BOSGARREN PARTEA

BOZKARIO ETA TRISTURA

 

 

EGILEAK

 

        Gure adiskide Jaun oker doa intelektualismoaren bidetik. Gizon zuhurrek, Aita Prudentziok esate baterako, eta bait Makrosophosek berak ere, zorigaiztoko malda behera hortan erortzetik atzera-erazi nahi izan dute.

        Berak ordea itsu-itsuan jarraitzen du berean: gauza ororen alde ona eta alde gaitza ikusi nahi du ezer erabaki baino lehen, zentzugabekeriazko aurre-eritzi guztiei uko eginez. Kritika gorrotagarri baten bidez argitu nahi ditu gauzak. Zuhurtasunez jokatzen ari den ustetan dabil gainera. Non eta Altzaten, noiz eta Erdi Aroan bete-betetan!

        Magiazko aztikerien bidez mustro eta gixontxarrak sortzen dituztenei bezala gertatzen zaio idazleari ere bere pertsonaiekin. Hasieran beraiek, kreatzaile eta aita, agintzen dute eta erabakitzen. Gero ordea semeek, munstroek eta gizatxaxtarrek inposatzen dute beren borondatea.

        Zeharbide hain gaiztotatik jaun eramateko asmorik ez nuen nik. Baina bera joera hortan barrena amildu da nik atxiki ahal ez nuelarik.

        Jaun gizajoa! Jaun dohakabea! Zeinen hobe izango zitzaizun bederatziurren eta bezperetara joan! Amor eman! Zorionerako benetako bidea hori da.

        Baina nola bururatu zaizu asaldatzea eta oilo-jenderen artean arrano izan nahi izatea?

        Sakristau lodiren artean stoiko bakarti izatea?

        Jaun gizarajoa! Jaun dohakabea!

 

 

I

KALEAN HIZKETAN

 

PRUDENTZIO: Zer moduz, Makrosophos? Nola doa gure pedagogo ospetsua? Herrialdean den ardo-iturri orotatik xurrupatzen jarraikitzen al duzu?

MAKROSOHOS: Bai, xurrupatzen jarraitzen dut. Eta jaun erretore ondo da?

PRUDENTZIO: Biziki ondo.

MAKROSOHOS: Zure eliza goraka al doa?

PRUDENTZIO: Zeruraino igoko da.

MAKROSOHOS: Eta purgatorioko arimen diru-kutxa, Jainkoaren graziak lagun, betetzen al da?

PRUDENTZIO: Hala-hola betetzen da.

MAKROSOHOS: Hamarrenak eta primiziak zeruko mana bezala datoz.

PRUDENTZIO: Ateri gabe.

MAKROSOHOS: Halako beste milenarioa bezalako garai haiek joan ziren, Limite mundi apropinquante zelako ustetan, mundu guztiak ondasun oro elizari ematen zioneko garai hura alegia.

PRUDENTZIO: Dena joten da. Eta Jaunek zure diszipulu bihurri horrek zer egiten du?

MAKROSOHOS: Gaizki doa. Bide zentzugabe eta ausartegitan dabil. Eszeptiko bihurtzen ari da.

PRUDENTZIO: Horra hor nora daraman Zientziak.

MAKROSOHOS: Lukrezioren De Rerum Natura poemaren kopia bat erosi genuen Leydenen, eta hori irakurtzean, zentzua nahastu zaio.

PRUDENTZIO: Lukrezio! Averroes bera baino, iste maledictus, Averroes baino are okerragoa da ordea!

MAKROSOHOS: Lukrezioren liburuaren influentzia galgarri eta heriogarriaren pean datza nire diszipuloa. Handik bere eszeptizismoa, bere ateismoa, hartu du.

PRUDENTZIO: Ikaragarria!

MAKROSOHOS: Izugarria benetan.

PRUDENTZIO: Eta zuk zer egin behar duzu?

MAKROSOHOS: Honezkero denbora gutxi iraungo dut hemen.

PRUDENTZIO: Agur, Makrosophos, pedagogo ospetsu!

MAKROSOHOS: Agur, jaun erretore!

 

 

II

BAKARDADEA

 

        Udazkeneko igande arratsalde bat da; eguraldi heze eta epela egiten du. Jaun irakurtzen ari da bere bibliotekan. Noiz-behinka zutitu eviten da eta leihotik begiratzen du. Hurbileko belardi batean, alboka soinuarekin dantzan dabil laborari talde bat. Baserri atarietan zenbait atso-talde kartetan jokatzen ari da.

