Macario

 

Estoldaren alboan eserita nago igelak noiz irtengo zain. Berebiziko zalaparta egiten hasi ziren bart afaltzen geunden bitartean, eta egunsentirarte ez zioten krokro egiteari utzi. Hori bera dio nere amabesoetakoak ere: igelen deiadarreriak ez ziola loak hartzen laga. Eta orain nahi izango luke berak loak hartzea. Horregatik bidali nau hemen, estoldaren alboan esertzera eta, eskuan ohol bat hementxe jar nadin, kanpoan jauzi egitera irteten den igel oro oholkadaka lirdikatu dezadan. Erabat berdeak dira igelak, igelpontzean ezik. Zapoak beltzak dira. Beltzak dira nere amabesotakoaren begiak ere. Onak dira igelak beraiez jakia prestatzeko. Zapoak ez dira jaten, baina nahiz eta jaten ez diren, nik bai jan izan ditut horratio, eta igelen jakera berdintsua dute. Felipa da zapoak jatea kaltegarria dela esaten duena. Begi berdeak dauzka Felipa-k, katuenak bezalakoak. Berak ematen dit janaria sukaldean, txanda heltzen zaidan guztian. Berak ez du nahi nik igelei kalte degiedan. Baina dena den, nere amabesoetakoa da zer egin agintzen didana. Maiteago dut Felipa amabesoetakoa baino. Baina nere amabesoetakoa da bere poltsatik dirua atera ohi duena, janari gora-behera guztia Felipa-k eros dezan. Hiruron bazkaria egokitzen soilik egoten da Felipa sukaldean. Ez du besterik egiten nik ezagutzen dudanetik. Niri dagokit arraska lanarena. Sukalderako suegurra ekartzea ere nire eginkizuna da. Gero, nere amabesoetakoak banatzen digu bazkaria. Berak jan eta gero bi zatitxo egiten ditu bere eskuez, bata Felipa-rentzat eta neretzat bestea. Baina batzutan Felipa-k ez du goserik egokitzen, eta neretzat dira bi zatitxoak horrelakoetan. Horregatik maite dut nik Felipa, beti goseak nagoelako eta ez naizelako inoiz asetzen, ez eta bere partea jaten badut ere. Nahiz eta jendeak esan gizona janez asetzen dela, ongi asko dakit nik, eman ohi didaten guztia janarren ez naizela betetzen. Eta Felipa-k ere badaki hori... Sekula asetzen ez naizelako, eroturik nagoela diote kalean. Nere amabesoetakoak entzun du hori esaten dutela. Neronek ez dut entzun. Nere amabesoetakoak ez dit uzten kalera bakarrik irteten. Bueltatxoa ematera kaleratzen nauenean, elizara meza entzutera eramateko da. Bere albotxoan ezartzen nau elizan, eta bere mantuaren puntila-mototsez eskuak lotu. Nik ez dakit zergaitik lotu behar dizkidan eskuak, baina berak dio, gero bestela burugabekeriak egiten ditudala esaten dutelako omen dela. Norbait urkatzen nenbilela asmatu zuten egun batetan; ez bat eta ez bi, besterik gabe lepazamarra bihurritu niola andere bati. Ni ez naiz oroitzen. Baina, hain zuzen, nere amabesoetakoak esaten du nik zer egin ohi dudan, eta bera ez dabil inoiz gezurretan. Ene janari partea ematearren da, otordua egiteko deitzen didanean, eta ez beste zenbait jendek legez, beraiekin bazkaltzera gonbidatu eta hurbiltzen natzaienean janari eta deusik gabe korriarazteraino arrikatzen nauten horiek bezala. Ez, ongi hartzen nau nere amabesoetakoak. Horregatik nago pozik bere etxean. Bestalde, Felipa ere hemen bizi da gainera, eta txit ona da nerekin. Horregatik maite dut... Gozoa da Felipa-ren esnea, obeliskuaren lorak bezalakoa. Edan izan dut ahunztipi esnea, baita zerrama umatu-berrirena ere; baina ez, ez da Felipa-ren esnea bezain ona. Guk saiets-hezurrak besterik ez ditugun leku horretan berak dituen koskor horietatik edoskitzera aspaldidanik ez dit ematen, eta horietatik, xurgatzen jakinez gero isurtzen zaion esnea, igandeetako hamaiketakoan nere amabesoetakoak eman ohi diguna baino esne hobea da. Lehen, gauero joaten zen Felipa nik lo egiten dudan gelara eta nigana alderatzen zen, nere gainean etzanez edo albotxoan kuxkurtuz. Mihian