LAUGARREN ESKENA

 

AIPATUTAKOAK eta CHUBUKOV

 

CHUBUKOV: (Sartzen). Zer gertatzen zaizue! Zergaitik horrela garrasika?

NATALIA: Aita! Esaiozu gizaseme honi, norenak diren «Volovi-Lujkiak» ! Bereak ala gureak!

CHUBUKOV: «Volovi-Lujkiak» gureak dira... txotxolo hori!

LOMOV: Baina, Jaunaren izenean... Stepan Stepanovich! Nola izango dira ba zureak? Mesedez pentsa ezazu piska bat!... Hara, nire izebaren amonak, goian bego, «Volovi-Lujkiak» utzi zizkien zure aitaren aitonaren nekazariei, zergarik gabe eta denbora mugagabean erabiltzeko. Berrogei urtetan erabili zuten nekazariek lurra, ohitu ziren eta, berea bezala izan zuten... baina agindu berria kaleratu zenean...

CHUBUKOV: Zaude piska bat maitea! Ez ahaztu nekazariek... Nekazariek ordaintzen ez bazioten zure amonari... auzipeko lurrak zirelako zela. Orain, ordea, katurik ere ez da geratzen, zera ez dakienik... gureak direla! Ez zenuen ikusiko ziur aski planua?

LOMOV: Nireak direla erakustea daukat!

CHUBUKOV: Erakutsi ba... polit horrek... ezin izango duzu ta!

LOMOV: Hala egingo dut ba!

CHUBUKOV: Ene maite hori!... Zergatik oihuka aritu?... Oihuka ez dago ezer erakusterik!... Ez dut zurerik nahi, baina ez dut nirerik galtzeko asmorik ere!

        Eta zergatik galdu behar? Hain urrutira heldu garenez. Eta, «Volovi-Lujkien» jabegotza zalantzan jarri nahi duzula, jakin ezazu, lehenago oparituko dizkiodala morroiei zuri baino. Nahikoa hitzegin dut jada!

LOMOV: Baina nola! Ze eskubiderekin oparituko didazu zurea ez den jabegotza?

CHUBUKOV: «Volovi-Lujkiak» nireak diren ziurtasunaren eskubidearekin. Ez nago ohituta, inork niri modu horretan hitzegiten!... Adina bikoizten dizut gazte, eta asaldatu gabe hitzegin ezazu nirekin!

LOMOV: Ez! Egiten al duzu ezer, tontotzat hartu eta nire gain farre besterik? Nire lurrak zureak direla esan eta gainera lasai egoteko eta apalki hitzegin dezadan diozu! Hori ez da auzoko zintzo baten jokabidea Stepan. Stepanovich!... Lapurra zara auzokoa baino, ere gehiago!

CHUBUKOV: Nola? Zer esan duzu?

NATALIA: Aita! Bidal itzazu oraintxe bertan segalariak Lujkira.

CHUBUKOV: Zer esan duzu, Jauna?

NATALIA: «Volovi-Lujkiak» gureak dira eta inori ez dizkiot emango! Inori ez!

LOMOV: Hori ikusiko dugu! Epaileak bitarteko direla erakutsiko dizuet nireak diren ala ez!

CHUBUKOV: Epaileak! Sala gaitzazu gogoa duzunean! Zu ezagutzen ari naiz bai! Auzitara gu eramateko aukera bila zenbiltzan bai! Salatari hutsa zara! Beti izan zen zure sendi osoa sesio-bilatzailea! Oso-osoa!

LOMOV: Arren ez ezazu iraindu nire sendia! Lomovenean denak izan ziren ondratuak! Ez zen haietariko inor auzitara eramana izan dirua desoneski lapurtzeagaitik, zure osabaren moduan!

CHUBUKOV: Lomovenean denak ziren eroak. Denak!

NATALIA: Bai! Den-denak!

CHUBUKOV: Zure aitona mozkorra izan zen, eta zure izeba txikienak, Natalia Nijailovna, arkitektu batekin aldegin zuen.

LOMOV: Eta zure ama begiokerra! Ai! Saihetseko ziztada!... Burukoa orain!... Ai ene!... Hura!

CHUBUKOV: Jokalari amorratua izan zen zure aita, eta tripazaina gainera!

NATALIA: Eta zure izeba sekulan ezagutu ez den bezalako berritsua!

LOMOV: Ezkerreko hanka mugitu ezinik nago!... Bazternahasle hutsa zara! Ai! Bihotza! Nork ez daki hauteskundeak baino lehenago... ! Begiak txinpartak dariela! Non da nire kapela?

NATALIA: Ez duzu kaka ere balio! Lizuna eta itsusia zara!

CHUBUKOV: Zeu zara, zeu izaki zital eta salatzaile hutsa!

LOMOV: Hona hemen nire kapela!... Ai! Bihotza!... Nondik aterako naiz? Atea non dago? Hilko naiz! Hanka arrastaka daramat. (Atzetik oihuka).

CHUBUKOV: Ez ahal zara etxe honetan gehiago agertuko.

NATALIA: Egin ezazu nahi baduzu salaketa! Ikusiko dugu zer gertatzen den!

 

 

© Anton Txekhov
© itzulpenarena: Begoña Lasa

 

 

"Txekhov: Bi antzeki labur" orrialde nagusia

 

Anton Txekhov euskaraz