BRETECHE HANDIKIA

 

Vendômetik ehun bat urratsetatik ez areago, Loiraren ur-bazterretan hain zuzen —esan zuen— eraikirik dago etxe arraildu nabarxka, aski sabai garaiez atzendua, bakandua zeharo; izan ere hango ingurumarietan ez baitzen ez larru-hondategirik ez ostatu txirorik antzematen herri guztietako auzaterietan ohi direnen legez.

        Etxe aitzinean lorategia hazten da, erriberara begira; bertan sasoi batean bideak marrazten zituzten ezpel soilduak gaur egun erruz zabarturik dira.

        Zenbait sahatsondo ere, Loira sorleku izanik, arinki handituak nabarmentzen dira, inguruko hesiaren tankerara, etxe bizitza ikusmiratik erdizka babesten dutelarik.

        Landaretxar harroek oparotasun joriaz apaintzen dituzte ur-bazterraren aldeak. Frutondoak berriz, duela hamar urtetatik inoren eskuaz erreparatu gabeak, antzutu egin dira dagoeneko eta adaxkak sastrakadi modura antolatuak daude. Landare keretek, erroiz-txerpiak ziruditen. Aspaldi hondarreztaturik zeuden bidexkak, alderik alde liska berdexkaz josiak daude honez gero; hala ere, egia esan behar bada, gaur egun ez da bertan xenda arrasto izpirik ere ageri. Vendômeko dukeen gaztelu zaharraren hondakinei eusten dien mendi gailurretik gainbehatuz gero, hango bazterretako gunetarik, hura baitzen begi-bista nagusi bilakatzen zen bakarra, norbaiti bururatuko zitzaion, zehatzik gabeko iraganetan jaun presturen bat gogoz olgatuko zela, lur magal hauetan, tulipan eta arrosak hazi, ortuan otzan jardunez, baina batipat, fruitu gozoen litxarrerietara emanda. Lorategiko itzaltegi bat ere ageri da, edo hobe, itzaltegia zenaren aztarnak, denborak oraindik irentsi gabeko mahai ajatu baten gordeleku ederra. Gorputza jadanik galdua duen lorategiaren izaeran, bizimodu probintzial lasaiaren gozamen gordinak igartzen dira. Bai eta tratalari dirutsua ere bere hilobiko epitafioa irakurtzen. Gogoa kuzkurtzen duten ideia hits eta gozoen koroa gisa, azkenik, murrailetarik batek eguzki erloju bat erakusten du, honako izkribu burgestu honen aginpean: «Ultimam cogita!».

        Etxebizitzaren sabaiak izugarri okertuak daude, pertsianak aldioro itsu, balkoiak enaren habia-lastoz estalirik, ateak harri eta buztinaz betirako kondenan. Ferradurak lizunaren mendera abandonatuak; harmailetako hirrikidurak belaxka luzeek txertxelada berdez marraztuak. Ilargi, eguzki, negu, udara eta elurrak ere zarrastatu dute egurra, oholak okertu, pinturak irindukatu; katagorri, arratoi eta saguek bakarrik hausten dute bertan jabetu den ixiltasun goibela, beraien joan-etorri urduritsuak, elkarrekiko borrokak eta otorduetako durrunda direla medio. Esku ikusezin batek antza denez nonahi «Misterio» hitza izkiriaturik laga digu. Jakin nahiak eraginda etxea kale aldetik begiztatzera hurbiltzen bazarete, ate mardul handia nabarituko duzue, gaineko borobilekoa, herrialdeko mutikoek zulo ugariz zipriztindu dutena. Geroago jakin dut ate hori hamar urte direla kondenaturik dagoela. Itxura gabeko erroitz hauetatik zehar, lorategi eta patioaren aitzinaldeen arteko oreka erabatekoa antzeman dezakezue. Nahas-mahas bera han ere jaun eta jabe. Belar multzoak harlauzen mugatzaile, sugandila eskergak harresietan zehar gora eta behera hatsegean, hormetako galdur belztuak, ziguaren milakako lili-txortatan korapilaturik. Eskailerako harmailak enardaturik daude, ezkiltxoaren soka usteldua, ur-hodiak ere hondaturik. Zeruko zein sugar igaro zen handik?, zein epaileren agindua izan zen etxebizitzaren orubea gazitua izan zedin? Jainkoa suharrarazi al zuten, apika, bertakoek?, Frantzia traizionatu ote? Horra hor buruan dabilkidana. Narrastiak beren legera labaintzen dira enpatxurik gabe. Etxe huts eta soildu hark misterio paregabea gordetzen zuen bere baitan, gako ezkututako enigma! Aitzinean feudo txikia zen eta Grande Bretèche izenaz ezaguna zen. Despleinek atso gaixo aberats baten jagole utzi ninduenez geroztik, Vendômen eman nuen denboraldian, etxebizitza berezi horren ikusmira nire plazerretarik kuttunena izatera iritsi zen. Ez ote zeukan bada, hark hondar puskak baino mamitsuagorik? Hondakinei, izan ere ukaezinezko oroimenak itsasten zaizkio, baina artean bizileku tente hura, nahiz mendekuaren esku erauzlea mantsoki zebilkion, sekretu baten jabe zen, pentsamendu ixildua, edo behintzat, gutizia adierazten zuen. Behin baino gehiagotan, gauez, ingurua babesten zuen hasi, dagoeneko zangar, hartara abiatua naiz. Zarramazkei desafio eginez, nagusirik gabeko lorategian barrena sartu, ondasun ez publiko ez pribatu hartan zehar, eta anabasari begira eman izan ditut ordu luzeak.

        Hango ikuskizun estrainu hark zeraman historiazko zamaren ordainez edo, inolaz ere ez nukeen nahi izan bertako vendometar berritsuei galdezka aritu. Hantxe sortzen nituen nik nobela eztiak eta hala moduz malenkoniazko orgia liluragarrietan nire gogoa asetu ere. Soiltze, akaso arrunt haren zergatia ezaguna banu, garai hartan arima horditzen zidaten bat-bateko poesiak, ziur, galduak nituzkeen. Ezbeharrez txertxelaturiko giza-moduaren irudikapen ugariren islada hisiatu zitzaidan babesleku hura; zirt batean abadeek abandonaturiko monastegia, edota heriotza mintzairaz jarduten zuten hildakoz husturiko kanposantua; gaur, legenak jotakoaren etxauntza, Atridatarrena biharkoan; denen gainetik ordea, probintzia eta honen ideia mordoiloaren ispilua zen, hondarrezko ordulariak zuzenduriko bizitza.

