ANTON TXEKHOVEN TEATROGINTZA

 

        Txekhov ezaguna izan zen Errusian, umorea eta sentimendua nahasten ziren ipuin eta historio laburren egile bezala. Sekulakoa da haren ipuingintzaren garrantzia, mende honetan hain zuzen ere izan bait du eragina arlo horixe landu dutenen artean. Ipuigile ona izateaz gain, teatrogile ere bazen. Txekhovengan, ipuingintza eta teatrogintzarako joerak elkarren osagarri ziren; Txekhov berak gizona eta bizitzaz zeukan maitasun aparta adierazteko bi modu bilakatzen zirenak.

        1860. urtean jaio zen, Itsaso Beltzeko Taganrag izeneko kai lotian. Haurtzaro eta gaztaro latzak eta alaitasunik gabekoak izan zituen. Aitaren nagusikeria izan zen lehendabizi, ondoren, familiburua izateagatik lana egin eta ikasi beharra. Moskura joan zen geroago, medikuntza ikastera, eta bertan lehendabizikoz hartuko zuen parte zenbait aldizkaritan. Bizitza berri bat ezagutzen hasi zen, lehenbizi izan zuenaren oso desberdina. Natura maitatzen hasi zen, hiriburuko eskualdea ezagutzen zuen heinean, bestalde, Levitan paisaiagilearekin izan zituen elkar-hizketek ere, bere obra guztien datzan Naturaren maitasuna finkatzen lagundu zioten.

        1888. urtean idatzi zituen «Basa piztia» eta ekitaldi bakarreko beste zenbait lan. Geroxeago ere idatzi zituen besteak beste, «Ivanov», «Tio Vania» teatro-lanak. Teatrogintzarako joera handia zuen Txekhovek, txikitatik heldu zitzaiona, egiten bait zituen anaiekin emanalditxoak tarteka.

        «Ivanov» obrarekin zenbait arazo izan zituen: zuzenketa ugari egin beharra, ikuslegoaren eta kritikaren erantzun kaskarra. Honengatik Txekhovek idazteari utzi zion, 1805. urterarte, «La Gaviota» obra idazten hasi zen arte. Behin amaituta gero, Zar-en zentsurak ez zuen hasera batean argitaratzen utzi, nahiz eta azkenean argitaratua izan zen. Obra prestatzen ari zirela ohartu ziren Txekhoven teatrogintza gainerakoen aldean berria zela, eta zaila eta arrotza gertatzen zela antzezlarientzat ere. «La Gaviota»-ren lehendabiziko emanaldia 1896ko Urriaren hogeian egin zen. Ez zuzendariak, ez antzezlariek, ez ikuslegoak, ezta kritikariek ere ez zuten obraren lirikotasuna konprenitu, eta emanaldiak porrot egin zuen. Txekhovek, dezepzionatuta zin egin zuen ez zuela gehiago idatziko, eta haren obrarik ez zela antzeztuko ere. Garai hartan, tuberkulosiarekin zen Txekhov, nahiko gaisoturik.

        Mosku-ko Arte-Antzokia zuzentzen zuten Vladimir Nemirovich teatrogileak eta Constantin Stanislavsky aktore eta zuzendariak, «La Gaviota», Arte-Antzokian emateko eskeintza egin zioten. Arrakasta handia izan zuen «La Gaviota»ren emanaldi berriak, lehengo porrota orain arrakasta bilakatu bazen, antzezlarien prestaketa berria eta Errusiako eremu intelektualaren zuzendaritzaren aldaketei esker izan zen. Ikuslegoak ulertu ahal izan zuen Txekhoven gisako teatrogintza. Handik aurrerako Moskuko Arte-Antzokiak aurkitua zuen bere egilea, eta sortzen zuen obra bakoitzak arrakasta izaten zuen. Garaiko kritika ez zen erabat ulertzera iritsi, Txekhoven errealismoa ez bait zen guztien gogokoa.

