Lautadan sutan

 

                                                «Ya mataron a la perra

                                                pero quedan los perritos»

                                                           (Corrido popular)

 

«Gora Petronilo Flores!»

        Sakaneko hormatzarretatik errebotatuz etorri eta gu geunden lekuraino igo zen oihua. Suntsitu egin zen gero.

        Alditxo batez, behetikan jotzen zuen haizeak hitzots moltzotuen zalaparta gureganatu zigun, harrarte gainetik linburtzen denean ur-gorak egiten duen bezalako burrunba atereaz. Berehala, han bertatik irtenez sakanaren bihurgunetik saiestu zen beste oihu bat, berriro hormatzarretan errebotatu eta indarrez iritsi zen artean gugana:

        «Gora Petronilo Flores nere generala!»

        Elkarri begiratu genion guk.

        Poliki-poliki zutitu zen la Perra, bere karabinaren betegailuari kartutxoa atera, eta atorraren patrikan gorde zuen. Gero, «Laurak» zeuden aldera hurbildu eta esan zien: «goazen mutilak, ikus dezagun zeintsu zezenko txuliatzen ditugun!». Bere atzetik joan ziren Benavides lau anaiak makurturik; la Perra bakarrik zihoan tenteasko, bere gorputz argalaren erdia harresi gainetik agertuz.

        Gu han geratu ginen mugitu gabe. Hormalde-oinean geunden ilaran, tripaz-gora luze luze etzanda, iguanak egoten diren moduan eguzkitan berotzen.

        Hamaika zeharka-mearka egiten zuen harresiak mendi bizkarretan gora eta behera, eta beraiek, la Perra eta «Laurak» alegia, zeharka-mearka zihoazen baitare, oinak katiaturik dabilenaren gisa. Horrelaxe ikusi genituen gure begi-bistatik desagertzen. Aurpegia jiratu genuen gero berriro goruntz begiratzeko, eta hainbat itzal ematen ziguten amole-landareen behe abarrei egin genien so.

        Usain hori zegoen: eguzkiak galdaturiko itzalarena. Amole ustelduena.

        Eguerdiko logurea senditzen zen.

        Han behetik zetorren istilua txitean-pitean sakanatik ziren egiten zen, eta gorputza astintzen zigun loak har ez gintzan. Eta belarria adi-adi ipiniz entzun nahi genuen arren, istilu hotsa besterik ez zitzaigun gureganatzen: murmurotsen zirimola bat, kale-galtzara harritsu batetik iragaitean gurdixkek atera ohi duten arrabotsa oso urrutitik entzungo balitz legez.

        Tiro baten danbada jo zuen bapatean. Sakanak errepikatu zuen, haitzarte osoa gain-behera baletor bezala. Izakiak esnarazi zituen horrek: totochilo-ak hegaldatu egin ziren, amole-landare artean jolasean ikusi genituen hegazti gorriska horiek alegia. Berehala, eguerdi-begian loak hartu zituen txitxarrak ere esnatu dira bazter guztiak karraskotsez josiaz.

        —Zer izan da hori? —galdetu zuen Pedro Zamora-k, oraindik eguerdiko loaz erdi lozorroturik. El Chihuila jeiki zen orduan, eta karabina adar-kerten baten moduan narran eramanez, lehentxeago joan zirenen atzetik abiatu zen.

        —Zer gertatu ote den ikustera noa —esan zuen—, bera ere besteak bezala desagertuz.

        Hainbesteraino areagotu zen txitxarran kirrinka, non entzungor utzi bait gintuen eta ez ginen konturatu beraiek handik noiz agertu ziren. Gainean genituen iadanik akordatzerako, justu gure aurrez-aurre eta guztiak batere armarik gabe. Ibilian zebiltzela zirudien, oraingo honetarako ez beste edozein eginkizunetarako prestaturik.

        Buelta eman eta kanoi-leihotik begiratu genien. Lehenengoak iragan ziren, bigarrenak ondoren eta beste batzu gero, gerria aurrerantz makurturik, logosez konkorturik. Izerdiz dir-dir zeukaten aurpegia, errekatxotik iragaitean uretan murgil egin balute bezala. Pasatzen jarraitu zuten.

        Seinalea iritsi zen. Txistu-hots luze bat entzun eta danbadarreria hasi zen han urrutian, la Perra joan zen aldetik. Hemen jarraitu zuen gero.

        Erraza izan zen. Kanoi-leihoa beren itzalaz kasik bete-bertan bozatzen zuten, eta beraz, ondo-ondotik tirokatzea eta ia-ia konturatu gabe bizitzatik heriotzerainoko jauzia bapatean eta ustekabean eragin bagenie legez zen hura.