        Jaunek, irakurtzen asperturik, bukatzen ari den arratsalde ituna kontenplatzen du. Eguratsean hegaka eta bideetan korrika dabiltza orbel horiak. Arbola batzuei gelditzen zaie oraindik zenbait adar ihar beltz, hosto gorrizta ximur dardaratsu batzuekin. Zerua uher dago; haizea hasperenka ari da, iratz lehorretatik usain garratza dator.

        Belatxingak karranka pasatzen dira goietan, eta kurrilo sail bat hegan doa ortzimugan triangulu beltz bat trazatuz. Aldian behin, euria egiten du. Dorreko sapaian itukin hotsa entzuten da, baita kolore arre uranditan datorren Lamiozingo errekaren surmurra ere. Altzateko etxe beltzetatik irtetzen den kea ikusten da. Eskale bat karrikan, gitarra soinua duela lagun, kantuan ari da.

 

ESKALEAK:

                Cuando el ángel San Gabriel

                vino a darnos la embajada

                que María electa es,

                al punto quedé turbada.

                María le dijo: Esclava

                soy yo del Eterno Padre,

                que a mí os envió.

JAUN: Hau, atsekabea! Ze atsekabe latza ematen didan kantu honek!

 

(Jaunek leihoa ixten du, argi bat piztu eta ilati bat edo beste ematen dio suari. Tximista, txakurra, hasperenka da sutondoan, Argiak doi-doi argitzen du gela handia, eta xoko guztiak ilunpetan daude.)

(Jaun berriz ere bere besaulkian eseri da)

 

JAUN: Nire izpiritutik esperantza eta beldurra erauzten saiatzen naiz. Ez dakit pakea lortzera helduko naizen. Gizartetik apartatu naiz, bakarti, xoko ilun hontara, eta nire laguntza behar duen eriren bat ez beste inor ez da ni ikustera etortzen. Auzotarrek arrotz bat bezala begiratzen naute. Ontza bakarrik etortzen zait gauetan bixita egitera, eta bere kirrinka zorrotzak lagun egiten dit. Makrosophos bidali egin behar dut. Bere pedanteria eta bere sasi-zientzia ezin ditut jasan. Izen eta zirtzilkeria batzu besterik ez daki. Ea ba, jarra dezagun irakur-saioa: Amatistak mozkortu gabe iraunerazten du; korala epilepsia sendatzeko ona da. Esmeralda desagertu egiten da daramana ezkon-gelan sartzen bada; diamanteak emazteen infidelitatea salatu egiten du; zafirrak sorgin-aztikerietatik zaintzen du. Zenbat txorakeria dagoen, ezkutuko deritzaten zientzia guai hauetan! Eskutuko astakeria izendatu behar litzateke. Ea, jo dezagun aurrera!

        Lugaroa, martin-arrantzalearen antzeko txoria, haize-orratz naturala dela gauza jakina da; txori honek, bere mokotik zintzilikatzen delarik, paparrarekin seinalatzen du haizea nondik datorren. Beste gezur bat. Horrela gezurretan aritzea nahi eta nahiezko ote da gizonarentzat? Ikus dezagun liburu hontan denean ondo arakaturiko ezer ote den, errealitate aztarrenik ote dagoen. Bermuki esan ohi da sferra cavalo deritzan landareak sarraleak hausteko eta bere gainetik pasatzen diren zaldien ferrak eror erazteko bertutea duela. Indar hau Aetiophis deritzan belarraren baitan dagoela uste du Pliniok, baina halere, Kartagoko ate aitzinean, belar hontatik nahi adina eduki arren, Szipionek luzaro egon behar izan zuela pentsatuz, Pliniok berak duda egiten du indar hontaz. Oraindik ere zentzugabekeria gehiago. Zuk, Lukrezio, zuk bai argi eta garbi ikusi zenuela errealitatea, Izadia, Natura itsua bere lege tinko aldakaitzekin! Goazen aurrera gure irakurketan. Baitere sarraila bat giltzarik gabe ireki liteke, pergamino batean karakter hauek idatziaz:

        + + F. A. P. H. R. G. (A. P. H. Q.)

