ESKU MOZTUA

 

Zenbait denbora Madrilen sartuz geroztik —zioen zerga-biltzaileak— Berg-eko duke handiak hango hiriko jauntxo prestu eta buru ahaltsuenak gonbidatu zituen frantses ejertzitoak menderatu berriko hiriburuari eskaintzen zion festara. Honen oparotasuna mirestekoa zen arren, espainiarrak ez ziren horratio txinpartatan izeki; beraien emazteek apenas egin zuten dantzan eta gonbidaturik gehienek jokoari emanak igaro zuten denbora. Jauregiko lorategiak naharoki argiztatuak zeuden, emakumezkoak egunargiz ohi zeneko seguritate berberaz han zehar pasei zitezen. Inperioaren festa zen, itsugarri eta ederra. Lotinantak bitarteko izanik, espainiarren artean Enperadoraren irudi goren bat hedatzea zutela xede, deus ez zen han urri edo erdizkakoa suertatu. Jauregiaren saihetsera hazia zen oihan txiki batean, goizeko ordu batak eta ordu biak artean, hainbat frantses militar zegoen gerlaren probabilitateaz eta festa arranditsu hartara bilduak ziren espainiarren joerak hausnarrarazten zuen etorkizun lanbrotsuaz mintzatzen. «Benetan diotsuet —ni ordaintzaile orokor gisa ninduen soldadu-taldeko zirujau nagusiak edasi zuen—- atzo bertan eskatu diodala formalki Murat printzeari nire lekualdatzea. Ez naiz prezeski penintsula honetako lurretan hezurrak lagatzeko beldur, baina nahiago dut, dudarik gabe, gure alemaniar ondratuek eraginiko zauriak sendatzera joan, hauen armak ez bai tira, gaztelar sastagaien antzera, petxuan horrenbeste barneratzen. Honez gain, halako superstizio antzeko zerbait sumatu ohi dut Españarekiko. Txikitatik irakurri izan ditut espainiar liburuak, abentura ilunbetsu axe zabala, eta herri honetan gertatu zaizkidan gora-beherek ederki asko erakutsi didate Españako usadioen eraginetatik ezkutatzen. Izan ere, Madrilen sartu ginenetik, gertaera korapilatsu eta beldurgarri bateko heroia ez bada, hein batean sopikua bai behintzat izan nauzue; hain istilu arriskutsu, ilun eta mingotsa ezen Lady Radcliff-en edozein nobeletakoa baitzitekeen. Beraz, gogoz zabaldu dizkiet belarriak nire sentikizunei eta bihartxe alde egingo dut. Murat-ek ziur nago, ez dit baimena ukatuko zeren, gure zerbitzuei esker, aldi orotan babes berezi eta onurakorren menera baikaude». «Aingura jasotzekotan zaudela eta, kontaiguzu bada, gertatu zaizun hori», ihardetsi zuen koronel batek, aintzinako errepublikazalea hizkera eder eta adeizko losintxak batere aintzakotzat hartzen ez zituena. Zirujau nagusiak ingurura begiratu zuen arretatsu, antza denez alboan zituenen aurpegiak berriz ere nabartzeko edo, eta, azkenik, han gerturik espainiarrik ez zegoela ziurtatuz, gehitu zuen: «Gogo onez gainera, Hulot koronela, inguru honetan den-denok frantsesak gara eta. Sei egun dira honez gero, Montcornet jenerala bere ostatuan utzi, niretik hurrean baitago, eta bihotz-bake zeharo nire ostaturantz abiaturik nintzela. Biok Ordenatzaile Nagusiarenean izanak ginen bouillotte jokoan jardun animotsuan. Halako batean, karrika ziztrin bateko izkinaren bueltan, bi ezezagun, edo hobe esanda, bi demonio jaurtiki zitzaizkidan gainera eta kapusaia handi batez buru eta besoak bortxatu zizkidaten. Normala denez, zakur makilatuarenak ziruditen orroak bota nituen nik, alperrik ordea, oihalak mutu