        Malkoak bai, bota izan ditut han, barrea berriz, sekula ere ez zait aurpegiratu. Behin baino maizago, nire buru gainetik iragandako mendiuso atzeratuen hegalkadaren zizta gorra entzutean izutu egin izan naiz nahigabean. Heze dago zorua eta han-hemenka, Naturaren askatasun basatiaz dabiltzan sugandila, igel eta sugeen motiboz, argi ibili behar da; eta batez ere, hotzari adorez erantzun behar zaio, zeren alditan bizkarretik behera oharkabean, jelazko soinekoa abailtzen baita, Komendadoreak Don Juani lepo ingurua estutu zionekoan bezalaxe. Arratsalde batean barruak uzkurtu egin zitzaizkidan; haize boladek beletatzar bati eragiten zion, eta sortaraziriko kirrinkadak, bukatu berria nuen drama goibeltsuaren azkenean etxeak jaurtiki zuen erostaren antzekoak ziren; gisa honetara konpreniarazten nion nire buruari izaki haren oinaze poztua. Gogoeta ilunbeltzez zamatua iritsi nintzen ostatura. Afal ostean ostalaria sartu zen gelara eta misterio kutsuan esan zidan emakumeak: «Monsieur, hemen daukazu monsieur Regnault», «Eta nor ote da monsieur Regnault?», «Baina nola liteke!, ez al du jaunak monsieur Regnault ezagutzen?, bai gauza barregarria!», marmartu zuen aldegiterakoan. Eta segituan, gizon melar, luzanga eta beltzez jantzia jalgi zitzaidan aurrera; kapela eskuan zeramala, etsaiari topaka erasoko dion ahariaren presentzia azaltzen zuen, bekoki iheskorra, buru txiki zorrotza eta musualde zurbila, uherraren kolorekoa. Ministrari baten atezaina ematen zuen. Arrotz honek lebita urratua zeraman soinekoz, xare tolespuntuetan, alkandoraren zirripileran diamante bat eta belarri aldeetan urrezko kizkurrak erakusgarri zituen arren, «Jauna, norekin daukat mintzatzeko grazia?» esan nion. Aulkian jezarri zen, nire musuaren aitzinera, mahai gainean laga zuen kapela eta eskuak bata bestearen kontra lauskituz erantzun zidan: «A!, hau da bada, hotza!, jauna, monsieur Regnault nauzu». Ni makurtu egin nintzen, nire artean «It bondo cani!, Bila ezak!» pentsatzen nuelarik. «Ni —jarraitu zuen— Vendômeko eskribaua naiz». «Ikaragarri pozten naiz jauna —adierazi nion— oraindik ez nago baina, testamentua egiteko sasoian, zergatia niri bakarrik dagokit». «Zaude momentu bat mesedez —gehitu zuen hark, eskuz ixilarazteko imintzioa eginez—. Utzidazu, jauna, utzidazu. Aipatu izan didate, nonbait Grande Bretèche aldeko lorategira paseatzera joana ohi zarela». «Hala da bai, jauna». «Momentu bat! —jarraitu zidan keinua errepikatuz— legea hautsi duzu! Jauna, Merreteko kondesa zenaren izenean natorkizu eta bere testamentu zaina naizen aldetik, bisitaldiok eten ditzazun erregutu behar dizut. Momentu bat!, ez naiz ni bada turkiarra eta ez dut horrelakoetan gaiztakeria dagoenik esan nahi. Bestalde, Vendômeko bizilekurik ederrenari bere onetik behera hondatzen uzteko agintzen didaten egoeretatik kanpo egotea bidezkoa zaizu. Zuk ordea jauna, irakurria dirudizu eta hala izanda, propietate hesitua bortxatzea debekatzen duten lege latzen berri izango duzu honez gero. Harresiak bezainbat balio du hesiak. Etxearen aspaldi honetako egoera ordea, zure ikusgurarako aitzakia izan liteke. Nire esku balego, ez nuke besterik desiratuko, etxauntza hartan zeu zeure gisara joan-etorri askean ibiltzea baino, baina egilearen azken hitzaren zaindari naizenez, lorategira berriro sar ez zaitezen erregua igorri behar dizut. Ordeinua zabaldu zenetik, jauna, neronek ere ez ditut hango lurrak zapaldu; lehentxoago, aipatu dizudan legez, madame Merretek bizitza honetan legatu zituenetariko atala dela bide izana naiz han. Leiho zein ateetako tajuketa besterik ez dugu egin, kondesa zenak intentzio horrexetarako utzitako diru hondotatik urtero berdindu beharreko zergaren zenbatekoa tasatu asmotan. A! jaun atsegin hori!, ederra zirimola jaso zuen Vendôme aldean haren testamentuak!».

        Lipar honetantxe diskurtsoa eten zuen gizonak zintz egiteko. Arreta eta begirunez jarraitu nion hitz-jarioa zeren bai ederki bainekien madame Metteten ondarea bere bizitzako gertaera nagusitzat jotzen zuela; eta beretzat aipu, ondra eta kemenaren iturria zen. Beraz nire amets liluragarriak, nire nobelak baztertu beharrean nintzenez, ezin eutsi niezaiokeen egia, modu ofizialez bederen, nozitzearen plazerrari. «Jauna —zuzendu nintzaion— atrebentzia al liteke xelebrekeria guzti honetaz argia eskatzea?». Hitzok entzun ahala betarteak, gizon matrakazaleen ditxa goiena salatu zion eskribauari. Atorraren lepahegalak jaso zituen asturuki, toxa atera, ireki, tabako hautsa eskaini egin zidan eta nire ezetzaren aurrean, lagin sobera sudurreratu zuen. Bere aintzako patxadan zegoen! Matrakarik gabeko gizonak deusik ez daki bizitzaren zukuaren zaporeaz. Matrakak, monotonia eta grinen arteko erdibideko tamaina zertu ohi du beti. Une honetantxe Sterneren hitz polito haien adierazpen osoa konprenitu nuen eta Tobias zaharrak, Trimen laguntzaz, bere trotaldietako zaldira igotzean azaltzen zuen bozkarioaren ideia bururatu zitzaidan. «Jauna —hasi zen monsieur Regnault esaten— ni Parisen nintzelarik, Roguin maisuaren lehen eskribaua izan nauzu. Hura zen bai bulego galanta; horren berri ere iritsiko zitzaizun, ezta? Bada, ezbeharrean erori eta porrot egin ostean jadetsi zuen omena. Ondoren, Parisen jardun nezan lain ondasunik ez izaki, mila zortziehun eta hamaseigarren urtetan karguek ezarria zuten prezioa zela bide, honantz etorri eta nire aurrekoaren bulegoa erosi nuen. Vendômen askazirik baneukan eduki ere, izeba dirugaritsu bat besteren artean, eta haren alabarekin esposatu nintzen. Jauna —jarraiki zuen pausaldi laburra berriz hautsiz—. Monsinorek zigiluzain izendatu ninduenetik hiru bat hilabetetara, gau batez, ohantzerako ahaleginetan nengoela (artean senargai), Merreteko gazteluan bizi zen Merreteko kondesaren izenean abisua ekarri zidaten. Haren neskamea, bihotzoneko emakumea, gaur ostatu honetan zerbitzari dagoena, kondesa andrearen zalgurdiarekin nire aiduru nuen. A!, momentu bat!, ezin esateke utzi Merreteko jaun kondea, ni iritsi aurreko bi hilabete zirela Parisa abiatua zela herioa bidailagun hurkoa izanik. Han zirtzilkeria eta zorigaitz zekena adiskide, galdu egin zuen bizitza jite guztietako okerbidetara emanda. Argi dagoela uste dut. Joan zen egunean bertan, andere kondesa ere lekutu zen Grande Bretèchetik berarekin batera mobleria guztia jasorik. Bada inguru hauetan sutara bota zituztela baieztatzen duenik, modu berean tapizeria ere eta hitz batean, aipaturiko jaunak gaur egun alogeran utzitako bazterrek babesten zuten objektu oro, zernahi izanda ere... (Alajaina!, zer esaten ari naiz ordea?, barkaidazu jauna baina alogerako tratua diktatzen ari nintzelakoan nengoen...). Kiskali egin zituela bai —jarraiera eman zion—. Merreteneko ordokietan. Merretenean egona al zara jauna? Ez —ihardetsi zuen nire ordez—.

