BORREROA

 

Gauerdia jo berria zuen Menda herrixkako dorreko erlojuak. Une honetan frantses ofizial gazte bat Mendako jauregiko lorategiak hertsatzen zituen terraza zabaleko karelean jarrita zegoen, gudalegezko bizimoduaren axolagabekeriak laketu ohi zuena baino gogoeta sakonagotan murgilduta itxuran; aitatu beharra dago aitzitik, gogoetarako ez dela ez ordu, ez leku ez eta hura bezain gau aldekoagorik ere sekula egon. Españako zeru ederrek trozel urdina abailtzen zioten buru gainera. Argizagien distirak eta ilargiaren sugar epeltsuak, oinazpian apainki zabaltzen zitzaion bailara gustagarria argitzen zuten. Laranjondo loratu batean etzana, harengandik ehun bat urratsetara, gaztelua errotzen zuten haizpeetan, Menda herria ikustatu zezakeen, ipar leihaizeetatik babes onean kokaturik zirudiena. Burua biratuz gero, berriz, itsasoa, inguruari zilarrezko hegala ezartzen zioten ur zohargitsuak. Argiztaturik zegoen gaztelua. Dantzaren plazerrezko murmuiloa, orkestraren soinua, zenbait ofizial eta beren parejaren barre algarak iristen ziren berenganaino olatuen gurguraia hurrinarekin batera nahasiak. Eguneko beroaz ajaturik, gorputza indarberritu egiten zion gaugiroaren freskoak. Hain arbola usaintsu eta lore gurinez zegoen lorategia landatua, azkenik, zeren gaztea bainu lurrindatu batean urperaturik zetzala ematen zuen.

        Mendako gazteluaren jabea, Españako huren handia, bertan bizi zen bere senitartearekin. Gau osoa iragan zuen gaztelarraren alaba nagusiak atsekabez kutsaturiko interesaz ofizialari so, frantsesaren amets urdinen iturburua, hein handi batean, espainiar gaztearen kupidazko sentimenduan zitekeelarik. Eder eta amoltsua zen Clara; eta hiru anaia eta ahizpa bat bazituen ere Leganes-eko markesaren eskuondareak aski ugari bide ziren, neskak ezkontzarako dote bikaina eramango zuela sumarazteko. Nolatan ordea pentsatzera ere ausartu, Espainian zitekeen agure harroxko eta handikienak, Parisko dendariaren semeari alaba ezkontzan eman behar zionik? Honez gain frantsesek mespretxua baino ez zuten sorrarazten lur eremu hauetan. Herrialdeko gobernadorea, G...t...r... jeneralak, markesa Fernando VII.aren aldeko matxinadaren bat prestatzen ari ote zen susmotan zebilena, Victor Marchand-ek aginduriko batailoia Mendako herrixkan zuen pilatu, markesaren esku menera zeuden biztanleak, nonbait, hurretik hersteko asmotan. Ney mariskalaren iritsi berriko komunikatu batek zioenez, ingelesen lehorreratze gertua espero zen hango kostaldean eta markesa, Londresko gobernuarekiko harremanetan ederki konpontzen zela adierazi ere. Guzti hau dela eta, espainiarrak Victor Marchand eta bere soldaduei ofrendatu zien harrera txit itxurazkoa izanda ere, ofizial gazteak ez zion horratio, usain onik hartzen.