        gero pergamino hau oihal berri batean bildu, kristau aldare batean ezarri eta han bederatzi egunez edukiaz. Ze xoxokeria! Nola bete litezke liburuak astakeria hauekin? Aurrerago asterketa baliokoren bat ba ote dagoen ikusiko dugu. Veneziako palazioan euli bat bakarrik ere ez omen dela diote, eta Toledoko palazioan berriz euli bat bakarra dela, eta hau, bi errege-palaziotako oinarrietan metalezko dolo batzu lurperaturik daudelako omen da. Tours-eko Gregoriok bere Historia Francorum liburuan dio, zenbait jendek esaten duenez Parisko hiria aspaldi jasoa izanik hain era berezian bedeinkatua izan zela ezen suteren arrisku orotatik libre gertatzen zela eta bertan ez zela sugerik eta muxarrik ikusten ; baina bere garaian Parisko zubietako bat lohiez beteta izaki garbitu zutenean, altzairuzko suge bat eta muxar bat arkitu zituzten eta haiek handik kendu zituzten ezkero, suge eta muxar-talde itxuragabe ugariak agertu omen ziren inguruetan eta egun haiek ezkero aurkitu omen zen hiria sute arriskuren pean.)

        O, Lukrezio! Tentelkeria hauek irakurtzean nolakoa izango litzateke zure erdeinua!

 

 

III

MAISUA ETA IKASLEA

 

MAKROSOHOS: Adiskide Jaun, gehiegiko harrapazkan hartzen dituzu liburuak. Bizi egin behar da: Primus vivere, deinde philosophare.

JAUN: Liburuetan harroxkokeriarako gaia bilatzen duzunez, hori zuretzat ondo dago; niretzat ez.

MAKROSOHOS: Eta zuk zer bilatzen duzu, ba?

JAUN: Izpirituaren onura, baina onura bat behintzat. Nire bizitzaren problema erabakiko duen zerbait.

MAKROSOHOS: Eta zergatik deritzazu luzimendua bilatzea, osasuna edo onura bilatzea baino okerrago dela?

JAUN: Okerrago ala hobe denik ez dut uste, baina diferente bai, bederen. Zu bezalako gizon bat eta ni bezalako beste bat elkartzen direnean, ados izan daitezen ez da erraz. Batak ideiekin jostatu egin nahi du, besteak ideiekin bizi. Bietako batek esango du: Berekoi hau bere lasaitasunerako eta bere pakerako zientziaren bila dabil.

        Eta besteak berekiko pentsatuko du: Itxurazale honek bere buruaren harro agertzea besterik ez du buruan.

MAKROSOHOS: Zuk bakea eta lasaitasuna nahi dituzu?

JAUN: Bai.

MAKROSOHOS: Horren bila zabiltza?

JAUN: Bai. Egiaren bila nabil. Egia non den nahi nuke jakin, beraren itzalean babes nadin.

MAKROSOHOS: Erlijioa eta zientzia ez zaizkizu aski?

JAUN: Erlijioa ez zait aski, sinesten ez dudalako. Zientzia ere ez berriz, ez baitakit non dagoen.

MAKROSOHOS: Fisikan, Logikan, Astrologian, Alkimian...

JAUN: Latin, griego eta hebreo hitzezko zientzia hori dena lilurakeria hutsa da. Errealitaterik duen ala ez jakin gabe, gauzez eta ideiez sor erazten diren diskisizio hauek denak fantasmakeria huts! Alferrikako ameskeria! Trinitateaz, Graziaz, Jainkoaren Hitzaz..., Pneumaz, Demiurgoaz, plano astralez, filosofia-harriaz, hipostasiaz, metenpsikosiaz... mintzatzea hutsaren besoetan kulunka amets egiten da. Natura bada, besterik ezer ez.

MAKROSOHOS: Lukrezioren liburuaren influentzia galgarria ageri da jadanik.

JAUN: Esperimentuak egin ditut, eta zientzia usteko horren huskeria egiaztatu ahal izan dut.

MAKROSOHOS: Zeren bidez?

JAUN: Esperimentatzearen bidez.

MAKROSOHOS: Hipokratesek dioen bezala, esperientzia hiruzurkorra da. Fede gehiago diot dialektikari, silogismoari.

JAUN: Ezertarako balio ez duen lanabesa da silogismoa: Bi esaera biezkor eta orokorrek ondorio baiezko partikular bat ematen dutela, egia da; baina horrekin zer ikasi bide dut nik? gizon oro hilkor da, ni gizon naiz, beraz ni hilkor naiz. Delako esaldi zerrenda hori egin beharrik ez dut. Silogismo beharrik gabe badakit hilkor naizela.

MAKROSOHOS: Hori, zientzia lur jota uztea da.