        A!, inguru miresgarria benetan hangoa. Hiru bat hilabete zeramatzaten —segi zuen buru keinu arin baten ondoren— jaun konde eta andere kondesak bizimodu nahasian murgildurik; ez zuten engoitik inoren bisitarik onartzen, kondesa beheko solairuan kokatu zen, lehenean jauna zegoelarik. Kondesa bakarrik gelditutakoan, eliztarrengandik ere ezkutatu zen. Etxauntzara, gaztelu hartara bisitan zihoazkion lagun minei ere uko egin zien. Zeharo gogoaldatua zegoen jadanik Grande Bretèche utzi eta Merretera aldendu zenerako. Maitagarria emakume hura... (maitagarria diot zeren berari esker baitaramat diamantea, behin baizik ikusi ez nuen arren). Hariari ostera helduz, emakume bihotz zintzo gajoa, gaixorik zegoen oso; zalantzarik gabe sendatzeko itxaropenez agortua zegoen, medikuaren laguntza arrentzeke iraungi baitzen; honek gure arteko andere askori, ezinbestean sena galdua zegoela pentsatzeko bidea eman zion. Halaxe bada, madame Merret nire mesederen premian zegoela jakitean, jakin grina ere hein horretantxe kitzikatua sentitu nuen. Ez nintzen ni istorio hark ernaraziko zuen bakarra. Egun hartako iluntzerako, berantegi izanda ere, herri osoak jakin zuen nire bisitaren berri. Neskamea txit soslai suertatu zitzaidan harako bidaian, erantzunetan bederen; baina ordez, aipatu zidan nola Merreteko abadeak egun hartan bertan azken igurtzia eman zion bere andreari eta, itxura osoz, gau hartatik ez zen jalgiko. Hamaikak joak ziren hara iristerako. Eskailera nagusietatik gora hartu nuen. Saloi neurtezinak igaroz, sabai garaiak, ilun, hotz eta infernu guztietako hezetasun ikaragarria nagusi, kondesaren ohorezko ganbarara iritsi nintzen. Andere handi haren aitzakiaz barreiaturik ziren marmarioen arabera (izarrak zenbatzea baino luzeago joko luke haren bizkar esaniko zirtzinkeria guztiak errepikatu behar banizkizu), goizolandaren usaina hartua nion. Pentsa, nire lana kostatu zitzaidan zetzan ohantze zabalean kausitzea. Ohantzea, lehengo aitzindarien garaiko friso zenbaitekin ornaturik zegoena, hautsaz zipriztindurik, ikustera gerturatutako edonori usaina eragiteko lain egon ere, aintzinako Arganteko lanpara haietariko batek argitua azaldu zen. A!, zu ordea, ez zara sekula Merreten egon! Ohantzea jauna, aspaldikoen modukoa zen, trozel altua, hornidura indiarra aldaxkaz osaturik. Alboan gau-mahaitxoa zeukan, eta han, Jesukristo Jaunaren irudia, hitz artean, nire emaztearentzat geroago nireganatuko nuena, hala nola lanpara ere. Bertan halaber, neskame kuttunarentzako besaulkia zegoen eta bi jesarleku. Su izpirik ez, bestetik. Hura zen mobleria osoa. Bi lerrotara ere ez zen iritsiko gai-zerrendan. A, nire jaun gogokoa, zerorrek ere, nik orduan egin bezala, tapizeria ilunean bilduriko gela goitiar hura ikusi izan bazenu, nobela atal batean baitzinen irri egingo zenukeen...! Izotzezkoa zen, hilkutsua, hobe esanda —erantsi zuen hitzei besoez laguntzen ziela, eta pausalditxo bat egin zuen—. Begiez miatuaren miatuaz, ohantzera hurbilduz, azkenerako ikusi ahal izan nuen, lanpararen zirt-zirtak almohadetaraino gidaturik. Argizariaren pare zeukan aurpegia zurbil eta bi esku elkartuen antzera. Buruan, zetazko txanoa jantzita zuen kondesak, honetatik behera adats laztangarriak, lihoaren kolore zurixkaz tindaturik jausten ziren. Aurrerantz pittin bat makurbildua zegoen eta argi zegoen jarrera honetan ez zegoela erosoegi. Begi-ale azabatxe nekosoak, sukarrak kasik iraungi arte behartuak ziur aski, doi-doi kolokatzen ziren bekain aldeko hezurren azpian. «Horixe!» —esan zidan begimakoa erakutsiz. Bekokitik behera izerdi tantak zituen eskegita. Esku arrailatuek, azal xamur esnetsuak estaliriko hezur-takela ziruditen; zainak eta giharrak ageri agerian nabarmentzen ziren; gaztetan benetan ederra izandakoa bide zen; trantze hartan ikusita ordea, sentimendu ezkutu batek eraman ninduen. Ehortzi zutenen hitzetan, behin ere ez da gizakirik bizitzan horren zimeltzeko hurrenean egon. Izuikarak harrapatzen zintuen hura begiztatzean. Hain sakoneraino zeukan gaitza errokitua zeren emakumea ez baitzen jadanik lehengoaren itzal agortua baizik. Ezpain ubel zurbilak, gogortuak iruditu zitzaizkidan berba egin zidanean, nire ogibideak tankera horretako ikuskari beldurgarrietara ohiturik banauka ere, hainbatean hil-hurrenen azken nahien lekuko izanik, zin dagizut senitarteen malkoak eta ikustatu ditudan hiltzori atzenek ezer gutxi suposatzen zutela gaztelu eskergan galduriko emakume bakandu eta ixil harekin alderatuz. Azantz ñimiñoena ere ez zen entzuten; gaixoaren arnasak maindiretan barreiatzen zuen ugaxka bera ere ez nuen nabarmendu; lagorri espantagarri batek bildua jarraitu nuen nire lekuan haren ikustearen arduraz. Oraindik hantxe nagoela iduritzen zait. Azkenik, begitzar haiek lokatu egin ziren, eskubi eskua jaso antza egin zuen, ohantzera berriz indarge erori zelarik, eta barrenetik aho haizearen antzera, berea ez baitzen jadanik ahots, honako hitzok irten zitzaizkion: «Aiher handiz ninduzun zure aiduru». Biziki oskorritu zitzaizkion musualdeak. Esfortzu ikaragarria exigitzen zion hitz egiteak. «Andrea», esan nion. Ixiltzeko keinua egin zidan orduan. Neskame zaharrak jaiki eta ahapeka esan zidan belarrira: «Etzazu hitzik egin, andere kondesari soinu xumeena ere jasangaitz gertatzen zaio eta zuk aipa zenezakeena kalterako baino ez lihoakioke». Jezarri egin nintzen. Segundo batzuen buruan, iheska zihoazkion kemen guztiak bildu zituen eskubi beso unatua ozta-ozta higitzeko, ezarri egin zuen azkenerako burukoaren gainean eta une batez geratu egin zen, jarraian ahalegin gaindiezinaz kendu egin zuen berriro eta, behin paper sinatu bat atera zuelarik, izerdi tanta anpolaiak isuri zituen kopetatik behera. «Zure eskuetan utzi dut nire ordeinua —esan zidan—. A! Jainko maitea! A!». Ez zuen besterik erantsi. Ohantze gainean zegoen gurutzea hartu eta urduritsu eraman zuen ezpainetara, handik deusera azken hatsa zendu zitzaion hortzartean. Begitarte haren oroimenak oraindik hotzikaratu egiten nau burutik orpoetaraino. Zenbat sufritu ote zuen! Pozkarioa zerion azken begirada horri, begi hiletan marraztua iraun zuen sentimendua. Testamentua nirekin eraman nuen eta irekitzean, Merreteko andereak bere testamentuzain izendatu ninduela idoro nuen. Ondasun oro, zenbait eskaintza partikular salbu, Vendômeko ospitaleari laga zizkion. Grande Bretèchearekiko berriz, bestelako agindurik zuen gorde: Bere heriotza egunetik berrogeita hamar urtetako bitartera arte, etxauntzari, bere hartan zegoen bezalaxe, bere kasa utz niezaion, bertaratu edonori sarrera galarazi hala nola edonolako konponketa lana ere, deus xumea bazen ere; halaber, honekin batera, bere nahiak ahalik hoberen bete zitezen, behar ziren zaintzaileei ordainarazteko errenta bat ere. Epea amaitutakoan eta sinaduraren gurariak kontutan hartuak badira, etxea nire hurrenen ondasunetara igaroko litzateke, zeren jakin ere badakizuke eskribauok ez dezakeguna jabegorik onartu; aitzitik hala ez balitz, Grande Bretèche, horretarako eskubidea lukeenari legokioke, harik eta testamentuari gehituriko izkribu batean, berrogeita hamar urte hauen buruan ezik zabalduko ez dena, agindutakoak betetzen duen arte. Gaurdaino inork ez du berau jazarri, beraz...». Azken berba hau ahoskatzeaz batera, eta esakunea josi gabe utziz, zabal baino luzeago geratu zen eskribaua arrakastazko zuziak begitartea argitzen ziola, eta neuk zenbait losintxa zuzendu nizkiolarik, alai asko sentituko zen. «Jauna —edasi nion bukatzean— hain hunkigarriki ukitu dizkidazu barruak zeren hiltzoria izarak baino xurixkago sumatzen baitut begiaurrean gorputz harturik; begi xaxta beldurgarri horiek buruan dabilzkit oraindik eta gero ere amets artean izango ditudala ziur nago. Neurri batean baina, ez al zara zeu ere nonbait testamentu estrainu horren edukiaz hausnarka aritu?». «Jauna —herabetasun komikoaz ihardetsi zidan hark— nik ez dut inoiz auzitan jartzen, diamante opariaz goraldu nauenaren jokaera». Berehala ordea, mihia askatu traza hartu nion vendômetar zehatzari; azkenerako, inguru-minguru amaiezinen buruan, Vendômen hitz-lege diren bi sexuetako politiko sakonengan aurrera eramandako ikerkuntzaren berri izan nuen. Xehetasunak, alabaina, hain kontraesanguratsu eta lanbrotsuak ziren non lokartzeko suertean gertatu bainintzen, benetako istorio hark ardura izugarri isiotzen zidan arren. Eskribauaren hitz tonu gor eta bakarra, zalantzarik gabe bere buruari entzuten eta baita bezero eta herritarrei ere entzunarazten ohitua, nire jakin grinatik gaindi zegoen dagoeneko. Aldegin zuen, eskerrak. «Ah, Ah, jauna! zenbatek emango ote lukeen zerbait oraindik beste berrogeita bost urtez bizirik irauteko! —erantsi zuen behin harmailetan geundela—. Baina momentu bat! —eta zuhurki eskubi eskuko zukuatza sudur puntan ipini zuen, esanez bezala: «Entzun ezazu hau, horraino iristeko, horraino— esan zuen, hirurogei eduki behar da».

