Huitzilopoxtli

Ipuin Mexikarra

 

        Duela gutxi, Estatu Batuetako muga-hiri batetik, Karrantzako destakamentuetan bat zegoen, Mexikoko toki batera joan beharra izan nuen kazeta lan batek eramana. Han errekomendazio bat eta salba kondukto bat eman zizkidaten, Pantxo Villa zeritzan gerrillari eta militar-buru bikainaren mendeko lurraldeetan barrena sar nendin. Iraul-gudarien teniente eta adiskide zitzaidan batekin nuen nik egon beharra, nire berrientzako datuak eskaini baitzizkidan hark, haren alderdian nenbilen bitartean ez nuela ezeren beldur izan beharrik ziurtatuz.

        Automobilez egin genuen bidaia, mugatik apur bat urrutiratu ginen arte. Mister John Perhaps, medikua eta gainera yankien egunkarientzat kazeta lanetan zebilena, eta Regera koronela, edo hobeto esan, Aita Regera, bizi guztian ezagutu dudan gizonik arraroen eta beldurgarriena, nituen bidelagun. Aita Regera fraile izana zen; Maximilianoren garaian gaztea zen eta inperialista ere bai noski; Porfirio Diazen garaian Enperadorez aldatu zen, beste guztiak lehen bezala jarraitzen zuelarik. Dena Jainkoaren asmoetan erabakia dagoela uste zuen fraile zahar euskalduna da. Batez ere, agintea Jainkoagandiko eskubidea delakoa eztabaidagaitza da harentzat.

        — Jainkoak hala nahita izan zen Porfirio menderatzaile —zioen—. Hala izan behar zuelako.

        — Ez ezazu makanarik esan —erantzuten zion mister Perhaps-ek, Argentinan izana baitzen—.

        — Baina, Jainkoarekiko harremana falta izan zitzaion Porfiriori... Misterioa errespetatzen ez duena deabruak eramaten du! Porfiriok, berriz, sotanarik gabe erabili gintuen kaleetan zehar. Maderok, ordea...

        Hemen Mexikon batez ere, misterioz betetako lurrean bizi da jendea. Flor dabiltzan indiar horiek guztiek ez dute besterik arnas hartzen. Eta Mexiko nazioaren etorkizuna, sorrerako jendeek zituzten jainkokien baitan dago oraindik ere. Beste tokietan zera esaten da: Hatz egin... eta... agertuko da. Hemen ez dago ezer hatz egin beharrik. Aztek-en edo Mai-en misterioak bizirik dirau mexikar guztiengan, odolean giza-nahasketarik ugariena dutenengan ere; eta, honelakoak ez dira astro.

        — Koronela, har ezazu whisky bat! —esan zion mister Perhaps-ek bere ruolz-botila luzatuz—.

        — Nahiago dut komitekoa —erantzun zion Aita Regerak—. Zakutik gatza atera eta paper batean eskaini zidan; baita likore mexikarrez beteriko kantinplora bat ere.

        Ibili eta ibili, basoaren beste muturreraino heldu ginen; eta, han hots bat entzun genuen: «Geldi». Gelditu ginen. Ez zegoen handik pasatzerik. Oinutsik, kapel handiak buruan eta errifleak gertu zituzten indiar multzo batek bahitu egin gintuen.

        Regera zaharrak buruzagiarekin hitz egin zuen, eta hark ezagutzen zuen yankia ere. Dena ondo bukatu zen. Bi mandeme eta zaldixka bat lortu genituen, joan behar genuen tokiraino iristeko. Ilargitan jarraitu genuen aurrera. Pausoka-pausoka joan ginen. Bat-batean, hala bota nion Regera zaharrari:

        — Regera, nola nahi duzu dei zaitzadan, Koronel ala Aita?

        — Mundura ekarri ninduenak bezala! —esan zidan purrustaka pertsonaia lehorrak.

        — Zeragatik esaten nizun —ihardetsi nion—, arduratu samarra naukaten zenbait gauzaz galderak egin behar baitizkizut.

        Bi mandemeek trotetxo egokia zeramaten; eta, mister Perhaps zen noizbehinka bere zaldiari zintxa zuzentzeko gelditzen zen bakarra. Egia esan, bere whiskeyari xurrut egiteko gelditzen zen batez ere.

