LEHEN ESKENA

 

CHUBUKOV eta LOMOV. Azkena Frakez jantzita eta eskularru zuriekin sartzen da.

 

CHUBUKOV: (Harengana hurbilduz). Nire begiek ikusten dutena! Ivan Vasilievich! Hau poza! (Eskuak elkarri luzatuz). Zer nolako sorpresa! Zer moduz zaude?

LOMOV: Ederki, mila esker! Eta, zu, nola aurkitzen zara?

CHUBUKOV: Eskerrak zure otoitzei, ene aingerutxo, tira, aurrera goaz! Baina, eseri zaitez mesedez!... Ez dago ondo zure auzokoekin ahaztea horrela!... Baina, nola heldu zara, dotore jantzita? Nonbaitera al zoaz?

LOMOV: Ez. Zu ikustera natorkizu, Stepan Stepanovich maitea.

CHUBUKOV: Eta orduan zergatik frakez jantzita maitea? Beharrezkoa al zenuen?

LOMOV: Hara... Zera adierazi nahi nizuke... (Besotik hartuta). Ikustera etorri natzaizu, Stepan Stepanovich maitea, eskaera bat egiteko... Behin baino gehiagotan izan dut zuri laguntza eskatzera etortzeko ohorea, eta beti... zera... Barkatuko al didazu!... Urduri nago oso!... Utziko al didazu ur piska bat edaten, Stepan Stepanovich maitea? (Edan egiten du).

CHUBUKOV: (Beste lekutik). Bai, bai. Hartu, edan! Dirua eskatzera zetorrek hau, ez zioat ba emango (LOMOV-i). Zer adierazi nahi didazu mutil dotore horrek?

LOMOV: Zera... Stepanovich maitea. Barka iezadazu!... Esan nahi nuen... Stepan Preziatuvich... Esan nahi nuen... Urduri nago oso! Hitz batean esateko, zu zara, lagun nazakeen bakarra, ez dut ordea ez halako ohorerik, ez zure laguntzarik merezi.

CHUBUKOV: Goazen harira. Esango al duzu esan behar duzuna behingoz? Zerk zakartza, Ivan Vasilievich?

LOMOV: Oraintxe bertan... Berehalaxe. Zera adierazi nahi nizuke... Zure alaba Natalia. Stepanovranekin ezkontzeko baimena emango al didazu?

CHUBUKOV: (Pozik). Ene ama maitea! Ivan, Ivan Vasilievich! Esan berriro hori! Ongi entzun al dut?

LOMOV: Zure alabarekin ezkontzeko, baimena...

CHUBUKOV: (Bestea moztuz). Bihotzeko laguna!... Pozez lehertzen nago! Ohore bat da niretzat! (Besarkatu eta musu ematen dio). Denbora asko da irrikatzen nengoela hori dela eta! Beti maite izan zaitut, aingerutxo, benetako semea bezala (Malko bat erortzen zaiola). Jaungoikoak eman diezazuela maitasuna, zoriona eta bakea. Beti desiratu nuen... Tira!... Eta zer egiten dut nik hemen txotxolo baten moduan? Pozak txundituta utzi nau! Erabat txundituta!... Natashari deitzera noa!

LOMOV: (Hunkiturik). Stepan Stepanovich maitea! Zure alabak nahiko duela uste al duzu

CHUBUKOV: Zu bezalako mutil ederrarekin... ez du ba berak nahiko? Katakumearen moduan maiteminduta egonda. Txoro-txoro eginda. Itxoin piska bat. Piskatxo bat bakarrik! (Irteten da).

 

 

© Anton Txekhov
© itzulpenarena: Begoña Lasa

 

 

"Txekhov: Bi antzeki labur" orrialde nagusia

 

Anton Txekhov euskaraz