        Herria eta auzuneko soroak zaingopean zituen terraza hartara abiatzean, markesak etengabe eskaini ohi zion kidetasuna nola interpretatu eta herrialdeko lasaitasun kutsua bere jeneralaren kezketan nolatan txertatu behar ote zuen itauna sortzen zitzaion bere baitan. Tankera horretako burutazioak halere, ondorengo liparrean uxatu zituen barrenetik, zuhurtasunezko sentikizuna eta legezko jakin grina zirela bide. Erlantz dexente ikustatu berri zituen herri aldera. Santiago jaiak izan arren, goiz hartantxe agindua zuen, bere arautegiak ezarririko ordurako suak iraungi egin behar zirela. Gaztelua soilik bereizia zegokeen neurri horretatik kanpo. Soldaduen baioneten ñirñirrak han-hemenka, ohizko tokietan nabarmendu zituen komandanteak; ordea, ixiltasun goitiarra zen hausnartzen eta espainiarrak festaren hordialdira emanak zirenik inondik inora ez zen han igartzen. Auzokideen lege haustearen zergatia konprenitzeko ahaleginetan zegoela, misterio argiezina bihurtu zitzaion, gaueko beila zein errondetako ofizialak nonahi lekutuak zituen eta. Gaztaroaren oldarrak eraginda, herri sarreran, gaztelu aldetik kokaturik zegoen zentinela-postua ohizko bidetik baino arinago erdiesteko asmoz haitzen arteko erroiz batetik behera haustekotan zelarik, soinu xume batek plantarazi egin zuen bere lasterkan. Zumardietako hareak, ema-urrats xeheen azpira kirrinka egiten zuela usnatu uste izan zuen. Burua jiratu eta deus ez zuen ikusi; itsas handien distira apartak hala ere, arreta piztu zion. Supituan, ilargiaren zirrinta kulunkariak, kandela batzuk ikustarazi zizkion urruti samarrera. Halako ikuskari itzelaren lekuko izanik, harriduraren harriduraz, mugiezindurik geratu zen, zentzuak oker ari zitzaizkiolakoan. Hotzikaratu egin zen eta nonbait ilargiak eta olatuek sorturiko ikuskizun hura begiamets hutsa baino ez zela sinestarazi nahi izan zion bere buruari. Lipar hartan, ahots ezkel batek horztartekaturik, bere izena entzun zuen, erroitzatik gora begiratu eta han, pausatuki, gaztelura lagundu zion soldaduaren burua jasotzen ikusi zuen.

        —Zeu al zara, nire komandantea?

        — Bai..., zer duk bada? —erantzun zion gazteak, sentikizun moduko batek ezkutuki jardun zezan aholkaturik.

        — Zizareak balira bezala ari dira porakilo hauek marruskan, eta zure baimenarekin modu azkarrean kontatuko dizut ikusitakoa.

        — Hitz egin, bada —ihardetsi zion Victor Marchand-ek.

        — Gazteluko gizonetariko baten atzetik etorria nauzu, honantz zetorkeen eskuan linterna bat zekarrela. Linternak beti ere, susmagarriak dira oso! Ez dut uste kristau hori argizaririk izeki premian dagoenik. «Irentsi egin nahi gaituzte», oldoztu dut nire artean, eta bere atzetara jalgi naiz. Hemendik hiruzpalau urratsetara, nire komandantea, arroka baten gainean, egur gabila bat topatu dut.

        Tupustean herri aldean otsendu zen garrasi garratzak moztu zion soldaduari. Oharkabeko oinaztarriak irargitu zuen komandantea, osorik. Soldadu gizajoa balakada batek larriki zauritua jausi zen. Lasto eta xirmenduak, sutearen moduko dirdira zabaldu zuten gaztearengandik hogeita hamar bat oinetara. Instrumentu zein barre algarak eten egin ziren dantza-gelan. Kexuz zertzelaturiko ixilune hilezkorra heldu zen festaren marmario eta musikaren partez. Itsas handietako lautada zurian kanoikadaren burrunba aditu zen. Izerdi hotzak zeharkatu zion bekokia ofizial gazteari. Ezpatarik ez zeraman albora. Bere soldaduak akabaturik eta ingelesak beren aldetik, lehorreratzeko gertuak zirela ere entelegatu zuen. Bere burua, bizirik iraungo bazuen, laidaturik zekusan barrez gero, Gudaepaimahaiaren esku; eta, bailararen sakonera begiez neurtuz, hara jauzi zen Clarak eskutik heldu zion momentuan.

