Zakurrak zaunkaz ez dituzu entzuten

 

—Ignacio, zu hor goian zaudenez, esaidazu zerbaiten arrastorik ez duzun entzuten edo argiren bat ikusten duzun nonbait.

        —Ez da deus ikusten.

        —Gertu egon behar dugu iadanik.

        —Bai, baina ez da zipitzik entzuten.

        —Ondo begiratu.

        —Ez da ezer ikusten.

        —Ignacio gizarajoa.

        Gizonen itzal luze eta beltzak goitik behera higituz jarraitu zuen, harri gainera goratuz, apalduz eta altxatuz, errekastoaren hertzetik aurrera jotzen zuen heinean. Itzal bakarra zen, kulunkaria.

        Lurretik irtenez zetorren ilargia, sugarraldi borobil baten eran.

        —Herri horretara iristear egon behar dugu Ignacio. Zuk belarriak libre daramazkizunez zorrotz itzazu ea zakurrak zaunka ez ote dituzun entzuten. Gogora ezazu, esan zigutenez mendiaz bestaldean dagoela Tonaya. Eta dagoeneko bada ordu pila bat mendia igaro dugula. Gogoan izan, Ignacio.

        —Bai, baina ez dut deusen arrastorik ikusten.

        —Nekatzen ari naiz.

        —Jaits nazazu.

        Hormatzarrarekin topo egin arte atzeraka joan zen agurea, eta hari kargatu zion zama, beti ere bere bizkarretik jaulki gabe. Nahiz eta belaunak makurtzen zitzaizkion ez zuen eseri nahi, zeren gero ezin bait zukeen bere semearen gorputza altxatzerik, han atzean, ordu batzu lehenago bizkargaineratzen lagundu zioten gorputz hura alegia. Eta horrela zekarren orduztik.

        —Zer moduz zaude?

        —Gaizki.

        Gutxi hitzegiten zuen. Gero eta gutxiago. Tarteka-marteka loak hartzen zuela zirudien. Hotzaz zegoela zirudien aldizka. Dardaraz zegoen. Ematen zizkion astinaldiengatik jabetzen zen dardaraldiak bere semea noiz harrapatzen zuen, eta oinak ezproinak legez sarkutzetan tinkatzen zitzaizkiolako. Gero, txintxirrina izango balitz bezala bilinbatzen zioten burua, bere lepoan trabaturik zekarzkien semearen eskuak.

        Hortzak estutzen zituen berak, mihia ez kozkatzearren, eta hura bukatzean itauntzen zion:

        —Min handia ematen al dizu?

        —Zertxobait —berak erantzun.

        Lehenengoz esan zion: «Jaits nazazu... Utz nazazu... Bakarrik joan zaitez. Bihar edo piskat pizkortzen naizenean harrapatuko zaitut nik. Makina bat bider errepikatu zion hori. Orain ez zuen ezta hori ere esaten.

        Han zegoen ilargia. Beraien parean. Begiak argiz bete eta lur gainean beraien itzala gehiago luzatu eta iluntzen zuen ilargi handi eta gorri-gorria.

        —Iadanik ez dut ikusten nondik noan —zioen berak.

        Baina ez zion inork erantzuten.

        Han gainean zihoan bestea, ilargiaz guztiz argiturik, bere aurpegi zurbilez, odolik gabe, argi goibel bat isladatuz. Eta bera hemen azpian.

        —Entzun al didazu Ignacio? Ez dudala ongi ikusten esaten dizut.

        Eta bestea mututurik geratzen zen.

        Estropozuka jarraitu zuen bidez-bide. Gorputza kikildu eta gero tentetu egiten zen, berriro estropozuka egiteko.

        —Hau ez da pulamentuzko bidea. Mendixkaren bestaldean Tonaya zegoela esan ziguten. Mendi-lepoa atzera utzi dugu. Eta Tonaya ez da ikusten, ezta gertu dagoela esaten digun inolako hotsik entzuten ere. Zergatik ez didazu esan nahi zuk zer ikusten duzun hor goian zoazenez, Ignacio?

        —Jaits nazazu aita.

        —Gaizki al zaude?

        —Bai.

        —Tonaya-ra eramango zaitut nola-hala. Han aurkituko dut zainduko zaituen norbait. Mediku bat ba omen dago han esaten dutenez. Nik eramanen zaitut berarengana. Orduak dira bizkarka ekarri zaitudala eta ez zaitut hemen bazterturik utziko, edozeinek seko bota zaitzan.

        Pittin bat balantzatu zen. Bizpahiru urrats zeharka eman eta berriro tentetu zen.

        —Eramango zaitut Tonaya-ra.

        —Jaits nazazu.

        Bere abotsa oso apala bihurtu zen, murmurio bat doi-doi.

        —Pixka batean etzan egin nahi dut.

        —Hor goian egin lo. Ondo helduta zaramatzat azken finean.

        Goruntz zihoan ilargia, kasik urdina, ortze garbian zehar. Argiz bete zen agurearen aurpegia, izerditan blai. Aurrez-aurre ez begiratzearren begiak estali zituen, izan ere bere semearen eskuartean tinkaturiko burua ezin bait zuen makurtu.

