ESZENA
Terraza haundi bat Herodesen jauregian, oturunza lekura ematen duena. Kalostrearen kontra ukalondoz soldaduak. Eskubira zurubi eskerga. Ezkerrera, barrenean, antigualeko zisterna, brontze berdezko murruaz inguratua. Ilargiaren argi.
SIRIAR GAZTEA: Salome printzesa den ederra arrats honetan!
HERODIASEN MORROIA: Beha ezazu ilargia. Arrotza du ilargiak bisaia. Hilobitik ilki den andere batena bailitz. Andere hila dirudi. Gorputzilen xerka dabilela erran daiteke.
SIRIAR GAZTEA: Arrotza du oso bisaia. Printzesattoa bailitz, oihal horia daramala eta oinak zilarrezkoak dituelarik. Printzesattoa bailitz, zeinaren oinak usoño xuriak diruditen. Dantzari ari dela erran daiteke.
HERODIASEN MORROIA: Andere hila dirudi. Ezeri-ezerian doa.
(Zurrumurruak oturuntza lekuan).
LEHEN SOLDADUA: Hau ardaila! Zer dira aihumaka ari diren animalia basati horiek?
BIGARREN SOLDADUA: Juduak dira betiko teman. Beren erlisioneaz eztabaidatzen dute.
LEHEN SOLDADUA: Zergatik beren erlisioneaz eztabaidan?
BIGARREN SOLDADUA: Ez dakit nik. Beti horretan ari dira. Esaterako Farisearrek aingeruak badirela diote eta, Saduzearrek berriz, ez direla.
LEHEN SOLDADUA: Farregarria, iduritzen zait horrelako aferaz eztabai aritzea.
SIRIAR GAZTEA: Salome printzesa den ederra arrats honetan!
HERODIASEN MORROIA: Beti beha zaude. Geihegi behatzen duzu. Ez da zilelgi jendea, halako moldez behatzea. Atsekabe bat hel dakiguke.
SIRIAR GAZTEA: Oso dago ederra arrats honetan.
LEHEN SOLDADUA: Tetrarkak bekoskoa du bisaia.
BIGARREN SOLDADUA: Baiki, bekoskoa.
LEHEN SOLDADUA: Zerbait behatzen du.
BIGARREN SOLDADUA: Norbait behatzen du.
LEHEN SOLDADUA: Nor behatzen du?
BIGARREN SOLDADUA: Ez dakit.
SIRIAR GAZTEA: Bai zurbil dagoen printzesa! Sekulan ez dut horren zurbil ikusi. Larrosa xuriaren agerpena dirudi mirail zilarrezkoan.
HERODIASEN MORROIA: Ezin da behatu. Gehiegi behatzen duzu.
LEHEN SOLDADUA: Herodiasek edaten eman dio tetrarkari.
KAPPADOZIARRA: Herodias erregina al da mitra beltza perlaz ereinda daramana eta ileadatsa urdinez hautseztatua?
LEHEN SOLDADUA: Bai, Herodias da. Tetrarkaren emaztea.
BIGARREN SOLDADUA: Tetrarkak oso maite du arnoa. Hirutariko arnoak dauzka. Bata, Samothrace irlatik datorrena, purpura Zesarren kapusaia bezala.
KAPPADOZIARRA: Ez dut sekula Zesar ikusi.
BIGARREN SOLDADUA: Beste bat Chypre hiritik datorrena, horaila urrea bezala.
KAPPADOZIARRA: Oso dut atsegin urrea.
BIGARREN SOLDADUA: Eta hirugarrena Siziliarra da. Gorria. da arno hau, odola bezala.
NUBIARRA: Nire herriko jainkoek oso atsegin dute odola. Urtean bitan, sakrifikatzen dizkiegu mutil gazteak eta birjinak: berrogeitamar mutil gazte eta ehun birjin. Baina badirudi ez diegula inoiz sufizient emaiten, zeren arront gogor ageri bait dira gurekiko.
KAPPADOZIARRA: Nire herrian ez da egun jainkorik, Erromarrek iraizi dituzte. Zenbaitek mendietan babestu direla dio, baina nik ez dut uste. Hiru gau igaroa naiz mendietan haien xerka inon ahail balitez. Ez ditut aurkitu. Finean, izenez hotsegin diet eta ez dira agertu. Ene ustetan hilik daudeke.
LEHEN SOLDADUA: Juduek Jainko bakarra gurtzen dute, zeina ezin baitute ikustatu.
KAPPADOZIARRA: Ezin dut hori konprenitu.
LEHEN SOLDADUA: Azkenean, ikusten ez dutena bakarrik dute sinesten.
KAPPADOZIARRA: Erabat farregarria iduritzen zait hori.
IOKANAANEN BOZA: Nire ondotik etortzekoa dena ni baino are ahaldunago da. Bere sandalien lokarriak ere askatzeko ez naiz nor. Hura datorrenean lur mortua alaituren da. Lis-lorearen antzo loraturen. Itsuen begiek eguna ikusiren dute eta, gorren belarriak zabalduak izanen dira. Jaio berriak herensuge kabian ezarriren du eskua eta lehoinak eramanen zurdetatik.
BIGARREN SOLDADUA: Isilarazi ezazue. Zentzugabekeriak erraten ditu beti.
LEHEN SOLDADUA: Ez baina, gizon saindua da. Oso eztia gainera. Egunoro ematen diot jaten. Beti eskertzen dit.
KAPPADOZIARRA: Nor da?
LEHEN SOLDADUA: Profeta bat.
KAPPADOZIARRA: Nola du izen?
LEHEN SOLDADUA: Iokanaan.
KAPPADOZIARRA: Nondik dator?
LEHEN SOLDADUA: Basamortutik, non maxinsaltoz eta basa-eztiz elikatzen bait zen. Gamelu larruz jazten zen, eta giltzurrinen inguruan larruzko uhela zeraman. Ezkibel itxura zuen. Jende saldoa jarraitzen zitzaion. Bazituen dizipuluak ere.
KAPPADOZIARRA: Zertaz mintzatzen da?
LEHEN SOLDADUA: Inoiz ez dakigu. Zenbaitetan gauza laborriak erraiten ditu, baina gaitza da konprenitzen.
KAPPADOZIARRA: Badago ikusterik?
LEHEN SOLDADUA: Ez. Tetrarkak ez du zilegiztatu.
SIRIAR GAZTEA: Printzesak bisaia ezkutatu du abanikoaren gibelean! Bere eskutto, xuriak usotegirantz hegaldatzen diren usoak legez iharrosten dira. Tximeleta xuriak dirudite. Erabat dira tximeleta xuriak bezala.
HERODIASEN MORROIA: Baina zer ardura duzu horrekin? Zergatik duzu behatzen...? Atsekaberen bat helduren zaigu.
KAPPADOZIARRA: (Zisterna erakutsiz). Ze leotza harrigarria!
BIGARREN SOLDADUA: Aintzineko zisterna.
KAPPADOZIARRA: Aintzineko zisterna! Arront erikoia behar du izan.
BIGARREN SOLDADUA: Ez bada. Esaterako, tetrarkaren anaia, bere anaia nagusia, Herodias erreginaren estraineko senarra, barruan egon zen giltzaperatua hamabi urtez. Ez zen hil. Azkenerako ito behar izan zuten.
KAPPADOZIARRA: Ito? Nor ausartu zen horretara?
BIGARREN SOLDADUA: (Borrerua erakutsiz, beltz erraldoi bat). Hori bera, Naaman.
KAPPADOZIARRA: Eta ez zuen beldurrik izan?
BIGARREN SOLDADUA: Ez bada. Tetrarkak eraztuna igorria zion.
KAPPADOZIARRA: Zein eraztun?
BIGARREN SOLDADUA: Heriotzaren eraztuna. Hartara ez zuen beldurrik izan.
KAPPADOZIARRA: Halaere, ikaragarria da erregea ito araztea...
LEHEN SOLDADUA: Zergatik? Erregeek ere lepo bakarra dute beste gainerantzeko gizonek bezala.
KAPPADOZIARRA: Ikaragarria iduritzen zait.
SIRIAR GAZTEA: Printzesa zutik jarri da. Oturuntza utzi du. Asper itxura ageri du. Ah! honantza dator. Bai gureganantza dator. Bai zurbil dagoen. Sekula ez dut horren zurbil ikusi.
HERODIASEN MORROIA: Ez zazu beha. Otoi dagizut ez behatu!
SIRIAR GAZTEA: Uso bidegabetuaren antzekoa da. Liliparen antzekoa, haizez iharrosia dena. Zilarrezko, lorea dirudi.
(Salome sartzen da).
SALOME: Ez naiz geldituren. Ezin dut gelditu. Zergatik behatzen nau tetrarkak taigabe sator begiz, betazal dardartien petatik?... Harrigarria da amaren senarrak honela beha nazan. Ez dakit zer erran nahi duen... Edota finean, badakit bai.
SIRIAR GAZTEA: Oturuntza utzi duzu, printzesa...
SALOME: Airea den hoxkarra hemen! Halaere hemen arnasa hartzen da. Hor barruan, ostera, Juduak dira, Jerusalemekoak, elkar larrutzen beren zeremonia farregarrien kariaz, eta Barbaroak edan egiten dutenak etengabe, harlauza gainetan arnoa isuriz, eta Greziarrak Smyrnekoak beren begi margotu eta matrail basituekin eta beren bilo espiraletan kizkurtuekin eta Ejipzioarrak, isilak, zorrotzak beren azkazal jadearrizko, eta kapusai ilunez eta, Erromatarrak, beren bortizkeriaz gogaigarriro eta hitz lizunez. Ah! zeinen ditudan higuin Erromatarrak! Jende xehea, izaki eta haundiustekoak egiten.