        — Zoaz, zoaz ihesi! —zioen—. Anaiak datozkit atzetik zure kalitzerako. Haizpean, hortik, Juanitoren zaldi gorria aurkituko duzu. Agudo!

        Bultza egin zion eta gazte harritua, instant batez begira gelditu zitzaion; gero, gizonik sasoizkoenei gertatu legez, bizia salbatzearen senak eraginda, parkerantz jauzi zen seinalaturiko norabidean, artean ahuntzek ez beste inork zapalduriko arroketatik zehar antxintxika. Entzun egin zion Clarari anaiei atzetik jarrai ziezaioten garrasika, bere hiltzaileen pausoak sumatu, entzun ere egin zuen belarrien parera hainbat zunpatekoren bala-ziztua; baina bailarara iritsi, zaldia esan bezala hantxe zegoen, gainean jarri eta tximista bailitzan ezabatu zen.

        Ordu gutxi barru han zen ofizial gaztea pronto G... t... r... jeneralaren koartelean, gudalburu guztiekin afaltzen ari zenean.

        — Hona dakarkizut nire burua! —esan zuen tamalki batailoi buruak, zurbil eta birrindurik.

        Eseri eta abentura lazgarria kontatu zuen. Ikarazko ixiltasuna gero.

        — Errudun baino zorigaiztokoago dirudik —-ihardetsi zion, azkenerako, jeneral beldurgarriak—. Ez haiz heu bada, espainiarren triskantzaren errudun eta mariskalak bestela deliberatu ezik, nire aldetik libre hago.

        Hitzok, kontsolamendu ahulerako baizik ez zioten balio izan ofizial penatuari.

        — Enperadoreari honen berri iristen zaionean...! —esan zuen.

        — Hormara igorri nahi izango hau —gehitu zuen jeneralak— baina gero gerokoak. Beno bazter dezagun hau —tonu gogorrean jarraituz— ahalik eta herri basati honi beldur ongarrizko mendekua hartzen diogun arte.

        Ondorengo ordubeterako, armada oso bat, zaldizkoen gudostea eta artileria ugari jadanik harako bidean ziren. Jenerala eta Victor zihoazen tropen aitzinera. Soldaduak, beren kideek pairaturiko sarraskiaren berri zutelarik, bereziki sumindurik zihoazen. Frantsesen kaserna eta herriaren tartekoa abilezia harrigarriaz zeharkatu zuten. Bidean herri osoak topatu zituen jeneralak gerlan altxaturik. Tropek herrixka miserableok inguratu eta errukirik gabe sakailatu egin zituzten.

