Gabon ipuina

 

        Andra Mari-ko Frai Longinos komentuko harri bitxia zen. Harri bitxitzat hartzea gutxi da kasu honetan. Kutxatila bat zen, konpara ezinekoa eta aurkigaitz ohi den zerbait. Berdin arituko zitzaizun Frai Benito jakintsuari kopiagintzan laguntzen, eskuizkribuak maiuskulaz dotoretzen iaioa zelarik, edo sukaldean, baraualdien ondoren zilegi zitezkeen frijikariei usain gozoak aterarazten; eta berdin sakristautzan edo barazkiak lantzen; matutietan edo bezperetan, berriz, armunioski betetzen zituen haren soxantre-ahots ederrak eliz-sabaiak. Meriturik handiena, ordea, haren musika-duintasun harrigarrian zetzan; haren eskuetan, haren organista-esku bikainetan. Komunitate osoan ez zen besterik inor tresna izentsu haren berri hark bezain ongi zekienik; hegazti talde melodiatsuaren pareko notak jaulkiarazten baitzizkion. Ez zen besterik inor hark bezala, espiritu zerutiarrez jantzia baitzegoen, prosak nahiz ereserkiak, eta abesti arruntaren ahots sagaratuak laguntzen zituenik. Kardinal jaunak —behin, egun gogoangarri batez, komentua bisitatzera etorri zelatik—, Fraile honi bedeinkazioa eman omen zion lehenbizi, ondoren besarkatu eta, azkenik, jotzen entzun zionean, latinezko esaldia aukeratuz goraipatu egin omen zuen. Frai Longinosengan nabarmentzen zen guztia xalotasunik maitagarrienez eta alaitasunik tolesgabeenez argitua zegoen. Zerbaitetan ari zen bakoitzean bazerabilen ereserkiren bat ezpainetan, bere senide Jainkoaren txoriñoek bezalaxe. Eta, alporjak limosnaz beteak zekartzala, astokiloari orpo-kolpeka, eguzkipean izerdi patsetan komenturantz zetorrenetan, halakoxe gazte islada gozoa ageri ohi baitzitzaion aurpegian, baserritarrak etxe atarietan agertzen zitzaizkion agurka eta eurengana joateko hoska: E! Zatoz hona, Frai Longinos, basokada on bat hartzera. Abadetegian gordea dagoen taulan ikus zenezakete haren aurpegia: bekokipe jatorrean bi begi apal eta ilunak; sudur jasoantxa, haur bihurrien itxura xumea erakusten; eta aho erdirikia, irribarrerik onberatienen iturri.

        Hala, ba, behin, Eguberriz, auzo herrira joan zen Longinos...; baina, ez al dizuet komentuaz ezer esan? Nekazari herrixka batetik hurbil zegoen hau; txaradi mardul batetik ez oso urruti. Han monastegia eraiki zuten baino lehen, aztien afalde egiak, maitagarrien eta silfo-sorginen batzarrak eta, Leizekoak (Jainkoak guarda gaitzala) bere ardurapean dauzkan beste hainbat eta hainbat gauza antolatzen zituzten. Fraile-etxe santu hartatik misteriozko oihartzunak, hotsezko dardarizo handiak zeramatzaten zeruetako haizeek gauaren baketan, inular barea zenean...; Longinosen organoa zen, Kristorengan senide zitzaizkionen ahotsa lagun, arrenkari dohatsuak bidaltzen. Esan bezala, Eguberri egun batez, Fraile zintzoa auzo herrian zebilen, eta, halako batean, bekokian eskua ezarriz, harri eta izu, abere patxaroso filosofaria astinduz, hala ziotsan berekiko:

        —Bai zoritxarrekoa ni! Ongi mereziak nituzke, bai, hiru halako zilizio eta bizi guztirako ur-ogi hutsezko mantenua! Nola ote dagozkit zain monastegian!

        Gaua aurrera zihoan, eta fraileak, Aitaren eginik, komenturako bideari heldu zion. Ilunpearen menpe geratu zen ludia. Ez zen ikusten herrixkaren arrastorik; mendiak, berriz, gauaren beltzez jantzi baitzen, gizandi eta deabruen bizileku zitekeen gaztelutzar ikaragarria zirudien.