JAUN: Zientzia ez den Zientzia. Hitz-hutsezko zientzia.

MAKROSOHOS: Duns-Scotok, Doctor Subtilis deritzanak, kausitze garrantzitsu anitz egin du silogismoaren bidez.

JAUN: Ez dut uste.

MAKROSOHOS: Hitzek garrantzi handia ukan dezakete Carmina de coelo possunt deducere lunam. Hitzekin ilargia lurrera erazten da, esan du Virgiliok.

JAUN: Virgiliok esan ala nire morroi Basurdik esan, niri berdin zait.

MAKROSOHOS: Biraoaren biraoa!

JAUN: Zenbait hitz nahiz zenbait letra era batean ala bestetan ezartzeak ala esateak zer ondorio dakarke Natura baitan? Deus ez. Hitzak Naturarentzat hots besteriz ez dira.

MAKROSOHOS: Origenesek eta Alejandriako Klemente Santuak argi eta garbi demostratu dute, ba, Jainkoaren izenek era berezitan ezarririk mirariak egin ditzaketela deabruaren laguntzarekin, noski.

JAUN: Hortatik deus ere egia ez dela frogatu didate nire esperimenduek.

MAKROSOHOS: Nola zertu dituzu esperientziak?

JAUN: Arauen arabera.

MAKROSOHOS: Maisuek eskierki eta bermuki esan dutena, esperientziak ezin dezake desbalia. Hitzak flatus vocis baino zerbait gehiago badirela sinetsi izan dute Aristotelek, Pliniok, Eliza-Gurasoek, Agustin Sainduak, Origenesek, Tomas Sainduak...

JAUN: Niretzat egiteetatik at ezer besterik ez da...

MAKROSOHOS: Egiteak! Zer axola dute egiteek?

JAUN: Egiteak dena dira. Egiteetatik at, hauetan oinarriturik beharko liratekeen teoria eta hipotesiak besterik ez dago. Eta hipotesiak oinarri hartu ezin dutenean, atsotitz batzuk besterik ez dira; horretxegatik, arte notoria, magia, astrologia,... atsotitz hutsak dira.

MAKROSOHOS: Eta maisuen autoritatea, consensus omnium delakoak, ez al du ezeren baliorik?

JAUN: Niretzat ez. Magister dixit delakoak ez du ezer esan nahi.

MAKROSOHOS: Maisuen arauen ezdeustasuna sinestera bultza zaitzaten, zein esperientzia zertu dituzu?

JAUN: Anitz eta klase orotarikoak.

MAKROSOHOS: Ikus ditzagun...

JAUN: Nire esperientziak magiari dagokionez izan dira gehienbat.

MAKROSOHOS: Ederto! Ikus ditzagun! Prima... secunda... tertia...

JAUN: Esate baterako, landareen haztearen gora-beheran ilargiak ezeren eraginik ez duela ikusi dut. Erosi ditudan erleak, beste norbaitek utzi dizkidanak bezalaxe lan egiten ikusi ditut. Kalentura izurritsuaren kontra Ananizapta hitzak ezer ez duela egiten egiaztatu ahal izan dut ; baita Ax, pax, max, Deus adimax esatearekin zakur-hozkarik ez dela sendatzen ere.

MAKROSOHOS: Garrantzirik ez duten txikikeriak dira hoiek.

JAUN: Zientziarentzat, txikikeriarik ez da izan behar.

MAKROSOHOS: Zer gehiago gezurtatu duzu?

JAUN: Serenusek, antzinako mediku eta Alejandriatar Basilides gnostiko haren aldeko hark Inscribis chartae quod dicitur Abracadabra esanez hasten dituen bertso horietan ematen dituen arauak jarraikiaz, uhal batean triangulu baten eran Abracadabra hitza idatzirik lepotik zintzilik eramateak inolako ondoriorik ez dakarrela ere frogatu dut.

MAKROSOHOS: Inolakorik ez?

JAUN: Ezer ez. Eta avigazirtor hitza pergamino berri batetan eguzkia agertu aurretik jartzea, bestea bezain alferrikakoa da.

MAKROSOHOS: Beraz, zuk diozunez, filakteriek ez dute ezeren eraginik.

JAUN: Ez dira eraginkor. Pergamino gorri puska bat hartu dut eta idatzi: Omnis spiritus laudet Demonium, nahi den guztia lortzeko ezin hutsegin dezakeen magia formula. Pergamino puska hori Basurdiri eman diot, eta gero hiruz palau gauza egin dezan agindu diot; ez du bat bakarrik ere egin.