        Yankiari aurrera joaten utzi nion; eta, gero, neure aberea Aita Regerarenarengana hurbildu eta esan nion:

        — Zu gizon ausarta, praktikoa eta antzinerakoa zaitugu. Indiar talde hauek guztiek errespetatu egiten zaituzte, eta maite ere asko maite zaituzte. Esaidazu konfiantzan: Egia al da oraindik ere konkistaroan bezala, gauza harrigarriak ikusi ohi direla hemen?

        — Deabru onak eraman zaitzala! Ba al duzu tabakorik?

        Zigarro bat eman nion.

        — Esango dizut, ba. Aspalditik, neure burua bezalaxe ezagutzen ditut indiar hauek; eta euren artean heuretariko bat banintz bezala bizi naiz. Oso muttiko nintzela etorri nintzen hona; Maximilianoren garaian. Ordurako apaiza nintzen, apaiz jarraitzen dut eta apaiz hilko naiz.

        — Eta...?

        — Ez zaitez horretan sar.

        — Arrazoi duzu, Aita; baina, utziko didazu behintzat zure bizikera arraroaz interesatzen. Nola daiteke zu, horrenbeste urtez apaiz, militar, istorio bat dagokion gizona izan, hainbeste denboraz indiarren artean sartua egon eta, azkenik, Iraultzan Maderorekin agertzea? Ez al zuten esan, ba, Porfiriok irabazi egin zintuela?

        Regera zaharrak algara handi bat bota zuen.

        — Pofiriok Jainkoa berekin zuen arte, ondo ibili zen dena; eta hori Karmen andreari eskerrak...

        —Nola, Aita?

        — Ba, horrelaxe... Beste jainkoak ere, ordea...

        — Zein jainko, Aita?

        — Lurrekoak...

        — Baina, zuk sinesten al duzu haiengan?

        Zaude isilik mutikoa, eta har ezazu beste komiteko bat.

        — Konbida dezagun mister Perhaps ere —esan nion—, oso aurrera joan zaigu eta.

        — Perhaps! Perhaps! Yankiak ez zigun erantzun.

        — Itxoidazu —esan nion—, Aita Regera; ea harrapatzen dudan.

        — Ez zaitezela joan —erantzun zidan, basabeltzaren bihotzera begiratuz—. Har ezazu zeure komitekoa.

        Azteka alkoholak jardun berezia ezarri zion nire odolari. Apur batez isilik ibili ondoren, zera esan zidan Aitak:

        — Porfiriok bere burua engainupean erortzen utzi izan ez balu...

        — Politikoenean?

        — Ez, seme, deabruenean.

        — Nola da hori?

        — Badakizu.

        — Espiritismoarena?

        — Ez da horrelakorik, ez. Zera da, hark jainko zaharrekin harremanetan jartzea lortu zuela...

        — Baina, Aita...!

        — Bai, mutikoa, bai; eta begira zergatik esaten dizudan: meza ematen dudan arren, horrek ez baitu kentzen lurralde horietan hainbeste urtez ikasi ahal dudana... Eta gauza bat jakin behar duzu: gurutzearekin ezer gutxi lortu dugu hemen; eta, kanpotik nahiz barnetik, jatorrizko idoloen arima eta errainuek menderatzen gaituzte... Hemen ez ziren kristau kateak nahiko gertatu lehengo jainkokiak esklabizatzeko; eta, ahal ukan duten bakoitzean, eta orain batez ere, deabru horiek azaldu egiten dira.

        Nire mandemeak atzeraka salto egin zuen, dena asaldatua eta dardaraz; aurrera eragin nahi izan nion; baina, alperrik.

        — Egon geldi, geldi! —esan zidan Regerak—. Eta bere aizto luzea atera, eta zuhaitzetik haga bat ebaki zuelarik, kolpe batzuk eman zituen lurrean.

        — Ez zaitez izutu —esan zidan—, koskabil-sugea da.

        Eta orduan larra-suge handi bat ikusi nuen, bidean hila geratzen zela. Eta bideari heldu genionean, apaizaren barremurria entzun nuen...

        — Ez dugu gehiago yankia ikusi —esan nion—.

        — Ez arduratu; aurkituko dugu noizbait.

        Aurrera jarraitu eta zuhaizti handi batean zehar igaro behar izan genuen; eta, haren bestaldeko ursalto batetik zetorren urotsa entzun nuen. Berehala: «Geldi!»

        — Berriro? —esan nion Regerari—.

        — Bai —erantzun zidan—. Indar iraultzaileek euren mende daukaten tokirik delikatuenean gaude. Pazientzia!