        Oso gutxi iraun zuen honek ordea. Lehen eta bigarren deskargak asko jota. Laisterrean geratu zen hutsik kanoi-leihoko zuloko bista, eta bertatik begiratuz gero, biderdian ziplo eginik zeudenak ikus zitezkeen soilik, erdi bihurriturik, norbaitek han bertan behera bota balitu bezala. Bizirik zirautenak desagertu egin ziren. Geroxeago agertu ziren berriro, baina oraingoz bederen han iadanik ez zeuden.

        Itxaron behar izan genuen hurrengo deskargarako.

        Gutariko norbaitek oihukatu zuen: «Gora Pedro Zamora!»

        Ia-ia ahopean erantzun zuten bestaldetik: «Salba nazazu patroitxo! Salba nazazu! Laguntza ekar iezadazu Atocha-ko Haur Saindua!».

        Hegaztiak iragan ziren. Mendixketaruntz igaro ziren xoxo-aldrak gure gainetik zehar.

        Atzetik heldu zitzaigun hirugarren danbada. Kontrakoek ekin zioten eta harresiaren bestalderaino saltarazi ziguten, guk akabaturiko hildakoak zeuden lekua baino ere haruntzago.

        Ihesa hasi zen gero sasitartean. Orpoak kilikatuz senditzen genituen balak, matxin-salto saldo baten gainera erori izan bagina legez. Eta aldian behin, baina gero eta sarriago, gutarikoren bat erdiz-erdi jo, eta harrapatzen zutena hezur karraskots artean zerraldo erortzen zen.

        Hura zen korritzea. Sakanaren hertzara heldu eta amilduko bagina bezala labaindu genituen gure gorputzak goitik behera.

        Tiroka jarraitzen zuten. Gu, katamarka, sutargiak uxaturiko azkonak bezala bestaldera igo eta gero ere, haiek tiroka jarraitzen zuten artean.

        «Gora Petronilo Flores nere generala, alubita putakumeok!» oihukatu ziguten berriro. Eta trumoi ekaitz bat legez errebotatuz joan zen oihua sakanean behera.

        Harri handi eta borobil batzuren atzean gelditu ginen kikildurik, artean indartsuki puzka korrikaren zioz. Pedro Zamora-ri behatzen genion soilik, zer gertatu ote zitzaigun gure begiez galdetuz. Baina deus esateke begiratzen zigun berak ere. Denok hitza galdu bagenu bezala zen hura, edo mihia korapilatu perikitoei bezala, eta mintzatzeko askatzen lan handia izango bagenu legez.

        Guri so jarraitzen zuen Pedro Zamora-k. Begiez ari zen kontuak egiten: berak zituen begi haietaz, beti gorri-gorriak, beti lo-faltan balitu bezala. Banaka zenbatzen gintuen. Iadanik bazekien, jakin, zenbat ginen han geundenak, baina artean zihur ez zegoela zirudien; horregatik zenbatzen gintuen behin eta berriro, hamaika bider.

        Falta ziren batzuk: hamar edo hamaika, la Perra, el Chihuila eta beraiekin eraman zituztenak zenbatzeke. Gerta zitekeen el Chihuila amole zuhaitz baten gainean zankalatrada egotea, bere lepazamarraren gainean etzanik, federalak noiz aldegingo zain.

Joses-ak, la Perra-ren bi semeak izan ziren lehenak burua jasotzen, eta gorputza geroxeago. Noizpait ere alde batetik bestera ibiltzen hasi ziren, Pedro Zamora-k zerbait esango ote zien zain. Eta azkenean esan zuen:

        —Horrelako beste batetan harrapatzen bagaituzte, gureak egin du.

        Berehala, sumin ahokada bat irentsiko balu bezala eztarria korapilatuz oihukatu zien Joses-ei: «Badakit jakin zuen aita falta dela, baina, eutsi, eutsi pittin bat! Joanen gara bere bila!».

        Handik tirokaturiko bala batek tildio sail bat hegaztarazi zuen bestaldeko mendi-hegalean. Sakanean zehar amildu ziren hegaztiak eta gure ondoraino hega-birakatu; gero, gu ikustean, izutu egin ziren, eguzkiaren kontra dir-dir eginez jiratu eta istiluz bete zituzten berriro bestaldeko mendi-hegaleko zuhaitzak.

        Lehen zeuden tokira itzuli eta isilean kokorikatu ziren Joses-ek.

        Horrela bota genuen arratsalde osoa. Eguzkia ezkutatu eta iluntzen hasi zenean iritsi zen el Chihuila «Lauetariko» bat lagun zuela. Han behetik, Piedra Lisa-tik zetozela esan ziguten, baina ez ziren kapaz izan federalak iadanik erretiratu ziren ala ez esateko. Oro baretsu zegoela zirudien benetan. Koioteen uluak entzuten ziren noizbehinka.