behera anduraka isurtzen zen esne bero eta gozo hura nik edoski ahal izan nezan moldatzen zen gero. Sarritan jan izan ditut obelisku loreak gosea arintzeko. Eta horrelako zaporea zuen Felipa-ren esneak, baina hori bai, niri are laketago zitzaidala, zeren zurrutadak ematen zizkidan aldi berean, alde guztietatik kilimatzen bait nindun Felipa-k. Gero, gehienetan, nere alboan lo geratzen zen goizalderarte. Eta balio handikoa zen hori neretzat; zeren, horrela ez bait nuen hotz bildurrik, eta gauen batetan han bakarrik hiltzea gertatuz gero ere, ez bait ninduen inpernuratzeko bildurrak larritzen. Batzutan ez diot hainbesterainoko bildurra inpernuari. Baina aldizka bai. Gero, laket zait nere burua izualditan kausitzea, hauetako edozein egunetan inpernura joango naizen bildur horrekin, hain buru gogorra naizelako eta aurkitzen dudan lehen gauzaren kontra buruka hastea gustatzen zaidalako. Baina etortzen da Felipa eta uxatu egiten dizkit bildurrak. Berak dakien bezala kilimatzen nau eskuekin eta etentzen dit hiltzeko daukadan bildur hori. Ahaztu eta guzti egiten dut une batez. Jaungoikoari nere pekatu guztiak berak kontatuko dizkiola esan ohi du Felipa-k nerekin egoteko gogoa duenean. Aurki ere aurki zerura igo eta Berarekin mintzatuko dela, nire gorputza goitik beheraino betetzen didan gaiztakeria aunitz barka diezadan eskatuz. Barkatzeko esango dio berak, ni ez nadin gehiago kezka. Horregatik konfesatzen da egunero. Ez bera gaiztoa delako, baizik eta nere barrua deabruz josita dagoelako eta nire ordez konfesatuz txerren horiek kanporatu behar dizkidalako. Egunero. Eguneroko arratsaldero. Bizitza guziaz eginen dit mesede hori. Horrela dio Felipa-k. Horregatik maite dut hainbeste. Hala ere burua hain gogorra izatea da handiena. Artekako zutabeen kontra aritzen naiz danbaka orduak eta orduak, eta ez zaio ezer gertatzen buruari, pitzatu gabe irauten du. Eta zoruaren kontra ere ematen ditut kaskakoak; hasieran poliki-poliki, tinkoago gero eta danbor baten antzeko burrunba atera ohi du. Elizkizunetara musikeroak etortzen direnean, beraiekin daramaten danborra bezala. Eta orduan Elizan izaten naiz amabesotakoari loturik, kanpoko danborraren tum-tuma entzunez. Eta amabesoetakoak dionez, ene gelan tximutxak, labezomorroak eta lugartzak baldin badaude, inpernuko garretan kiskaltzera joango naizelako da, buruaz zorua jotzeko kasketaldiei jarraitzen badiet. Baina danborra entzutea da nik nahi dudana. Hori da berak jakin beharko lukena. Elizan zaudenean bezala entzun, kalera noiz irtengo zain, danbor hura hain urrutitik nolatan entzuten den jakiteko, elizako zoko sakoneraino eta apaiz jaunaren gaitzespenak baino ozenago. «Argiz beterik dago izaki onen bidea. Iluna da, aldiz, izakigaitzena». Hori dio apaiz jaunak. Egunsentia baino lehen jeiki eta nere gelatik irteten naiz. Kalea erraztatu, eta berriro eguzkiak harrapatu baino lehen gelaratzen naiz. Hamaika gauza gertatzen da kalean. Ikusi bezain laister arrika nire burua zanpatzeko nornahi dago prest. Alde guztietatik erortzen dira turrustan harri handi eta zorrotzak. Eta gero alkondara konpondu, eta belaunetako edo aurpegiko urratuak senda daitezen zain egon behar da egun askoz. Eta berriro eskuak loturik ibiltzea jasan behar, bestela aguro aldegiten bait dute zauriaren xingola brast ateratzera, eta orduan odoljarioa zurrustaka isurtzen bait da berriro. Hori bai, odolak ere zapore ona dauka; baina, jakina, ez du Felipa-ren esne edakeraren antzik. Horregatik bizi naiz beti ene etxean sarturik, arrika ez nazaten. Otordua egin bezain laister gelaratu eta atea ondo langatzen dut, hango ilunaz baliatuz pekatuak ez nazaten harrapa. Eta ez dut sikira ocote-ilatia