SIRIAR GAZTEA: Ez duzu eseri nahi, Printzesa?
HERODIASEN MORROIA: Zergatik mintzo zaio? Zergatik du behatzen?... Oh! Atsekaberen bat datorke.
SALOME: Ilargiari so egotea den ederra! Txanpon alea dirudi. Zilarrezko lore txit ttipia bezalakoa. Hotza eta aratza da bai bera. Birjina da zalantzarik gabe. Birjin baten edertasuna du. Birjina baiki. Ez da inoiz orbaindua izan. Ez zaio sekula gizonari eskeini beste jainkosak bezala. Ez zaio sekula eskeini.
IOKANAANEN BOZA: Heldu da Jauna, heldu da Gizonaren semea! Zentauroak ibaietan ezkutatu dira eta lamiek ibaiak utzi dituzte eta, hostopean dautza oihanetan
SALOME: Nork egin du oihu hori?
BIGARREN SOLDADUA: Profeta izan da, Printzesa.
SALOME: Ah! profeta. Tetrarka bera izutzen duena?
BIGARREN SOLDADUA: Guk ez dakigu deus horren gainean, Printzesa. Iokanaan profeta duzu.
SIRIAR GAZTEA: Nahi al duzu litera eska dezadan printzesa? Gau giro ederra dago, lorategian.
SALOME: Gauza ezainak omen dizkio amarengatik, ezta?
BIGARREN SOLDADUA: Inoiz ez dugu ulertzen erraiten duena, Printzesa.
SALOME: Bai, gauza ezainak erraiten ditu harengatik.
JOPU BAT: Printzesa, tetrarkak oturuntzara itzul zaitezen erregutzen dizu.
SALOME: Ez naiz itzuliren.
SIRIAR GAZTEA: Barka Printzesa, baina ez itzultzekotan atsekaberen bat hel dakiguke.
SALOME: Zaharra al da, profeta?
SIRIAR GAZTEA: Printzesa, hobe duzu itzul zaitezen. Utzi arren gida zaitzadan.
SALOME: Profeta... Zaharra da?
LEHEN SOLDADUA: Ez Printzesa, arront gaztea duzu.
BIGARREN SOLDADUA: Nehork ez daki. Zenbaitzuk Elia dena, diote.
SALOME: Nor da Elia?
BIGARREN SOLDADUA: Antigualeko profeta, herri honetakoa Printzesa.
JOPU BAT: Zein ihardespen eman behar diot tetrarkari Printzesaren partetik?
IOKANAANEN BOZA: Ez zaitez alaitu Palestinako herria, zigortzen zintuen zotza hautsi dela, zeren sugearen leinuaren baitan jaioko baita herensugea eta jaioko, denak xoriak irentsiren ditu.
SALOME: Zein ahots harrigarria! berarekin mintzatu nahi nuke.
LEHEN SOLDADUA: Ezina ote den beldur naiz, Printzesa. Tetrarkak ez du nahi nehork hitzegin diezaion. Sakrifikadore Nagusiari ere eragotzi egin dio.
SALOME: Nik hitzegin nahi diot.
LEHEN SOLDADUA: Ezina da, Printzesa.
SALOME: Nik nahi dut, Ordea.
SIRIAR GAZTEA: Egitan hobe da oturuntzara itzul zaitezen, Printzesa.
SALOME: Aska ezazue profeta.
LEHEN SOLDADUA: Ez gara ausartzen, Printzesa.
SALOME: (Zisternara gerturatuz eta barrura so eginez). Bai iluna barrualde hori! Izugarria behar du izan horren zulo beltzean egonaldia! Hilobiaren antza du... (Soldaduei). Ez didazue entzun? Aska ezazue. Ikusi nahi dut.
BIGARREN SOLDADUA: Erregutzen dizut, Printzesa, ez galda horrelakorik.
SALOME: Iguriki arazten didazue.
LEHEN SOLDADUA: Printzesa, gure biziak zureak dira, baina ezin dugu galdatzen diguzuna burutu... Finean ez da guri zuzendu beharreko gauza.
SALOME: (Siriar gaztea behatuz). Ah!
HERODIASEN MORROIA: Oh! zer ote da datorkiguna! Segur naiz atsekaberen bat helduko dena.
SALOME: (Siriar gaztearengana hurbilduz). Niregatik eginen duzu hori, ezta, Narraboth? Niregatik eginen duzu? Beti izan naiz eztia zurekiko. Baietz orain niregatik hori egin? Ikusi bakarrik egin nahi dut profeta arrotz hori. Hainbestetan mintzatu dira bere gainean. Sarritan aditu dut tetrarka, harengatik solasean. Tetrarkak beldurra diola uste dut. Segur naiz beldur dela. Narraboth, zerorrek ere beldur ote diozu?
SIRIAR GAZTEA: Nik ez diot beldurrik, Printzesa. Ez naiz nehoren beldur. Baina tetrarkak eragotzi egin du suharki Osinzulo honen estalkia zabal dadin.
SALOME: Niregatik eginen duzu hori, Narraboth, eta bihar eidol saltzaileen bortapetik literan iraganen naizenean loretto bat utziren dut erortzerat, loretto ferdea.
SIRIAR GAZTEA: Printzesa, ezin dut, ezin.
SALOME: (Farriduriz). Niregatik eginen duzu, Narraboth. Ongi dakizu eginen duzula. Eta, bihar eidol erosleen zubipetik literan iraganen naizenean muselinezko oihal tartetik behaturen zaitut, Narraboth, behaturen, irriñoa eginen dizut agian. Behatu Narraboth, behatu. Ongi dakizu galdaturikoa eginen duzula. Ongi dakizu, ezta?... Nik badakit. Segur.
SIRIAR GAZTEA: (Hirugarren soldaduari keinu eginez). Aska zazue profeta... Salome Printzesak ikusi nahi du.
SALOME: Ah!
HERODIASEN MORROIA: Oh! Ilargiaren bisaia bai arrotza! Hilotzemearen eskua legez, kubritxetaz estaltzearen xerka dabilena.
SIRIAR GAZTEA: Arrotza du bisaia, oso. Printzesattoa dirudi, zeinak anbarezko begiak dituen. Muselinezko hodeien zehar irriñoa dagi printzesattoak bezala.
(Profeta zisternatik ilkitzen da. Salomek so egiten dio eta gibelatzen da).
IOKANAAN: Non da higuinaren kopa osabete duen hura? Non da zilarrez jantzia, egun batetan populuaren aintzinean hilen den hura? Erraiozue etortzeko aditzerik izan dezan basamortuan eta erregeen jauregian oihu egin duenaren boza.
SALOME: Zertaz ari da?
SIRIAR GAZTEA: Nehoiz ez dakigu hori, Printzesa.
IOKANAAN: Non da, harresian pintaturiko gizonak ikusirik, Kaldearren irudi koloretan margotuak, bere begien lizunkeriari bide eman diona, eta Kaldeara, enbasadoreak igorri dituena?
SALOME: Nire amaz ari da.
SIRIAR GAZTEA: Ez bada, Printzesa!
SALOME: Bai, nire amaz ari da.
IOKANAAN: Non da Asiriarren kapitainei eskeini dena, giltzurrinen inguruan uhelak eta buru gainean kolore desberdinetako xingolak daramatzana? Non da lihoz eta jazintoz jantzita, urrezko ezkutak eta zilarrezko bonetak eramanez, gorputz haundiko, Ejiptoko, gazteei eskeini dena? Erraiozue ahalgegabekeriaren ohantzetik altxatzeko, ohantze intzestuoso horretatik, Jaunaren Mintzoa gertatzen duenaren eleak uler ditzan, bere hogenez damu dadin. Damutzen ez bada ere, eta bere higuinean irauten badu, erraiozue etortzeko, Jaunak izurritea eskueran baitu.
SALOME: Baina izugarria da, izugarria.
SIRIAR GAZTEA: Ez geratu hemen Printzesa, otoi.
SALOME: Begiak dira ororen gain izugarriak. Osin beltzak iduri, Tyroko tapizean zuziz zabalduak. Leize beltzak iduri, non herensugeak bizi diren, leize beltzak Ejiptokoak non herensugeek aterpea lortzen duten. Aintzira beltzak iduri ilargi fantastikoez aztoratuak... Haboro mintzatuko dela uste duzu...?
SIRIAR GAZTEA: Ez hemen geratu Printzesa! Otoi! Ez hemen geratu!
SALOME: Bai iharra, den ere! Marfilezko irudi mehe baten antzeko. Zilarrezko irudia ematen du. Segur naiz aratza dela, ilargia bezala. Zilarrezko izpia dirudi. Bere haragiak hotza behar du izan, marfila antzo, hurbiletik ikusi nahi dut.
SIRIAR GAZTEA: Ez, ez Printzesa.
SALOME: Hurbiletik ikusi behar dut.
SIRIAR GAZTEA: Printzesa, Printzesa!
IOKANAAN: Nor da behatzen nauen andere hau? Ez dut beha nazan nahi. Zergatik behatzen nau urrezko begiez bere betazal horailen petatik? Ez dakit nor den. Ez dut jakin nahi. Erraiozue joateko. Ez da honekin mintzatu nahi dudana,
SALOME: Salome naiz, Herodiasen alaba, Judeako Printzesa.
IOKANAAN: Atzera, Babiloniako alaba! Ez zaitez Jaunak hautatuarengana hurbil. Zure amak lurra bete du gaiztakerien ardoz eta bere hogenen antsia Jainkoaren beharrietara heldu da.
