dituzten posibilitate guztien plazerra dastatu. Pertsona horien plazererako ahalmena ez erabiltzeagatik atrofiatua dago».
«Nire izeba bat otarraina jan ondoren hil zen», esan zuen Eggelby andreak.
«Bere historia jakingo bagenu, otarraina jan baino lehenago gaixorik sarri egoten zela konturatuko ginatekeela esatera ausartzen naiz. Ez al zara, otarraina jan aurretik zure izebak gorria, katarroa, nerbioek eragindako buruko mina, histeria eta beste zenbait gaixotasun zituela, ezkutatzen ari? Egun bateko gaixotasunik izan ez duen izebarik ez dago. Egia esan, nik neuk ez dut bakar bat ere ezagutzen. Noski, otarraina bi hilabetetako haur batek jango balu bezala jan bazuen, hura izango zen bere lehen gaixotasuna. Baita azkena ere. Baina horrela izan bazen, zuk esan behar zenukeela uste dut».
«Erotzen ari ote naiz» esan zuen Eggelby andreak, azaleko damuak ere gainditu dituenaren doinuan.
Axolagabe itxuran altxa zen Clovis.
«Oso ondo pasa dut Eric-ez egin dugun solasean», esan zuen; «hurrengo batean berarekin topo egiten ahaleginduko naiz».
«Agur», esan zuen Eggelby andreak hotz-hotz; bere baitan egin zuen komentarioa aldiz, honoko hau izan zen:
«Ni arduratuko naiz egin ez dezazun».
© Saki "Saki: Ipui hautatuak" orrialde nagusia
© itzulpenarena: Rosa Miren Artola