        —Epa hi, Pichón —esan zidan Pedro Zamora-k. Joses-ekin Piedra Lisa-raino joan eta la Perra-ri zer gertatu ote zaion ikus dezazuen mandatua eman behar dizut. Hilik badago, ba lur emaiozue. Eta berdin egin besteekin. Zaurituak zerbaiten gainean laga itzazue guacho-ek ikus ditzaten; baina ez inor ekarri zuekin.

        —Hori eginen dugu.

        Eta besterik gabe abiatu ginen.

        Zalditza gorde genuen esparrura iristean, hurbiltxoago entzuten ziren koioteak. Iadanik ez zegoen zaldirik, gu etorri baino lehenagotik han bizi zen asto giar bat besterik ez zegoen. Bistan da zaldiak federalek eraman zituztela.

        Xustur batzuren atzean aurkitu genituen «Lauetatik» geratzen zirenak, hirurak elkarren ondoan, bata bestearen gainean, han pilatu balituzte bezala. Burua altxatu eta astindu genien apurtxo bat, oraindik norbaitek aztarnarik ematen ote zuen ikusteko; baina ez, ondo hilik zeuden. Uraskan zegoen gutariko beste bat, saiets-hezurrak aterata, aiztokatu balute legez. Eta malda goitik behera arakatuz, hemen bat eta haruntzago beste bat, sakabanaturik aurkitu genituen, gehienek aurpegia ubelduta zutelarik.

        —Hauek errematatu egin dituzte, ez dago dudarik —esan zuen Joses-etariko batek.

La Perra-ren bila ekin genion; beste inor kontutan hartu gabe, aipatu Perra aurkitzeari soilik.

        Ez genuen aurkitu.

        «Eramana izango dute —pentsatu genuen—. Gobernuari erakusteko eramana izango dute»; baina halere, bazter guztietatik, uztondo artean bilatu nahiean jarraitu genuen horratio. Koioteak uluka jarraitzen zuten. Gau osoa bota zuten uluka.

        Egun banaka batzutara, Armeria-n ibaia iragaitean, aurrez-aurre egin genuen topo berriro Petronilo Flores-ekin. Atzera jo genuen, baina beranduegi zen honez gero. Fusilatu bagintuzte bezala gertatu zen. Aurretik iragan zen Pedro Zamora, nik ezaguturiko abere onena zen mandar gorrixka eta txapar hura lauazkaraziz. Eta bere atzetik gu, saldoturik, zaldien zama gainean makurturik. Nolanahi ere sekulakoa izan zen sarraskia. Ez nintzen berehala jabetu, zeren eta nere zaldi hilaren azpian urperatu bait nintzen ibaian, eta korronteak errestan eraman gintuen biak urrun, urlo baxu eta ondarrez beteriko batetaraino.

        Hura izan zen Petronilo Flores-en guda-gizonekin pairatu genuen azken matraka. Honez gero ez genuen iadanik burrukatu. Gauzak hobeto esatearren, bageneraman denboralditxo bat burrukatzeke, arriskutik iheska besterik gabe; horregatik erabaki genuen goiari heltzea bizirik irauten genuenok, jazarkundetik ezkutatzeko mendira joaz. Eta hain taldetxo bakanak izatera iritsi ginenez, iadanik inork ez zigun bildur zipitzik. Iadanik ez zuen inork korrika aldegiten «han datoz Zamorarenak!» oihukatuz.

        Pakea nagusitu zen berriro Llano Grande-an.

        Baina ez denbora luzez horratio.

        Zuela zortzi hilabete inguru Tozin mendi-lepoko gordelekuan ezkutaturik geunden, itsasaldera jo aurretik Armeria ibaia ordu askoz mendarte-zokoan mehartzen den leku hartan. Urteak iragaiten uzteko asmoa genuen, gero berriro mundura itzultzeko, iadanik gutaz inor gogoratuko ez zenean. Oilozantzan hasiak ginen eta noizbehinka mendi-malkarrera igo ohi ginen oreinak ehizatzera. Bost ginen, lau ia-ia, zeren eta Joses-etariko bati zango bat gangrenatu egin bait zitzaion, ipurmasail azpian jo zioten balakadagatik, atzetik tirokatu gintuzten haretan.

        Han geunden ezertarako gai ez ginela senditzen hasiak. Eta guztiok urkatuko gintuztela jakin izan ez bagenu, pakeak egitera joanak izango ginen dagoeneko.

        Baina Armancio Alcala delakoa agertu zen horrelako batetan, Pedro Zamora-ri mandatu eta aginduak betetzen zizkion gizona hain zuzen.

        Goizaldean, behi bat zatikatze lanetan ari ginen bitartean entzun genuen adar-tutua. Txit urrunetik zetorren, Llano aldetik. Unetxo batetara berriro entzun zen. Zuzen baten marruma bezalakoa zen; hasieran zoli, zakartsu gero eta zoli berriro. Oihartzunak iraunarazten zuen denbora luzez eta honuntza bertaratu, ibaiaren ur burrunbak itzaltzen zuen arte.

