Lurra eman digute

 

Ez zuhaitz itzal bat, ez zuhaitz hazi bat, ez deuseren zain bat aurkitu gabe hainbeste ordu ibili ondoren, zakurren zaunkak entzuten dira.

        Gero ez zela ezer egonen pentsatu izan du batek batzutan, hertzik gabeko bide honen erdian; ezinezkoa izango zela ezer aurkitzea erreka lehorrez eta pitzaduraz arrailduriko lautada honen mugaz bestaldean. Baina bai, zerbait badago. Herri bat dago. Zakurrak zaunkaz ari direla entzuten dira, eta kearen lurrina senditzen da haizean, eta esperantza bat izango balitz bezala zaporeztatzen da jendearen usain hori.

        Baina oso urrun dago herria oraindik. Haizeak urbiltzen du.

        Eguna zabaldu duenetikan etorri gara bidez-bide. Arratsaldeko laurak inguru da oraintxe. Norbaitek zerurantz begiratu du eta eguzkia zintzilik dagoen aldera begiak luzatuz esaten du:

        —Arratsaldeko laurak inguru da.

        Meliton da norbait hori. Faustino, Esteban eta ni goaz berarekin batera. Lau gara. Zenbatu egin ditut: bi aurretik, beste bi atzetik. Atzerago begiratu eta ez dut inor ikusten. «Lau gara» esaten diot orduan neure buruari. Hogeitaka ginen arestian, hamaikak inguruan; baina mordotxoka sakabanatuz joan dira, gu garen banaka hauek bakarrik geratu arte.

        Faustino-k dio:

        —Baliteke euria egitea.

        Hortzaz gora jarri eta geure buruen gainetik doan hodei beltz eta astun bati so egiten diogu denok. Eta pentsatzen dugu: «bai, baliteke».

        Ez dugu pentsatutakoa esaten. Aspaldian bukatu zitzaigun mintzatzeko gogoa. Beroarekin kendu zitzaigun. Oso pozik hitzegingo luke edonork beste lekuren batetan, baina hemen neketsu suertatzen da. Hitzegiten duzu hemen eta ahoan bertan berotzen zaizkizu hitzak kanpoko galdarekin, eta mihian ezpaltzen zaizkizu arnasa eten arte. Horrela dira gauzak hemen. Horregatik ez dio mintzatzeari ekiten inork.

        Euritanta handi, lodi bat erortzen da, lurrean zulo bat egin eta txistukada batek bezalako orea utziz. Bakarra erortzen da. Besterik eroriko ote den zain gaude gu, begiz inguruak miatuz. Baina ez dago besterik. Ez du euririk egiten. Orain ortzea begiratuz gero, euri-lainoa ikusten da arras urrun aldegiten arin ere arin. Herritik datorren haizea ondoratzen zaio, mendixken itzal urdinen kontra bultzatuz. Eta auskalo nondik eroritako euri-tanta, lurrak irentsi eta bere egarrian desagertarazten du.

        Nor arraiok egin ote du hainbesteko lautada hau? Zertarako balio du gero!

        Ibiltzeari ekin diogu berriro. Euria egiten ikusteko geldituak ginen. Ez du euririk egin. Bideari ekin diogu berriro orain. Eta dagoeneko bete dugun bidea baino luzeago oinez ibili garela esango nuke. Hori etortzen zait burura. Euria egin izan balu bestelako gauzak bururatuko zitzaizkidan agian. Hala eta guztiz ere, nik badakit euria egitea esaten dena ez dudala euria egiten ikusi inoiz lautada-buruen mutikoskorra nintzenetik.

        Ez, lautada ez da balio duen gauza. Ez dago ez basakuirik, ez txoririk. Ez dago ezertxo ere. Huizache preziatu mixerableren bat edo beste, eta osto kiribilduez belargune bat edo beste ez bada; ez dago ezer, hori ez bada.

