Irasagarrondoa

 

«Betsy Mullen zaharra bisitatzen izan naiz oraintxe», esan zion Vera-k bere izeba Bebberly Cumble-ri: «Bere errentari dagokionean egoera txar batetan dagoela dirudi. Hamabost aste inguruko errentak zor ditu eta esaten duenez ez daki dirua nondik bilduko duen».

        «Betsy Mullen-ek beti ditu arazoak bere errentarekin, eta zenbat eta jende gehiagok horretan lagundu orduan eta arazo gutxiago ditu», esan zuen izebak. «Nik, benetan, ez diot inoiz gehiago horretan laguntzarik emango. Zera gertatzen da: etxe txiki eta merkeago batera joan beharko duela: herriaren bukaeran asko daude bera ordaintzen ari den, edo ordaindu behar lukeen errentaren erdiarekin alokatu daitezkeenak. Orain dela urtebete esan nion aldatu beharko litzatekeela».

        «Baina ez du horretarako lorategi ederrik beste inon lortuko», arrapostu zuen Vera-k, «eta ertz batean irasagarrondo alai bat dago. Ez dut uste inguru osoan horrelako beste irasagarrondorik dagoenik. Eta berak inoiz ez du irasagar mermeladarik egiten; nire ustez irasagarrondoa eduki eta irasagar mermeladarik ez egiteak nortasun indartsua agertzen duela. Ene, behar bada ezinezkoa zaio berari lorategitik kanpora joatea».

        «Batek hamasei urte dituenean», esan zuen Bebberly Cumble andreak gogorki, «soilki higuingarriak diren gauzetaz ezinezkoak balira bezala aritzen da. Posiblea izateaz gain, komenigarria litzateke Betsy Mullen bizitoki txikiago batera aldatzea, ez du ia behar hainbat altzari etxe handi hori betetzeko».

        «Balioa doan eran», esan zuen Vera-k epe motz baten ondoren, «inguru honetako beste edozein etxetan baino gehiago dago Betsy-ren etxe barrean».

        «Txorakeriak», esan zuen izebak; «aspalditik zituen txinatar gauza guztiez banandu behar izan zuen».

        «Ez naiz berea den ezertaz ari» esan zuen Vera-k misteriotsuki; «baina noski, zuk ez dakizu nik dakidana, eta ez dut uste esan behar nizukeenik».

        Oraintxe bertan esan behar didazu» oihukatu zuen izebak, bere zentzuek arreta egoerara berehala jauzi egin zuten, Terrier txakurrek bat-batean nagikeria aspergarria utzi eta arratoi bat ehizatzera pasatzen diren bezalaxe.

        «Ondotxo dakit ez nizukeela ezertxo ere esan behar», esan zuen Vera-k, «baina hala ere, sarri egiten ditut egin behar ez nituzkeen gauzak».

        Egin behar ez zenukeen zerbait egitera bultzatuko zintuzkeen azkenengo pertsona izango nintzatekeen ni», hasi zen Bebberly Cumble andrea berataz espero ez zen eran.

        «Eta ni beti kordokatua nago azkena hitz egiten didan pertsonarekin» onartu zuen Vera-k, «Beraz egin behar ez nukeena egingo dut eta esan egingo dizut».

        Bebberly Cumble andreak barkatzeko modukoa zen hasperen sakon bat bota zuen bere pentsamenduen baitan eta egonezinik zera galdetu zuen:

        «Zer dago ba Betsy Mullen-en etxean zuk horrelako nahaspiloa antolatzeko?».

        «Gehiegikeria da nik horretaz nahaspilo bat egin dudala esatea», esan zuen Vera-k; «hau baita arazoa aipatzen dudan lehen aldia, baina egunkarietan horrek sortaraziko arazo eta misterioak amaitu gabe daude. Prentsan uste txarrez bete diren orri eta orriak, eta poliziak eta detektibeek hemen eta atzerrian duten ehizaketan pentsatzea arras entretenigarria da, eta guzti honen bitartean itxura inuzentea duen etxetxo batek babesten du sekretua».

        «Ez duzu esan nahiko, Louvreko koadroa denik, 'Mona Lisa' edo delakoa, irribarredun emakumearena, duela bi, urte desagertu zena?» esan zuen izebak goraka zihoan harriduraz.

        «O, ez, ez da hori», esan zuen Vera-k, «baina hori bezain garrantzitsua eta misteriotsua den zerbait eta gainera zalapartatsuagoa».

        «Ez da Dublin-ekoa izango?».

        Vera-k buruarekin baietz egin zuen.

        «Harribitxi bilduma osoa».

        «Betsy-ren etxean? Sinestezina!».

        «Noski, Betsy-k zer diren ideiarik ere ez du», esan zuen Vera-k; «berak, balio handiko zerbait direla eta horietaz isiltasun osoa gorde duela bakarrik daki. Nik kasualitatez jakin nuen zer ziren eta nola iritsi ziren hara. Badakizu, harrapatu zituen jendeak ez zekien zer egin leku seguruan ezkutatu eta han mantentzeko. Norbait herri inguruan kotxez zebilenean ohartu zen etxetxoen bakardade erosoaz eta leku egokia izan zitekeela pentsatu zuen. Lamper andreak konpondu zuen arazoa Betsy-rekin eta gauzak ezkutupean sartu zituen».

