Oroit zaitez

 

Gogoan izan behar duzu Urbano Gomez, Urbano jaunaren semea, Dimas-en biloba, elizako kantuak bideratzen zituen hura eta rezonga angel maldito delakoa errezitatuz hil zena, influenciako garai haietan. Urteak dira iadanik, hamabost agian. Baina oroitu behar duzu hartaz. Gogora ezazu el Abuelo deitzen geniola, badakizu, bere beste semeak, Fidencio Gomez-ek alegia, bi alaba txit jostalari zituelako edo: bata beltzarana eta txaparra, izen-gaiztoz la Arremangada deitzen ziotena, eta bestea arras garaia eta begi urdina, eta berea ez ote zen ere esan ohi zutena, eta gehiago nahi baduzu, zotin gaitzak jota zegoena. Oroi zaitez nolako zalaparta atera ohi zuen mezetan geundenean eta eskierki sagara orduan bere zotin-aldiari ematen ziola, aldi berean parrez eta negarrez ari balitz bezala zirudiela, kanpora atera eta azukre-ur pittin bat ematen zioten arte; eta orduan etortzen zen bere onera. Azkenean Lucio Chico-rekin ezkondu zen, lehen Librado-rena izandako mezkaleraren jabearekin alegia, ibaian gora Teodulo-ren linazi errotaren inguruan dagoen mezkaleraren jabearekin.

        Gogora ezazu bere amari la Berenjena deitzen ziotela, beti sudurra nahasteren batetan sarturik ibili eta nahasketa bakoitzetik ume batekin irten ohi zelako. Bere diru apurra bazuela diote, baina ehorzketetan txahutu zuela, zeren eta jaio berritan hiltzen bait zitzaizkion seme-alaba guztiak, eta beti gorandiak kanta erazten zizkieten eta elizmutil abestaldeen hosanna eta gloria kantu eta musikaren artean, eta halako beste hor hidaltzen dizut Jauna beste aingerutxo bat abestiaren doinu artean bidaltzen bait zituen panteoira. Horretxek pobretu zuen, hilbeilako gonbidatuei eman ohi zien kanelengatik edo, hileta bakoitzak garesti xamar jotzen bait zuen. Bi semek bakarrik iraun zioten bizirik, Urbano eta Natalia, eta gaixoak jaio ere iadanik pobre jaio ziren eta beren amak ez zituen hazten ikusi ere, azken erditzean hil bait zen, nahiko zaharturik, berrogeitamarren bat urte zituela.

        Ezagutu behar izan duzu, oso demandaria bait zen eta oso sarritan ibiltzen zen zezioan azoka plazako saltzaile guztiekin, tomateak edo arras garesti saldu nahi zizkiotelako oihuka hasi eta lapurretan ari zitzaizkiola deiadarka. Geroago, iadanik pobreturik, zarama-inguruan ibili ohi zen tipula zuztarrak, leka erdi-ustelak eta azukre kainabera muturren bat edo beste biltzen, «bere semeen ahoa gozatzeko.» Esan bezala, bi izan ziren bizirik geratu zitzaizkionak. Geroztik ez zen gehiago bere berririk jakin.

        Gutxigorabehera gure adinekoa zen Urbano Gomez hori, hilabete batzu zahartxeago agian, marrakara jolasten arras trebea eta baitare ziria sartzen. Oroi zaitez krabelinak saltzen zizkigula eta erosi ere guk erosten genizkiola nahiz eta errezena mendira joan eta han biltzea izan. Eskolako patioan zegoen mangondotik lapurtu eta mango fruita berdeak saltzen zizkigun, eta porterian bi txanponetan erosi ondoren guri bostean saltzen zizkigun piperztaturiko laranjak. Ekartzen zuen pitxi-saltsa ororen zozketa egiten zuen: puxtarriak, agatak, txibak eta burrunak, eta mayate zomorro berdeak ere, urrutira ez hegaztatzeko zango baten haritxo bat lotzen zaien horietakoak. Guztioi sartzen zigun ziria, gogoan izan behar duzu.