SALOME: Jarrai hitzegiten Iokanaan. Zure bozak horditzen nau.
SIRIAR GAZTEA: Printzesa, Printzesa, Printzesa!
SALOME: Jarrai hitzegiten baina. Jarrai Iokanaan, eta erraidazu egin behar dudana.
IOKANAAN: Ez zatzaizkit hurbil, Sodomako alaba eta estali bisaia oihalez, ezarri errautsak buru gainean, eta zoaz basamortuan barna Gizonaren Semearen xerka.
SALOME: Nor da Gizonaren Semea? Zu bezain ederra al da, Iokanaan?
IOKANAAN: Atzera! Atzera! Aditzen dut jauregian heriotz aingeruaren hegal astinketa.
SIRIAR GAZTEA: Printzesa, itzuli zaitez arren!
IOKANAAN: Jaun eta Jainkoaren aingeru, zer dagizu hemen zure ezpatarekin? Zer bilatzen duzu jauregi likits honetan. Zilar jantziz hilen denaren eguna ez da, heldu.
SALOME: Iokanaan
IOKANAAN: Nor da mintzo?
SALOME: Iokanaan! Zure gorputzez maitemindu naiz. Zure gorputza xuria da lis-lorea bezala, segalariak sekula ebaki ez duen belazean. Zure gorputza xuria da elurra bezala, mendietan datzalarik; elurra bezala Judeako mendietan datzana bai eta, ibarretan behera abailtzen dena. Arabiako erreginaren lorategiko larrosak ez dira zure gorputza bezain xuriak. Ez Arabiako erreginaren larrosak, ez oilaritearen oinak horbel gainean poz-saltoan dabiltzalarik, eta ez ilargiaren altzoa, itsasoaren magalean etzaten denean ere... Ez da ezer munduan zure gorputza bezain xuri. Utzi egidazu zure gorputza ukitzen.
IOKANAAN: Atzera, Babiloniako alaba! Anderea dela bide sartua da hogena munduan. Ez niri mintzorik gero. Ez dizut aditu nahi. Ez ditut Jainko gure Jaunaren eleak besterik aditzen.
SALOME: Zure gorputza higuingarria da. Legenarrak hartutakoaren pareko. Igeltsozko murrua bezala non sugegorriak iraganak diren. Igeltsozko murrua bezala bai, non arrubioak beren kabia egin duten. Hilobi xurituaren parekoa, ustelkeriez betea. Higuingarria, da, higuingarria zure gorputza! ... Zure ileadatsaz naiz maite mindu Iokanaan. Mahats molkoak dirudite, mahats beltz molkoak, Edomeko mahastietan eskegiak, Edomitarren herrian. Zure biloak Libanoko zedro arbolen antzekoak dira. Libanoko zedrotzarren antzeko, geriza damaietenak lehoiei eta egunargiz beren buruak ezkutatu nahi dituzten gaizkileei. Gau beltz luzeak, gauak non ilargirik ageri ez den, non izarrak beldur izua daukaten, ez dira horren beltzak. Oihanean bizi den isiltasuna ez da horren beltza. Ez da ezer munduan zure biloa bezain beltza... Utz egidazu zure biloa ukitzen.
IOKANAAN: Atzera Sodomako alaba! Ez ni ukitu gero. Ez lirdingatu Jainko Jaunaren tenploa!
SALOME: Zure biloak nardagarriak dira. Lokatzez eta hautsez estaliak. Bekokian ezarritako, arantz koroaren pareko. Suge beltz korapiloaren pareko, zure lepoan biribilduz. Ez ditut zure biloak atsegin... Zure ahoaz naiz maitemindu, Iokanaan. Zure ahoa xingola gorriminaren antzo marfilezko dorrearen inguruan. Mingrana alearen antzo marfilezko aiztoz ebakia. Tyrko lorategietan loratzen den mingrana lorea, larrosak baino are gorriago izanik ez da horren gorria. Turuten oihu gorriak, erregeen etorrera iragartzen eta arerioak beldurtzen dituztenak ez dira horren gorriak. Zure ahoa, tolareetan arnoa zanpatzen dutenen oinak baino gorriagoa da. Tenploetan bizi eta sakrifikadoreek elikatuak diren usoen hankak bainoago. Gorriagoa da, ezen oihanetik datorren urliaren oinak baino, handik non lehoia akabatu eta digre urrezkoak ikusi dituen. Zure ahoa koral adaskaren antzo, arrantzaleek itsasoaren ilunabarrean topatu eta erregeentzat gordetzen dutena... ! Bermillona bezalakoa da Moabeko meatzetan moabetarrek aurkitu eta, erregeek kentzen dietena. Persiarren erregearen uztaia bezalakoa da bermillonez margotuta eta koralezko adarrak dituena. Ez da munduan ezer zure ahoa bezain gorri... Utzi egidazu muin ematen zure ahoan.
IOKANAAN: Sekula ez, Babiloniako alaba! Sodomako alaba! Sekula ez!
SALOME: Zure ahoari muin emanen diot, Iokanaan, zure ahoan muin.
SIRIAR GAZTEA: Printzesa, Printzesa, mirra buketaren pareko zaren hori; usoetan uso zaren hori, ez beha gizon hau, ez beha! Ez erran horrelako elerik. Ezin dut jasan... Printzesa, Printzesa ez erran horrelako elerik.
SALOME: Zure ahoan muin, Iokanaan.
SIRIAR GAZTEA: Ah!
(Bere buruaz beste egiten du Salome eta Iokanaanen artean).
HERODIASEN MORROIA: Bere burua hilerazi du Siriar gazteak! Bere burua hilerazi du kapitain gazteak. Nire laguna izandakoak bere burua hilerazi du! Lurrin kutxatxo bat oparitu nion eta belarritakoak zilarrez eginak eta orain bere burua hilerazi du! Ez al zuen bada iragarri atsegabe bat bazetorrenekoa? Neronek ere iragarri nuen eta heldu da. Ongi nekien jakin ilargia hilen baten xerka zebilena. Baina ez nekien bera zenik ilargiak xerkatzen zuena. Ah! Zergatik ez ote dut ilargiarengandik ezkutatu? Leizezulo batean ezkutatu izan banu ez zukeen ilargiak kausituren.
LEHEN SOLDADUA: Printzesa, Kapitain gazteak bere buruaz beste egin du oraintxe.
SALOME: Zure ahoan muin, Iokanaan.
IOKANAAN: Ez al duzu beldurrik Herodiasen alaba? Ez al nizun bada erran heriotz aingeruaren hegal astinketa sumatu nuela? Ez al da ausaz heldu aingeruori?
SALOME: Zure ahoan muin.
IOKANAAN: Izorkeriaren alaba, ez dago salba zaitzakeen gizon bakarra baizik. Aitatu dizudan hori bera da. Zoaz haren xerka. Txalupan dabil Galileako itsaso gainean eta dizipuluei hitz dagie. Belaunbika zaitez itsasertzean eta izenez hotsegin. Zuregana datorrenean, eta, hotsegiten duen ororengana dator, lurreratu zaitez apalkiro bere oinen posturaraino eta galda hogenen barkamena.
SALOME: Zure ahoan muin.
IOKANAAN: Madarikatua izan zaitez, ama intzestuosoaren alaba, madarikatua izan zaitez beti!
SALOME: Zure ahoari muin emanen diot, Iokanaan.
IOKANAAN: Ez zaitut behatu ere egin nahi. Ez zaitut behaturen. Madarikatua zara, Salome, madarikatua.
(Zisternaratzen da berriro).
SALOME: Zure ahoari muin emanen diot, Iokanaan, zure ahoari muin.
LEHEN SOLDADUA: Gorpua garraiatu behar da beste noara. Tetrarkak ez ditu gorputzilak atsegin, ezpadira bere eskuz hilerazitakoak.
HERODIASEN MORROIA: Nire anaia bezala zen, anaia baino are hurbilagoa. Kutxatxo bat erregalatu nion perfumez betea, eta agatazko eraztuna, beti behatzan zeramana. Arrats-beheran, pasian aritzen ginen ibaiaren ertzetik amanda-arbolen artean eta bere herriko gauzak kontatzen zizkidan. Beti ahopeka mintzo zen. Bere ahots doinuak, txirulariaren txirula doinua zirudien. Oso zuen atsegin ibaian bere burua behatzea. Hori aurpegiratzen nion.
BIGARREN SOLDADUA: Arrazoi duzu; ezkutatu beharra dago gorputzila. Ezin du tetrarkak ikusi.
LEHEN SOLDADUA: Tetrarka ez da hona etorriren. Ez da inoiz terrazara etortzen. Izu haundia dio profetari .
(Herodias, Herodes eta korte guztia sartzen da).
HERODES: Non da Salome? Non da Printzesa? Zergatik ez da itzuli oturuntzara nik galdatu diodan bezala? Ah! Hona non den!
HERODIAS: Ezin duzu behatu, beti behatzen duzu!
HERODES: Arrotza du oso ilargiak bisaia. Baiki arrotza, ez da hala? Andere zoroa dirudi, andere zoroa bai, zeinak inon balitez amoranteak xerkatzen dituen. Bilutsik bera ere. Bilutsik erabat. Hodeiek jantzi nahi dute baina ez du nahi. Zabu egiten du hodeian atzean andere hordiak bezala... Ziur naiz, amoranteak xerkatzen ditu... Ez da egia zabuka dabilela andere hordia bezala? Andere zoroa dirudi, ez al da hala?
HERODIAS: Ez, ilargiak ilargia dirudi eta kitto. Itzuli gaitezen... Ez duzu deus egiterorik hemen.