        Atea hertsi nuen behingoan; eskribauari antza denez argia iruditu zitzaion azken ateraldi hau eta neu ere gogaitetik pittin bat suspertu ninduela sumatuz, besaulkian jezarri nintzen, beheko suaren burdinetan hankak erosoki egokitu nituen eta Regnault jaunaren datu juridikoetan oinarrituta, Radclifferen antzerako nobela batean amildu nintzen buru-belarri; zeregin honetan niharduen, ate-gontzeek, esku eme batek eraginda, bira egin zutenean, nire etxeko andrea sartzen ikusi nuen, andre alaia, umore onekoa, bizibide zapuzturikoa; Teniersen lientzoren batean jaioa izan behar zuen nonbait flamendar hura. «Eta? —esan zidan— Monsieur Regnaultek xuxen liluratuko zintuen Grande Bretècheko kontuarekin, ezta?». «Bai, amona Lepas». «Eta zer berri jakinarazi dizu?». Hitz urritan errepikatu nion madame Merreteren historia hotz tristea. Esaldi bakoitzeko, etxeko andreak lepoa luzatu egiten zuen, ostalariaren zuhurtasunaz kontutan hartzen ninduelarik, alegia jendarmeren gaiztakeriaren arteko neurria. «Nire Lepas andere maitea —gehitu nuen nik bukatzean—- honetaz zerbait gehixeago ote dakizun susmoa daukat, e?, hala ez balitz zer dela eta igoko zinen bada nire gelara?..». «A!, emakume zinezkoaren berba, nire Lepas izena bezain egiazkoa...». «Zinik ez, mesedez, begiak sekretu batez nabarrituak dituzu eta. Zuk Merreteko jauna ezagutu omen zenuen. Zer nolako gizona zen?». «Arraioa, monsieur Merret, begira gizon segaila zen, bukaezinezko irudia, hala moduz zen luze. Jaun prestua zen, maltzurkerietan sortua eta hemen esaten den bezala, gandor arineko oilarra. Den-dena eskudiruz ordaintzen zuen inorekin berdintzekorik ez edukitzeagatik. Begira; nortasun bizikoa zen. Bertako emakumeei oso atsegin zitzaien». «Nortasun bizikoa zelako», edasi nion etxeko andreari. «Litekeena, bai —-baieztatu zuen—. Konprenituko duzunez aurretik zerbait eraman beharko zuen, hemen esaten den bezala, madame Merret esposatzeko, zeina, inor gutxietsi nahi gabe, Vendómeko andere eder eta aberatsena baitzen. Errentan hogei bat mila libera zeukan. Herri osoa azaldu zen ezteietara. Emaztegaia, polit eta atsegina zen, benetan emakume aparta. Bikote zoragarria osatzen zuten». «Eta zoriontsu izan al ziren ezkonbizitzan?». «O!, o!.., bai eta ez, pentsatu daitekeen legez, zeren agerian baitago gu ez ginela beraien mahai berbereko kide. Madame Merret emakume zintzoa zen, joria oso, eta halabeharrez, noizik behin senarraren seta izekiaren eztenkada mingarria jasan beharko zuen; guk baina, zertxobait barro eta handinahia izan arren, bihotzeko genuen senarra. Ba!, berak ba al zeukan bada, Jaungoikoak horrela sortzearen errua? Norbait prestua denean... badakizu...». «Hondamendiren bat gertatu beharko zen alabaina, monsieur eta madame Merret elkarrengandik hain bortizki aldendu zitezen». «Nik ez dut horrelakorik aipatu, jauna, horretaz zipitzik ez baitakit». «Oraintxe nago bada ziur den-dena dakizula». «Ederki jauna, oso-osorik azalduko dizut. Monsieur Regnault zure gelarantz gora antzeman dudanean, Grande Bretèche zela aitzakia, madame Merretez mintzatuko zitzaizula uste nuen. Hortaz bada, jaunari itauntzea bururatu zait, sena zuzenekoa baitirudi, nire moduko andre gajo bat inolaz ere salatuko ez lukeen ziurtasunez, sekula santan inori kalterik sortu ez eta orain burua zimikoz nahasturik baitut. Egun arte ez naiz behin ere ausartu hemengo ahobero mingain zorrotz hauengan konfidatzen. Eta azkenik, etxean ez dut egundaino zu bezain bidazti iraunkorrik eduki, hamabost mila liberen istorioa kontatzeko moduan ez behintzat...». «Nire Lepas amona maitagarri hori! —ihardetsi nion, haren berba jarioa etenez— zure hizpea, ni arriskuan sarrarazteko adinekoa bada, ezeren truke ere ez nizuke entzun nahi». «Ez zaitez deusen beldur izan —moztu zidan berak—, ikusiko duzu». Egoskortasun hartan sumatu nuen nonbait emakume hark sekretua idoro ziezaiokeen bakarra ni ez izan arren, neu izango nintzela haren andel bakarra eta belarriak erne egin nituen. «Jauna —esan zuen berak— Enperadorek honantz igorritako gerra-gatibu espainiarrak edo beste nonbaitekoak ageri zirenean, Gobernuaren kontura eman behar izan nion ostatu gazte espainiar bati, honen hitz-emanaren pean. Hitza hartua izanagatik, ordea, egunero aurkezten zen subprefektoaren aurrera. Españako noble hurrenetakoa zen! Ez zen bada huskeria! Abizenak «os» eta «dia»-z ziren bukatzen, Bagos de Feredia edo horren itxurako zerbait. Nire zerrendetan dut bere izena idatzia, han irakurriko duzu gura baduzu. O!, sotila zen mutila Españakoa izateko, zeren diotenez denak arras itsusiak baitira. Bost bat oin eta bizpahiru hazbete baino ez luzeran, dena dela ongi eraikia zen; esku pildin bezain zaituak... Ikustekoa, eskuekiko zuen ardura! Eskuetarako, emakumezkoek beren xahutasunerako hainbat igurki zeukan. Ile jori gorria zeraman, txinpart begiak eta aurpegi azal arre xamar baina hala eta guztiz nire gustukoa zen. Ohi zuen azpiko arropa zuria, inorena ez bezalakoa zen, fina eta urguria, eta nire ostatutik ez da bada nolanahiko jendea igaro, printzesak ere izan ditut, eta beste pertsonaia artean, Bertrand jauna, Abrantèseko dukeak, monsieur Decazes eta Españako Erregea. Apenas jaten zuen baina hain aire gurin eta otzanekoa izaki, ez zitekeen begi txarretik hartu. O!, izugarri estimatzen nuen, nahiz egun osoan lauzpabost hitz baizik ez zituen ahoratzen, harekin ezin berriketarik egin, berari zuzendu eta ez zuen arraposten, diotenez espainiarrek duten halako kasketaldi lixturtsua omen da. Ofizio liburuan atxikitzen zitzaizkion begiak, abadearen modura; meza eta elizkizun guztietara huts gabe aurkezten zen. Eta non kokatzen ote zen ba al dakizu? (geroago jakin dugu honako hau), Madame Merreten eliztokitik bi urratsen hurbilera. Elizara ageri zen lehendabiziko egunetik hantxe plantatu zelarik, hartan propio lekutu zen trazarik inortxok ez zion igarri. Hartaz gain, gizarajoak ez zituen begiak ofizio liburutik aldentzen. Sasoi hartan arrastiria nagusitzerako, paseatzera joan ohi zen mendi muino aldera, gazteluaren hondakin artera. Zoritxarreko haren laxotasun soila zen, era honetara bere lurraldeak oroitzen zituelarik, zeren diotenez, Espainian leku oro mendi bilakatzen baita. Atxilotu berri zenetik hasi zen berantatzen. Kezkatu egiten ninduen, hamabiak pasata baizik itzultzen ez zela nabarmentzean, denboraren poderioz ordea, ohitu egin ginen nahikari horretara; alde egiterakoan, berarekin batera ateko giltza eramaten zuen eta ez ginen aurrerantzean bere begira geratzen. Caserneseko karrikan daukagun etxean hartu zuen ostatu. Orduko egunetan, gure zaldi-mutiletako batek esana, arrats batez, zaldiak bainatzera eraman eta han ibairen urrutian arraiaren pare igerika Españako hurrena begiztatu uste zuen. Itzuli zenean neronek aipatu nion ur ertzeko belartzari arreta eduki ziezaion, eta uretan sumatua izanak, antza, zimikoa sentiarazi zion. Labur esanda jauna, egun batez, edo hobe esanda, goiz batez itzulia ez zela ohartu ginen. Txoko bazter guztietan arakatuz, azkenean, bere mahaitxoko kutxabaldan, kutxatila itsu batean, idatzi bat topatu nuen, berrogeita hamar urrezko txanpon espainiarrak, portugesa deritzagunetakoak, bost mila liberaren tamainakoak eta baita hamar mila liberen balioko diamante ugari. Idatzian jakinarazten zuenez, itzuli ezean, diru zein diamanteak guretzat ziren guztiak bere ihesa eta salbazioaren alde Jainkoaren eskerrean otoitz eta elizakoak ordain genitzan. Nire senarra, artean bizirik eta tente zegoela, bilaka hasi zitzaion. Hau da historiaren penagarria!, espainiarraren jantziak eskutan zeuzkala itzuli zitzaidan etxera, harritzar baten azpian, ur bazter aldeko makilpunta batean eskegirik, gazteluko eremuetatik bertan, Grande Bretèche-ren pare-parean aurkitu zituelarik. Egunsentiaren usainarekin batera abiatu zen nire senarra inork ez antzemateko moduan. Eskutitza irakurrita su eman zien arropei eta Feredia kondearen apetarekin bat etorriz, itzuria zegoela deklaratu genuen. Gendarmeria osoa jarri zuen subprefektoak bere arrastoetara, baina, ze arrasto eta ze ondoko!, ez zuten aurkitu. Lepasek urpean itota zegoelako hipotesia mantendu zuen. Nik jauna halere ez nion sekula sinetsi. Bestelako iritzia daukat eta madame Merreten arazoan zerikusirik ez ote zuen pentsatzen dut, zeren Rosaliak kontatu baitzidan nola bere andreari ebano eta zilarrezko gurutzearekin ehortzia izan nahi zuelako tema sartu zitzaion eta etorri berriaren haserako egunetan, Feredia kondearena ebano eta zilarrezkoa zen, behin desagertu eta harrez gero ez dut berriz ere gurutzea begi-bistan izan. Esadazu orain, jauna, espainiarraren hamabost mila liberak direla eta, baietz lasai egon naitekeela eta nireak oso direla». «Zalantzarik ez; baina ahalegindu al zara Rosaliari itauntzen?». «O!, horixe baietz!, baina, zer egingo diogu!, neska hori zerraldo baino mutuagoa da eta. Eduki, zerbait badauka gordeta, sustraietatik atera ezinezko zerbait». Nirekin esamesean ederki jardunda, kanporakoa hartu zuen etxekoandreak, pentsakizun itzel eta nahasien mendera utzi ninduelarik, jakin grina nobelakoia, izuikara erlijiotsua, gau zarratuan elizaren ilunpetara labaintzen gareneko sentimenduaren tankerakoa, behin barruan gaudela, koro garaipeen urrunean, argi errainu mendre bat erreparatu, gona ala sotana igurtzotsa sumatu... eta gorputz osoa agi danez bihurritzen zaigu.