bihurtzen baitzituen; gisa honetara, kotxe batean sarrarazi ninduten abilezia handiz. Behin nire laguntzaileek kapa kendu zidatenean, ahots eme batek frantsesera murruskatu batean ahoskaturik, berba atsekabetu hauek entzun nituen: «Oihurik edo iheserako asmorik sumatzen badizugu, keinu oker ñimiñoena ere hisiatzen bazaizu, hor aurreko oholeuskarrian doan gizontzar horrek inolako kupidarik ez dizu azalduko sastagaia erabiltzeko. Zaude geldirik beraz. Bahiketaren zergatia adieraziko dizut orain. Eskua niganantz luzatzeko pena hartzen baduzu, bion bitartean zure zirujau tresneria idoroko duzu, zure partez ostatutik jaso genituenak; premiazkoak egingo zaizkizu bisitatu behar dugun etxean, bertan erditu zorian dagoen andrearen ohorea salbatu behar duzu, haurra, senarrak jakiteke, honako gizon honi entregatuz. Senarra, maiteminduta baitago zoratzeraino, gonetatik ozta-ozta aldentzen zaio eta jelosia espainiarrez josiriko beilaz zaintzen badu ere, lortu egin du neskak haurdunaldiaz ez erreparatzea eta besterik gabe gaixo itxura hartzen zion. Jaiotza zainduko duzu beraz. Arriskuak direla eta, ez izan beldur; soil-soilik obeditu egin behar diguzu, bestelakoan maitaleak, hor parean jezarrita dagoen horrek, labankadaka erasoko dizu lehendabiziko arinkerian». «Eta zu, zein zara?», itaundu nion, nire solaskidearen eskua nireaz kestatzen nuelarik; besoa uniformezko zamarraren mahukan galduz zihoakion nonbait. «Ni madameren kamarera nauzu, bere begiko berbakide, eta nire kontura errekonpentsatzeko prest nago, beti ere egoerak beharturiko eskakizuna giza onez onartzen baduzu». «Gogo handiz egingo dut», gehitu nuen, nire burua tamaina horretako abentura arriskutsura ontziraturik ikusita. Itzala lagun nuela, aurpegiera eta moduak bere ahotsaren tonuak eraiki zizkidanekin orekaturik ote zituen egiaztatzen ahalegindu nintzen. Bihotzoneko neska hau, zalantzarik gabe, auzi berezi honetako gora-behera guztien menpera zegokeen aurretik ere, ixiltasunik atseginkorrena gorde baitzuen eta hamar minutu ere ez zuen eramango kotxeak Madrilgo kaleetatik biribilka, neuk gogozko musu bat eman eta berak itzulia zidanerako. Parean neukan maitaleak ez zituen modu txarrera hartu guztiz nahigabe oparitu nizkion zenbait punttakada; halere, konprenitzen ez zuenez, harekin ez zela kargutu seguru naiz. «Baldintza soil batekin izan ninteke zure maitale», esan zidan zerbitzariak, bat-bateko desira zail eta trabakorraren sugarrak eramanda bota nizkion babokeria guztien erantzun gisa. «Zein da, bada?». «Inoiz ere, inongo eginahalik ez duzula egingo norena ote naizen jakiteko; ikustera banoakizu, gauez izango da eta ilunpetan errezibituko nauzu». «Ongi da», ihardetsi nion. Honelaxe gindoazen gure hizketan, kotxea lorategi bateko horma baten aitzinean plantatu zenean. «Begiak estali egin behar dizkizut», azaldu zidan zerbitzariak. «Eutsiozu nire besoari eta neronek gidatuko zaitut». Oihal batez galarazi zidan begi-bista, buru atzean gogor estutu zuelarik. Kotxean lehenago nire aurrean etorria zen maitale ixilak ataka bateko sarrailan errezeloz sartu zuen giltzaren hotsa nabaritu nuen. Handik gutxira, mirabea, gorputza alde batera eta bestera zinbelduz eta ibilerari halako «menehoa» ezarriz...