        —Ez dut zuregatik egiten hau dena. Zure ama zenagatik egiten dut. Bere semea izan zinelako. Horregatik egiten dut. Berak aurpegira botako bait zidan nik han bazterturik laga izan bazintut, aurkitu zintudan lekuan, eta egiten ari naizen moduan sendatzera eramateko jaso ez bazintut. Berak ematen dit adorea eta ez zuk. Zeren eta hasteko zuri ez dizut zailtasun besterik zor, disgusto eta lotsak bakarrik.

        Izerdia zerion hitzegiterakoan. Baina gaueko haizeak sikatzen zion izerdura. Eta izer-lika lehorraren gainean izerditzen zen berriro.

        —Abaildurik geratuko naiz, baina zurekin helduko naiz Tonaya-ra, egin dizkizuten zauri horiek sendatzeko. Eta zihur naiz bide okerrari ekingo diozula berriro sendatu bezain laister. Hori ez zait batere axola iadanik. Nire begibistatik urrun aldegiten baduzu behintzat, zutaz ezer jakin ez dezadan lekura. Hori bai, aldegitekotan. Zeren eta niretzat iadanik ez bait zara nire semea. Niregandik hartu zenuen odola madarikatu dut. Niri zegokidan partea arbuiatu dut. Esan dut: «Giltzurdinetan ustel dakiola nik emaniko odola!». Biderik-bide han-hemenka lapurreta eginez eta jendea akatuz ibiltzen zinela jakin nuenetik esan nuen hori. Jende zintzoa akatu. Eta bestela hor dago Tranquilino nire konpai-laguna. Zu bataiatu zintuena.. Berak eman zizun zure izena. Berari ere jazo zitzaion zurekin topo egin beharraren zoritxarra. Ordudanik esan nuen: «Hori ezin daiteke nere semea izan».

        —Begira ezazu ea dagoeneko zerbait ikusten duzun. Edo zeozer entzun. Zuk hor goitik egin bait dezakezu, eta ni sorgorturik senditzen bait naiz.

        —Ez dut ezer ikusten.

        —Hainbat okerrago zuretzat, Ignacio.

        —Egarri naiz.

        —Eutsi. Gertu egon behar dugu iadanik. Dagoeneko gau-beltza dela eta herriko argiak itzalirik izango dituztela gertatzen da. Baina gutxienez entzun beharko zenuke zakurrak zaunkaz ari ote diren. Saia zaitez entzuten.

        —Ura emaidazu.

        —Hemen ez dago urik. Harria besterik ez dago. Eta ura balego ere, ez zintuzket edatera jaitsiko. Ez lidake inork lagunduko berriz zu bizkargaineratzen, eta bakarrik ezin dut.

        —Egarriak itotzen nago eta logura handia daukat.

        —Noiz jaio zinen gogoan dut. Horrelakoa zinen orduan ere. Gosez esnatu eta jan orduko berriro lo. Eta zure amak ura eman ohi zizun, bere esne guztia xurgatua bait zenion dagoeneko. Ez zinen asetzen. Eta arras sutsua zinen. Ez nuen sekula pentsatu amorru hark inoiz burua berotu behar zizunik. Horrela suertatu zen ordea. Zure amak, goian bego, sendo hazi zintezen gura zuen. Eta uste zuen zu handitzean bere euskarri bihurtuko zinela. Zu besterik ez zuen izan. Erditu behar zuen beste semeak hilarazi zuen. Eta berriro akatuko zenukeen zuk, oraindik bizirik iraunen balu.

        Senditu zuen bizkar gainean zeramakien gizon harek belaunak ez zituela iadanik estutzen eta hankak laxatzen hasi zela, alde batetik bestera kulunkatuz. Eta iruditu zitzaion, zotinka ari balitz legez astintzen zitzaiola burua han goian.

        Negar malko bezalako tanta lodiak bere adats gainean erortzen zirela senditu zuen.

        —Negarrez al zaude Ignacio? Zure amaren oroitzapenak negar eginarazten dizu, ezta egia? Baina ez duzu inoiz beraren alde ezer egin. Beti gaizki erantzun diguzu. Maitasunaz ordez, badirudi gaiztotasunez gainezka bete dizugula gorputza. Eta ikusten duzu? Orain zauritu egin zaituzte. Zer gertatu da zure lagunekin? Denak akabatu dituzte. Beraiek ez zuten inor baina. Ongi asko esan zezaketen beraiek: «Guregatik errukia nori eman ez daukagu». Baina zuk, Ignacio?

        Han zegoen herria iadanik. Ilargiaren argipean ikusi zituen teilatuak dirdiraz. Bere semearen kargak zapaltzen zuen irudipena hartu zuen, azken ahaleginean belaunpeak makurtzen zitzaizkiola senditzean.

        Lehenengo aterpera iristean, kale bazterreko paretan oin hartu eta gorputza utzi zuen, ahul, junturak libratu balitzaizkio legez.

        Nekez askatu zituen behatzak, zeinekin bere semea lepotik eutsiz etorri bait zen, eta libre geratzean entzun zuen nola alde guztietatik zakurrak zaunkaz ari ziren.

        —Eta zuk ez zenituen entzuten Ignacio —esan zuen—. Esperantza honekin ere sikira ez didazu lagundu.

 

 

© Juan Rulfo
© itzulpenarena: Koldo Etxabe

 

 

"Juan Rulfo: Lautada sutan" orrialde nagusia