Izan ere, oso pobreak bait gara

 

Gero eta okerrago doa hemen den-dena. Nire izeba Jazinta hil zen joan den astean, eta larunbatean, iadanik lurperatu eta tristura gutxituz ari zitzaigunean, euria hasi zuen inoiz ez bezala. Nere aita sutan jarri zuen horrek, garagar mozkin guztia atarian ontzen bait zegoen. Eta bapatean heldu zen euri-jasa izugarrizko eraunts-adarka, eskukada bat ere sikira gordetzeko astirik eman gabe; nere etxeko guztiak egin genezakeen gauza bakarra, aterpean zokoraturik egotea izan zen, zerutik erortzen zen urotzak garagar hori hain moztu berri hura nola erretzen zuen begira.

        Eta atzo doi-doi jakin genuen, nere arreba Tacha-k hamabi urte bete berriak zituenean, bere egunerako aitak oparitu zion behia, ibaiak eraman zuela.

        Duela hiru gau hasi ziren ibaiaren urak altxatzen, goizaldean. Lo seko nengoen ni, eta halere, berehala esnatu eta estalkia eskuan nuela ohetik jauztera behartu nindun ibaiak zekarren zalapartak, nere etxeko sapaia erortzen ari zela pentsatu izan banu bezala. Baina gero loak hartu nindun berriro, ibaiaren hotsari antz eman bait nion, eta hots hori berdinduz joan zen berriro loa ekarri arte.

        Txaramelez beterik zegoen goiza jeiki nintzenean, eta eten gabe euria egiten jarraitu zuela zirudien. Ibaiaren hotsa ozenago eta gertuago entzuten zelako nabaritzen zen. Erredura bat usaitzen den legez usaitzen zen ur naspilduaren ustel-kiratsa.

        Ikustera joan nintzen ordurako, iadanik galdurik zituen ibaiak bere ur-hertzak. Geldi-geldi kale nagusian gora zihoan, eta Tambora deitzen dioten andere horren etxean sartzen ari zen arrapaladan. Sototik sartzean eta atetik zorrrontaka irtetzerakoan entzuten zen uraren purrusta. Dagoeneko ibai zatia zen hartan harat-honaka zebilen Tambora, bere oiloak kanpora botatzen, urtirak arrapa ez zitzakeen lekuren batetan izkuta zitezen.

        Eta beste aldean, bihurgunea egiten duen lekutik, ibaiak eramana izan behar zuen nork daki noiztik, nere izeba Jazinta-ren orubean zegoen tamarindoa, zeren orain iadanik ez bait da inongo tamarindorik ikusten. Herrian zegoen bakarra zen eta horregatik hain zuzen konturatzen da jendea, ikusten dugun uholde hau ibaiak urte askotan eraman dituenetarik handiena dela.

        Arratsaldez joan ginen berriro nere arreba eta ni, gero eta lodi nahiz ilunago egiten ari den, eta iadanik zubia egon behar duenetikan baino askoz ere goragotik iragaiten den ur-multzoketa hura begiratzera. Han egon ginen orduak joan eta orduak etorri aspertu gabe, gauzatzar hari begira. Sakanatik igo ginen gero, ongi entzun nahi bait genuen jendeak zer zaoen, zeren behean, ibaiaren alboan, izugarrizko zurrumurrutza dago eta askoren ahoak ireki eta hersten direla besterik ez da ikusten, zen edo zer esan nahi balute bezala, baina ez da deus entzuten. Horregatik igo ginen sakanatik, izan ere, han —sakanean, alegia— jendea dago ibaiari so eta egin dituen kalteak zenbatzen. Jakin ere han jakin genuen ibaiak eramana zuela Serpentina, bere urtebetetzerako nere aitak oparitu zionez, nere arreba Tacha-rena zen behi hura, eta belarri bat zubia zeukana, gorri-gorria bestea eta begi oso politak. Ezin dut asmatu zer arraiorengatik bururatu ote zitzaion Serpentinari ibaia hau igarotzea, berak ezagutzen zuen eguneroko ibai berbera ez zela jakinik. Serpentina ez da inoiz hain burugabea izan. Zihurrenik lotan etorria izanen da, horrela, besterik gabe bere burua akabatzen uzteko. Sarritan tokatu zitzaidan niri itegiko atea irekitzen nionean esnatzea, zeren bestela, bere kabuz, han geratuko bait zen egun osoz begiak itxita, geldi-geldirik eta intzirika, lotan daudenean behiei asperen egiten entzuten zaien moduan. Eta loak hartu edo hori gertatu zaio nonbait hemen.

        Ur lodiak saiets-hezurrak astintzen zizkiola senditzean bururatu zaio nonbait esnatzea. Orduan izutu eta atzera egiten saiatu da agian, baina itzultzean naspildurik eta karranpaturik kausitu da luizi-loia bezalako ur beltz eta gogor hartan. Lagundu ziezaioten erreguka marru egin zuen seguraski. Nola Jaungoikoak bakarrik dakien legez marru egin zuen.

        Ibaiak zeramala ikusi zuen gizon bati galdetu nion berarekin zebilen txekorra ere ez ote zuen ikusi. Baina ez zekiela ikusi ote zuen, esan zuen gizonak. Bera zegoen lekutik arras gertu iragan zela ankazgora behi pinttoa esan zuen soilik, eta han zilipurdi bat eman zuela eta gero ez zuela ikusi berriro ez adarrik ez zangorik eztare inolako behi arrastorik. Zuhaitz enbor oso eta zaindun aunitz biribilkatzen zen ibaian behera, eta egurra ateratzen oso lanpetua zebilen bera, eta horrela ezin zuela erreparatu ibaiak zeramatzanak enborrak ala abereak ziren.