        Grande Bretèche, kondenaturiko leihoak, ferradura lizuntsuak, ate itsu, gela bakartiak, belartza altu eta margul artean, begi aurrera azaldu zitzaidan fantastikoki. Etxauntza misteriotsuan barrena ausartu nintzen, entzundako istorio goitiarraren korapiloaren begira, hiru pertsona akabatu zituen tragedia. Rosalia bihurtu zen niretzat Vendômeko pertsonaiarik onuratsuena. Hura aztertu ondoren, mami-mamiko pentsamenduaren aztarnak idoro nituen beregan, aurpegi malatsean osasun ziratuaren seinaleak azaltzen baziren ere. Itxaropen eta erredura izpitxoen ñir-ñirra zerion; sekretua salatzen zuen bere jarrerak, gehiegizko otoitzetan bizitza ematen duten emakume saindujale horien modura; edo haurra akabatu duen neskatxaren legez, semearen azken txilio sarkorra etengabe bihotzondoan duelarik. Molde inuxent eta arruntekoa zen bestela, bere irribarre ttunttunak ez zuen bada, hiltzaile izatetik deus ere, eta dudarik gabe errugabetzat hartuko zenuketen lehen bistakolpean, soingain sendoa estaltzen zion oihal koadroduna urdingorrixkaz jantzita ikusi bazenute: enkoadraturik, estua, traje marra zuri eta ubelean bildurik. «Ez —oldoztu nuen nire artean— ez naiz Vendômetik urrutiratuko Grande Bretèche-ren historia pitzik gabe jakin arte. Hori lortzeko, beste erremediorik ezean, Rosalia lagun egingo dut». «Rosalia!» —esan nion arratsalde batez— «Esan jauna!». «Esposatua al zaude?», bihotzikaratu zen, «O!, zorigaiztoa izateko apeta izanez gero, ez nuke bada, gizon falta izango!», erantzun zidan barre artean. Berehala etorri zitzaion onera barrualdeko pirpira, jakina baita andre sorta orok, hurrenetatik, ostatu txirotako neskame zikin eta tentelenetara, denek salbuespen gabe, odol-hotz berexia ohi daramatela. «Gurin eta fresko xamarra zara, inoren gogoan ez ibiltzeko! Esadazu halere, Rosalia, zein arrazoirengatik sartu zinen ostatuan neskame, madame Merret utzita?, ez al zizun andreak ezer utzi testamenuan?». «O!, horixe utzi zidala!, baina jauna, Vendôme osoan ez dago eta nirea bezain ofizio onik». Honako erantzuna epaile eta abokatuek luzakor deritzatenekoa zen. Istorio nobelatsu honetan, Rosaliari, dama taularen erdian dagoen laukiaren kutsua hartu nion; egia eta interesaren gune-gunean kokaturik zegoen. Korapiloaren kakoan korapilaturik iruditu zitzaidan. Ez zen hura saiatu beharreko hurrengo lorpena; emakume harengan nobela baten azken atala zetzan. Gisa honetara beraz, Rosalia instant horrexetatik nire nahikarien jomuga bilakatu zen. Neskaren ikerketa sakonaren atarramenduz, burubihotzean nagusitzen zaigun edozein emerengan bezala, kualitate baliotsu lagin handia ikuskatu nuen beregan; arduratsu eta gozoa zen, polita zer esanik ez, eta aurki, gure desirak bultzatuak, emakumeengan, nolanahiko mailan daudela ere, sortu ohi diren atraktibo guztien jabe egin zen; arrats batean, edo hobe, goiz batean, eguna hastapenetan baitzegoen oraindik, Rosaliari esan nion: «Zergatik ez didazu behin betikotz madame Merretez dakizun guztia kontatzen?». «O! —izuikaraz erantzun zidan— ez iezadazu horrelakorik agindu, arren!». Betarte panpina ilundu egin zitzaion, kolore bizi eta oparoak zurbilean nahastu eta begi inuxentetan beraien distira hezea galdu. «Beno! —deliberatu zuen azkenean— zure seta ikusita azaldu egin beharko dizut, baldin eta ixilpean gordetzen baduzu!». «Jakina neskatto, zure sekretu guztiak lapurraren zindasunaz, denen artean benetakoena, gordeko dizkizut». «Berdin badizu —erantsi zuen berak—, zure zindasunaz bada nahiago dut». Jarraian mototxa apaindu eta kontatzeko moduan alogatu zen, zeren zerbait kontatzerako konfidantza eta ziurtasun jarrera premiazkoa denik inork ez baitu ukatuko. Ipuin kuttunenek, beren tenorea daukate, denok mahai inguruan eserita gaudenekoa alegia. Ez dago inolaz zutik edo baraurik dagoela funtsezko ezer kontatu duenik. Hala ere, Rosaliaren berba jario hedatsua berriztuko bagenu, liburu oso bat ere murritz litzaiguke. Nahas-mahas artean aditzera eman zidan gertaera ordez, iskribaua eta madame Lepasen hizkortasunen artekoa zenez, proportzio aritmetikoaren bataz besteko terminoak bi muturren bitartean dauden bezalaxe, berau hitz guttitan azaldu besterik ez daukat. Labur izango naiz orraitio. Grande Bretècheko madame Merreten babesgela, beheko solairuan zegoen kokatua. Jantzi-arasa gisa, hormaren sakonari jandako lau bat oinetako zuloa erabili ohi zuen. Jarraian aipatuko dudan gertaera jazo zen gaua baino hiru hilabete aurretik, hain ondoezak larriki joa gelditu zen, zeren senarrak hura laga eta lehen solairuko geletarik bat hautatu zuen lotarako. Zehazki neurtzen ez dakizkigun kasualitate horietariko batengatik, ohi zuen baino bi ordu beranduago iritsi zen iluntze hartan herrikoekin politikaz mintzatu eta egunkariak irakurtzera joaten zen elkartetik. Emazteak, harrez gero itzulia, etzan eta lokartua zegoela igarri uste izan zuen. Frantziako inbasioak ordea, eztabaida sutsuaren iturria ireki zuen elkartean, bilar partida berotu eta monsieur Merretek berrogei libera galdu zuen posturan, gehiegizko kopurua Vendômerako, non mundu guztia xoxa mozkintzalea baita eta ohiturak apaltasun goralgarriaren mugartean tinkatzen diren; paristarrek kontutan hartzen ez duketen benetako zoriontasuna, apika. Ordurarteko garai luzaroan, Merretek, anderea etzana ote zegoen itaun lehor eta soila egin ohi zion Rosaliari, eta neskamearen baiezkoaren ondoren, artez bere gelara jotzen zuen besterik gabe, konfidantza eta ohiturak