Ameslaria
Merkealdi garaia zen. Abuztuan, Walpurgis eta Nettlepink izeneko dendan salneurriek behera egin zuten aste oso batez merkataritza legeak betetzearren, dukesa batek baino gehiagok jasaten zuen gripe erasoaldia garai honetan, gripea onartua baitzegoen aitzakia gisa. Adela Chemping-ek bere burua merkealdi maukek zuten erakargarritasunaren gainetik jotzen bazuen ere, Walpurgis eta Nettlepink dendako errebajatako asteari arreta jarri zion.
«Ni ez naiz beherapenzale amorratua», esan zuen, «baina beherapenak dauden lekuetara joatea atsegin dut».
Honek erakusten zuen bere azaleko nortasun indartsuaren azpian giza ahuleziaren bitxikeria ezkutu bat bazuela.
Gizonezko eskolta bat edukitzearren Chemping andreak bere iloba gazteena gonbidatu zuen bere erosketa-txangoko lehen egunera, erakargarritasun gisa zineman jartzen zuten teatro bat eta edari freskoen adierazki bat gehitu zituelarik. Cyprian artean hemezortzi urteko mutil kozkor ez zenez, Chemping andreak, Cyprian ez zela bilakaeran erosketetan poltsaz beterik ibiltzea lotsagarri mailara iritsi espero zuen.
«Lore sailaren aurrean aurkituko gara», idatzi zion Cyprian-i, «eta ez zaitez hamaikak baino minutu bat ere beranduago iritsi».
Cyprian, gazte-gaztetatik aztertzaile begirada zekarren mutil bat zen, hilkor arruntentzat ikusezinak ziren gauzak ikus zitzakeen begidun mutila eta mundu honetako leku arruntetako gauzei kualitate sinestezinak ematen zizkien poeta edo etxe saltzaile baten begiak. Kontu handiz jantzita zegoen, eskuarki idazleek ama alargun baten eraginaren ondorioz gaztetxoak sarritan jazten duten dotoretasun lasaiaz. Ilea leuntasunez atzeraka orraztuta zeraman, ihes egin behar zuela zirudien marra estu-estu batekin. Bere izeba honetaz ohartu zen aurkitu zirenean Cyprian bere zain kapelarik gabe zutik baitzegoen.
«Non da zure kapela?» galdetu zion.
«Ez dut nirekin ekarri» erantzun zion.
Adela Chemping bere onetik atera xamar zegoen.
«Ez zara «arlote» deritzaien horietako bat izango ezta?» galdetu zuen irrikiz. Alde batetik bere ahizparen etxean zuzenetsi zitekeen xelebrekeria bat zelako eta bestetik «arlote» batek hasierako bilakaeran egonda ere poltsak garraiatzeari uko egin ziezaiokeen beldurrez.
Cyprian-ek bere begi aztertzaile ameslariekin so egiten zion.
«Ez dut kapelarik ekarri» esan zuen, «ez delako erosoa erosketak egiteko, zera esan nahi dut: ezaguna den norbait ikusi ezkero eta eskuak poltsaz beterik eduki ezkero, oso baldarra gertatzen delako. Kapelik ez baduzu, ezin duzu erantzi».
Chemping andreak lasaitasunez hasperen egin zuen; bere beldurrik nagusiena uxatua zuen.
«Zuzenagoa da kapela eramatea,» esan zuen eta zuzenean eskuartean zeuzkanaz arduratzen hasi zen gogoz.
«Mahaizapi sailera joan behar dugu lehenik», esan zuen bidea seinalatuaz. «Mahaizapi batzuk ikusi nahi ditut».
Cyprian-en begirada aztertzailea sakonagotu egin zen bere izebari jarraitzen zion eran; orokorrean begirale soil papera onartua dutela suposatzen den belaunaldikoa zen, baina erosteko asmorik eduki gabe mahaizapiei begira egotea bere ulermenak eman ziezaiokeen plazerra baino harantzago zegoen. Chemping andreak mahaizapi pare bat altxa zituen argitara eta arreta handiz begiratu zituen. Tinta biziz idatzitako zenbaki sinesgaitz bat aurkitzea espero baitzuen; bat-batean dena utzi eta beirategi sailerantz abiatu zen.
«Millicent-ek pitxar pare bat erosteko eskatu dit, hauek benetan merkeak baldin badaude», azaldu zion bidean, «eta nik benetan ensalada-ontzi bat nahi dut. Mahaizapietara beranduago itzul naiteke».
Pitxar kopuru handia eta ensalada-ontzi mordo bat hartu zituen eskuetan eta zorrozki begiratu ere, azkenean zazpi ur-lili loreontzi erosi zituen.
«Inork ez ditu gaur egun loreontzi hauek erabiltzen», azaldu zion Cyprian-i, «baina hurrengo gabonetarako opariak izango dira».
Chemping andreak taxugabe merketuak, baina artean ere merkeagoak zeuden bi eguzki babeslez handitu zituen erosketarako poltsak.
«Bietako bat Ruth Colson-entzat izango da; Malasiara joatekoa da eta han eguzkitakoa beti izango zaio erabilgarria. Eta idazteko paper fina ere lortu behar diot. Ez dute lekurik betetzen bidefardelerian».