        Zar-en zentsurak ezpirituaren adierazpen guztiak zanpatzen zituen behar zuten arnasa kendu arteraino, gainbizi ahal izateko errealitatearekiko harreman izpirik ere utzi gabe. Garai hartan errealista izatea, korrontearen aurka joatea zen. Txekhovek, moralki eta intelektualki orekatuta zegoenak, ez zuen errealitatetik ihes egin beharrik izan, ez abstraktua, ez sinbolikoa bilatu beharrik ere. 1880.ko Sinbolismo erorkorraren erdian sortu zen Txekhoven teatrogintza. Ostrovskyren jarraitzaletzat har dezakegu Txekhov.

        Haren obrek ekintza gutxi dute oso, haren garaikide izan ziren gizonak bezalako zentzu eta inteligentzia faltarekin hitzegiten duten pertsonaiez beteta daude.

        Ez dira zentzuzko elkar-hizketa bat izateko gauza, euren kasketaldiekin egiten dute behaztopo aldika, eta zenbaitetan badirudi elkarri entzungo ez baliote bezala ari direla.

        Gizarteko formulismoez, jarduera zuzenez trufatu egiten da sarritan, nahita, egingo dituen errepikapenekin. Elkar gorrotatzen duten edo konprenitzen ez diren gizonez, bizitzeko arrazoirik ez duten eta sineskeriez abailduriko gizon-emakumeez osatutako gizartea aurkezten digu Txekhovek, bizidunak direla, ahazteko behar handia duten giza banakoak. Pertsonaiek bizitzan bezalaxe hitzegiten dute, eta bizitzan bezalaxe, hitzegiten dutenak aspertu egiten du. Haren teatrogintzaren benetazko edukia ez dago, zenbaitetan salbu, pertsonaiek hitzegiten dutenean. Txekhoven edozein obrak badu testuaz gain azpi-testu gisako bat, erabiltzen dituen puntu etenarazleak, isiluneek eta bestek ez dute beste zentzurik gainerakoan.

        Badirudi daukaten ekintza, urria apropos izkutatua egongo litzatekeela dantzasaio eta lotezinezko elkar-hizketen artean, berau bait da hain zuzen ere bizimodu burgesaren ezaugarrietako bat, hala nola gertatzen diren gauza ezatseginak isiltzearena. Sala hauetan, Txekhoven pertsonaien hutsaltasunez beterikoetan, elkar-hizketa eta jolas leloen artean, zaratak entzun ohi dira tarteka, Txekhovek oharretan azaldu ohi dituenak. Honelako baliapideak obraren barne ekintza azpimarratzea du helburu nagusia, kanpo-ekintzaren falta, konpentsatuz. Txekhoven helburua, berak zioenez, ondoko hauxe zen:

        «Beharrezkoa da guztia, bizitzan bezain sinplea, eta aldi berean nahaspilatua izatea».

        Elementu garrantzitsuak dira Txekhoven gaietan, zorrak, maileguak, lukurreriak eta ekonomi hondamendia. Deskribatzen duen giza-mailaren izaera malerusa eta ezgogokoak, diru eskasiarekin duen harreman estua jartzen du Txekhovek agerian. Bazuen berak obserbaziorako dohai berezia. Beronek, konbinatuak edo aldatuak ziren, edo inolako arazorik gabe izan zitezkeen egiazko, uneak eskenara eramatera bultzatzen zuen.

        Umoreak eta egoera barregarriek gehiago azpimarratuko dute obraren izaera tragikoa.

        Inguruarekiko harremanaren arabera izango dute pertsonaiek zentzurik, gainerakoan ez. Pertsonai hauek erromantikoen eta egungo errealismokoen artean aurkituko lirateke lehenak berealdikoak eta bakoiztuak oso, eta bigarrenak, pertsonaia orokor baten elementu bakunak.

        Txekhoven teatrogintzak halere, XIX. mendearen bukaerako burgesia txikia eta herrialde osoko bizimoduaren baldintza orokorraren azterketa soil, gehiago ala gutxiago satirikoa eta kritikoa baino askoz ere gehiago dauka.