        Hauek honela, bazihoan Longinos, joan eta joan, «Pater eta ave»ka etengabe, eta, hara non ohartzen den, harriturik, astakiloak zeraman bidexka ez zela betikoa. Ahalguztidunari erruki eske malko-begiak zerurantz jaso zituenean, zeru-sabai ilunean izar eder bat begiztatu zuen. Berarekin batera aurrera zebilen urre kolorezko izar eder bat, lurrerantz argi zorroztada samurra zeriola, bidegidari eta zuzi. Eskerrak eman zizkion Jaunari harrigarritasun harengatik, eta luzaro baino lehen, beste behin hartako Balaan iragarlearenak bezala, ez zion astoak aurrera egin nahi, eta, hala esan zion hark, giza-hilkor garenon ahots argiz: Zorionekoa zu, Frai Longinos; izan ere, zeure bertuteengatik sari biziki handia jasotzeko seinalatua baitzaude. Hori entzun orduko, zarata bat nabaritu zuen eta usain guztiz eztia usmatu. Hiru Jaun ikusi zituen, handiki jantziak, berak zeraman bidean aurrera etortzen eta harriturik begiztatu zuen izarra gidari zetorkiela. Hiruek nabarmen zuten errege itxura, ikurrez ere adierazten zutenez. Aurrelaria Azrael aingerua bezain ile-argi bat zen; adats luzea sorbalda gainetan hedatzen zitzaion, barri bitxiz izarreztaturiko urrezko mitraren azpian; bizarra, perlaz eta urrezko hariz eihoa, dizdizari ageri zitzaion bular gainean. Mantuz estalia zihoan aberaski bordatutako pasai-hegaztiak eta zodiakoaren ikurrak zeramatzan mantuz. Gaspar Erregea zen, zaldi eder zurian zaldun. Bestea, ile belztun bat; begiak ere beltzak eta biziki distiratsuak zituena; aurpegia, berriz, asiriarren erliebe laburreko koadroetan ikus daitezkeenen antzekoa; bazeraman diadema bikaina bekokia inguratzen. Kalkula daitekeen baino soineko garestiagoz jantzia; zahar samarra zen, eta begiratu hutsez antz ematen zitzaion Asiako erdialdean dagozkeen misteriozko herrialde aberatsen bateko errege izan zitekeela. Baltasar erregea zen eta azti-bitxizko koilarra zeraman diamante-suzko eguzki baten euskarri. Ekialdeko erara, dotore apainduriko ganbelu baten gainean zetorren. Hirugarrena beltza zen aurpegiz, eta maiestate-aire berezia zuen begiratuan. Bere burubira-zapiko errubi eta esmeraldak distiraz isladatzen zitzaizkion. Ipuinetako erregegairik harroenaren antzo, elefante gainean zetorren, marfilez eta urrez landutako aulkian. Meltxor Erregea zen. Pasa ziren maiestate haiek, eta, Meltxor Erregearen elefanteari jarraiki, baita Frai Longinosen astemea ere ohi ez bezalako trotean, gainean Frailea, arrosario luze baten aleak behaztatuz, atsegin mistikoz asea zeramala.

        Eta zera gertatu zen: —Herodes ankerraren egunetan bezala—, hiru anti koroatuak, jainkoaren izarra gidari zitzaiela, aberetegi batetaraino heldu ziren; eta han, margolariek pintatu ohi duten bezala, Andra Mari Erregina zegoen, Jose jaun santuarekin eta jainko jaioberriarekin. Alboan, berriz, astoa eta idia, euren arnasa sendoaren beroaz gau-haize hotza epeltzen. Baltasarrek, ahuspezturik, zakukada bat perla, harribitxi eta urrehauts zabaldu zion haurrari; Gasparrek igortzukurik harrigarrienak eskaini zizkion urrezko pitxarretan; Meltxorrek intzentsua, marfilak eta diamanteak...

        Orduan Longinosek, Frai Longinos zintzoak, honela hitz egin zion, bihotz-bihotzez, haur irribarretsuari:

        — Jauna, morroi gizarajo bat besterik ez naiz ni, neure komentuan zuri zerbitzen ahalegintzen banaiz ere; zer eskain diezazuket nik gizagaixo honek? Nondik aterako ditut aberastasunak, usain gozoak, perlak eta diamanteak? Har itzazu, Jauna, nire malkoak eta otoitzak, ez baitizut besterik eskaintzeko.

        Eta, hara non ikusten dituzten Ekialdeko Erregeek Longinosen ezpainetatik jaiotzen euren otoitzen arrosak; eta haien usaina ukuzkari eta erretxin guztiena baino bikainagoa zen; haren begietatik ibaika sortzen ari ziren malkoak, berriz, diamanterik zoragarrienak bihurtzen ziren, maitasunaren eta fedearen aztindar goitiarrak eraginik. Binbitartean, artzain koru baten oihartzuna entzuten zen lurrean eta aingeru talde baten melodia abeltegiaren teilatu gainean.

        Komentuan, berriz, atsekaberik latzena bizi zuten ordu horretan. Elizkizunerako ordua heldua zen. Otoiztegia kandela-gartxoz argitua. Abadea han zegoen bere goialkian, zeremonia-kapaz jantzia, atsekabetua. Fraileak, komunitate osoa, harridura tristez elkarri galdebegiraka ari ziren. Ze istripu izan ote du anaia zintzoak? Zergatik ez ote da herrixkatik itzuli? Elizkizunaren orduak jo du eta bakoitza bere tokian dago, monastegiaren aintzagarri den organu jotzaile xume goitiarra izan ezik... Nor ausar daiteke haren tokia betetzen? Inor ez. Inork ez daki teklategiaren ezkutukien berri; inork ez du Longinosen armonia-dohairik. Baina Priorrak elizkizuna musikarik gabe hasteko agindu duenez gero, denek ekin diote kantuari, Jainkoari, tristura nahasi batean, zuzentzen zaizkiola... Bat-batean, ereserkikoan, organoak jo behar zuenean... jo zuen bai, sekulan ez bezala jo ere. Hare bajuak trumoi sagaratuak ziren; haren tronpetak ahots goitiarrak, haren tubo guztiak ulertezinalako bizi zerutiarrez bizkortuak zeuden. Kantatu egin zuten fraileek, mirarizko suaz beterik kantatu ere; eta, Gabon gau hartan haizeak zeramatzan organo aire ezezagunak entzun egin zituzten nekazariek; bazirudien, izan ere, aingeru-eskuak, Zezilia aintzagarriaren esku single orbangabeak edo... ari zirela organoa jotzen...

        Andra Mariko Frai Longinosek handik laster utzi zuen bere arima Jainkoaren eskuetan; santu usainetan hil zen. Ustelgaitz dirau oraingoz haren gorputzak, komentuko elizkorupean marmolez landuriko hilobi berezi batean ehortzia.

 

 

 

© Ruben Dario
© itzulpenarena: Lukas Dorronsoro

 

 

"Ruben Dario: Fantasiazko ipuinak" orrialde nagusia