        Zehazgabeko astururen batek hala derrigortua, itsasuntzi ingelesak pairuan gelditu ziren, aurreratu gabe; gerora jakin zenaren arabera, artileria hutsez zamaturik zeuden ingelesak eta beste garraiontziak baino arinago zitezkeen. Mendan segurutzat jotzen zuten babes eta defentsa, belauntzi britainiarrek antza denez adierazia, ezabatu egin zen beraz, eta tirokada banaka batzuk baino ez ziren banatuak izan herria inguratua zenerako. Biztanleak, izuaren menera, baldintzarik gabe errendatu ziren. Frantsesen hiltzaileek, jeneralaren ankerkeria nabariak aginduta herriari su eman eta bertakoak sastagaiaz zintzurmoztuak izango ote ziren sumatuz, etsipenak jota, beren burua salatu zuten jeneralaren aurrera, penintsulan hainbestetan gertatua zena bestalde. Honek eskaintza onartu zuen baldin eta gazteluko biztanle oro, azken morroitik hasi eta markesarekin amaituz, ematen bazioten. Behin erabakia hitzarturik, beste gainontzekoen askatzea eta soldaduei herriaren suntsiketa galaraziko zien hitz eman zuen. Zerga ugaritsua ezarri ere auzokideei, hogeita lau orduren buruan berdindu beharrekoa, eta aberatsenak, ordainaren truk atxilotu zituen. Tropen ziurtasunerako behar ziren neurriak manatu zituen, defentsarako paratu zen eta soldaduek etxeetan ostatu ezin hartu zezaketela agindu. Herri saihetsean etxauntzak jaso ondoren, gaztelura igo eta gisa militarrera bahitu zuen. Leganes-en senitartea, hala nola morroiak ere, preso geratu ziren, guardien begiradapean, eskuak amarraturik eta dantza gelara halabeharrez zarratuta. Aipatu gelako leihoetatik, errez ikustatu zitekeen herria nagusitzen zuen terraza. Guda-buruen bilera alboko solairu batean lekutu zen, bertan untzien lehorreratzea oztopatuko zuten premiazko neurriak erabaki zitezen. Ney mariskalari izkribu bat igorri ostean, kostaldean bateriak plantatu eta, bilerarekin bat etorririk, gatibuen arazoari heldu zion. Tarterik gabe fusilatuak izan ziren terrazan auzokoek eramandako berrehun espainiar. Terreapen militarraren ondorean, jeneralak gazteluko gatibu adina urkamendi terrazan jaso zitezen agindu eta borreroari deiarazi zuen. Otordua iritsi bitartez aukera izan zuen Victor Marchand-ek kartzelatuak bisitatzeko. Ez zen berandutu jeneralarengana iritsi zenerako.

        — Grazia bat eskatzera natorkizu —emozioak jota toteldu zion.

        — Berriz! —-ironia garratzez eten zuen jeneralak.

        — Ai! —ihardetsi Victor-ek—. Tristea benetan honako mesedea. Markesak, zure aginduari obedituz eraiki diren urkabeak ikusirik, jite horretako pairamenik bere senitarteak sufritu behar ez zuela gogoan piztu eta odol garbikoak burumoztuak izan daitezen eskea erregutzen dizu.

        — Konforme —esan zuen jeneralak.

        — Honez gain, erlijioaren sorosiak baimendu eta, ihesari ekingo ez dioten hitzpean, lokarriak aska diezazkietela eskatzen dute.

        Konforme honetan ere —berriz ere jeneralak baina hire larruaren truk zaindu beharko duk hitza.

        — Agureak, gainerako, bere ondasun guztiak eskaintzen dizkizu semearen bizitza barkatzen baduzu.

        — Benetan...? —arrapostu zuen jeneralak— Jose errege duk honez gero bere ondasun guztien jabe —pausaldi bat egin zuen. Betartea ilundu zitzaion halabatean, ideia krudel batek harrapatua. Sobera asetuko diat bere guraria. Azken erregu honen garrantzia handia omen duk. Bere izenaren eternitatea eros dezala beraz, baina Españak nekez ahantz ditzala haren traizio eta oinazea. Bere izen zein ondasunak, borreroarenak egingo dituen semeetarik horrentzat izango dituk. Hoa bada, eta honenbestez gaia agor dezagun.