        Eta eguna zabaltzear zegoen dagoeneko, Alcala delakoa sabino-zuhaiztia artean agertu eta bere burua begibistara azaldu zuenean. «44»-ko kartutxoz betetako matxarro bi zekarzkien saieskaturik eta bere zaldiaren gibelaldean trabeskaturik fusil multzoa zetorren maleta baten moduan.

        Mandarretik jeitsi zen. Fusilak banatu zizkigun eta maleta egin zuen berriro soberatzen zitzaizkionekin.

        —Gaurtik bihar arte beste zeregin premiazkorik ez baduzue, Buenaventura-rantz abiatzeko prest egon zaitezte. Han dago Pedro Zamora zuek noiz joango zain. Beheraxeago noa ni bitartean, Zanate-en bila. Gero itzuliko naiz.

        Biharamunean etorri zen ostera, ilunabarrean. Eta bai, Zanate-ak zetozten berarekin halabaina. Aurpegi beltza ikusten zitzaien arratsaldeko nabardurartean. Beraiekin zetozten ezagutzen ez genituen beste hiru ere.

        —Bidean eskuratuko ditugu zaldiak —esan zigun—. Eta atzetik jarraitu gintzaizkion.

        San Buenaventura-ra iritsi baino askoz lehenago ohartu ginen rantxoak sutan zeudela. Haziendako mandioetatik gora altxatzen ziren garrak, abarras putzu bat erretzen ari balitz bezala. Txinpartak aidatu eta ortzearen iluntasunean sekulako hodeiak biribiltzen ziren argitan blai.

        Zuzen aurrera jarraitu genuen bidez-bide, San Buenaventura-ko sutargiaren diztiraz liluraturik, norbaitek edo zerbaitek gure betebeharra han egotea zela esanen baligu bezala, geratzen zena buka genezan.

        Baina gu bertaratu baino lehen topo egin genuen trostan zetozten lehen zaldizkoekin, korda zela-buruan loturik zutela eta tiraka, oinak kateaturik eta oraindik aldizka eskuen gainean errestan zebiltzen gizon batzutatik tiraka batzuek, eta iadanik eskuak erori eta burua zintzilik zekarten gizonetatik tiraka beste batzuek.

        Pasatzen ikusi genituen. Atzerago zetorren Pedro Zamora eta zaldizko jende aunitz. Inoiz baino askoz jende gehiago. Atsegina egin zitzaigun.

        Gustagarri zen gizon ilara luze hura berriro Llano Grande-a zeharkatuz ikustea, aspaldiko garai haietan bezala. Hasierako moduan, Llano-ko inguru guztiak izu-ikaraz betetzeko, haizeak egurasturiko huizapole helduak legez lurretik goratu ginenean bezala. Horrelaxe suertatu zen sasoi batetan. Eta berriro gertatuko zela zirudien orain.

        San Pedro-rantz abiatu ginen handik. Hura sutu eta Petacal-eruntzako bidetik jo genuen gero. Artoa kasik garatzeko zorian zegoen urtaroa zen, eta artotxorkotxak zimeldurik eta Llano-an zehar sasoi honetan jotzen duen haize boladaz konkorturik ikusten ziren. Beraz, txit ederra zen zaltegietan sua aurreratzen ikustea; sute haretan Llano osoa txingar hutsa bihurturik ikustea, goialdean ke-meta kizkurtuekin; ederra zen lezka eta ezti usaineko ke hura, zeren eta erretea kainaberadietara ere iritsia bait zen.

        Eta keartetik azaltzen ginen gu mozorroak legez, aurpegia gedarturik, handik eta hemendik abereak tiratuz, lekuren batetan elkartu eta larrutzeko. Hori zen orain gure diru-bidea: abelarruak.

        Zeren eta Pedro Zamora mintzatu zitzaigunez: «aberatsen diruarekin burutuko dugu erreboluzio hau. Beraien kontura izango dira armak eta egiten ari garen erreboluzio honek daramatzan gastuak. Eta oraingoz bere alde burrukatzen aritzeko ikurrinik eduki ez arren, arreta handiz saiatu behar dugu dirua pilatzen, gobernuko tropak etortzen direnean indartsuak garela ikus dezaten». Hori esan zigun

        Eta noizpait ere tropak itzuli zirenean, lehen bezala berriro gutakoak garbituz lasatu ziren, lehen adinako erreztasunez gertatu ez bazen ere. Argi eta garbi hantz ematen zitzaien orain bildurra zigutela.

        Geuk ere bagenien bildurra ordea. Ikustekoa zen koskabilak nola paseatzen zitzaizkigun lepazamarreraino, beraien guarnizioak edo beren zaldien apatxak bideren batetako arritxintxarrak zapaltzean egiten zuten zarata entzute soilarekin; izan ere bide bazterretan zelatatzen bait genituen enboskadaz egurtzeko asmoz. Iragaiten ikusten genituenean zeharka begiratzen gintuztela senditzen genuen kasik, eta zera esango balute bezala: «usnatu zaituztegu eta apropos, itxura egiten ari gara besterik gabe».