HERODES: Geratu eginen naiz! Manasse, jarri tapizak hor. Piztu zuziak. Ekarri marfilezko mahaiak eta jadezkoak. Gau giro ederra da hemen. Arnoa edanen dut oraindik nire konbidatuekin. Zesarren enbaxadoreei guztizko ohoreak eskeini behar zaizkie.
HERODIAS: Ez zara horiengatik geratzen.
HERODES: Baa, gau giroa ederra da. Zatoz Herodias, gure konbidatuak zain dauzkagu. Ah! irrista egin dut! Irrista egin dut odolarekin! Iragarle txarra da. Oso da iragarle txarra. Zergatik dago odola hemen...? Eta hilotz hau? Zer egiten du hemen hilotz honek? Ejiptoko Erregea naizela uste duzue, zeinak ez duen oturuntzarik ematen konbidatuei hilotzik erakutsi gabe. Nor da beraz? Ez dut behatu nahi.
LEHEN SOLDADUA: Gure kapitaina duzu, Jauna. Siriar gaztea, duela hiru egun bakarrik kapitain izendatu zenuena.
HERODES: .Ez dut hilerazitzeko manurik eman baterel.
BIGARREN SOLDADUA: Berak hilerazi du bere burua, Jauna.
HERODES: Zergatik? Kapitain izendatu ez nuen bada!
BIGARREN SOLDADUA: Ez dakigu, Jauna. Baina berak hilerazi du bere burua.
HERODES: Arraroa iduritzen zait. Uste nuen Erromar filosofoek soilik hilerazitzen zituztela beren buruak. Ez da hala Tijelino, Erroman filosofoek beren buruaz beste egiten dutela?
TIJELINO: Bada, bai, bere buruaz beste egiten duenik, Jauna. Estoikoak dira. Oso jende zakarra. Farregarriak oso. Nik farregarritzat dauzkat.
HERODES: Neuk ere. Farregarria da buruaz beste egitea.
TIJELINO: Far aski egiten dugu Erroman heien kontura. Enperadoreak poema satirikoa ondu du heien kontra eta edonon errezitatzen da.
HERODES: Ah! Poema satirikoa egin du heien kontra? Harrigarria da Zesar. Eta zernahi egiteko gauza da. Arraroa da Siriar gazteak bere burua hilerazi izana. Dolu dut. Dolu haudia dut. Ederra bait zen. Ederra oso. Arrunt begi ahituak zituen. Gogoan dut Salomeri beha ikusi dudala gogo gabe bezala. Hori da, gehiegi behatu dueneko susmoa nuen.
HERODIAS: Besteak ere baziren gehiegi behatzen zutena.
HERODES: Aita errege zuen. Bere erresumatik iraizi dut. Eta ama, erregina izan zena ere, jopu egin duzu, Herodias. Beraz maizter bezala zegoen hemen. Horregatik izendatu nuen kapitain. Dolu dut hila izana... Baina zergatik utzi duzue hemen hilotza? Noara eraman beharra dago. Ez dut ikusi ere egin nahi... Eraman ezazue (gorputza eraman egiten dute). Hotza dago hemen. Haizea dabil. Ez da hala?
HERODIAS: Ez da hala. Ez dabil haizerik.
HERODES: Bai baina,, haizea dabil... Eta airean sumatzen dut zerbait, hegal astinketa bailitz, hegal erraldoien astinketa. Ez al duzue somatzen?
HERODIAS: Ez dut deus aditzen.
HERODES: Ezta neronek ere jadanik. Baina aditu dut. Haizea, zen ezbai gabe. Iragan da. Baina ez, sumatzen dut oraindik. Hegal astinketa bezalakoa da, erabat.
HERODIAS: Ez dela deus erran dizut. Gaixo zaude. Itzuli gaitezen.
HERODES: Ez nago ni gaixo. Zure alaba da gaixo dagoena. Oso irudi txarra du. Ez dut sekula horren zurbil ikusi.
HERODIAS: Ez behatzeko erran dizut.
HERODES: Isuri arnoa hemen (arnoa dakarte) Salome, zatoz nirekin arno tanta bat edatera. Arno fina dut hemen. Zesarrek berberak igorritakoa da. Busti barruan zure ezpain gorriak eta ondoren kopa hustuko dut.
SALOME: Ez naiz egarrik, Tetrarka.
HERODES: Ikusten duzu nola ihardesten didan zure alabak.
HERODIAS: Arrazoia duela uste dut. Zergatik behatzen duzu beti?
HERODES: Ekarri frutak (frutak dakartzate). Salome, zatoz fruta jatera. Gustokoa dut oso, fruta batean zure hortzatxoen hozka ikustea. Hozka egin fruta honen zatitxo, bati eta neronek jango dut gainerantzerakoa.
SALOME: Ez naiz gose, Tetrarka.
HERODES: (Herodiasi). Horra nola hezi duzun zure alaba.
HERODIAS: Alabak eta biok Errege askazian dugu jatorria. Zure aitonari dagokionez ordea, gameluzaina zen. Eta lapurra: gainera.
HERODES: Gezurra!
HERODIAS: Ongi dakizu egia dena.
HERODES: Salome, zatoz nire ondoan eseritzera. Zure amaren tronua eskeiniren dizut.
SALOME: Ez nago akituta, Tetrarka.
HERODIAS: Ikusten duzu zer eritzi duen zutaz.
HERODES: Ekarri... Zer nahi nuen? Ez dakit. Ah! Ah! Gogoratzen zait...
IOKANAANEN BOZA: Heldu da tenorea! Iragarritakoa heldu da, dio Jainko Jaunak, Horra nik aipatu nuen eguna.
HERODIAS: Isil arazi ezazue. Ez dut beree boza entzun nahi. Oka egiten ditu irainak beti nire kontra.
HERODES: Ez du deus zure kontra erran. Profeta haundia da gainera.
HERODIAS: Ez dizut profetak sinesten. Helduren dena iragar al dezake bada gizonak? Nehork ez daki. Beti egiten dit irain. Baina bere beldur zarela uste dut... Bai, bere beldur zara, ziur naiz.
HERODES: Ez naiz bere beldur. Ez naiz nehoren beldur.
HERODIAS: Bai, bere beldur zara. Zergatik bestela, izurik izan ezean, ez diezu duela sei hilabete galdatzen ari zaizkizun Juduei askatzen.
JUDU BAT: Egia da, Jauna, hobe zenuke askatuko bazenigu.
HERODES: Aski dut horren gainean. Eman nizuen erantzuna. Ez dizuet askatu nahi. Jainkoa ikusi duen gizona da.
JUDU BAT: Hori ezinezkoa da. Nehork ez du Jainkoa ikusi Elia profetaren ondoren. Bera izan zen azkena Jainkoa ikusten. Gure garaian ez da azaltzen. Ezkutatu egiten da. Eta horregatik daude atsekabeak gure herrian.
BESTE JUDU BAT: Ez dakizu ere Elia profetak Jainkoa benetan ikusi zuenetz. Jainkoaren errainua ikusi zuen agian.
HIRUGARREN JUDU BAT: Jainkoa ez da inoiz ezkutatzen. Beti ageri da eta gauza guztietan. Bai gaizkian nola ongian.
LAUGARREN JUDU BAT: Ezin da hori erran. Ideia arriskutsua da oso. Alexandriako eskoletatik datorren ideia da hori, greziar filosofia irakasten zen lekutik. Eta greziarrak jentilak dira. Ez daude erdainduak ere.
BOSGARREN JUDU BAT: Ezin dugu jakin Jainkoak nola jokatzen duen. Bere bideak ezkutuak dira. Agian guk gaizkia deitzen duguna da ongia eta guk ongia deitzen duguna gaizkia. Ezin dugu deus jakin. Orotara makurtu beharra daukagu. Jainkoa oro ahaltsua da. Era berean apurtzen ditu ahulak eta indartsuak. Ez du nehongo giza bereiztasunik egiten.
LEHEN JUDUA: Egia da hori. Jainkoa izugarria da. Ahulak eta indartsuak xehatzen ditu garia almaitzean xehatzen den legez. Baina gizon honek ez du sekula Jainkoa ikusi. Nehork ez du Jainkoa ikusi Elia profetaren ondoren.
HERODIAS: Isilaraz itzazue. Gogaigarriak dira.
HERODES: Baina aditu dut erraiten Iokanaan berbera dela zuen Elia profeta.
JUDU BAT: Ezinezkoa da. Elia profetaren garaietatik hirurehun urte iragan dira honez gero.
HERODES: Bada Elia profeta dela erraiten duenik.
NAZAREAR BAT: Zalantzarik ez dut Elia profeta dena.
JUDU BAT: Ez bada, ez dela Elia profeta.
IOKANAANEN BOZA: Eguna heldu da, Jaunaren Eguna, eta mendi gainetan aditzen ditut Munduaren Salbatzailea izanen denaren urratsak.
HERODES: Zer erran nahi du horrek? Munduaren Salbatzailea.
TIJELINO: Zesarrek hartutako tituluetako bat da.
HERODES: Baina Zesar ez dator Judeara. Atzo jaso nituen Erromako gutunak. Ez dute deus jartzen horretaz. Zuk Tijelino, neguan Erroman izan zarena, ez al duzu deus aditu horretaz?
TIJELINO: Ez dut deus aditu, Jauna. Titulua bakarrik agertu dizut. Zesarren tituluetako bat da.
HERODES: Ezin du Zesarrek etorri. Hezueria du. Elefante oinak dituela diote. Eta estadu arrazoiak ere badira. Erroma uzten duenak Erroma galtzen. baitu. Ez da etorriren. Bera da nagusi ordea. Etorriren da nahi badu. Baina ez dut uste etorriren denik.