hezituriko atsaintasunez. Iluntze hartan etxerako bidean, aitzitik, otu bide zitzaion zuzen emaztearen gelara igarotzea jokoan izandako adurtxarra kontatzeko asmoz, bere burua lasatzeko xedez nonbait. Afaldu bitartean nabarmena iruditu zitzaion emaztearen apaindura irtirin eta txanbelin xamarra eta etxerako bidaian elkartetik bueltan, emaztea zeharo sendaturik zegoela oldoztu zuen, gaisoaldiak are ederragotu egin zuela eta bera senarrei aldioro gertatzen zaien legez, berandutxo kargutu zela hartaz. Rosaliari hots egin ordez, lipar horretantxe sukaldean zebilen hura, eta gurdizaina eta sukaldeko emakumea briskako suerte gaitzan zihardutela ikusita, monsieur Merretek emaztearen logelara zuzendu zituen pausoak, lehen harmailan aldez aurretik utzitako kriseilu baten argitara. Bere oinkada ezaguterrezak, anbareko gangetan jo eta ozendu egiten ziren. Odolgarbiko jaunak, emaztearen logelako giltzari bira ari zitzaion uneantxe, lehen aipatu dizuedan jantzitegiko atea ere ixten zela nabaritu uste zuen; barrurakoan ordea, su bajuaren alboan zut zirauen, madame Merret salbu beste inor ez zegoen. Bete-betean pentsatu zuen senarrak Rosalia zela arropategian zegokeena; halere belarrondoan susmo bat dilingatu zitzaion kanpainotsaz eta ernatu egin zen; emazteari begiratu eta begietan zehazgabeko keinu uger eta larraberetia antzeman zion. «Arras berandu zatoz», esan zion emazteak. Eta honen aboska, bestetan hain garden eta atseginkoia, lehunki bortxatua figuratu zitzaion. Senarrak ez zuen fitxik erantzun instant horretantxe Rosalia barrura agertu baitzen. Xaxtadaren antzo gertatu zitzaion hau guztiau. Handik hona eta hemendik harakoari ekin zion gelan zehar, leihotik leihora, besoak gurutzaturik urrats erritmo neurtuaz. «Ezer ezatsegina antzeman duzu ala bestela ondoezik al zaude?», itaundu zion herabeti emazteak, Rosaliak eranzten zuen bitartean. Itxiltasunean errotu zen. «Joan zaitez —edasi zion madame Merretek otseinari— kizkurrak neuk egingo ditut». Ezbeharren bat asmatu bide zuen senarraren aurpegira so egin ahala, eta bakardadean geratu nahi zuen harekin. Behin Rosalia kanpoan zelarik edo kanporako itxura eginda bederen, pasiloan mantendu baitzen une batez, monsieur Merretek emaztearen parean plantatu eta hozki esan zion: «Madame, gelato honetan norbait badago». Emazteak nasai eta otzan begiratu zion senarrari eta hitz-lauz ihardetsi zion: «Ez jauna!». Ezezkoak nahastu zeharo egin zuen monsieur Merret. Honek ez zion sinestu baina hein berean emaztea, inon deneko emakume garden, oso eta iaioa suertatu zitzaion. Arropategia zabaltzeko asmotan jaiki zenean, Madame Merretek eskutik heldu zion, indarrez, eta begietan malenkonia isuri, emozionaturiko ahots doituaz honela esan zion; «Hor barrena ez baduzu inor aurkitzen, kontu egin ezazu gure artekoak hondoa jo duela». Emaztearen jarreran tinkatu zen dignitate izugarria nabarituta, hidalgoari harenganako estimazio osoa itzuli zitzaion eta eszenatoki landuago batean inmortala izango zen erabakia biztu zitzaion gogoan: «Ez —erantzun zion— ez naiz begiratzera joango, Josefina, bestela elkarrengandik landara aldendu beharko genuke. Aditu; zure arimaren garbia ezagutzen dut eta hala moduz badakit bizimodu saindua zaintzen duzula eta, ezta zure izatea salbatzearren ere, ez zinatekeela bekatu larrian eroriko». Hitzok entzutean, arras begi-galduaz so egin zion senarrari. «Begira —segi zuen honek— hemen duzu gurutzea, Jainkoaren aurrean hor barrena inor ez dagoela zin egidazu eta sinestu egingo dizut eta ez dut behin ere atea irekiko». Andreak gurutzea hartu zuen eskuartean eta hala egin zuen: «Zin dagizut». «Ozenago —esan zuen senarrak—. Eta errepikatu: Jainkoaren aurrean zin dagizut arropategi horretan inor ez dagoela». Sena osoz errepikatu zuen esaldia emazteak. «Ongi da», ahoskatu zuen lehor monsieur Merretek, isilune motz baten ondoren gehitzeko: «Benetan gauza ederra daukazu hemen, nik orain arte ohartu gabea», esan zuen zilarrezko xartaketak zeramatzan ebanozko gurutzearen tailu artistikoa aztertuz. «Duvivierrenean topatu nuen; honek iaz prisionero andana hemendik igaro zenekoan espainiar erlijiotsu bati erosia ziolarik». «A!», ahoratu zitzaion monsieur Merreti gurutzea bere iltzetik eskegiz eta txirrina jo zuen. Rosalia ez zen berandutu. Monsieur Merret bidera atera zitzaion lehiatsu, lorategirantz zabaltzen zen leiho-egiara eraman eta ahapeka esan zion: «Jakina dut, sobera ere, Gorenflotek esposatu nahi zaituela eta diru eskasia dela hein handi batean ezkontzaren engara bakarra eta zerorrek ere esana omen diozula, igeltsero moduan lanik aurkitu ezean ez zaituela inola ere esposatuko... ederki bada! Bila joan zaitez eta hona etortzeko esaiozu, plaunkaia eta bestelako lanabesak hartuta. Hura ez beste inor iratzar dadin arduraz ibil zaitez eta bere ondasunek zuen desira guztietan gainezka egingo dute... Baina, batipat, hemendik fitsik atera gabe jalgi zaitez, bestela...», betartea kakotu egin zuen. Irten zen bada Rosalia eta berriro ere hots egin zion: «Hartzazu nire giltza», esan zuen. «Juan!», oihu egin zuen trumoi hotsez monsieur Merretek pasiloan. Juanek orduan, bere zalburtzai eta neurri batean konfidantzazko gizona ere izaki, briska jokaldiari laga eta tximista baino lehenago zegoen jaunaren aurrera. «Zoazte denok oheratzera», esan zion jaunak, hurbiltzeko imintzioa eginez, ondoren bajuagatik gehitzeko: «Denak lo zerraldo daudenean, zerraldo, konprenitzen?.., esatera jaitsi hadi».