        Hitz espainiar hori —edasi zuen zerga biltzaileak handikitasun kutsu batez— ezjakituria hutsa da, emakumezkoek gorputzeko halako aldeari arte handiz ezartzen dioten kuluxka bihurritsuak marrazten ditu.

        Kamareraren eskutik —zirujau nagusiak aurrera egin zuen kontakizunean— lorategi handi bateko xenda hondarreztatuetatik zehar nonbaiteko tokiraino iritsi nintzen, hantxe geratu baitzen. Gure pauso hotsak airean utzitako arrastoengatik etxearen frontean ginela asmatu nuen. «Ixo orain! —esan zidan kamarerak belarrira— jakinaren gainean zaude! nire keinuetatik bat bera ere ez ezazu bistatik galdu, bion arriskuan ezik ezin hitz egin bainiezazuke eta une honetan zeure bizia salbatzea da gakoa». Geroago, baina ahots altuagoz oraingoan, gehitu zuen: «Madame beheko solairuko geletarik batean dago, dena dela bereraino iristeko, aurrena senarraren gela eta ohantzearen albotik igaro beharra daukagu; eztulik ez jakina, astiro ibil zaitez eta nire jarraian; batez ere, altzairuekin behaztoparik gerta ez daitezen, oinak, neuk hedatu dudan alfonbra gainean hutsik gabe mantentzeko ardura ipin ezazu». Hona heltzean maitaleak, pazientzi gabea izaki, marmar lehor bat bota zuen, atzerapena luzaro zihoan eta. Muttutu egin zen kamarera; ate zabaltzearen hotsa nabarmentzeaz batera, gela bateko giro zerrepelatsua sentitu nuen aurpegi azalean eta aurrera jarraitu genuen pauso isilka, benetako gaizkileak baikinen. Azkenean, neskaren esku emeak oihala jaso eta bistaurrea libratu zidan. Ganbara handi batean nengoen, sabai altu eta kriseilu ketsu batek argiz urritua. Zabalbildua zegoen leihoa, senarraren jelosiak, burdin astunezko barra-sareaz hesiarazi zuena. Zaku baten sakonean bezala, hantxe zirri batean etzanda, andere bat ageri zen, burua muselinazko oihal batek estalia baina malkoz erroizturiko begi haietatik argizagi guztien zirtzirtak barra-barra isurtzen zituena, hortzartean eta indarrez zapi bat zuen estutzen eta hain besteko grinaz egin ere zeren zapian tinkatu egiten zitzaizkion hortzak. Hura, sutara eskegitako harpa sokaren legez, oinazearen taupaden oldarrera bihurritua zen arren, sekula ere ez dut begiaurrean horrelako gorputz ederrik ikusi. Zorigaiztokoak, gau-mahai moduko baten gainean jarrita zeuzkan bernak, bi arkuren gisara okerturik; esku biez, aulki bateko hanka banari indarrez eusten zion, besoak luze, eta hauetan zehar lardaskaturik, sabiak ziren ikaragarri puztuak. Honelako trazan, suplizioko pairuak jasan dituen kriminala zirudien. Garrasi bat bera ere ez ordea, hezurretako garraskada gorraz beste soinurik ez zen nabarmentzen. Geldi eta mutu ginen hirurok. Senarraren zurrungen durundia kadentzia lasaigarrian entzuten zen. Une honetan mirabea aztertu nahi izan nuen, haraino bitartean dudarik gabe mozorrorik gabe etorria baitzen, baina berriro ere jarrita zeukan ordurako eta, begi ale beltzak eta molde atsegin zorroztua besterik ez nuen dastatu. Maitaleak behingoan, dafaila mordoa hedatu zuen bere maitearen aztaletan eta aurpegian muselinazko oihal bat tolestu. Emakumea ardura handiz ikustatu ondoren, nire bizitzako antzinako parada triste batean ezaguturiko sintoma batzuk zirela bide, umekia hilik zegoela egiaztatu nuen. Amarengana makurtu nintzen horren berri jakinarazteko. Lipar horretan, alabaina, sastagaiari heldu zion amoranteak; gela-mirabeari esateko tenorea izan nuen dena dela eta honek ahapeka pare bat hitz eletu zion. Nire sententzia entzutean, ikara batek harrapatu zuen maitalea, orpoetatik bururaino sastadaren pare zeharkatu zitzaiona eta balus beltzezko mozorroaren atzean zurbilaren kolorea igarri uste izan nion. Gizon etsitua ubelduz zihoan hil-hurrenari begira plantatu zeneko tartean, zerbitzariak mahai baten gainean limoi-uraz beterik prest zeuden kikarak seinalatuz, ezezko keinua adierazi zidan. Edatea ukaturik nuela entelegatu nion; aitzitik, sapa itogarri hark lehortua zidan eztarria. Egarriak behartuta, amoranteak