MAKROSOHOS: Filakteriaren indar magikoa deuseztatu duen kristau otoitzen bat esan du beharba Basurdik.

JAUN: Ez daki inolako otoitzik, ez kristaurik eta ez kristau ez denik. Agindu diodan guztitik ezer egin ez badu, beste ezeren ukiturik gabeko jatorrik duen alferkeria huts eta garbiarengatik izan da.

MAKROSOHOS: Beste zein entsegu zertu duzu?

JAUN: Damasin batean oilo beltz baten bihotza, saguxar batena eta igel batena sartu ditut: ikus-ezin bilakatzeko bidea, magia zaleek diotenez. Batek eta besteak damasin hori eskuin eskuan eraman dezan egin dut.

MAKROSOHOS: Eta deus ez?

JAUN: Deus ez. Lehen hainexean, ikusi bide ziren. Donibane egunez belarra bildu dut eta beste belar guztiak bezalaxe igartu egiten zela ikusi dut, eta inolako eritasunik ez duela sendatzen. Hildako baten beztidurak josteko erabili den jostorratzak mahai baten gainean ezarrita, bertan esertzen den jendea jatera galerazten ote duen entseiatu dut, eta ez du tutik ere galerazten.

MAKROSOHOS: Harritzekoa da!

JAUN: Eguberri bezperan erretako ogia beste edozein egunetakoa bezalaxe lehortzen dela ere egiaztatu dut. Eta kupelak sagardoz ostiralez betetzea, astelehenetan edo larunbatetan betetzea bezalaxe da. Urtebete baino gehiago da perrexila birraldatu nuela, eta oraindik ez naiz hil.

MAKROSOHOS: Ez naiz harritzen. Hori populuaren sineskeri bat da.

JAUN: Saguxar baten lepoa zilarrezko txanpon batekin moztu dut, zulo batean jarri dut, hiru hilabetetan han eduki dut, dirua eskatu diot, eta hutsa. Gezurra da dena, eta gezurra ez dena, jostaketa hutsa da, zuen silogismo eta zuen logika bezala. Bakar-bakarrik matematika da egia.

MAKROSOHOS: Nire beharrik ez duzula esan nahi du horrek.

JAUN: Hortxe duzu silogismo beharrik gabe atera duzun ondorio xuxen askoa.

MAKROSOHOS: Ondo da. Banoa. Hemen bizitzez asperturik aurkitzen nintzen.

JAUN: Pozten naiz. Horrela biok kontent izango gara.

 

 

IV

HAURRA

 

(Aste batzuen buruan)

 

BASURDI: Nagusi!

JAUN: Zer gertatzen da?

BASURDI: Emakume frantses bat da hemen haur batekin.

JAUN: Eta zer nahi du?

BASURDI: Zuri hitz egin nahi dizu.

JAUN: Niri?

BASURDI: Bai.

JAUN: Ea ba, sar bedi.

 

(Emakumea, bost urtetako haurra eskutik duela sartzen da)

 

EMAKUMEA: Alzateko Jaun zu al zara?

JAUN: Bai, ni naiz.

EMAKUMEA: Gogoan duzu Panpoxa, Baleztako neska?

JAUN: Bai; nola ez ba... Zer gertatzen zaio?

EMAKUMEA: Panpoxa bere senarrarekin Saran bizi zen; baina senarrak ez zuen ondo tratatzen eta etxetik ihes egin du. Parisera joan dela esaten dute, markes batekin bizitzera.

JAUN: Horrentzako bai errax dela bizitza! Lehen bezain eder jarraitzen al du?

EMAKUMEA: Oso eder! Saratik joan baino lehen gure baserrian izan zen Panpoxa, eta esan zidan: Nire senarrak semea ondo tratatzen badu, utz ezazu berarekin; baina gaizki tratatzen duela ikusten baduzu, har ezazu, eta eraman Berara, Altzateko Jaunen dorrera, eta eman iezaiozu Jauni paper hau. Haurra gaizki tratatzen zuela ikusi dut eta hemen dakarkizut. Hor duzu papera.

JAUN: (Irakurriz.) Jaun, zure semea bidaltzen dizut. Easoko Eguberri gauaz oroit zaitez. Panpoxa. Eta haur hau? Haur hau Panpoxaren semea al da?

EMAKUMEA: Bai.

JAUN: Nola deritza?