AURREKO NAZAREARRA: Profeta ez da Zesarrez mintzo izan, Jauna.
HERODES: Zesarrez ez.
LEHEN NAZAREARRA: Ez, Jauna.
HERODES: Noren gainean aritu da bada?
LEHEN NAZAREARRA: Etorri den Mesiasenean.
JUDU BAT: Mesiasa ez da etorri.
LEHEN NAZAREARRA: Etorri da eta mirakuluak egiten ditu edonon.
HERODIAS: Oh! Oh! mirakuluak. Ez dut mirakuluetan sinesten. Gehiegi ikusi ditut (Morroiari). Nire abanikoa.
LEHEN NAZAREARRA: Gizon honek egiazko mirakuluak egiten ditu. Esaterako, Galileako herri ttiki batean, nahiko garrantzitsua halaere, eztai batzuk zirela eta, ura bihurtu zuen ardo. Hara bildutakoek erran didate. Eta bi legenardun sendatu ditu ere Kafarnaumeko bortan eserita zeudenak, ikutuz bakarrik.
BIGARREN NAZAREARRA: Ez, itsuak ziren Kafarnaumen sendatu dituenak.
LEHEN NAZAREARRA: Ez, legenardunak ziren. Baino itsuak ere sendatu ditu eta mendi gainean ikusi dute aingeruekin mintzatzen.
SADUZEARRA: Aingeruak ez dira existitzen.
FARISEARRA: Aingeruak existitzen dira, baina ez dut uste gizon hori mintzo izan denik haiekin.
LEHEN NAZAREARRA: Jendetza haundiak ikusi du aingeruekin mintzatzen.
SADUZEARRA: Ez aingeruekin.
HERODIAS: Ernearazten didate gizon hauek! Ergelak dira, erabateko ergelak. (Morroiari). Eta abanikoa! (Morroiak haizemailea ematen dio). Ametsetan zaudela dirudi. Ez da ametsik egin behar. Ameslariak gaixoak dira. (Morroia jotzen du haizemailearekin).
BIGARREN NAZAREARRA: Jairoren alabarekin ere mirakulua, egin du.
LEHEN NAZAREARRA: Egia da hori ere. Ezin da ukatu.
HERODIAS: Zoroak dira hauek. Gehiegi behatu dute ilargia. Erraiezue isiltzeko.
HERODES: Zer da. Jairoren alabaren mirakulu hori ?
LEHEN NAZAREARRA: Jairoren alaba hila zen. Berak piztu zuen.
HERODES: Hilak pizten ditu beraz?
LEHEN NAZAREARRA: Bai, Jauna, hilak pizten ditu.
HERODES: Ez dut nahi hori egin dezan. Debekatu egiten diot. Ez dut onesten hilak pizterik. Gizon hori bilatu beharra dago eta erran behar zaio ez diodala hilak pizteko baimena ematen. Non da orain, gizon hori?
BIGARREN NAZAREARRA: Nonahi dago, Jauna, baina oso da zail kausitzen...
LEHEN NAZAREARRA: Orain Samarian dela diote.
JUDU BAT: Ez dut uste Mesiasa izango denik, hortaz, Samarian bada. Ez zaie Samarriarrei Mesiasa etorriko. Samariarrak madarikatuak dira. Ez dituzte sekula eskeintzak eramaten Tenplora.
BIGARREN NAZAREARRA: Bada zenbait egun Samaria Herria utzi duela. Uste dut une hauetantxe Jerusalemeko ingurunetan dela.
LEHEN NAZAREARRA: Ez bada, ez da han. Jerusalemetik etorri berria naiz. Eta bi hilabete badira han bere izena jendearen lelotan ez dabilela.
HERODES: Hori berdin da! Baina kausitu beharra dago eta erran nire partetik debekatu egiten diodala hilak pizten ibiltzea. Ura ardo bihurtu, legenardunak eta itsuak sendatu... Horiek oro egin ditzake nahi izanez gero. Ez dut deus erraiteko, horren kontra. Aitzitik, legenardunak sendatzea ekintza ona dela uste dut. Baina ez dut onerizten hilak pizteari... Ikaragarria izango litzateke hilak oro itzuliko balira. IOKANAANEN: Ah! Lizuna! Emagaldua! Ah! Babiloniako alaba bere begi urrezko eta betazal horailez! Horra zer dioen Jainko Jaunak: Ekarri gizon multzo haundi bat. Herriak har ditzala harriak eta, harrika xehatu dezatela.
HERODIAS: Isil arazi ezazu!
IOKANAANEN BOZA: Gudu Kapitainek erasan dezatela alderik alde beren ezpatez eta zanpatu beren ezkutapetan.
HERODIAS: Zital hori!
IOKANAANEN BOZA: Horrela ezabatuko ditut krimenak lurrazaletik eta emazte orok ikasiren du honoko honen likiskeriei jaramonik ez egiten.
HERODIAS: Aditzen al duzu nire kontra dioena? Zure emaztea iraintzen uzten diozu?
HERODES: Ez du zure izenik aipatu.
HERODIAS: Zer ajola du horrek? Ongi dakizu ni iraindu nahi nauela. Eta ni zure emaztea naiz, ez da hala?
HERODES: Jakina, Herodias maite eta duin hori, zu zara nire emaztea, eta nire anaiaren emazte izatetik hasi zinen.
HERODIAS: Zerorrek erauzi ninduzun haren besoetatik.
HERODES: Egia da, neroni nintzen indartsuena.. baina ez gaitezen horretaz mintza. Ez dut horretaz mintzatu nahi. Horren kariaz erran ditu profetak horren ele laborriak. Agian horren kariaz etor dakiguke atsekaberen bat. Ez gaitezen horretaz mintza. Herodias noblea, gure konbidatuak ahantzi ditugu. Isuri edaria nire laztana Gainezka itzazu arnoz zilarrezko kopa ederrak eta beirazko kopa ederrak. Zesarren izenean edan nahi dut. Erromatarrik bada hemen, Zesa rren izenean edan beharra dago.
GUZTIAK: Zesar! Zesar!
HERODES: Ez duzu erreparatu alabaren zurbilarekin.
HERODIAS: Zurbil ala ez zurbil, zuri zer ajola?
HERODES: Sekula ez dut horren zurbil ikusi.
HERODIAS: Ez duzu behatu behar.
IOKANAANEN BOZA: Gaurko egunean ekia beztu eginen da ilezaku baten antzera eta ilargia odolezkoa bihurtu eta izar zerukoak lurrera eroriko dira pikondotik eroritako piko berdeak bailira eta lurreko erregeak beldur izanen dira.
HERODIAS: Ah! Ah! ikusiko nuke gustora aipatzen duen egun hori, zeinatan ilargia odolezkoa bihurtuko den eta izarrak lurrera eroriko piko berdeak bailira. Profeta hau hordiak bezala mintzo da... Baina ezin dut eraman bere bozaren doinua. Gorroto dut bere boza. Agindu isil dadin.
HERODES: Ez bada. Ez dut erran duena ulertzen, baina iragarri bat izan zitekeen.
HERODIAS: Ez dut iragarrietan sinesten. Hordia bezala mintzo da.
HERODES: Agian Jainko arnoz dagoke horditurik!
HERODIAS: Zein da Jainko arno hori? Zein mahastitatik dator? Zein tolaretan kausitzerik dago?
HERODES: (Salome behatzeari utzi gabe). Tijelino, azken honetan Erroman izan zarenean, mintzatu al zaizu Enperadorea gai honen gainean?
TIJELINO: Zein gaiaz, Jauna?
HERODES: Zein gaiaz? Ah! Galdera bat zuzendu dizut, ezta? Ahantzi egin dut jakin nahi nuena.
HERODIAS: Nire alaba behatzen duzu oraindik. Ezin duzu. Erran dizut hori lehen ere.
HERODES: Ez duzu besterik erraiten.
HERODIAS: Ezta erranen ere.
HERODES: Eta Tenploaren berritzea-edo hainbestetan hitzegin den hori? Zerbait egin behar dute? Santutegiko oihala ohostu dutela diote, ezta?
HERODIAS: Zerorrek ohostu zenuen-eta. Zentzugabe mintzo zara. Ez dut hemen geratu nahi. Itzuli gaitezen.
HERODES: Salome, egin dantzan niretzat.
HERODIAS: Ez dut nahi dantzan egin dezan.
SALOME: Ez dut inolako gogorik dantzan egiteko, Tetrarka.
HERODES: Salome, Herodiasen alaba, egin dantzan niretzat.
HERODIAS: Utzi ezazu lasai.
HERODES: Dantzan egiteko agintzen dizut.
SALOME: Ez dut dantzan eginen, teatrarka.
HERODIAS: (Farrez). Horra nola duzun erranekoa!
HERODES: Niri zer ajola dantzan egiten badu ala ez? Niri bost ajola. Zoriontsu naiz gaur. Guztiz zoriontsu. Sekula ez naiz honen zoriontsu izan.
LEHEN SOLDADUA: Bekosko dago tetrarka, ez da egia? Bekosko dago.
BIGARREN SOLDADUA: Bekosko dago bai.
HERODES: Zergatik ez naiz zoriontsu izanen bada? Zesarrek, munduko maixu eta ororen maixuak ikaragarri maite nau. Oraindik orain, balio haundiko opariak igorri dizkit. Kappadoziarren erregea, nire etsaia, Erromara eramateko agindua egin dit gainera. Agian Erroman gurutziltzatu eginen du. Nahi duena oro egin dezake Zesarrek. Bera baita Maixua finean. Horregatik, ikusiko duzunez, zoriontsu izateko arrazoiak ditut. Deusek ezin du munduan nire plazerra ximeldu.