edalontzi huts bat hartu, limoi-uraz bete eta edan egin zuen. Une honetan dardara bortitz batek, ebaketarako tertzio aproposenaren iragarle, jo zuen anderea. Kuraia hutsetatik nireganatu behar nolabait eta, ordu beteko lanaren ondoren, umea zatika kanporatu ahal izan nuen. Espainiarrak, bere maitearen bizitza salbatua nuela ikusita, ez zuen jadanik niretzako pozoian luzaro oldoztu. Noizik behinka, malko anpolaiak labaintzen zitzaizkion kapusaiaren gainera. Emakumeak ez zuen oihurik jalgi, baina hertsi eta xaxaturiko piztiaren modura dardarka nabari zitzaion eta izerditan blai zegoen goitik behera. Bat-bateko kinka larri batean, keinu batez bere senarraren logela seinalatu zigun, gizona ziri-zaran ari zen izara artean. Lauetatik, hura izan zen maindireen marruska, ohantzea edo gortinen irringa antzeman zuen bakarra. Plantatu egin ginen supituan, eta mozorroen zuloetatik, kamarerak eta maitaleak elkarri sugarrezko begiradak iltzatu zizkioten, esanez bezala: «itzarriz gero, akabatu behar ote?». Eskua luzatu nuen orduantxe, ezezagunak limoi-ura miztaturiko edalontzia jasotzeko. Uste izan zuen espainiarrak beteetariko batetik hartzekotan nengoela eta katu jauzia emanez bere labana luzea ipini zuen pozoituriko edalontzi bien gainean eta berea eskaini zidan, bertan gelditzen zen guztia lasai asko edan nezakeen musika eginez. Keinu eta jarrera hartan hainbeste ideia eta sentimendu idoro nuen, zeren momentuantxe barkatu bainizkion ni hiltzeko asmatu zituen konbinaketa anker guztiak, honela pasadizo honetako oroimen oro lurpera geldi zedin. Mizkez eta beldurrez bi ordu luzez jagon ondoren, neska berriro ere oheratu genuen kamarerak eta biok. Auzi arras benturoso hartan lipizturik zegoen gizonak, ihesaren akasozko usnatze momenturako, zenbait diamante bildua zuen paper batean eta oharkabean sakelan sartu zizkidan. Hitz artean esan beharra daukat, espainiarraren luxuzko opariaren berri ez nuelarik, handik bi egunetara neure zerbitzariak ostu egin zidan orduko altxorra eta, dirutza ikaragarriaz jantzirik, hanka egin zuen nigandik urrunera. Belarrira aipatu nizkion kamarerari oraindik kontutan hartu beharreko badaezpadako neurriak eta tresneria jasotzeko maneatu nintzen. Kamarera, bere anderearen alboan geratua zen; honek ez ninduen halere bat ere lasai utzi, beraz ernai egotea deliberatu nuen. Kamarerak anderearen odola jasotzen erabili zuen zurijentean troxatu zuen maitaleak jaioberriaren gorpua; gogor estutu ondoren longainaren azpian gorde zuen; eskua begien aurretik pasa zidan, itxi egin behar nituela nolabait adierazi nahian eta kanpora jo zuen nire aurretik, keinu batez bere frakeko gonari euts niezaion azalduz. Halaxe egin nuen, nire aukerako maiteari azken begirada eskaini ostean. Espainiarra jadanik kanpoan lekuturik zegoela, mozorroa erantzi zuen zerbitzariak eta munduko aurpegirik gurin eta desiragarrizkoena ikustarazi zidan. Behin lorategian gero, alde zabalean, petxu gainetik zama izugarria kendu izan balidate bezala hartu nuen arnasa. Zuhurtasunezko tartea gordez jarraitzen nion gidariari, haren mugimendu bakoitza ardura handiz barrendatuz. Lehenagoko atakara iritsiak ginelarik, eskua oratu eta esku ezkerreko behatzetarik batean nabaritua nion eraztun batean zeraman zigilua ezarri zidan ezpainetan; seinale adierazgarri hura konprenitu nuela ulertarazi nion albait hoberen. Kalera irten eta bertan bi zaldi genuen zain. Nor berean gainkatu eta espainiarrak nirearen uhalei bere esku ezkerraz eutsiz, bere zamariarenak hortz artean heldu zituen, esku eskubia zorrotoan lanpeturik baitzeukan; eta tximistaren legez abiatu ginen. Gauzarik ñimiñoaren arrastorik ere ezin izan nuen sumatu, jarraitu genuen bidea noizbait berrezagutzeko. Eguna argitzean, nire etxeko ate aurrearekin egin nuen topo eta espainiarrak Atocha-ko Aterako norabidean egin zuen alde. «Eta zer nolako emakume mota ote zen nabariarazi ziezazukeen ezertxotan ere ez al zinen