        Eta izan ere horrela zirudien, zeren eta hitzetik hortzera lurrean luze-luze etzaten bait ziren beren zaldien atzean babesturik eta han aurpegi emanez, beste batzuek pixkanaka inguratzen gintuzten bitartean zokoan harrapaturiko oiloak legez. Ordudanik jabetu ginen martxa horretan ez genuela asko izanarren luze iraunen. Izan ere oraingo jende hau ez bait zen hasieran bidali zizkiguten Urbano generalaren tropak bezalakoak, oihu eta kapelkada soilez izutzen zirenetakoa; haiek gure aurka burrukatzera beren rantxoetatik indarkeriz irteneraziak ziren, eta gutxi ginela ikustean bakarrik erasotzen gintuzten alegia. Haiek bukatu ziren. Bestelakoak etorri ziren gero; baina oraingo azken hauek ziren okerrenak. Olachea delako bat da orain gidari, jende oldarkor eta jasankorrarekin; Teocaltiche-tik ekarririko alteño jendearekin, tepehuane indioekin nahasturik: indio ile-adatsuak, egun askoz mokaurik jateke egoten ohituak, eta aldizka begia dank eta kliskatu gabe orduak joan orduak etorri zelatatzen zaituztenak burua ager dedazun zain, xuxen-xuxen zuregana «30-30»-ko horietariko bala luze bat botatzeko, eta horrelako batek alajaina abar ustel bat hautsiko balitz bezala kraskatzen dizu bizkar-hezurra.

        Jakina errazago zela rantxoak erasotzea gobernuko tropak enboskatzen ibiltzea baino. Horregatik sakabanatu ginen, eta taldetxo bat hemen taldetxo bat han, inoiz baino kalte gehiago egin genuen, beti zango arin, ostikada jo eta mando ankerren moduan korrika.

        Eta horrela, sumendiko zeharretan Jazmineko rantxoak sutan zeuden bitartean, beste batzu bapatean destakamenduetara jeisten ginen huizache-zuhaitzaren abarrak errestan eramanez eta jendeari asko ginela sinestaraziz, eta ateratzen genuen hauts eta deiadarren artean ezkutaturik.

        Soldaduak kieto geratzen ziren, zain. Harat-honaka bota zuten denboralditxo bat eta orain aurrera orain atzera jotzen zuten, zorabiaturik egongo balira legez. Eta hemen bertatik ikusi ohi ziren mailoko suteak, baso-inahusteak erretzen ariko balira moduko sualdi eskergak. Sutan ikusten genituen hemendik gau eta egun rantxo eta herrixkak, eta gaua argitzen zuten Tuzamilpa eta Zaplototlan bezalako herri handiago batzuk ere bai, batzutan. Eta haruntz abiatzen ziren Olachea-ren guda-gizonak bere martxa bizituz, baina iristean Totolimispa jartzen zen sutan, arras honuntza, soldaduan atzekaldetik oso urrun.

        Polita zen hura ikustea. Iadanik soldaduak bere borrokatzeko grinaz aldentzen zirenean, tepemezquite sasiartetik supituan irten eta Llano hutsa nola zeharkatzen zuten ikusi, etsaiekin topo egin gabe, mendartean hertsiriko perra-eiteko Llano handi hartan ur sakon eta hondargabetan gisa murgilduko bailira.

        Cuastecomate-ri su eman eta zezenetan ibili ginen han. Arras laket zitzaion Pedro Zamora-ri zezen-jolas hau.

        Autlan-eko bidetik joanak ziren federalak, La Purificación deitzen dioten leku bat kausitzeko asmoz, non beraien ustetan gu irten gineneko bandidu zuloa bait zegoen. Aldegin zuten eta bakarrik utzi gintuzten Cuastecomate-an.

        Han ukan genuen zezenetara jolas egiteko aukera. Zortzi soldadu utzi zituzten ahazturik, eta administratzaile eta haziendako kaporala ere bai. Bi egunetako zezen-festa izan zen.

        Ahuntzak gordetzeko erabiltzen diren bezalako esparru borobil bat egin behar izan genuen, zezenplazatzat balio zezan. Eta langen gainean jezarri ginen gu toreatzaileak aldegin zezaten galerazteko, zeren eta indar handiz korritzen bait zuten Pedro Zamora-k zer nolako gerrenaz adarkatu nahi zituen ikusi orduko.