        Ofiziale bat hurreratu zen gudari batzuekin. Regerak hitz egin zien; eta, hau entzun nuen ofizialeak erantzuten ziola:

        — Ezin da inola ere aurrerago joan. Hor geratu beharko duzue egunsentira arte.

        Atseden hartzeko babesgune bat aukeratu genuen, ahuehuete handi baten azpian.

        Ez dut esan beharrik ezin nuela lorik hartu. Tabakoa amaitua nuen eta Regerari eskatu nion.

        — Badaukat —esan zidan—, baina marihuanaz nahasia.

        Onartu nuen, baina beldurrez, ez baitakit belar sorgingarri horrek zelako ondorioak dituen, eta erretzen hasi nintzen. Berehala zen apaiza zurrunkaz. Nik, berriz, ezin lorik egin.

        Dena isiltasuna zen basoan, baina isiltasun beldurtia, ilargiaren argi mottelaren pean. Halako batean, kexu luze zaunkaria bezalakoa entzun nuen urrutian, gero zaunka-koru bilakatu zena. Banuen nik basabeltzetako musika gaizto horren berri: koioteen zaunkada zen.

        Jaiki egin nintzen, istiluak hurbiltzen ari zirela nabaritu nuenean. Ez nengoen batere ondo, eta apaizaren marihuanaz oroitu nintzen. Hori ote zen...

        Zaunkadak ugaritzen zihoazen. Regera esnarazi gabe, hartu nuen neure errebolberra eta, arriskua zegoen aldera abiatu nintzen.

        Ibiltzen-ibiltzen, txaradiaren barnera sartu nintzen, ilargiarena ez zen argitasun moduko bat ikusi nuen arte; izan ere, basotik kanpora ikusten zen ilargi argia zuria baitzen; barruko hau, berriz, urre kolorekoa. Barrurago joan nintzen, giza-ahotsezko zurrumurruxka bat, tarteka koioteen zaunka-hotsak ere bai, entzuten ziren tokiraino.

        Ahal nuen guztia aurreratu nintzen. Hara zer ikusi nuen: harrizko idolo handitzar bat, aldi berean idolo eta aldare zena, doi-doi adierazi dudan argitasun horretan jasoa. Ezin ezer zehaztu. Bi suge-buru, enborraren beso edo adar zitezkeenak, elkartzen ziren goi aldean, haragi gabeko kaskezur ikaragarri baten gainean; zeinak sorta bat esku-moztu baitzituen inguru, harri-bitxizko kollar baten gainean; eta, horren azpialdean, bizi-bizirik, monstru-mugimendu bat ikusi nuen. Baina, batez ere, indiar batzuk begiztatu nituen, gure bidaiakinak ekartzen lagundu ziguten haietarikoak, hain zuzen; eta, isilik, jauresle, aldare bizidunaren inguru biraka zebiltzan.

        Biziduna, bai; izan ere, ongi begiratu niolarik, eta neure irakurketa bereziak gogoan nituela, garbi jakin nuen hura Teoyaomiki-ren aldarea zela, herio-jainko mexikarrarena. Harri hartan suge biziak astintzen ziren; eta, ikuskari hark izugarrizko egunekotasuna hartzen zuen.

        Aurreratu egin nintzen. Zaunkarik gabe, isiltasun etsikorrean, koiote multzo bat heldu zen, eta misteriozko aldarea inguratu. Sugeak, pilan, astindu egiten zirela ohartu nintzen; eta enbor ofidikoaren oinetan gorputz bat mugitzen zen, gizon baten gorputza. Mister Perhaps hantxe zegoen.

        Zuhaitz enbor baten atzean nengoen ni, neure ikara isilean. Aluzinazio batean nengoela uste izan nuen; baina, han zegoen benetan, Amerikako koiotez, Europako otsoak baino gaiztoagoak diren koiote zaunkariez osaturiko zirkulu handia.

        Biharamunean, kanpamentura heldu ginelarik, sendagileari dei egin behar izan zitzaion niregatik.

        Aita Regeraz galde egin nuen.

        — Regera koronela lanpetua dago une honetan —esan zidan nigandik hurbil zegoenak—. Hiru falta zaizkio fusilatzeko.

 

 

 

© Ruben Dario
© itzulpenarena: Lukas Dorronsoro

 

 

"Ruben Dario: Fantasiazko ipuinak" orrialde nagusia