        Nachito Rivero-ren kuinatua zen, ezkondu eta egun gutxitara lelotu zen hura, eta Ines bere emazteak hura mantentzeko, errepideko etxolan tepache edari freskagarriz postua jarri behar izan zuen; eta bitartean Nachito, Refugio jaunaren barberian lagatzen zioten bandolina batez abesti guztiz desafinatuak joaz bizi izan zen.

        Eta gu Urbano-rekin joan ohi ginen bere arreba bisitatzera, beti zorretan utzi eta inoiz ordaintzen ez genion tepache freskoa edatera, diru-sosik ez genuelako. Lagunik gabe ere geratu zen gero, zeren eta denok ikusi orduko hanka egiten bait genion pagatu beharrik ez izateko.

        Agian orduan bihurtu zen gaiztoa, edo beharbada iadanik jaiotzetik zen horrelakoa.

        Bostgarren urtea baino lehen egotzi zuten eskolatik, la Arremangada bere lehengusinarekin arraskan atzekaldean, uharka lehor batetan, senar-emazteetara jolasten harrapatu zutelako. Belarrietatik tiraka atera zuten ate nagusitik, denon farrartean, mutiko eta neskatoen ilada baten erditik lotsarazteko pasaraziz. Eta handik iragan zen bera burua tente, denoi eskuaz mehatxu eginez eta zera esan nahi baligu bezala: «Ederki pagatu behar didazue bai».

        Eta gero neskatoa atera zen zinkirinka, begirada zoruko ladriloetan irristatuz, ateraino iritsi eta negarrari eman zion arte: arratsalde osoan entzun izan zen negar-karraxia, koiote-ulu bat bezala.

        Memoria guztiz galdu ez baduzu behintzat, horretaz gogoratu behar duzu.

        Diotenez, bere osaba Fidencio trapitxeroak ehundoko pasara eman eta ia-ia elbarriturik utzi omen zuen, eta amorru bizian herritik aldegin zuen berak.

        Dena delarik ere ez genuen berriro ikusi behintzat, harik eta polizia bihurturik inguru hauetara berriro azaldu zen arte. Arma-plazan egon ohi zen beti banku batetan jezarririk, karabina hankartean zuela eta denoi gorroto biziz begiratuz. Ez zuen inorekin hitzegiten. Ez zuen inor agurtzen. Eta begiratzen bazenion, ez-ikusiarena egiten zuen berak, inor ezagutuko ez balu bezala.

        Orduan izan zen bere kuinatua akatu zuenekoa, bandolina jotzailea alegia. Serenata jotzera joatea bururatu zitzaion Nachito-ri ilundu eta gero, zortzirak baino beranduxeago eta artean kanpaiak hilezkila jotzen ari zirenean. Orduan entzun ziren garraixiak, eta elizan errosarioa errezatzen zegoen jendea korrika irten eta han ikusi zituen: Nachito hankaz-gora bere burua bandolinaz defendatzen eta Urbano mauserekin kulatazoka gelditu gabe, jendeak oihukatzen ziona entzuteke, suturik, zakur amorratuaren moduan. Inguru hauetakoa ere ez zen gizaseme bat jende artetik irten zen arte, Urbano-rengana joan, karabina kendu eta berarekin sorbalda makilkatu zion, eta jardineko bankuaren gainera makurtu erazi zuen, bertan luzeluze etzanda geratu zelarik.

        Eguna zabaltzean ospa egin zuen. Diotenez, aldegin aurretik parrokian izan zen eta apaiz jaunari bedeinkazioa eskatu ere bai, baina hark ukatu egin omen zion.

        Bidean atxilotu zuten. Herrenka zihoan eta atsedena hartzeko eseri zen bitartean hatzeman zioten. Ez zuen kontra egin. Diotenez, berberak lotu omen zuen soka bere lepazamarrean, eta gehien gustatzen zitzaion zuhaitza aukeratu ere bai, urka zezaten.

        Gogoratu behar zara hartaz, eskola-lagunak izan bait ginen eta nik bezala ezagutu zenuen zeuk ere.

 

 

© Juan Rulfo
© itzulpenarena: Koldo Etxabe

 

 

"Juan Rulfo: Lautada sutan" orrialde nagusia