        Horniturik zegoen mahaia. Unadurak xaxaturiko gosea asetzeko ahaleginetan ari ziren ofizialak. Horien artetik, bakar batek, Victor Marchand-ek alegia, egin zuen huts jan-edan jori hartan. Luzez oldoztuz gero, gelan sartu zen; Leganes familia harroaren arrangura eta aieneak zituen nabari; begirada hits eta atsekabetuz aztertu zuen gelako ikuskizuna, bi egun lehenago ikusia zen bertan neska biak eta hiru mutilen buruak jirabiraka, valsaren melodiako uhinetan kuluxkan. Latzikaratu egin zen orduan, handik hurbilera borreroaren txafaroteak trenkaturik, errotik bananduak zitezkeela pentsatu ahala. Besaulki urreztatuei loturik zeuden gurasoak, hiru semeak eta eme biak, gogoetan finko, denboran plantaturik. Zortzi morroi zutik, eskumuturrak gerri atzean amarraturik. Soaldi grabeak gurutzatzen ziren hamabost izakion artetik, sentimenduen bizia begietan lauso eta antzu. Etsipen derrigortua eta porrotaren mingotsa ere irakurtzen zen zenbaiten betartean. Soldadu tajuak ziren zaindari, arerio ankerraren doluaren errespetuz. Albiste gogoa hedatu zen aurpegietan Victor hara azaldu zenean. Kondenatuak lokarrietatik aska zitzaten agindu eman eta berau abiatu zen Clara aulkitik libratzera. Irribarre eritua bota zion honek. Nahigabe bortxatuaz besoa ukitu zion, haren adats gorrilun eta lazo atseginaren desiran. Egiazko espainiarra zen, azal espainiarra, begi espainiarrak, betile luze eta kixkurtua, belearen hegala bezain nini beltzak.

        — Lortu al duzu? —galdegin zion, artean gazte kutsua gordetzen duen irribarre bat zuzenduz.

        Bat-bateko ai-hotsa ezin izan zuen ixildu. Tarteka Clara eta bere hiru anaiengana begiratu zuen. Haietariko batek, nagusienak, hogeita hamar une zeukan. Ñañarroa, aski oker egina, senaz muker eta harroa, moduetan sotila bazen ere eta espainiarren gizabide sonatuak sorrarazi zituen sentimendu samurrak nonbait, ez zitzaizkion oso arrotz. Juanito zen izenez. Bigarrena, Felipe, hogei une murritz; Clararen antzekoa zen. Gazteenak zortzi baino ez zeukan. David-ek, bere ezkutari errepublikarrak zirela bide, umeengan isuri zuen konstantzia erromatarra sumatuko zuen pintore batek Manuelen aurpegialdeetan. Markes zaharkituak zeharo zuriturik zuen burua, Murillo-ren mihiseren batetik ihesia iduri. Ikuskari haren aurrean burua astindu zuen ofizial gazteak, lau pertsonaia horietatik inork jeneralaren eskaintza onartuko ez ote zuen sumatuz, Clarari edastera ausartu zen. Estutu egin zen bat-batean espainiarra, berehala ordea, bere onera etorriz, aitaren oinetara belaunikatu zen lasaiki.

        — O! —esan zion—. Aginduiozu Juanitori zuk esandako guztia hitzez hitz bete dezala eta pozik geldituko gara denok.

        Esperantzak dardaretan ipini zuen markesa ama; baina gizonarengana makurtuz, Clararen konfidentzia entzun eta konortea galdu zuen. Dena ulertu zuen Juanitok une hartan eta salto egin zuen; lehoi kaiolatuaren jauzia baina. Markesari hitzartu ondoren, soldaduak kanporatu zituen Victorrek. Morroiak, borreroaren esku zeudelarik, urkabera zuzen eramanak izan ziren. Behin zaindari bakarra Victor izanik, altxa zen agurea.

        —Juanito! —oihu egin zuen.

        Ezetzaren pareko buru makur soilaz erantzun zuen Juanitok, aulkira amildu zen berriro eta begi tamalgarriez lehor egin zien gurasoei so. Clara belaunetara joan zitzaion, irribarre artean besoa lepatzetik pasa zion eta betondoak musuz josten zizkion bitartean, honela zioen:

        — Zein eder eta gozo bihurtuko zaidan heriotza zeure eskuetan!, borreroaren esku likitsetatik liberaturik. Akasozko gaitz guztietatik aske eta... Juanito bihotzekoa, ez al diozu bada, inoren besoetan ere ez nauzula ikusi nahi? Orduan...

        Balusaz moldeaturiko begiak torneatu eta suzko begiradaz iltzatu zuen Victor, Juanitorengan frantsesekiko gorrotoa piztearren edo.