        Monsieur Merret, aginduak banatu bitartean emazterengandik begirik aldendu ez zuela, honen albora itzuli zen lasaiki, sutondora, eta gaueko billar jokaldia eta eztabaiden gorabeherak aipatzen hasi zitzaizkion. Rosaliak bueltatzerako han topatu zituen biak, berriketa animatsu eta onean. Denbora gutxi zen etxeko jaunak beheko solairuko bere lantokia osatzen zuten gela guztiak igeltsuztatzeko agindua eman zuela. Ez dago bestela ere igeltsu ugari Vendôme aldean eta garraioak goititu egiten zion prezioa; hau dela eta aristokratak samalda handitan ekarrarazi zuen, ederki bai baitzekien soberako gainezko guztirako erosleak errez topatuko zituela. Abagune honetaz baliatuz, gero praktikan ipini zuen ideia iradoki zitzaion. «Jauna, hortxe duzu Gorenflot», esan zion Rosaliak ahots bajuz». «Sartzeko!», ihardetsi zuen altutik kapare zitalak. Madame Merret, igeltseroa ikusitakoan, zurbildu egin zen leunki. «Gorenflot —gehitu zuen senarrak— zalgurtegira adreiluketara joan eta gela honetako atea itsutzeko bezainbat ekartzak; hormak zuritu genuenean sobratutako igeltsua erabili dezakek». Gero Rosalia eta langilea bereganatuz; «Aditu, Gorenflot —aipatu zuen ahots geldoan— gaur gauean hemen egingo duk lo. Bihar ordea, goizez atzerrira joateko pasaportea gertu izango duk neuk adieraziko diadan hirira joateko. Bidaiarako sei mila libera eskuratuko diat. Bertan hamar urte igaroko duk eta, lekua ezatsegina balitzaik, beste batera mugitu hinteke, baldin eta herrialde berean badago. Paristik zehar pasako haiz eta han nire aiduru gelditu. Itunpenez beste sei mila gehiago bermatuko diat, itzulitakoan emango zaizkianak gure tratuaren legeak aintzat hartu badituk. Horren ordainez, gaur gauean hemen egingo duanaz isiltasun erabatekoa gorde beharko duk. Zuri berriz, Rosalia, hamar mila libera emango dizkizut, zure ezkontza eguna arte jasoko ez dituzunak eta Gorenflotekin esposatzeko baldintzapean, baina esposatu ere, ixilpean egin beharko duzue. Bestela balitz, doterik ez». «Rosalia —esan zuen madame Merretek— zatoz orraztera!». Senarra hemendik harako paseo lasai eta mantsoan zebilen, atea, igeltseroa eta emaztea batera begian zeuzkala, ezelako mesfidantza sutsurik agertzen utzi gabe baina. Gorenflotek zaratotsa atera behar izan zuen. Honek adreiluak deskargatu eta senarra gelaren beste puntan zegoeneko unea ustiatu zuen Rosaliari esateko: «Mila liberetako errenta zuretzat Gorenfloti azpitik zarratada bat uzteko esaten badiozu». Gero, ahots ozenez erantsi zion guztiz odol-hotz: «Zoaz laguntzera!».