IOKANAANEN BOZA: Bere tronuan eserita egonen da. Purpura eta gorriminez jantzia izanen da. Eskuan urrezko kopa altxatuko du bere irainez gainezka. Eta Jainko Jaunaren aingeruak tximistaz joko du. Harren bazka izanen da.
HERODIAS: Aditzen dituzu zuregatik dizkionak. Harren bazka izanen zarela dio.
HERODES: Ez da niregatik ari. Ez dio sekula deus nire kontra. Kappadoziako erregearengatik ari da, nire etsai den Kappadoziako erregearengatik alegia. Hura izanen da harren bazka. Ez ni. Profetak ez dio sekula deus nire kontra, oker ibili nintzela salbu anaiaren emaztea emaztetzat hartzean. Arrazoia duke, agian. Egia da, antzua bait zara.
HERODIAS: Ni antzua. Eta zeuk diozu hori, zeuk neure alabari begiak kendu ezinik zabiltzan horrek, zeuk zeure plazerra asetzearren dantzatzera behartu nahi zenuen horrek. Farregarria da. Neuk haurra izan dut. Zeuk ez duzu haurrik izan sekula, ezta ohaide jopuetako batengandik ere. Zeu zara antzua eta ez ni.
HERODES: Isil zaitez. Berriro diot, antzua zara. Ez didazu haurrik eman; eta profetak dio gure ezkontza sasi ezkontza. izan zela. Ezkontza inzestuosoa izan zela dio, zoritxarrak ekarriko dituen ezkontza. Arrazoia ez ote duen beldur naiz. Arrazoia du, segur. Baina ez da hau gauza horien gainean mintzatzeko aldartea. Une honetan zoriontsu izan nahi dut. Azken-azkenean banaiz. Zoriontsu naiz oso. Ez dut deusen faltarik.
HERODIAS: Pozten naiz zu umore onez ikustean gau honetan. Ez da zure ohitura. Baina berandu da. Itzul gaitezen. Ez ahantzi ekiarekin batera ehizera joatekoak garela. Ohore gorena eskaini beharko zaie Zesarren enbasadoreei, ezta hala?
BIGARREN SOLDADUA: Bekosko dago tetrarka.
LEHEN SOLDADUA: Bekosko dago bai.
HERODES: Salome, Salome egizu dantzan niretzat. Otoi, dantzan egizu. Gau honetan goibel naiz. Bai, goibel naiz gau honetan. Hona heldu naizenean odol arrastoan irrista egin dut eta hori oso da iragarle txarra, eta sumatu egin dut, ziur naiz sumatu dudala hegal astinketa bat airean, hegal erraldoien astinketa. Ez dakit zer erran nahi duen horrek... Goibel naiz gau honetan. Egin bada dantzan niretzat, Salome, otoi dagizut. Bai, dantzan egizu Salome eta galdatzen didazuna, oro, emanen dizut, nire erresumaren erdia bada ere.
SALOME: (Altxatuz). Nik galdatzen dizudana oro emanen didazu tetrarka?
HERODIAS: Ez dantzik egin, ene haurra!
HERODES: Oro, nire erresumaren erdia bada ere.
SALOME: Zin dagizu, Tetrarka
HERODES: Zin dagit, Salome.
HERODIAS: Ene haurra, ez dantzik egin!
SALOME: Zeren gainean eginen duzu zin, Tetrarka?
HERODES: Nire biziaren gainean, nire koroarenean, nire Jainkoaren gainean eginen dut zin. Nahi duzuna oro emanen dizut, nire erresumaren erdia bada ere, niretzat dantzan egiten baduzu. Oh! Salome, Salome dantzatu niretzat.
SALOME: Zin egin duzu, Tetrarka.
HERODES: Zin egin dut, Salome.
SALOME: Galdatzen dizudana oro, zure erresumaren erdia bada ere?
HERODIAS: Ez dantzik egin, ene haurra!
HERODES: Nire erresumaren erdia bada ere. Oso izanen zinateke erregina ederra, nire erresumaren erdia galdatzea otuko balitzaizu. Ez al da hala, erregina ederra izango litzatekela?... Ah! Hotza dago hemen! Oso haize hotza dabil, eta somatzen dut... Zergatik somatzen dut hegal astinketa hori airean? Oh! Hegazti bat dela erranen nuke, hegazti beltz haundi bat terraza gainean hegaka. Zergatik ezin dut hegaztia ikusi? Izugarria da bere, hegal astinketa. Izugarria bere hegaletatik datorren haizea. Haize hotza da... Baina ez, ez du hotza egiten erabat. Alderantziz, bero dago oso. Bero haundiegia dago. Ito egiten naiz. Isuri ura eskuetan. Eman egidazue elurra janari. Askatu nire kapusaia. Azkar, azkar, nire kapusaia, askatu... Ez, utzi orain. Nire koroak egiten dit min, nire arrosazko kororak. Suz eginak direla erranen nuke lora hauek. Nire bekokia kiskali dute.
(Koroa erauzten du eta mahai gainera jaurtikitzen).
Ah! Azkenean arnasa hartzen dut. Petalo hauek diren gorriak! Odol lingirda dirudite mahai-oihalaren gainean. Bost ajola zait. Ezin dugu sinboloak kausitu ikusten dugun gauza bakoitzean. Bizia infernu bihurtuko genuke. Hobe da erraitea odol lingirda, larrosa, petaloa bezain ederra dela. Askoz hobea da bai hori erraitea... Baina ez gaitezen horren gainean mintza. Orain zoriontsu naiz. Oso naiz zoriontsu. Zoriontsu izateko eskubidea dut, ezta hala? Zure alabak niretzat eginen du dantzan. Ez al duzu bada niretzat dantzan eginen Salome? Niretzat dantzan egiteko hitza eman didazu.
HERODIAS: Ez dut dantzan egin dezan nahi.
SALOME: Zuretzat eginen dut dantzan, Tetrarka.
HERODES: Aditzen zure alabak dioena. Niretzat eginen du dantzan azkenean. Ongi egiten duzu, Salome, niretzat dantzan egitean. Eta dantzatu ondoren ez ahantzi nahi duzuna galdatzea. Nahi duzuna oro emanen dizut, nire erresumaren erdia bada ere. Zin egin dut, ezta hala?
SALOME: Zin egin duzu, Tetrarka.
HERODES: Eta, ez dut sekula emandako hitza jan. Ez naiz bere hitza jaten duten horietakoa. Ez dakit gezurra erraiten. Nire hitzaren jopu naiz, eta, nire hitza, errege hitza da. Kappadoziako erregeak gezurra dio beti, baina ez da egiazko erregea. Koldarra da. Eta, zor dit ordaindu nahi ez didan dirurik. Nire enbasadoreak iraindu ditu gainera. Oso gauza mingarriak erran ditu. Baina Zesarrek gurutziltzatuko du Erro mara orduko. Ziur naiz Zesarrek gurutziltzatuko duena. Bestela, harrek janda hilen da. Profetak iragarri du. Baina Salome, zeren zain zaude?
SALOME: Nire jopuek perfumeak eta zazpi oihalak ekarri zain nago, eta sandaliak erazteko. (Jopuek perfumeak eta zazpi oihalak ekartzen dituzte eta sandaliak erazten dizkiote).
HERODES: Ah! Ortutsik dantzatu behar duzu! Ongi da! Ongi da! Zure oin ttikiak uso xurien antzekoak izanen dira. Bi lore xuri izanen dira zuhaitz artean dantzan. Ah! Ez. Odol gainean dantzatuko duzu baina. Odola dago zoru gainean. Ez dut nahi odol gainean dantza dezazun. Iragarle txarra litzateke.
HERODIAS: Zer ajola xuri odol gainean dantza egiten badu ere? Gainean ibili zara zu ere lehen...
HERODES: Zer ajola niri? Ah! Errepara ezazu ilargia! Gorria bihurtu da. Gorria bihurtu da odolezkoa bailitz. Ah! Profetak iragarria zuen. Iragarria zuen ilargia gorri bihurtuko zela odolezkoa bailitz. Ez al du hala iragarri? Guztiok aditu duzue. Ilargia, gorria bihurtu da oldolezkoa. bailitz. Ez al duzue, ikusten?
HERODIAS: Bai, ongi da, eta izarrak lurrera datoz piko berdeak bailira, ezta? Eta ekia beltza bihurtu da ilezakuaren antzera. Eta lur gaineko erregeak oro beldur dira... Tira, itzul gaitezen. Gaixo zaude. Erromara mandatua igorriren dugu erotu egin zarela. Itzuli gaitezen diot.
IOKANAANEN BOZA: Nor da Edometik datorren hori, nor dator Bosratik purpurez tintaturiko soinekoz liluratu egiten duelarik bere arroparen ederrez, eta boteretsu dabilena? Zergatik daude zure arropak gorriminez tintaturik?
HERODIAS: Itzuli gaitezen. Gizon honen bozak nire onetik ilkitzen nau. Ez dut nahi nire alaba dantza dadin molde horretan oihu egiten duen bitartean. Ez dut nahi dantza dadin molde horretan behatzen duzun bitartelan. Ez dut dantza dadin nahhi, finean.
HERODES: Ez altxa, ene emaztea, ene erregina, alferrik da. Ez naiz itzuliren berak dantzan egin aurretik. Dantza zaitez Salome, dantza niretzat.
HERODIAS: Ez dantzatu, ene haurra!
SALOME: Prest nago, Tetrarka.