        — Kementsu izan hadi —esan zion anaia Felipek— ostantzean ezabatu egingo duk eta gure arraza noblea.

        Sastakoan Clara jaiki, Juanitoren alboan itxia zen taldea desegin zen eta justiziaz errebelaturiko mutil haren aitzinera jaso zen aita ajatua, ahots grabez esan ziolarik:

        — Nire agindua duk, Juanito!

        Ez zen haatik mugitu gaztea, aita orduan, belaunikotz erori zitzaion. Ohartu gabe, Clara, Manuel eta Felipek berdin egin zuten. Denok harengana, familia ahanzturatik suspertuko zuen salbatzailearengana zabaldu zituzten eskuak eta aitaren hitzetara bildu ziren:

        — Nire seme horrek, ez al dukek bada, espainiarren adorea eta benetako sentsibilitaterik? Ez ote da nire semea, andrea? —gehitu zuen agureak markesa amarengana zuzenduz.

        — Baietz esan! —atera zitzaion barrenetik andreari, Juanitoren bekokian berak ez bestek konprenitzen zuen keinua gotortzen nabaritu zuenean.

        Mariquita, bigarrena, belaunetan zegoen jarria, ama bere beso ahuletan estu eta negar jario bizian zegoelarik, Manuel bere anaia gaztea murrungaka ari zitzaion. Lipar horretan gazteluko kaperaua sartu zenean, familia osoa alboratu zitzaion berehala, Juanito haren begi aurrean nabariki ageri zelarik. Victorrek, trantze hartan luzaro iraun ezinean, keinu egin Zion Clarari eta jeneralarekin eginahal gorenak egin behar zituela eta, harengana abiatu zen azkar. Umore onean aurkitu zuen orgia oparoan, bere ofizialekin batera zurrut galanta eta erausi alaitsuan.

        Ordu bete geroago, Mendako ehun auzokide nagusienetakoak gerturatu ziren hango terrazara, jeneralaren aginduz beteko zen Leganes familiaren exekuzioaren ikuskari hartara. Soldadu talde bat arduratu zen han espainiarrei eusten, markesaren morroiak denbora gutxi zela eskegiak zituzten urkabeen azpira lekutu ziren azkenerako. Martirien oinak eta jauntxoen buruak elkarren topoan ziren kasik. Handik hogeita hamar pausotara, egur kozkorraren taiua eta ezpata-ahoaren distira jasotzen ziren. Borreroa, Juanitok atzera egin ezkero etorria zen halaber. Berandutu gabe, ixiltasun itxienaren gunean, zenbait pertsonen pauso-hotsa, soldadu mordoaren zangokada erritmotsua eta fusilen tilinga ihartu zituzten espainiarrek. Ofizialen festa alaitsuaren oihartzunekin batera nahasirik ziren airean soinu guztiak, lehenagoko dantzaren murmurotsak traizio doilorraren estalki zirenekoan bezalatsu. Begirada oro gazteluan ezarri zen eta familia prestua ikusi ahal izan zuten, kuraiez beterik eta oso-osorik oinaze gordinetara aurreratuz zihoala. Gizon bakar bat bereizi zuten haien artean desegin eta laru, abadeak banatzen zizkion erlijioaren kontsolamenduetan eroria, bizirik iraun behar zuen bakarra hain zuzen. Konprenitu egin zuen borreroak harengatik, han ziren guztiek ere egin zuten bezala, Juanitok egun batez onartua zuela bere ordezko izatea. Markes ahitua eta emaztea, Clara, Mariquita eta bi anaiak, halabeharrezko eskenatik zenbait urratsetara belaunikatu ziren. Juanito, kaperauak lagundurik zetorren. Egur mokorrera iritsi ahala, borreroak mahukatik tira egin eta bazterrera eramanez zenbait aholku banandu bide zizkion. Abadeak oinazea ez ikustatzeko moduan lerrotu zituen hilgaiak. Egiazko espainiarrak ziren ordea eta tente iraun zuten, ahuleziaren aztarnarik azaldu gabe.