        Arratsalde bat osatzeko adina iraun zuten zortzi soldadutxoek. Hurrengorako beste biak. Eta lan gehien eman zuena otate-haga bezalako kaporal argal eta luze hura izan zen, zeren pittin bat zeharkatze soilarekin txiri egiten bait zion arriskuari. Ixtante batean hil zen administratzailea aldiz. Txaparra eta arraultz bat bezain biribila zen, eta bere gorputza gerrentinetik libratzeko ez zen inolako amarrutan saiatu. Arras isilik hil zen, kasik higitzeke eta bere burua ziriztatzea berberak nahi izan balu bezala. Baina kaporalak bai, eman zuen lanik franko.

        Estalki bana laga zien Pedro Zamora-k eta hain zuzen horregatik, kaporalak bederen bere burua gerren-erasoetatik hain ongi defendatu zuen, beste estalki lodikote eta astun harekin; izan ere, zeri heldu jakin orduko, zuzen-zuzen zetorkion gerrenaren aurka estalkia astintzeari ekin zion; eta horrela aritu zen txuliatuz, Pedro Zamora aspertu arte. Argi eta garbi nabaritzen zen oso nekaturik zegoela iadanik kaporalaren atzetik haret-honaka ibiltzeaz, ukitutxoren batzu besterik ezin emanik. Eta bere onetik atera zen. Gauzak bertan behera utzi eta, deplauki, zezenak egiten duen modura zuzenean ekin ordez, Cuastecomate-koaren saiets-hezurrak erasotu zituen gerrenaz, beste eskuaz estalkia alderatzen zion bitartean. Kaporala gertatutakoaz ez zela jabetu zirudien, zeren eta une dexente batez ibili bait zen oraindik burusia goitik behera astinduz, liztorrak uxatzen ibiliko balitz legez. Bere odolak gerria inguratzen ziola ikusi zuen arte ez zen sosegatu. Beldurtu egin zen eta saiets-hezurretan eginiko zuloa bere hatzez bozatzeko ahaleginak egin zituen; izan ere zulo hartatik zurrusta bakarrez ixurtzen zitzaion gauza gorri-gorri hark gero eta zurbilago jarrarazten bait zuen. Gero, denoi so geratu zen esparru erdian luze-luze etzanda. Eta han egon zen urkatu genuen arte, bestela denbora luzez iraungo bait zukeen azken hatsa eman arte eta.

        Ordudanik sarriagotan ibili zen zezenetan Pedro Zamora, modurik ukan zuen arte bederen.

Abajeño jendea ginen kasik denok sasoi haretan, Pedro Zamora-gandik hasi eta beheraino; gero elkartu zitzaigun beste lekuetako jendea: Zacoalco-ko indio güeroak, hanka-luzeak eta gaztanbera moduzko aurpegiak zituztenak. Eta lurralde hotzeko beste haiek, Mazamitla-koak beraiek ziotenez eta beti burusietan bildurik zebiltzenak, gau eta egun elur-bustia ariko balu bezala. Beroarekin galtzen zitzaien gosea azken hauei, eta horregatik bidali zituen Pedro Zamora-k Volcanes mendatea zaintzera, han goi-goira, harea hutsa eta haize-indarrez higaturiko arkaitzak besterik ez zegoen leku hartara. Baina güeroak laister gustatu ziren Pedro Zamora-z eta ez zuten berarengandik aldentzerik nahi izan. Bere ondoan joan ohi ziren beti, itzala eginez eta berak gura zituen mandatu oro beteaz. Noizbehinka, herrietako neska ederrenak bahitzen zituzten ere, Pedro Zamora-k haiekikoa egin zezan.

        Ongi asko gogoratzen dut dena. Isil gogorrean ibiliz eta logose handiz mendian botatzen genituen gauetaz oroitzen naiz, iadanik tropak arrastoa arras gertutik jarraitzen zigutenean. Oraindik ikusten dut Pedro Zamora bere estalki more-gorrixka bizkargainean biribildurik, gutariko inor atzera ez zedin zaintzen:

        —Epa hi, Pitasio, ezproina ezak zaldi hori! Eta zuk ez lorik har Resendiz, solaserako behar zaitut eta!

        Bai, berak zaintzen gintuen. Gauaren erdian gindoazen bidez-bide begiak loguraz konkorturik eta zorabiaturik; baina berak guztiok ezagutzen gintuen eta burua altxa genezan mintzatzen zitzaigun. Ongi zabalduriko beraren begi haiek senditzen genituen, loak hartu ez eta gauez ikusi eta ilunpetan gu ezagutzen ohiturik zeudenak. Banaka zenbatzen gintuen oro, diru kontaketan dagoenaren moduan. Bere zaldiaren oin-hatzak entzun eta bagenekien jakin bere begiak beti erne zeudela; horregatik jarraitzen genion denok itsuturik egonen bagina bezala, ixilik, egiten zuen hotzaz eta loguraz kezkatu gabe.

