Bakarrik utzi zuteneko gaua

 

—Zergatik zoazte hain mantso? —itaundu zien Feliciano Ruelas-ek aurrekoei—. Horrela jarraituz gero loak hartuko gaitu. Ez duzue berehala iristeko premiarik hala?

        —Bihar eguna argitzean helduko gara —ihardetsi zioten.

        Entzun zien azkeneko gauza izan zen. Beraien azken hitzak. Geroago, hurrengo egunean oroituko zen horretaz ordea.

        Han zihoazen hirurak, begirada lurrerantz, gaueko argitasun urria profitatzen ahaleginduz.

        «Hobeto datorkigu ilunpea. Horrela ez gaituzte ikusiko». Hori bera esan zuten apur bat lehenago ere, edo aurreko gauean beharbada. Ez zuen gogoan. Logurak gogamena lausotzen zion.

        Orain aldapan gora berriro etortzen ikusi zuen —logura, alegia—. Noiz hurbildu zitzaion senditu zuen, bere parterik nekatuena aurkitu nahi balio legez inguratuz. Gainean eduki zuen arte, bere sorbaldan, non bere fusilak bait zeramazkien saieskaturik.

        Leiaz ibili zen lurra laua egon zen bitartean. Aldapa hasterakoan atzeratu zen; astiro higitzen hasi zen bere burua, gero eta astiroago, bere urratsak laburtzen ziren heinean. Bere albotik iragan ziren besteak, arras aurretik zihoazen orain, eta bere burua lotan kulunkatuz jarraitzen zuen berak.

        Atzenduz joan zen. Aurrez-aurre zuen bidea, bere begien alturan kasik. Eta fusilen zama. Eta logura, bere sorbalda makurtzen zen hartan atxikirik.

        Urratsak noiz itzaltzen zitzaizkion entzun zuen: nork daki noiztik, nork daki zenbat gautan zehar entzun zituen hutsune-doinuzko orpokada sakon haiek; «Magdalena-tik honuntza lehenengo gauean, gero handik honuntza bigarrenean, eta hau hirugarrena da. Ez ziren gau gehiegi izanen —pentsatu zuen—, egunez sikira lo egin izan bagenu. Baina besteek ez zuten nahi izan. Lotan harrapa gaitzakete —esan zuten.— Eta hori litzateke okerrena».

        —Norentzat okerrena?

        Logurak hitzegin arazten zion orain. «Itxaroteko esan nien; utz dezagun gaurko eguna atsedena hartzeko. Bihar adore handiz ibiliko gara eta gogo gehiagoz, eta indar gehiagoz, korrika egin beharra gertatzen bazaigu ere. Gerta daiteke hori ere».

        Planto egin zuen begiak itxirik. «Gehitxo da —esan zuen—. Zer aurreratzen dugu larritzearekin? Egun bateko bidea. Horrenbeste galdu eta gero, ez du neke adina balio». Berehala oihukatu zuen: «Non zoazte?».

        Eta ia-ia ahopean: «joan zaitezte ba, joan zaitezte».

        Etzanda jarri zen zuhaitz baten enborraren kontra. Lurra hotza zegoen han eta izerdia urotz bihurtzen zen. Hauxe izan behar zen esan zioten lur hura. Han beheran eguraldi epel-xamarra, eta orain hemen goian, gabanpetik barruratzen zitzaion hotz hau: «Atorra altxatu eta esku gelatuez larrazala igurtziko balidate bezala».

        Goroldio gainean pixkanaka esertzen joan zen. Gauaren tamaina nehurtu nahi balu bezala besoak luzatu, eta zuhaitz-hesi bat aurkitu zuen. Turmentina usai gozoko haizea arnastu zuen. Gero loaren baitan labaintzen utzi zuen bere burua estalkiaren gainean, gorputza txingurritzen nola zihoakion sendituz.

        Goizaldeko hotzak esnarazi zuen. Ihintzaren hezetasunak. Begiak zabaldu zituen. Izar gardenak ikusi zituen zeru argian, abar ilunen gainetik.

        «Iluntzen ari du», pentsatu zuen. Eta loak hartu zuen berriro.

        Bideko lur zakar eta harritsuaren kontra oinkaden kolpekatze tinkoa eta oihuak entzutean altxatu zen. Argi horitsu batek isladatzen zuen horizontea.

        Bere ondotik iragan ziren mandazainak, berari so. Agurtu egin zuten: «Egunon», esan zioten. Baina berak ez zuen erantzun.

        Egin behar zuenaz oroitu zen. Eguna zabaldurik zen dagoeneko. Eta berak mendaitza gauez zeharkaturik behar zuen barrandariak saihesteko. Pasabide hau zen babestuena. Esana zioten hori.

        Karabinak hartu eta bizkargaineratu zituen. Bidea utzi eta bide-zidorra hartu zuen menditik, eguzkia irteten ari zen alderuntz. Gora eta behera ibili zen, mendi-bizkar sokortsuak zeharkatuz.