(Salomek zazpi oihaletako dantza dantzatzen du).
HERODES: Ah! Bikain, bikain! Ikusi duzun bezala zure alabak dantzan egin du niretzat. Zatoz Salome! Zatoz zure soldata eman diezazudan. Ah! Ongi ordaintzen ditut nik dantzariak. Ongi ordainduko, dizut. Nahi duzuna oro emanen dizut. Zer nahi duzu? Erran.
SALOME: (Belauniko). Azpil zilarrezko batean nahi dut berehala ekar diezadaten...
HERODES: (Farrez). Azpil zilarrezkoan? Bai bada, azpil zilarrezkoan, jakina. Xarmanta da, ezta? Zer nahi duzu ekar diezazuten azpil zilarrezko horretan, nire Salome maite eta ederra? Zu bait zara Judeako alabarik ederrena, ederrik bada. Zer nahi duzu ekar diezazuten azpil zilarrezkoan? Erran. Zernahi dela ere, zurea da. Nire altxorrak oro dira zureak. Zer da Salome.
SALOME: (Altxatuz). Iokanaanen burua.
HERODIAS: Ongi errana, ene haurra!
HERODES: Ez, ez.
HERODIAS: Ongi errana, ene haurra!
HERODES: Ez, ez, Salome. Ez galdatu horrelakorik. Ez jaramonik egin amari. Aholku gaiztoak ematen dizkizu beti. Ez zenioke jaramonik egin behar.
SALOME: Ez diot jaramonik egiten amari. Nire plazerrarengatik galdatzen dizut Iokanaanen burua azpil zilarrezkoan. Hitza eman didazu, Herodes. Ez ahantzi zure hitza.
HERODES: Badakit. Nire Jainkoen izenean egin dut zin. Badakit ongi. Baina otoi, Salome, galda egidazu beste zerbait. Galda egidazu nire erresumaren erdia eta emanen dizut. Baina, ez galdatu galdatu didazuna.
SALOME: Iokanaanen burua galdatzen dizut.
HERODES: Ez, ez, ez dut nahi.
SALOME: Hitz eman duzu Herodes.
HERODIAS: Bai, zin egin duzu. Guztiok aditu dizugu. Hitza eman duzu jende guztiaren aitzinean.
HERODES: Isildu zaitez. Ez naiz zurekin mintzo.
HERODIAS: Ene alabak arrazoi guztia du gizon horren burua galdatzean. Nire kontra, irainez egin du oka. Gauza higuingarriak erran ditu nire kontra. Bere ama txit maite duela bistan da. Ez etsi ene haurra. Hitz eman du. Hitz eman du.
HERODES: Isildu zaitez. Ez niri mintzo gero... Tira Salome, zentzudunak behar dugu izan, ezta? Zentzudunak behar dugu izan. Ez naiz sekula gogorra izan zurekiko. Beti maitatu zaitut... Agian, gehiegi maite izan zaitut. Ez galdatu beraz hori. Izugarria da, hozkia ematen didazu hori galdatzean. Azken-azkenean ez dut uste serioski ari zarenik. Lepoepaizturiko gizonaren burua gauza izugarria da, ezta hala? Ez da birjin batek ikusi beharreko zerbait. Zein plazer emanen dizu horrek. Nehongorik ez. Ez, ez, ez duzu hori nahi... Aditu une batez. Esmeralda. bat badut nik, esmeralda haundi eta biribila Zesarren kutunak igorri didana. Esmeralda honetan barna behatuz gero, erran ahal baino urrutiago gertatzen diren gauzak ikusterik baduzu. Zesarrek berak ere batto darama: oso antzekoa, zirkora doanean. Baina nirea haundiagoa da. Ongi dakit, haundiagoa da. Munduko esmeraldarik haundiena da. Baietz hori nahi? Galda egidazu eta, zurea da.
SALOME: Iokanaanen burua galdatzen dut.
HERODES: Ez didazu kasorik egiten, kasorik ez. Utzi mintzatzen Salome.
SALOME: Iokanaanen burua.
HERODES: Ez, ez, ez duzu hori nahi. Ni nahigabetzearren erraiten didazu hori, zeren gau osoan behatu zaitudan. Tira bai. Gau osoan behatu zaitut. Zure edertasunak aztoratu nau. Zure edertasunak erabat nau aztoratu eta gehiegi behatu zaitut. Baina ez dut berriz eginen. Ezin dira ez gauzak, ez gizakiak behatu. Ezin da mirailetan ezik behatu. Zeren mirailetan maskarak soilik ageri bait dira... Oh! Oh! Arnoa! Egarri naiz... Salome, Salome izan gaitezen adiskide. Tira, ikusi... Zer erran nahi nuen? Zer zen? Ah! Gogoratzen zait... Salome! Ez, zatoz hurbilago. Beldur naiz ez ote didazun adituko... Salome, ezagutzen dituzu nire indioilo xuriak, nire indioilo xuri ederrak, lorategian pasian dabiltzanak mirto eta zipres haundien artean. Mokoak urrezkoak dituzte eta jaten dituzten aleak ere urrezkoak dira, eta beren hankak purpuraz tintatutakoak dira. Oihu egiten dutenean euria dator eta buztan-lumak zabaltzen dituztenean ilargia azaltzen da zeruan. Binaka doaz zipres eta mirto beltzen artean eta, jopu bana dute, erreparatzeko. Zenbaitetan hegan egiten dute zuhaitz artean eta. zenbaitetan etzan egiten dira, belaze gainean edo urmaelaren inguruan. Ez da munduan hegazti liluragaarriagorik. Ezta. Zesarrek ere, segur naiz, ez du hegazti hain ederrik. Tira bada! Nire indioiloetako berrogeitamar emanen dizkizut. Atzetik jarraituko zatzaizkizu leku orotara eta beraien erdi-erdian ilargia izanen zara, hodei xuri eskerga batean... Denak emanen dizkizut. Ehun ditut bakarrik eta nehongo erregerik ez du horrelako indioilorik, baina oro emanen dizkizut. Nire hitzetik askatzea nahikoa duzu eta galdatutakoa, ez galdatzea.
(Arno kopa hustutzen du).
SALOME: Eman egidazu Iokanaanen burua.
HERODIAS: Ongi errana, ene haurra! Farregarri zaude zeure indioiloekin.
HERODES: Isildu zaitez. Garraxi bakarrik egiten duzu. Basapizti baten antzera egiten duzu garraxi. Ez zaizu zilegi horrela, garraxi egitea. Zure bozak ernegatu egiten nau. Isildu zaitez beraz... Salome, pentsa ezazu egiten ari zarenaz. Gizon hau Jainkoagandik dator agian. Jainkoagandik dator, segur naiz. Gizon santua da. Jainkoaren behatzak ikutu du. Jainkoak hitz laborriak jarri ditu bere ahoan. Jauregi honetan, nahiz basamortuan Jainkoa du lagun... Baliteke behintzat. Ez dakigu ziur, baina baliteke Jainkoa bere alde izatea. Era berean ere baliteke hilgo balitz, atsekaberen bat hel dakidan. Azken-azkenean berak erran du hilen den egunean, norbaiti atsekaberen bat hel dakiokela. Ni naiz hori agian. Gogoratu, irrista egin dut odol gainean hona etortzean. Eta hegal astinketa bat sumatu dut ere airean, hegal astinketa erraldoia. Oso iragarle gaiztoak dira horiek. Eta bada besterik. Ziur naiz besterik badela, ikusi ez badut ere. Beraz Salome, ez duzu nahiko atsekaberen bat hel dakidan? Ez duzu hori nahi, jakina. Entzun egidazu
SALOME: Eman egidazu Iokanaanen burua.
HERODES: Ikusi, ez didazu kasorik egiten. Zaude lasai. Neroni oso nago lasai. Erabat lasai nago. Entzun. Badut hemen ezkutatuta zeure amak ere, ikusi ez duen bitxi ederrik, ederrik bada. Badut lau ileretako lepokoa perlaz josia. Ilargien antza dute errainu zilarrezkoez kateatuak. Berrogeitamar ilargi katibu balira sare urrezkoan. Erregin batek eraman du bularretako marfil gainean. Zuk daramazunean erregina bezain ederra izanen zara. Bi moetatako amatistak ditut. Bata beltza da, arnoa bailitz. Bestea gorria da urez nahastu den arnoaren legez. Topazi horiak ditut, tigre begiak bailira. Eta topazi larrosak, usokume begiak bezala. Eta topazi ferdeak, katu begien antzekoak. Opalarriak ditut etengabe erretzen dirautenak su hormatu batean gori, opalarriak bai, gogoak goibeltzen dituztenak eta ilunbeen beldur direnak. Onisak ditut, hilotzemearen begi ninien antzekoak. Ilargiarriak ditut aldatu egiten direnak ilargia bera aldatzen denean eta zurbildu ekiak behatzetan. Zeruarriak ditut; arraultzak bezain haundiak eta urdinak, lore urdinak bezala. Beren barruan itsasoa noraezean dabil eta ilargiak ez du sekulan uhinen urdina aztoratzen. Krisolito eta berilarriak ditut, krisopazioak eta errubiak, arakargorriak ditut eta jazintoak eta galtzedonarriak. Oro zurea da, oro, eta erosiko dizut besterik ere. Indietako erregeak igorri berri dit hain zuzen lau abaniku papagai lumaz eginak eta Numidiko erregeak, berriz, soineko bat sai lumaz josia. Kristal bat badut emakumeei ikustea zilegi ez zaiena, eta mutil gazteek ere behatzerik ez dutena zigorrez xehatuak izan ezean. Kutxatxo nakarezko batean hiru turkesarri dut. Bekoki gainean eramanez gero irudika daitezke existitzen ez diren gauzak eta esku gainean eramanez gero emakumeak antzu ditzake. Balio haundiko altxorrak dira oro. Prezio gabeko altxorrak dira. Eta ez da hori guztia. Ebanozko kutxatxo batean baditut bi kopia anbarezkoak, sagar urrezkoak diruditenak. Etsaien batek pozoina ixuriko balu kopa hauetan zilarrezkoak bezala bihurturen lirateke. Anbarez arrailduriko kutxatxo batean, berinez arrailduriko sandaliak ditut. Seres herritik datozen kapusaiak ditut, eta errubi eta jadearriz hornituriko besokoak, Eufratetik datozenak... Zer nahi duzu haboro, Salome? Erran zer desio duzun eta zurea izanen da. Galdatzen didazuna oro emanen dizut gauza bat ezik. Daukadana oro emanen dizut bizitza bat ezik. Sakrifikadore Nagusiaren kapusaia emanen dizut. Santutegiko oihala emanen dizut.