        Baina erabateko porrota egin zuen geureak, Sayula-ko aldapako trenaren deskarrilamendua suertatu zenetik. Hori gertatu ez balitz, agian bizirik iraungo zuten oraindik Pedro Zamora eta el Chino Arias eta el Chihuila eta beste hainbatek, eta bide onetik jarraituko zukeen erreboltak. Baina Pedro Zamora-k desafio handiegiz jo zion adarra Gobernuari Sayula-ko trenaren deskarrilamenduaren erronkarekin.

        Begi bistan dauzkat oraindik hildakoak pilatu zituzten lekutik goratzen ziren sugarraldien argiak. Palaz biltzen zituzten edo aldaparen hondoraino enborrak gisa biribilkatu, eta piloa arras handia egiten zenean, petrolioz blai egin eta sua eman ohi zioten. Oso urrun eramaten zuen haizeak usaina, eta egun askotara senditzen zen oraindik hildakoen erre-kiratsa.

        Pittin bat aurretik ez genekien ongi zer gertatuko zen. Trenbide tarte luze batetan sakabanatu genituen behi adar eta hezur pila, eta hau nahikoa izango ez balitz ere, trena bihurgunean sartuko zen hartan errailak ireki genituen. Hori egin eta zain egon ginen.

        Ingurua argitzen hasia zen dagoeneko egunsentia. Kasik klarki ikusten zen iadanik jendea bagoien sapai-gainean pilakaturik. Batzuk kantatzen ari zirela entzuten zen. Gizonezko nahiz emakumezkoen abotsak ziren. Gauaz erdi gerizpeturik igaro ziren gure paretik, baina ikus ahal izan genuen soldaduak zirela beren tramankulu eta guzti. Zain egon ginen. Trena ez zen geratu.

        Tirokatuko genukeen nahi izanez gero, zeren astiro bait zihoan eta hatsanka, puzka aldapa igo nahi balu bezala. Beraiekin unetxo batez mintzatu eta guzti ahal izango genukeen. Baina beste modu batetara ziren gauzak.

        Bagoiak kordokatzen sentitu zituztenean hasi ziren berak gertatzen zitzaienaz jabetzen, norbait astintzen egonen bailitz trena kulunkatzean. Gero, atzekaldera jo zuen makinak narran eta trenbidetik kanpo bagoi astun eta jendez beterikoen indarrez. Tutu erlats, triste eta arras luze batzuk jotzen zituen. Baina ez zuen inork laguntzen. Atzeraka jarraitzen zuen, bukaerarik ikusten ez zitzaion tren harek narran eramanik, lurra bukatu eta albora okerturik, sakan hondora jaulki zen arte. Orduan bagoiek segi zioen bata bestearen atzetik, zalapartatsuki, bakoitza bere lekuan luze-luze han beheran etzanez. Ondoren ixilpean geratu zen oro, guziak, geu ere, hil izan bagina legez. Horrela suertatu zen hura.

        Bizirik zirautenak bagoien ezpaletatik irteten hasi zirenean, ospa egin genuen guk handik, bildurraz karranpaturik.

        Izkutaturik eman genituen egun batzu; baina federalak joan zitzaizkigun gordelekutik irtenaraztera. Ez ziguten atsedenik eman honez gero; ezta zezina mutur bat lasai maxkatzeko ere. Lotarako eta jateko orduak buka zekizkigun lortu zuten, eta guretzat gauak nahiz egunak berdinak izatea ere bai alajaina. Tozin mendartera iristea nahi izan genuen; baina gobernua bertaratu zen gu baino lehen. Sumendia zeharkatu genuen. Mendi altuenetara igo eta han, Camino de Dios deitzen duten leku horretan egin genuen topo berriro gobernuarekin, txantxetarik gabe tiroka. Gure gainera balak nola jeisten ziren senditzen genuen bolada sarri eta ugaritan, inguratzen gintuen haizea berotuz. Eta beraien atzean izkutatzen ginen harkaitzak ere, txiki-txiki egiten ziren bata bestearen ondoren sokorrak bailira. Geroago jakin genuen, orduan gu tirokatzen gintuzten eta gorputza osoa zuloz josirik uzten ziguten karabina haiek metrailadoreak zirela; baina orduan soldadu asko zirela pentsatzen genuen, milaka zirela, eta gure nahikunderik biziena beraiengandik ahalik eta urrunen hanka egitea zen.

        Ahal haina eman genion korrikari. Camino de Dios-en geratu zen el Chihuila, gorbitz baten atzean kuzkurturik, hotzaren aurka defendatzen egonen balitz legez, estalkia lepazamarrean bildurik. Begira geratu zitzaigun, odol-heriotza banatzeko bakoitza bere aldetik aldegin genuenean. Eta guri parrez zegoela zirudien bera, odolez gorriztaturiko bere hortz bakanak erakutsiz.