        «Lamper andrea?».

        «Bai, badakizu berak herri inguruan bisita asko egiten dituela».

        «Badakit jakiak eta jazkiak eta literatur hobekuntza ikastaroak ematen dizkiola jende behartsuari», esan zuen Bebberly Cumble andreak, «baina horrek ez du lapurtutako gauzak lekutzearekin antz handirik, eta berak gauza horiei buruzko historiaz zerbait jakin behar luke. Egunkariak kasualki bada ere, irakurtzen dituen edonor lapurketaz ohartuko da, eta harri bitxiak ezagutzea zaila ez dela izango uste dut. Oso emakume zintzo eta ardurazkoa izatearen ospea izan ohi du beti».

        «Noski beste norbait babesten ari zela», esan zuen Vera-k. «Arazo honetan gauzarik nabarmenena zera da: beste batzuk babesten saiatzeko zenbat jende agurgarri dagoen sartuta. Benetan txundituko zinateke arazo honetan nahastuta dauden zenbaitzuen izenak jakingo bazenitu, eta ez dut uste beraietako hamarren batek ere jatorrizko errudunak zeintzuk diren jakingo duenik; eta orain nik zu korapilatu zaitut etxetxoko sekretua zein den jakiten utzi dizudalako» .

        «Zuk ez nauzu benetan korapilatu», esan zuen Bebberly Cumble andreak haserreturik. «Nik ez dut inor babesteko asmorik. Poliziak berehala jakin behar du honen berri, lapur bat, lapur bat da, nahastua dagoena, nahasturik egonik. Pertsona agurgarriek buelta hartzea erabaki badute lapurtutako gauzen hartzaile eta babesle gisa; ondo da agurgarri izateari utzi diote, hori da guztia. Oraintxe bertan telefonoz deitzera noa».

        «Ene, izeba», esan zuen Vera-k gaitzesle, «honek Cannon zorigabekoaren bihotza erdibituko luke, Cuthbert horrelako iskanbilan nahastuta azalduko balitz. Badakizu horrela izango litzatekeela».

        «Cuthbert nahastua! Nola esan zenezake horrelako gauza bat guztiak bera zein estima onean dugun jakinda?».

        «Noski badakidala zenbat estimatzen duzuen eta baita Beatrice-rekin ezkontzeko hitz emanda dagoela ere, ikaragarrizko kolpea izango litzatekeela, eta baita zuretzat suhi batek izan behar duenaren eredua betetzen duela. Dena den, Cuthbert-en burutapena gauzak etxetxoan ezkutatzea izan zen bere kotxeak ekarri zituen gauzak, hain zuzen. Bere adiskide Pegginson laguntzeko egin zuen soilik, badakizu, kuakeroa dena, beti itsasontzi txiki batetarako istiluak sortzen ari dena. Ez dut gogoratzen auzi honetan nola sartu zen. Bertan nahastuta jende agurgarri asko zegoela ohartarazi zintudan, ezta? Betsyrentzat etxetxoa uztea ezinezkoa izango zela esan nizunean. Harribitxiek gelaren zati handi bat hartzen dute eta Betsy-k ezingo lituzke ezta altzarien artean eraman besteen begirada bereganatu gabe. Noski bera hiltzekotan balego, zorte txarrekoa izango litzateke. Betsy-k esan zidanez, bere ama laurogeita hamar urte baino gehiago bizi izan zen, beraz, zainduaz eta kezkarik jasan gabe, beste dozena bat urte iraun dezake gutxienez. Denbora horretan konponketaren bat egin daiteke zoritxarreko gauza horiekin».

        «Ezkontza ondoren hitz egingo dut Cuthbert-ekin gauza honetaz», esan zuen Bebberly Cumblek.

        «Ezkontza ez da datorren urte arte» esan zion Vera-k bere lagun begikoenari istorioa berkontatzerakoan, «eta bitartean Betsy zaharra dohain bizitzen ari da, astean bitan zopa hartzen du eta nire izebaren sendagilea joaten zaio behatzeko mina badu ere».

        «Baino nola demontre lortu zenuen guzti nori jakitea?» galdetu zion bere lagunak miresturik.

        «Misterio bat izan zen», esan zuen Vera-k.

        «Noski misterio bat izan zela, guztiak nahasten zituen misterio bat. Hunkitzen nauena zera da: Nola jakin zenuen».

        «A! Harribitxiei buruzkoa? Zati hori asmatu egin nuen» azaldu zuen Vera-k, «nik esan nahi nuen misterioa Betsy-ren errenta atzerapenak ordaintzeko dirua nondik zetorren zen; eta berak asko sentituko zukeen irasagarrondo alaia uztea».

 

 

© Saki
© itzulpenarena: Rosa Miren Artola

 

 

"Saki: Ipui hautatuak" orrialde nagusia