JUDUAK: Oh! Oh!
SALOME: Eman egidazu Iokanaanen burua.
HERODES: (Bere tronuan hondoratuz). Emaiozue galdatzen duena! Amaren alaba da baiki! (Lehen soldadua hurbiltzen da. Herodiasek tetrarkaren eskutik heriotz eraztuna hartzen du eta soldaduari emanen dio, honek eraberean borreruari azkar asko. Borreruak zur eta lur dirudi).
Nork hartu du nire eraztuna? Bazen eraztun bat nire eskubiko eskuan. Nork edan du nire arnoa? Bazen arnorik nire kopan. Arnoz betea zen. Norbaitek edan du? Oh! atsekaberen bat helduko zaio, norbaiti, segur naiz.
(Borrerua zisternan behera jaisten da).
Ah! Zergatik eman ote dut hitza? Erregeek ezin dute sekulan beren hitza eman. Gordetzen ez badute, ikaragarria da eta ikaragarria ere gordetzen badute...
HERODIAS: Ene haurrak ongi egin duela uste dut.
HERODES: Atsekaberen bat datorkigu, segur naiz.
SALOME: (Zisterna barrura makurtu eta zelatan jartzen da). Ez da zaratarik. Ez dut deus aditzen. Zergatik ez du garraxirik egiten gizon honek? Ah! Norbaitek hilarazi nahiko banindu garraxi eginen nuke, borroka, ez nuke sofritu nahiko... Jo, jo Naaman. Jotzeko erran dizut... Ez, ez dut deus aditzen. Isiltasun izugarria dago. Ah! Zerbait erori da lurrera. Zerbait erortzen aditu dut. Borreruaren ezpata da. Izuturik dago jopu hau! Bere ezpata erortzen utzi du. Ez da hilarazitzera ausartzen. Koldarra da jopu hau! Soldaduak igorri behar dira.
(Herodiasen morroia ikusten du eta harengana zuzentzen da).
Zatoz hona. Zu bere buruaz beste egin duen horren laguna izan zara, ezta,? Ez da bada, nahiko heriotz gertatu. Erran soldaduei jaitsi daitezela eta ekar diezadatela galdatu dudana, tetrarkak agindu didana, nirea dena.
(Morroia atzeratu egiten da eta soldaduengana zuzentzen).
Zatozte hona soldaduak, jaitsi zaitezte zisterna horretara eta ekarri gizon horren burua. (Soldaduak atzera egiten dute).
Tetrarka, Tetrarka, agindu egiezu zurei soldaduei Iokanaanen burua ekar diezadaten. (Beso haundi beltza, borreruarena alegia, ilki da zisternatik, Iokanaanen burua eramanez zilarrezko ezkuta baten gainean. Salomek eskuartean atxikitzen du. Herodesek bisaia ezkutatzen du kapusaiaren pean. Herodiasek irrifar egiten du eta haizeari abanikuz eragiten. Nazaretarrak belaunbiko jarri eta otoitzean hasten dira).
Ah! Ez nauzu zure ahoan muin ematerik utzi nahi izan, Iokanaan. Orain emanen diot muin. Hozkatu eginen dut hortzez fruitu heldua hozkatu ohi den legez. Zure ahoari muin emanen diot bai Iokanaan. Erran nizun, ezta? Erran nizun. Beraz, muin emanen diet orain... Baina zergatik ez didazu sorik egiten, Iokanaan? Zure begiak, hain laborriak izan direnak, haserre eta erdeinez gainezka izandakoak, hertsirik daude, orain. Zergatik daude hertsirik? Zabaldu begiak! Altxa betazalak, Iokanaan. Zergatik ez didazu sorik egiten? Nire beldur zara, Iokanaan, eta ez didazu horregatik sorik egin nahi?... Eta zure mihina, suge gorriaren antzekoa izandakoa, pozoinez dardarti, ez da gehiago higitzen, ez du deus erraiten, Iokanaan, nire gainera bere pozoina oka egin duen sugegorri horrek. Arraroa da, ezta? Zer izan ote du sugegorriak orain ez higitzeko?... Ez nauzu nahi izan, Iokanaan. Arbuiatu egin nauzu. Irainak erran dizkidazu. Kortesana bainitz ibili nauzu, emagaldua bainitz, ni, Salome, Herodiasen alaba, Judeakoa printzesa. Eta Iokanaan, ni bizi naiz oraindik, baina zu zendu zara eta zeure burua nirea da. Nahi dudana egiterik daukat berarekin. Za kurrei artiki diezaieket eta hegaztiei. Zakurrek uzten dutena hegaztiek bazkatuko dute... Ah! Iokanaan, Iokanaan, zu izan zara. maite izan dudan gizon bakarra. Higuin ditut gainerantzerakoak oro. Baina zu ederra, zinen. Zure gorputza marfilezko zutabea zen oinarri zilarrezko baten gainean. Lorategia zen uso, eta zilarrezko liliz josia. Dorre zilarrezkoa zen, marfilezko ezkutez hornitua. Deus ez zen munduan zure gorputza bezain xuri. Deus ez zen munduan zure ileadatsa bezain beltz. Munduan ez zen deus zure ahoa beizain gorri. Zure boza, intzentsuontzia zen perfume arraroak zabaltzen zituena eta so jartzen nintzaizunean musika arraroa somatzen nuen. Ah! Zergatik ez nauzu behatu, Iokanaan? Zure esku eta irainen gibelean bisaia ezkutatu duzu. Zure begietan norberaren Jainkoa ikusi nahi duenaren oihala ezarri duzu. Eta azkenean, ikusi duzu zure Jainkoa, Iokanaan, eta ni, ni... Ez nauzu sekula ikusi. Ikusi baninduzu maiteko nindukezun. Nik ikusi zaitut Iokanaan eta maite izan zaitut. Oh! zenbat maite izan zaitudan! Maite zaitut oraindik, Iokanaan. Ez dut zu besterik nehor maite... Zure edertasunaz egarri naiz. Zure, gorputzez gose. Eta ez arnoak, ez fruituak ezin du nire desioa asetu. Zer eginen dut orain, Iokanaan? Ez ibaiek, ez ur handiek ezingo dute nire pasioa iraungi. Printzesa bat nintzen eta arbuiatu nauzu. Birjina nintzen eta orbaindu nauzu. Aratza nintzen eta suz bete dituzu nire zainak... Ah! Ah! Zergatik ez nauzu behatu, Iokanaan? Behatu baninduzu, maiteko nindukezun. Ziur dakit maiteko nindukezuna, eta maitasunaren misterioa heriotzarena baino haundiagoa da. Maitasuna, besterik ez da behatu behar.
HERODES: Higuingarria da zure alaba, erabat da higuingarri. Egin duena krimen haundi bat da. Ziur naiz, krimen haundia da Jainko ezezagun baten kontra.
HERODIAS: On erizten diot ene haurrak burutu. duenari, eta hemen geratu nahi dut orain.
HERODES: (Altxa egiten da). Ah! Emazte intzestuosoa mintzo da! Zatoz! Ez dut hemen geratu nahi. Zatoz bada! Ziur naiz atsekaberen bat helduko dena. Manasse, Issachar, Ozias, iraungi zuziak. Ez ditut gauzak behatu nahi. Ez dut gauzek ni behatzerik nahi. Iraungi bada zuziak. Ezkuta ezazue ilargia! Ezkuta izarrak! Ezkuta gaitezen gu gure jauregian, Herodias. Izutzen hasia naiz.
(Jopuek zuziak iraungitzen dituzte. Izarrak aihenatzen dira. Hodei beltz haundi bat ilargiaren aintzinean pasatzen da eta ezkutatu egiten du erabat. Eszenatokia iluna bihurtzen da guztiz. Tetrarkak zurubian gora hasten da).
SALOMEREN BOZA: Ah! Zure ahoari muin eman diot, Iokanaan. Zure ahoari muin. Zapore mingotsa zuten zure ezpainek. Odolaren zaporea zen ausaz?... Baina, agian maitasunaren zaporea zen. Aidanean maitasunak zapore mingotsa omen du... Baina zer ajola? Zer ajola? Zure ahoari muin eman diot, Iokanaan, zure ahoari muin.
(Ilargi errainu batek Salome argitzen du xuri).
HERODES: (Atzera itzuliz eta Salome ikusita). Hilarazi ezazue emakume hori!
(Aurrera egiten dute soldaduek eta Salome zapaltzen dute beren ezkutapetan, Herodiasen alaba, Judeako printzesa).
AKABANTZA
© Oscar Wilde
© itzulpenarena: Inazio Mujika Iraola