erreparatu?», galdegin zion koronelak zirujauari. «Gauza bakar batean», ihardetsi zion honek. «Ezezagunari egin beharreko ebaketaren atonketan ari nintzela, Fiaren besoaren erdialdera ia, ile beltzez inguraturiko dilistaren neurriko nata ttiki bat nabarmendu nion». Oldarrean zurbildu egin zen zirujau gogarina; begi orok, beregan tinko, haren soaren ildoa segitu zuen; eta orduan laranjondo adar artean begirada distiratsuz, espainiar bat bereizi genuen. Gure arretaren gune sentitu zenean, silfo ziztuaren modura desagertu zen hango gizona. Kapitain bat jalgi zen bere urratsetara. «Alajaina, nire lagunok! —edasi zuen zirujauak— erregesugearen begirada horrek lur eta zur utzi nau oraintxe! Txilingen dundurioa hasi zait belarri zuloetan! Zaudete Jainkoarekin eta hemen bertan lurpera nazazue!». «Lelotu al zara, ordea?», esan zuen Hulot koronelak. Falcon jalgi da gure zokomiran zegoen espainiarraren atzetik eta nor den esango digu bada». «Eta?», oihukatu zuten aho batez ofizial guztiek arnasestuka zetorren kapitaina antzemanik. «Deabruekin dihoala —erantzun zuen Falcon-ek— paretetatik zehar igaro dela dirudi. Eta inolako aztia denik pentsatuko ez dudanez, nonbait pauso eta errebueltak ezagunak zaizkion etxekoren bat omen zen, horregatik alde egin dit». «Nireak egin du», erantsi zuen zirujauak ahots goibelez. «Ea, Bega —horrelakoa baitzen izenez— baretu zaitez —ihardetsi nion nik— zure etxera bilduko gara ahalik eta hemen zauden artean. Gaurko gaua elkarren konpainian igaroko dugu». Esan eta egin, jokaldian sosak xahutu zitzaizkien hiru ofizial gaztek lagundu zioten zirujauari etxeraino, haietariko batek bertan gelditzeko bere burua eskaini zuelarik. Handik bi egunetara, lortua zuen Bega bere Frantziaratzeko baimena eta prestaketan ari zen, Murat-ek eskola hertsiaz lagunduko zuen dontzeila eta bion bidaiarako horniketan. Lagun arteko afari batetik etorri berria zela, morroiak abisatu zion andere batek hitz egin nahi ziola orduantxe. Zirujaua eta hiru ofizialak, lehenbailehen jaitsi ziren besterik gabe mesfidantzaren bat sumatuz. Ezezagunak ez zuen bere maitaleari hitz apur batzuk baino ahoskatzeko betarik izan: «Kontuz ibil zaitez», eta zerraldo erori zen. Anderea, lehengo kamarera zen. Hesteak pozoiz urratuak sentitu zituelarik, zirujaua salbatzea buruan zuela eta, garaiz iristea espero zuen. «Deabru guztien ahala!», oihukatu zuen Falcon kapitainak, «horra amodioaren indarra! Espainiarrak salbu mundu osoan ez dago halako pozoitzar itzela erraietan daramala horren lasterka agudoan ibili den neskarik!». Bega burutazioetan murgildu zen pentsakor eta arrotz. Berriz ere mahaian eseri zen erasoan asaldatzen zuten bihozkada larritsuak nonbait uxatu asmoz, eta bertako kideekin batera erretzeari ekin zion neurrigabeki. Mozkorrak lausoturik azkenerako, goiz samar oheratu ziren den-denak. Gau zarratua zela, iratzarri egin zen Bega aida batean, beren onetik bortizki eragindako gortinako zirgiloen hotsa nabaritzean. Jezarri egin zen supituan, hala moduzko iratzarri aldietan menderatu ohi gaituen dardara mekanikoak harrapatua. Tertzio horretantxe ikusi zuen bere aitzinera espainiar baten irudia longainean goitik behera tolesbildua, eta laranjondoko haren bezain begirada sutsua jaurti ziona. «Laguntza!», garrasi egin zuen Begak. «Lagundu, arren, lagunok!». Irribarre garratz batez erantzun zion espainiarrak garrasi itolarriari. «Opioa guztiontzat da berdina!», eta sententzia tankerako hura ezarri zuelarik, erakutsi egin zizkion ezezagunak lo astunak jota zeutzan hiru kideak, longaina barrenetik emakume beso moztu berri bat atera eta Begaren bista parera oldorki ipini zuen, hainbesteko arinkeriaz deskribatua zuen antzerako nata ttikia begietatik sarraraziz. «Hau bera al da?», galdegin zion. Ohe buruan eskegiriko linterna baten argitara antzeman zuen besoa eta itaunari ihardetsi zion gogaiturik. Eta honenbestez, beste ezer gabe, sastagaiaz bihotza erdibitu zion ezezagunak.