        Gorenflotek atea itsutzen eman zuen denboraldian ez zuten ez gizonak, ez madame Merretek txintik esan. Honako ixiltasuna senarrarengan kalkulu bilakatzen zen ez baitzion emazteari gibelasmoko berbarik jaurtitzeko ziorik eman nahi; emaztearengan berriz, zuhurtzia eta harrotasuna ziren jabetu. Behin pareta bere erdiraino eraikia zelarik, igeltsari maltzurrak, jauna bizkar emanda zegoeneko unea probetxatuz, ateko kristal bietariko bati tankada bat jo zion pararen laguntzaz. Honek konpreniarazi zion madame Merreti, Rosalia Gorenflotekin hitz egina zegoela. Hirurok orduantxe gizon aurpegi bat antzeman zuten, beltzaraxka eta itzaltsua, adats beltzak, txinpart begirada. Senarra ohartu aurretik atzerritarrari buru keinu adierazgarri bat egiteko beta izan zuen emakumeak: «Itxaron!». Lauretan, ia egun argiz, hau dena iraila aldera gertatzen ari baitzen, lana burutua zegoen. Igeltsaria Juanen zaintzapean gelditu zen eta monsieur Merret emaztearen logelan oheratu zen. Biharamun goizean jaikitzean, soraioz esan zuen: Arraioa!, alkatetxera joan beharra daukat pasaportea jasotzera!». Kapela kaskoan sartu, aterantz hiru bat pauso eman, iritziz aldatu eta gurutzea hartu zuen. Emaztea pozarren dardaraka hasi zen: «Duvivierrenera abiatuko da», zioen bere artean. Senarra atera baino ez zen egin eta han ekin zion Rosaliari deika eta ahots beldurgarriaz esan zuen: «Pikotxa, azkar, pikotxa!, ekiogun lanari! Bart gauean Gorenlotek nola egin duen kontu hartu dut; zuloa ireki eta ixteko nahiko bitarte badaukagu!». Begi ireki batean, Rosaliak egurra mozteko halako aitzur antzekoa eraman zion bere andreari eta honek, kurai paregabeaz pareta desegiteari ekin zion. Zenbait adreilu aldetik joanak ziren eta koipe sendoago bat erauzteko ahaleginetan ari zela, bere gibelean monsieur Merret nabaritu zuen, eta konortea galduz, ziplo erori zen. «Eraman ezazue andrea ohantzera!» esan zuen hozki aristokratak. Bere faltan gertatuko ote zenaren susmoaz, artea jarri zion emazteari; alkateari idatzi eta Duvivierri hots egitea izan ziren bere zeregin bakarrak. Bitxi saltzailea, logelako nahaspila atondu berri zutenean azaldu zen. «Duvivier —galdegin zion etxeko jaunak— erosi al zenion gurutzeren bat hemendik iragan ziren espainiarren bati?». «Ez, jauna». «Ondo da, milesker», esan zuen, emazteari tigrearen modura so eginez. «Juan —gehitu zuen, bere konfidantzazko morroiari zuzenduz— otorduak andrearen logelara ekar diezazkidaten mandatua hartzak, ondoezik baitago eta ez nuke bakarrik utzi nahi zeharo sendotzen ez den arte». Hogei egun igaro zituen hidalgo ankerrak emaztearen ganbaran. Hasieran, kondenaturiko zuloan hotsen bat entzun eta Josefinari ezezagunaren alde erregutzeko trazarik sumatzen zionean, hitzak ahoratzeke utzita ihardetsi ohi zion: «Gurutzearen gainean zin egin zenidan hor barrenean inor ere ez zegoela».

 

 

 

© Honore de Balzac
© itzulpenarena: Anjel Valdes

 

 

"Honore de Balzac: Gauezko Espaņarik gauezkoena" orrialde nagusia