        Horregatik, besterik ez, ez dakigu idiskoa bizirik dagoen edo bere amaren atzetik joan zen ibaian behera. Horrela gertatu bazen Jaungoikoak lagundu ditzala biak.

        Nere etxean daukaten larritasuna aurrera gerta daitekearena da, nere arreba Tacha ezer gabe geratu delako orain. Zeren, nere aitak neke handiz lortu zuen Serpentina bigantxa zenetik, nere arrebari emateko, honek ondasuntxo bat eduki zezan asmoz eta emagaldutara sar ez zedin, nere beste bi arreba zaharrenek egin zuten bezala.

        Nere etxean arras behartsu ginelako eta berak oso bihurriak zirelako okerbidetu omen ziren, aitak dionez. Txikitatik ziren iadanik marmaratiak. Eta hazi orduko, okerrenetariko gizonekin ibiltzeari eman zioten, eta haiek gaiztakeri ugari erakutsi zieten. Laister ikasi zuten haiek, eta oso ongi ulertzen zituzten txistu-hotsak, gauean berandu deitzen zietenean. Egunez ere irten ohi ziren gero. Txitean-pitean joaten ziren ibaira urketara, eta batzutan, gutxien espero zenuenean, han zeuden sotoko zoruan iraulka, guztiz larrugorritan eta bakoitzak gizon bat gainean zuela.

        Orduan biak bidali egin zituen nere aitak. Ahal izan zuen guztia eutsi zien lehenik, baina geroxeago ezin izan zituen gehiago jasan eta kalera bota zituen. Ayutla-runtz edo ez dakit noruntz joan ziren berak; baina puta lanean dabiltza.

        Horregatik etortzen zaio buruhaustea nere aitari, Tacha-gatik orain, bere beste bi arrebak bezala bihurtzerik ez bait du nahi, bere behiaren falta ikusirik oso pobre geratu dela igartzean, hazteari ematen dion bitartean zerekin denbora arindurik ez duela edukiko, eta betirako maite ahal izango duen gizon zintzo batekin ezkontzerik ez duela izango ikustean. Eta zaila egonen da hori orain. Bestelakoa zen behiarekin, berarekin ezkontzeko gogoa izango zutenek ez bait ziratekeen faltako, hain behi eder hura bereganatzeagatik bederen.

        Idiskoa bizirik egotearena da gelditzen zaigun esperantza bakarra. Ez al zitzaion bururatuko bere amaren atzetik ibaia iragaitea! Zeren horrela izan bada, nire arreba Tacha hutsaren hurrengoaren baitan bait dago emagaldu bihurtzeko. Eta amak ez du nahi.

        Nere amak ez daki Jaungoikoak zergatik nahigabetu duen hainbeste, horrelako alaba batzu ematean, amonatik hasi eta hemenarteraino bere familian senitarte gaiztorik izan ez denean. Jaungoikoarenganako lotsaz haziak izan ziren oro eta guztiz agindupeko ziren, eta ez zioten inori adei txarrik egiten. Era berdintsukoak izan ziren denak. Nork daki nondik etorriko zitzaiekeen bere alaba bikote horri galbide hura. Berak ez du gogoan. Bere oroitzapen guztiak berrikusten ditu eta ez zaio garbi agertzen zertan egon zen bere errua, edo ohitura berberarekin alaba baten atzetik bestea jaiotzearen pekatua. Ez da oroitzen. Eta beraietaz pentsatu ohi duen bakoitzean, negar egin eta esaten du: «Jaungoikoak lagun ditzala biak».

        Baina dagoeneko horrek irtenbiderik ez daukala baiezten du nere aitak. Hemen geratzen dena da arriskutsua, Tacha alegia, ocote-aga bezala haziz eta haziz doana eta iadanik badauzka bere arrebenak bezalakoak izango direla agintzen duten bular-hastapenak: garaiak eta txorrotsak, eta erdi zalapartariak, tzist egiteko hainakoak.

        Bai —dio—, edonon ikusirik ere edonori ñir-ñir eragingo dio begiradan. Eta gaizki bukatuko du; fin-gaitza begien bistan dut dagoeneko. Hori da nire aitaren bihotz mindura.

        Eta Tacha-k negarra egiten du, ibaiak akabatu duelako bere behia ez dela itzuliko senditzean. Hemen dago, nere alboan, bere soineko arrosaz jantzirik, sakanatik ibaiari so eta negar egiteari utzi gabe. Ur zikina jarioan dario bere aurpegitik behera, ibaia bere barnean sartu balitz bezala.

        Nik kontsolatzeko asmoz besarkatu egin dut, baina berak ez du konprenitu. Orduan eta biziago ekin dio negarrari. Ibai-hertzetan behera doan hotsaren antzekoa dario bere ahotik, eta barne-munetaraino dardaraz astintzen du negar horrek, eta bitartean uholdea geroz eta gorago. Han behetik datorren ustel kiratsak Tacha-ren aurpegi bustia zipriztintzen du, eta bere bi dititxoak goitik behera higitzen dira gelditu gabe, bere galbide lanari ekiteko derrepentean puzten hasiko balira bezala.

 

 

© Juan Rulfo
© itzulpenarena: Koldo Etxabe

 

 

"Juan Rulfo: Lautada sutan" orrialde nagusia