        Clara izan zen lehena anaiarengana aurreratzen.

        — Juanito —esan zion— Kemena falta dut, kupidatu arren, nirekin hasi zaitez.

        Gizon-pauso arinduak sumatu ziren tertzio hartan, Victor iritsi zen eskenatokira. Clara belaunikaturik zegoen ordurako lepo zuria zabal-zabalik trenkaren aiduru. Bihotza zunpatu zitzaion ofizialari, baina adorea berreskuratuz, hurbildu egin zen.

        — Bizia barkatuko dizu jeneralak baldin eta nirekin esposatzen bazara —aitatu zion ahots geldiaz.

        Harro eta destainaz begiratu zion espainiarrak.

        — Ekin, Juanito —gehitu zuen tonu goibelez.

        Victor-en oinetara amildu zen burua. Ikarazko dardara zeharkatu zitzaion markesa amari buru eroriaren kolpea sentitu zuenean.

        — Ondo al nagok honela, Juanito maitea? —Manolitok anaiari itaunduz.

        — Negarrez zaude ordea, Mariquita! —-esan zion Juanitok arrebari.

        — Zure gainean ari bainaiz pentsatzen —ihardetsi zuen gazteak— Juanito gaixoa, zein zoritxarrekoa izango zaren gu gabe!

        Markes aitaren irudi gorena ageri zen halabatean. Seme-alaben odolari begira gelditu zen, ikusle mutu eta mugiezinduei gero, eta eskuak Juanitorengana luzatuz, ahots sendoz honela esan zuen:

        — Espainiarrok, aitaren benedikazioa emana diot nire semeari! Orain markesa, erdeinurik gabe ireki ezak zauria, guzti honetan garbi eta errugabe hago eta.

        Juanitok alabaina, bere ama kaperauaren laguntzaz hurbiltzen ikusi zuenean, itolarririk oihukatu zuen:

        — Bere magalean hazia naiz!

        Izua barreiatu zen guztion ahoetan. Ofizialen festaren algarak eta barre azantzak itzali ziren txilio garrantz haren kargutzean. Konprenitu egin zuen markesak suerte hartan, Juanitori adorea agortua zitzaiola eta kalostraz gainetik jauzi eginez, arroken kontra lehertzera amildu zen. Miresmena jaso zen aldarrietan. Juanito konortea galdurik zetzan.

        — Nire jenerala —totelkatu zuen ofizial batek horditurik— Marchand-ek exekuzio honetaz xehetasunen bat kontatua dit eta, edozer jarriko nuke apustuan ezetz zure agindua izan...

        —Honez gero ahantzirik al duzue, jaunok —ozenki G...t...r... jeneralak— hilabetearen buruan bostehun frantses familiarengan dolua nagusi izango dena eta gu Espainian gaudena? Hezurrak bertan laga nahi al dituzue?

        Berba jardunaren ondoren ez zen inortxo ere, subteniente bakar bat ere, kopak hustera ausartu.

        Mirespen eta begirunez inguraturik bizi bada ere, Españako Erregek noblezia titulu gisa «Borrero» izen goitia emana zion arren, gaur egun aristokrata, doluak iraungia, besteengandik zeharo isolaturik bizi da eta noizbehinkako salbuespen urritan baizik ez da gizartean ageri. Hilketa nardagarriaren desoseguetan abaildurik eta itxuraz bigarren semea noiz jaioko ote zain dago artegatsu, nonbait gogoan etengabe dabilzkion itzal goibelengana betirako biltzeko baimenaren antsian.

 

 

 

© Honore de Balzac
© itzulpenarena: Anjel Valdes

 

 

"Honore de Balzac: Gauezko Espaņarik gauezkoena" orrialde nagusia