        Eta hemen goaz gu. Oinez laurok. Zaldiz ibiltzen ginen lehen eta karabina bat ekartzen genuen tartekoz. Orain ez dakargu karabinarik ere sikira.

        Beti pentsatu izan dut ondo jokatu zutela karabina kentzearen horretan. Arriskutsua suertatzen da hemen zehar armaturik ibiltzea. Oharterazi gabe garbitzen dute edozein, noiz-nahi «30-koa» gerrikoan loturik ikusita. Baina beste kontu bat da zaldiena. Zaldiz etorri bagina dastatuko genukeen dagoeneko ibaiako ur berdea, eta gure sabelak herritik paseatu ere bai, janak onegin ziezaien. Egingo genukeen iadanik, genituen zaldi guzti haiek edukiz gero. Baina zaldiak ere kendu zizkiguten karabinarekin batera.

        Alde guztietara biratu eta lautadari so nago. Hainbat eta hainbesteko lurraldea alfer-alferrik. Begiak labaindu egiten zaizkizu, geldieraziko dituenik ez aurkitzean. Sugandila batzu besterik ez da irteten beren zuloen gainetik burua agertzera, eta eguzkiaren kixkaldura senditu ondoren, harri baten gerizpetxoan izkutatzera aldegiten dute. Baina zer egingo dugu guk, eguzkiaren galdatik freskatzeko, hemen lanean hasi behar izanen dugunean, gero! Zeren are-harrizko zakardura hau eman ziguten guri erein genezan.

        Esan ziguten:

        —Herritik honuntzakoa zuena da.

        Guk galdetu genuen:

        —Llano-a?

        —Bai, lautada. Llano Grande-a osorik.

        Guk aurpegia eman genuen, lautada ez genuela nahi esateko. Ibaiaren alboan zegoena nahi genuela. Ibaitik haruntza, ibarretakoa, casuarina deritzan zuhaitz horiek, eta eremua, eta lur ona dauden horretako lurra.

        Eta ez Llano-a deitzen den behi-larru zeken hau.

        Baina ez ziguten utzi geureak botatzen. Ordezkaria ez zetorren gurekin jardutera. Paperak eskuan jarri eta esan zigun:

        —Ez zaiteztela larritu hainbesteko lurraldea zuentzat bakarrik edukitzeagatik.

        —Baina lautada ordea, ordezkari jauna...

        —Milaka eta milaka araldi dira.

        —Ez dago urik Baina. Ez dago urik ahokada bat osatzeko ere.

        —Eta ekaitza? Ez ziguten inork esan garasta-lurrak eskuratuko zenituztenik. Han euria egin bezain laister, teinkatuko balute legez garatuko da artoa.

        —Baina ordezkari jauna, lurra latza, gozakaitza da. Arrobia bezalakoa den Llano-ko lur horretan, ez dugu uste goldeak lurra irauli ahal izango duenik. Basatxurrez zulatu beharko litzateke lurra hazia ereiteko, eta horrela ere ez da posible ezer ernetzea; ez artorik, ez ezer ez da sortuko.

        —Idatziz adieraz ezazue hori. Eta aldegin ezazue orain. Latifundioa da eraso behar duzuena eta ez lurra eman dizuen Gobernua.

        —Itxaron iezaguzu ordezkari jauna. Guk ez dugu ezer esan kapitaleko Gobernuaren aurka. Llano-aren aurka da dena. Ezinezkoaren aurka ezin da.

        Hori da esan duguna. Itxaron iezaguzu geureak argitzeko... Entzun, utzi dugunetik emanen diogu jarraipena...

        Baina berak ez zigun entzun nahi izan.

        Horrela eman digute lur hau. Eta zartagipurdi gori honetan zerbaiten haziak erein ditzagun nahi dute, zerbait kimutu eta garatzen den ikusteko. Baina ez da deusik haziko hemendik. Ezta basoiloak ere. Han, goi-goian arin hegaztatuz ikusiko dituzu noizbehinka, ezer higitzen ez den eta atzeraka joango bazina bezala ibiltzen zaren zokorte kozkortu honetatik lehen bait lehen aldegiteko ahaleginak egiten, basoiloak ere.