Chemping andreak idazteko paper meta bat erosi zuen; oso merkea zen eta bidefardelerian enbor baten gisara joango zen. Gutunazal batzuk ere erosi zituen, idazteko paperen ondoan nahiko xelebreak ziruditen gutunazalak.
«Zer uste duzu nahiago izango duela Ruth-ek paper urdina ala grixa?» galdetu zion Cyprian-i.
«Grixa» esan zuen, andre hura inoiz ikusi ez zuen Cyprian-ek.
«Kalitate honetako malba koloreko idazteko paperik ba al duzue?» galdetu zion Adelak dendariari.
«Malba kolorean ez dugu horrelakorik», esan zuen dendariak, «baina bi berde desberdinetakoak eta grix ilunekoak ditugu».
Chemping andreak berdeak eta grixa aztertu zituen eta urdina aukeratu zuen.
«Orain bazkal genezake», esan zuen.
Cyprian-ek ereduzko modara jokatu zuen edari freskoen sailean eta pozik hartu zituen arrain pastel, budina eta kafe katilu txikia erosketa bi ordu ondorengo suspergarri egoki bezala. Dena den tinko mantendu zen izebaren kapela erostearen sugerentzia aurrean uko egitean. Kapelak gizonezkoentzako buru janzki sailean oso merke zeuden.
«Etxean nahi ditudan adina kapela ditut» esan zuen «eta gainera kapelak probatzeak ilea harrotu egiten du».
Azkenean behar bada Cyprian «arlote» bat bihurtuko zen. Zantzu kezkagarria zen erositako gauza guztiak gauza zaintzailearen esku utzi izana.
«Orain sail berriak ikustatzera goaz», esan zuen, «beraz ez dugu hauek gurekin garraiatu beharrik gure erosketak amaitu arte».
Bere izebari ez zitzaion gehiegi gustatu; dena den, erosketak egitearen plazerik handiena joan egiten da bere erosketekin duen harreman estua galtzen denean.
«Berriro ere mahaizapi horiek begiratzera noa», esan zuen beheko solairuko eskailerak jaisten zituen eran. «Ez duzu nirekin etorri beharrik», gehitu zuen mutilarengandik sortutako begirada ameslaria protesta mutu batetan eraldatzen zen eran. «Geroago mahaihorni sailean aurkitu zintezke nirekin; oraintxe gogoratu dut etxean ez dudala erabiltzeko modukoa den ginbalet bakar bat ere».
Cyprian ez zegoen mahaihorni sailean izeba bere bila hara iritsi zenean, baina erosle larrien eta saltzaile lanpetuen joan etorri zapaltzaile hartan oso erraza zen edonor galtzea. Ordu laurden bat beranduago Adela Chemping-en ikusmenak harrapatu zuen bere iloba larruzko gauzen sailean, erostetxe handi haren txoko guztiak erasotzen zituen jendearen zurrunbada bultzatzaile hark bere izebarengandik baztertzen zuen. Izeba, barkatzeko modukoa zen baina hala ere nahiko lotsagarria zen nahasketa baten lekuko izateko zorian zegoen; emakume batek kapelagabeko Cyprian besotik heldua zuen eta ez askatzea tinko erabakia zuela antzematen zitzaion, eta asko gustatu zitzaion poltsa baten salneurria arnas gabe galdetzen ari zitzaion.
«Hara», esan zion Adela-k bere buruari, «Cyprianek kapelarik ez duelako, andreak saltzailetzat hartu du. Lehenago gertatu ez ote den jakin nahi nuke».
Beharbada gertatu zen. Dena den, Cyprian-ek ez zirudien batere trabatua zegoenik andreak egin zuen akatsarekin. Poltsak zuen txartela aztertu ondoren grinagabeko ahotz argiz horrela esan zuen:
«Hogeita hamalau txelinetako ohizko salneurria, hogeita zortzira merkatua. Hain zuzen ere, beherapen berezi bat ezarri diogu salneurriari, hogeita sei txelinetan dago orain. Oso azkar saltzen ari da».
«Erosten dut», esan zuen andreak, lehiatsuki bere karteran txanponak bilatuz.
«Dagoen bezala eraman al zenezake?» galdetu zuen Cyprian-ek; biltzea, zenbait minututako arazoa izango litzateke, «Horrenbeste jende dago».
«Ez zaitez kezkatu, dagoen bezala eramango dut», esan erosleak bere altxorra hartu eta Cyprian-en eskuan utzitako diru kopurua zenbatuaz.
Zenbait pertsona atseginek lagundu zuten Adela kanporaino.
«Jendetza eta beroagatik izan da», esan zion batek beste bati; «edonor zorabiatzeko aski dira».
Chemping andrea berriro Cyprian-engana itzuli zenean, hau liburu saileko kaxa inguruan zegoen, jendetza bultzalariaren artean zegoen. Bere begirada ameslaria inoiz baino sakonagoa zen bere begietan. Deboziozko bi liburu saltzen ari zen adineko kalonje bati.
© Saki "Saki: Ipui hautatuak" orrialde nagusia
© itzulpenarena: Rosa Miren Artola