        Mandazainak hitzegiten entzuten zituela iruditzen zitzaion: «Han goian ikusi dugu. Honelakoa eta halakoa da eta arma ugari dakar».

        Fusilak bota zituen. Gero matxarroaz gabetu zen. Arintxo senditu eta korrika hasi zen orduan, beherakoan mandazainei irabazi nahi balie legez.

        «Gailurtu, goi-zelaia zeharkatu eta gero jaitsi», horixe zen egin behar zuena. Hori egiten ari zen. Jainkoa lekuko. Esandakoa ari zen egiten, nahiz eta ez bere orduan.

        Amildegien hertzera heldu zen. Lautada arre eta zabala behatu zuen han urrutiraino.

        «Han egonen dira besteak. Eguzkitan atsedenduz, iadanik inolako buruhausterik gabe, —pentsatu zuen. Eta sakanan behera jaulki zen bunbulunka, gero korrika, eta berriro zilipurdika.

        «Jainkoa lekuko», zioen. Eta gero eta arinago biribilkatzen zen bere korrika saioan.

        Artean mandazainei entzuten ari zela uste zuen, esan ziotenean: «Egunon». Haien begiak gezurtiak zirela senditu zuen. Lehenengo guardiarengana heldu eta esango diote: «Honelako eta halako tokitan ikusi dugu. Laister izango da hemen».

        Bapatean bertan kieto geratu zen.

        «Kristo», esan zuen. Eta «Viva Cristo Rey» oihukatzera zihoan iadanik, baina mihiari eutsi zion. Bere zorrotik pistola atera eta izkutuan, atorraren azpian egokitu zuen, bere larrazaletik hurbil senditzearren. Indarra eman zion horrek. Agua Zarca-ko rantxoetaraino hurbilduz joan zen pausu zuhurrez, sekulako sutzarren baranoan berotzen ari ziren soldaduen istilua begiratuz.

        Esparruko exoletaraino bertaratu eta hobeki ikus ahal izan zituen; aurpegia igerri: beraiek ziren, Tanis eta Librado bere osabak. Soldaduak suaren inguruan zebiltzan bitartean, haiek kulunka zeuden, mezquite zuhaitz batetik zintzilikaturik esparru erdian. Sutetik goratzen zen keaz iadanik ez zirudien ohartzen zirenik; ke honek begi hilotzak lausotu eta aurpegiak belzten zizkien.

        Ez zuen haiek ikusten jarraitu nahi izan. Exolen luzetara herrestan ibili eta izkina batetan zokoratu zen, gorputza baratuz, nahiz eta sabelean har bat bihurritzen zitzaiola zenditu.

        Bere gainean entzun zuen norbaitek esaten zuela:

        —Zeren zain zaudete horiek lurreratzeko?

        —Hirugarrenaren zain gaude. Hiru zirela diote eta beraz horrela izan behar. Diotenez, falta dena mutikoskorra omen da; baina mutikoa izan arren, bera izan zen nire teniente Parra enboskadan harrapatu eta bere jendea akabatu ziona. Agertuko da bera ere inguru hauetara, zaharragoak eta maltzurragoak ziren beste horiek agertu ziren bezalaxe. Gaurtik bihar arte azaltzen ez bada, iragaiten den lehena garbitu eta horrela mandatuak beteko direla, dio nere mayorek.

        —Ez ote dugu hobe bere bila irtetea? Horrela asperra apur bat galduko genuke behintzat.

        —Ez da beharrezko. Etorri behar du. Sierra de Comanja aldera doaz denak Catorceko cristeroekin elkartzera. Azkenetarikoak dira hauek iadanik. Oso ona izanen litzateke iragaiten uztea, Altos-etako lagunei lan apur bat eman diezaieten. Hori bai izango litzatekela polita. Baina horren ondorioz gu ere ez ote gaituzte haruntzako bide berberatik bidaliko.

        Unetxo bat itxaron zuen oraindik Feliciano Ruelas-ek, sabela kilimatzen ziola senditzen zuen zalaparta baretu zekion zain. Gero uretan murgiltzera joanen balitz bezanbatsu haize irentsi zuen eta lurretik herrestan ibiltzeko adina kikilduz aurrera jo zuen, gorputza eskuez bultzatuz.

        Errekatxoko relizera iristean, burua zutitu eta korrikari eman zion, lastotzar artean bidea irekiz. Ez zuen atzera begiratu, ez eta bere korrika eten ere, errekatxoa lautadan desagertzen zela ikusi arte.

        Orduan gelditu zen. Aho-betean eta dardaraz hartu zuen arnasa.

 

 

© Juan Rulfo
© itzulpenarena: Koldo Etxabe

 

 

"Juan Rulfo: Lautada sutan" orrialde nagusia