        Errusiako jendetzari eskeiniriko froga multzoa da haren obra guztia, garai hartako erregimena salatu nahi du beronekin, eta bestalde gainerakoek ere sala zezaten. Haren obragintza eta bizitza guztian baieztatzen den gauza da, Txekhovek Errusia gartsuki maite zuela. Zoriona harentzat, bizitzaren baldintzen aurrerapen orokorrean eta gizabanakoaren hobekuntza pertsonalean beste inon ez omen da aurkituko.

        Haren teatrogintzaren arrazoia ondoko hitzetan aurkituko dugu:

        «Bizitza likitsa bizi dugu, pixkanaka pixkanaka irensten gaituena (...), lan egin behar dugu, saiatu beharra daukagu hondatzen gaituzten ohitura hauek uzten, «Zoriona» posiblea delako sinesmena izan behar dugu. Etorkizuneko bizitzak, lanean, lanaren errespetoan oinarritu behar du».

        Honen alboan Txekhovek, gizonarenganako maitasuna, Naturarena, intelektual erorkorren kritika, sasi-intelektualena, gizonak morrontzan jartzeko beste balio ez duten ideia faltsuekin engainatzen uzteagatiko damua eta amorrua, eta gizona eta dauzkan indar zoragarriak eta Natura mezpretxatuak izateagatikoa ere adieraziko ditu.

        Errusiar herrialdeari buruzko teoria ezezkorraren aurka azalduko da. Haren obragintzan nekez aurkituko dugu mina elementu garbitzaile bezala. Ez zen konforme errusiarra aurkitzen zen egoera lotsagarria onartzearekin. Hau zela ta, pixkanaka pixkanaka utzi zituen Tolstoiren dotrinak lehendabiziko lanean harengan eragina izan zutenak.

        «El jardín de los cerezos» da idatzi zuen azkeneko obra. «Ivanov»etik hasita, «El jardín de los cerezos »eraino, Txekhoven pertsonaienganako jarreraren aldaketa nabaria da. Hala nola, lehendabizikoan, krudelkeriaz beteriko satira erabiliko du, kritika gogorra oso, nahiz eta adierazteko erabiltzen duen teknikak bi mutur hauek nahiko leuntzen dituen «Ivanov»en, «ezezkor» dei ditzakegun pertsonaiek inolako ezaugarririk ez dute. «El jardín de los cerezos»en berriz pertsonaiarik ezezkorrenak ere badu zer edo zer gizonarengan «jainkozko izpi» hori gogorazten duena. Ia denek, azalekoenek ere badute zehazturiko izaera. Txekhov, bere obran zehar psikologiazko obserbazioan irabazten joan da pixkanaka; giza-banakoak salatu beharrean, instituzioak salatzeari ekin dio, eta bestalde nabaria da «itxaropena» handitzen joan zaiola.

        Gizazkoaren amodio unibertsalaz gain, desagertzera doazen zenbait gauzez ere sentituko du maitasuna, altzairuak, etxeak, jardinak eta beste direla pertsonari berotasuna eta poza eskeini izan diotenak.

        Haseran aipatu ditugun obra labur horietan, «Basa-piztia», «Ezkontzarako baimena.», «Sobre el daño que hace el tabaco», eta bestetan, satira nagusitzen da, umoreak halako indarra hartzen du, honela bada hauen irakurketan eta areago emanaldietan, inor farrez aritu ohi da etengabe. Baino beti geratzen zaigu farrearen azpian zertxobait.

        Europa eta Ameriketako gaur eguneko literaturan eraginik handien duen idazleetariko bat dugu Txekhov. Kunplitu zuen haren obrak nolabaiteko betekizuna une jakin batean, sentituko al da horregatik harro haren herria, bera bizi izanagatik.

        Haren obserbatzaile kemena, iragarlearena ia, errealitatetik abiatu zen, eta errealitatera itzuli atzera.

        Eman deizaiogun hitzaurre honi bukaera haren hitzekin:

        «Martxan den bidea da Gizadia, Goreneko Zorionera daramana, zeina posiblea den mundu honetan. Ni neu, lehendabiziko ilaretan aurkitzen naiz».

        (Trofimov-ek, «El jardín de los cerezos»eko IV. ekitaldian.)

 

 

"Txekhov: Bi antzeki labur" orrialde nagusia

 

Anton Txekhov euskaraz