        Kontu hori —esan zuen kazetariak— hobe zenuke ikazkinei kontatzea, fedea erroturik daramate eta. Zeinek kontatua ote den esango al diguzu: hilotzak ala espainiarrak?

        Jauna —erantzun zuen zerga-biltzaileak— neuk sorosi nion Begari, handik bost egun gerora ikaragarrizko oinaze latzen artean, azken hatsa iraungi zitzaion. Hori, halere ez da dena. Fernando VII. bere tronuan berrezarri asmotan eraturiko espedizioan, Espainian kargu bat bete nezan izendatu ninduten eta Jainkoari esker ez nintzen Tours baino areago urrundu, Sancerres-eko zergen aiduru geratu beharra suertatu zitzaidan eta. Abiatzearen egun bezperan, madame Listomere-k eskaini zuen dantza-festa batean kausitu nintzen, bertara era berean, hainbat espainiar hurren handi etorria omen zen. Ecorté-aren mahaitik baztertzean, Españako nobleetako batekin erreparatu nintzen, atzerriraturiko afrantsesatua, hamabost egun lehenago Turena-tik iritsia zena. Berandutu egin zen festara, mundu zabalera egingo zuen lehen agerpen hartara, eta gela eta saloi handietan zehar ibili zen emaztea, eskubiko besoa zeharo mugiezindurik honek, alboan zeramala. Ixil-ixilean bikoteari pasabidea uztearren alde batera baztertu ginenean, nolabaiteko zirrara sentitu genuen denok. Murillo-ren koadro bizidun bat imajina ezazue: Arrago hustu eta belztuen barrenera suzko begiak zituen irmo; aurpegia zimurretan ihartua; buru azal soildua ere kolore-tonu gartsuetan zipriztindurik eta gorputza, iraungiaren iraungiaz, ikaratzekoa zuen. Emakumea?, imajina ezazue...! Ez ordea, ez duzue eta asmatuko. Gazteleraz «meneh» berbaren iturria izan den lazo liluragarriaz zinbeltzen zuen gerrialdea; zurbildurik bazegoen ere, ederra zen oraindik; musualdea, espainiarra izaki, fabore berezi bati esker, zuritasun distiratsukoa zuen, begirada berriz, Españako eguzkiaz aseturik, berun galdatua isurtzen zuen zorrotoan. «Madame —itaundu nion markesaren festa akaberan— nolatan duzu bada, besoa galdu?». «Independentziako gerla garaian» esan zidan erantzun osoz.

        España oso herri aparta da —seinalatu zuen madame Baudrage-k— oraindik ere bizirik omen diraute han ohitura arabiarrek.

 

 

 

© Honore de Balzac
© itzulpenarena: Anjel Valdes

 

 

"Honore de Balzac: Gauezko Espaņarik gauezkoena" orrialde nagusia