        Egin genuen sakabanatze hura egoki gertatu zen askorentzat; oker suertatu zitzaien beste batzuei ordea. Arraro zen gutariko norbait buruz-bera zintzilikaturik bideren batetako edozein mastan ez ikustea. Han irauten zuten zahartu eta zurratugabeko larruak legez zimeldu arte. Basoiloak irensten zizkieten barruko mamiak, sabel-hesteak atereaz azal hutsa utzi arte. Eta arras altu zintzilikatzen zituztenez, han egoten ziren haize-boladaz danbaka egun aunitz, hilabeteak batzutan, iadanik praka-ugal soilak besterik ez sarritan, haizeaz astindurik, norbaitek lehortzera jarri izan balitu bezala. Eta hura ikustean, oraingoan gauza benetan zihoala senditzen genuen.

        Cerro Grande-ra iristea lortu genuen batzuk eta sugegorri moduan errestan ibiliaz Llano-runtz begira ematen genuen denbora, jaio eta bizi gineneko han beheran zegoen lur hari begira, non orain gure zain bait zeuden akabatzeko asmoz. Hodeien itzal soilak ere bildurrarazten gintuen batzutan.

        Gogotik joanen ginatekeen norbaiti azaltzera dagoeneko ez ginela borroka jendea eta pakean utzi gintezen. Baina jendea maltzurra bihurtu zen han-hemenka egin genuen hainbeste kalterengatik, eta etsai gehiago izatea zen gure lorpen bakarra. Hemen goiko indioak ere ez gintuen ongi hartzen iadanik. Bere aberetxoak akabatu genizkiela esan zuten. Eta orain gobernuak emaniko armak darabilzkite, eta ikusten gaituzten orduko jotabertan tiroz botako gaituztela jakin arazi digute: «ez ditugu ikusi nahi; baina garbituko ditugu ikusiz gero»; hau da jakinerazi zigutena.

        Lurra bukatuz joan zitzaigun martxa horretan. Lurperatzeko behar izan genezakeen zatitxoa ere ez zitzaigun geratzen ia-ia dagoeneko. Horregatik erabaki genuen azkenak bakantzea, bakoitzak bere bidetik jotzea.

        Bost urte inguru ibili nintzen Pedro Zamora-rekin. Egun batzu onak, txarrak besteak, bost urte betetzeraino. Ez nuen berriro ikusi geroztik. Andere baten atzetik Mexiko-ra joan eta han nonbait akabatu omen zutela diote. Itzul zedin zain egon ginen batzuk, edozein egunetan berriro azal zedin, berriz armetan altxatzeko; aspertu ginen itxoiteaz ordea. Baina gaur egun ere ez da oraindik itzuli. Han hil zuten nonbait. Nerekin kartzelan egondako batek kondatu zidan Pedro Zamora hil zutenaren kontua.

        Ni duela hiru urte kaleratu nintzen kartzelatik. Lege-hauste aunitzengatik zigortu ninduten han; baina ez Pedro Zamora-rekin ibili nintzelako. Hori ez zuten beraiek jakin. Beste zera batzuengatik harrapatu ninduten, neskatxak lapurtzeko nuen ohitura gaiztoagatik horien artean. Haietariko bat bizi da orain nerekin, agian munduan dauden emakumeetariko hoberena eta zintzoena. Han zegoena kartzelako ateetan, nork daki noiztik aska nintzaten zain.

        —Pichon, zure zain nago —esan zidan—. Aspaldidanik egon naiz zure zain.

        Akatzeko zegoela nere zain pentsatu nuen orduan. Ametsetan egonen banintz bezala oroitu nintzen orduan bera nor zen. Telcampana-n botatzen ari zuen ekaitzaren urotza senditu nuen berriro, han sartu eta herria birrindu genuen gau hartan. Ia-ia zihur nengoen, iadanik herritik kanpora gindoazenean bere bake-santua eman genion agure hura zela bere aita; gutariko norbaitek buruan tiro bat eman zion, eta nik bitartean bere alaba zaldi zela gainera jaso, eta lasaitzeko eta kozka egiteari utz ziezaion, koskorrekoren bat edo beste eman nion. Hamalau urte inguruko neskatoa zen, begi politak zituen eta nahiko lan eman zidan, eta nereak eta bost kostatu zitzaidan mantsotzea.

        —Zure seme bat daukat —esan zidan geroxeago—. Han dago.

        Eta mutiko luze betargi bat seinalatu zuen hatzarekin:

        —Kapela ken ezak, hire aitak ikusteko!

        Eta mutikoak kapela atera zuen. Ni bezalakoxea zen, eta begiradan maltzurkeria punttu batez. Horrelako zerbait jaso behar zukeen bere aitarengandik, jakina.

El Pichon deitzen diote berari ere —hitzegin zuen berriro orain nere emaztea den emakume hark—. Baina bera ez da inolako bandidu, ez hiltzaile. Zintzoa da bera.

        Burua makurtu nuen nik.

 

 

© Juan Rulfo
© itzulpenarena: Koldo Etxabe

 

 

"Juan Rulfo: Lautada sutan" orrialde nagusia