pizten ere, labezomorroak nondik igotzen ari zaizkidan ikusteko. Geldi-geldirik nago orain. Nere kamaina gainean etzaten naiz, eta nere garondotik bere zango lakarrez labezomorroren bat dabilela senditu hala, zartako bat eman eta zapaltzen dut. Baina ez dut ocote-ilatia pizten. Nere burusiaren azpitik sartu ohi diren labezomorro guztien bila ocote-ilatia pizturik ibiltzeagatik, pekatuek ni oharkabean harrapatzea gerta ez dadin. Zanpatzen dituzunean, saltaperico-ak legez egiten dute eztanda labezomorroak. Ez dakit kirkirrek eztanda egiten ote duten. Ez ditut inoiz akatzen. Felipa-k dionez, eten gabe ateratzen dute eztanda kirkirrek, arnasartzera ere gelditzeke, purgatorioan penatzen dauden arimen oihuak entzun ez daitezen. Arima galduen oihuz beteko da mundua kirkirrak ahitzen diren egunean, eta korrikari emango diogu denok ikaraz izuturik. Arras gogokoa dut bestalde, belarria adi-adi kirkirren zarata entzuten egotea. Ugari dago nere gelan. Labezomorro baino kirkirra gehiago egonen da hemen agian, ni etzaten naizen estalkien azpildurartean. Alakranak ere badaude. Sapaiatik oldartzen dira txitean-pitean eta arnasa hartu gabe itxaron behar duzu, harik eta zure gainetik bidea egin eta lurrera iristen diren arte. Zeren, besoren bat higitzen baduzu edo ezurrak dardarka hasten bazaizkizu, berehala sendituko duzu zaztadaren erresumina. Min ematen du horrek. Ipurmasail batetan kozka egin zion behin Felipa-ri horietako batek. Negarrez, eta Amabirjina santuari karrasi apalez oihuka hasi zen, bere aldaka alperrikaldu ez ziezaion. Nik txistuz igurtzi nion. Gau osoa iragan nuen txistuz igurtziz eta berarekin errezoan, eta halako batetan, ene botikarekin sendatzen ez zela ikusi nuenean, nik ere lagundu egin nion nere begiez ahal izan nuen negar guztia egiten. Hala ere, jendea makilkatzea laket zaienak kalean ernarazten ibili baino, gustorago nago nire gelan. Hemen ez dit inork ezer egiten. Amabesoetakoak ez dit erritarik ematen, bere obelisku loreak edo arrayane-fruituak edo granadak jaten ikusiarren. Badaki nolako irrikaz nagoen beti. Berak ongi daki ez naizela asetzen. Ez zaidala inolako janaririk egokitzen nire sabela betetzeko, nahiz eta uneoro han-hemenka ibili jakiak hozkatzen. Badaki berak txerri lodiei ematen diedan garbantzu beratua nahiz txerri argalei eman ohi diedan artale zimela jaten dudala. Beraz, badaki ba nolako gosez nabilen egunbetean, arginabaretik ilundu arte. Eta etxe honetan jarraituko dut, hemen bertan zer janik izango dudan bitartean. Jateari uzten diodan egunean hilko naizela uste bait dut, eta zihur nago orduan inpernura joango naizela xuxen-xuxenean. Eta horrez gero ez nau inork aterako handik, ez Felipa-k nerekin hain ona izanarren, ez eta nere amabesoetakoak oparitu eta lepoan korapilaturik dakarkidan eskapularioak ere. Orain estoldaren alboan nago igelak noiz irtengo zain. Eta ez da alerik irten solasean daramadan aldioso honetan. Irteten gehiago luzatzen badute, loak hartzea gerta daiteke, eta gero ez da haiek hiltzeko modurik egonen, eta karakaz entzuten baditu, ez zaio inolaz ere logurarik sartuko amabesotakoari; sutan jarriko da orduan. Eta bere gelan duen santuilarakoren bati eskatuko dio deabruak nire bila bidal ditzan, narran eraman nazaten inpernura betirako galtzera, purgatoriotik sikira iragantzeke ere, eta orduan ez dut ez aita ez ama ikus ahal izango, hantxe bait daude. Hobe solasean jarraitzea. Felipa-ren esnearen zurrutada batzu berriro probatzea da gehien desiratzen dudana, obeliskuaren loreei azpitik irteten zaien eztia bezalako esne on eta gozo hura...

 

 

© Juan Rulfo
© itzulpenarena: Koldo Etxabe

 

 

"Juan Rulfo: Lautada sutan" orrialde nagusia