        Meliton-ek dio:

        —Hau dugu eman diguten lurra.

        Faustino-k dio:

        —Zer?

        Nik ez dut ezer esan. Pentsatzen dut: «burutik jota dago Meliton. Beroa izango nonbait, horrela mintzarazten duena. Kapelaren aldenik alde sartu eta burua berotu dion galdak. Bestela, zergaitik esan behar zuen hori? Zein lur eman digute ba Meliton? Haizeak zurrunbilotara jolasteko beharko luken pitina ere ez dago hemen.

        Berriro hitzegiten du Meliton-ek:

        —Zerbaitetarako izango da ona. Behor zaintegirako balioko du besterik ez bada.

        —Zeintzu behar? —galdetzen dio Esteban-ek.

        Ni arretaz erreparatu gabe nintzen artean Esteban-ez. Orain hitzegiterakoan ezartzen diot begia. Zilborrera iristen zaion soinganeko bat darama jantzirik, eta gabanpean gutxigorabehera oilo bat dirudien zerbaitek azaltzen du burua. Bai, oilo gorri bat da Esteban-ek gabanpean daramana. Begiak lotan eta mokoa zabalik, arrausika balego bezala ikusten zaizkio. Galdetzen diot:

        —Aizu Teban, non bota diogu hatzamarra oilo horri?

        —Nere oiloa da! —dio berak—.

        —Lehen ez zenekarren. Non erosi duzu, gero!

        —Ez dut erosi, nere oilotegiko oiloa da.

        —Orduan ornizio gisa dakarzu, ez?

        —Ez, zaintzeko dakarkit. Nere etxea hutsik eta oiloa mantenduko zuen inor gabe geratu da; horregatik ekarri dut. Neronekin eramaten dut urrutira irteten naizenero.

        —Ito eginen zaizu, hor izkutaturik. Hobe aizatzen baduzu.

        Galtzarbean egokitu eta bere ahoko haize beroz putz egiten dio berak. Gero esaten du:

        —Amiltegira heltzen ari gara.

        Dagoeneko nik ez dut entzuten, Esteban-ek esaten jarraitzen duena. Errenkan jarri gara sakanean behera joateko eta aurretik doa bera bakarrik. Ikusten denez zangoetatik heldu dio oiloari eta txitean-pitean astindu egiten du, arkaitzen kontra burua ez zapaltzeko.

        Lurra onduz doa, behera goazen neurrian. Hautsa arrotzen da gugandik, handik jeisten ari dena mandotza bat izango balitz legez; baina laket zaigu hautsez betetzea. Gustagarri zaigu. Lautadaren lazdura oinkatuz hamaika orduz etorri ondoren, gogokoa dugu gure gainean jauzika dabilen eta lur kutsua duen gauza haren erdian harrapaturik kausitzea. Chachalaca berde mordoak hegan dabiltza, casuarina zuhaitzen adarburu gainean, ibaiaren goitik. Gogoko zaigu hori ere.

        Hemen, geure alboan entzuten dira orain zakurren zaunkak, izan ere herritik datorren haizeak sakanean errebotatzen bait du eta bere hots guztiez betetzen.

        Lehenengo etxeetara hurbildu garenean, besartean hartu du berriro Esteban-ek bere oiloa. Zangoak askatzen dizkio sorrera kentzeko, eta tepemezquite-sasi batzuren atzean desagertzen dira gero bera eta bere oiloa.

        —Hemendik alokatzen naiz ni! —esaten digu Esteban-ek.

        Aurrera jarraitzen dugu guk, herrian barnerago.

        Eman diguten lurra han goian dago.

 

 

© Juan Rulfo
© itzulpenarena: Koldo Etxabe

 

 

"Juan Rulfo: Lautada sutan" orrialde nagusia