EMAKUMEA: Bihotz.

JAUN: Haur hau nire semea da! Ze bihotz-ondoko ematen didan hori jakiteak! (Basurdiri.) Basurdi! Dei ezak nire andrea.

HAURRA: (Jauni.) Hau da liburuz dagoena hemen! Irudirik ba al dute?

JAUN: Bai.

HAURRA: Ikusi egin nahi ditut.

JAUN: Erakutsiko dizkiat. Begira! (Liburu bat ematen dio).

HAURRA: Irudi gutxi du honek. Beste bat nahi dut!

JAUN: To beste bat.

HAURRA: Eta sabaitik dilindan daukazun pixti hori zer da? Sugandila handi bat?

JAUN: Bai.

HAURRA: Ukitu egin nahi dut.

JAUN: Jasoko haut. Hozka egin diezaan beldurrik ez duk?

HAURRA: Ez; hilik dago eta.

USOA: (Sartzen delarik.) Zer gertatzen da, Jaun? Haur bat! Zeinen haur polita!

JAUN: Bai, benetan polita da, baina jauntxo xamarra.

USOA: Ikusgarri polita da, zoragarria da! Nola deritza?

HAURRA: Bihotz.

USOA: Magalean har zaitzadan nahi duzu?

HAURRA: Bai.

JAUN: Jadanik jaun eta jabe egiten hasi da. (Usoari.) Ba, badakizu norena den mutiko hau?

USOA: Norena?

JAUN: Baleztako Panpoxarena. Panpoxa bera Parisera joan da. Ni jakintsu bat naizela esan diote nonbait, eta aste bat edo beste gure etxean eduki dezagun eta zerbait erakus diezaiodan nahi lukeela esaten dit gutun batean. (Berekiko.) Zerbaitez axola denean, gezurra nola esaten den!

USOA: Zuk gaizki ez baderitzazu gel dadila...

JAUN: Nik gaizki? Ezta... Alderantziz, alaitu egingo nau.

USOA: Orduan, gel bedi.

JAUN: Saratik haurra ekartzera etorri den emakume horri jaten eman iezaiozu eta baita bere lanarenagatik eskatzen duena ere.

 

 

V

MARMARRAK

 

OLAZABALGO AMONA: Eta orain zer egiten du Jaunek?

BASURDI: Orobat aldaturik dago. Panpoxaren semea etorri den ezkeroztik, ez da lehengo gizon bera. Liburuak utzi ditu, baratzean jostaka eta korrika ibiltzen da, bera ere haur bat ote den badirudi. Lehengo batean, Jaunek biziki maite zuen bibliotekako mapa hoietako bat apurtu zuen Bihotzek eta bestea ez zen batere asaldatu, aitzitik barrez hasi zen.

ZARRATEAKO AMONA: Eta Baleztako Panpoxa non da?

BASURDI: Parisen dela diote, erregina bat eginik, palazio bat baduela, serbitzari anitz... baina ezin nezake hemen gehiago luza. Agur!

OLAZABALGO AMONA: Hori da eskandaluaren lotsagarrikeria! Usoa txoro bat da. Haur hori Jaunen seme da.

ZARRATEAKO AMONA: Hala uste duzu?

OLAZABALGO AMONA: Horixe baietz! Haur horrek hemen du Baleztan bere aitona, eta halere Jaunen etxera joan da.

ZARRATEAKO AMONA: Egia! Usoa gaixoa! Gizonak! A ze nolako alprojak!

OLAZABALGO AMONA: Eta emakumeak! Hor duzu Panpoxa! Parisen... palazio,... zerbitzari eta ohaide eta guzti...

ZARRATEAKO AMONA: Ohaiderik ere izango duela deritzazu?

OLAZABALGO AMONA: Noski! Bestela nork mantendu behar du, ba?

ZARRATEAKO AMONA: Hori da eskandaloa! Bizitzan ez dago desengainua besterik.

OLAZABALGO AMONA: Gaur egun ezin liteke emazteki zintzo iraun.

ZARRATEAKO AMONA: Egia da.

OLAZABALGO AMONA: Ttantta bat hartu nahi duzu?

ZARRATEAKO AMONA: Ez al digu gaitzik eginen?

OLAZABALGO AMONA: Ez, ez, oso ona da. Giro busti hauekin!

ZARRATEAKO AMONA: Eta jasan behar izan dugun hainbat tristura eta desengainurekin.

 

 

VI

HAURRA ERI

 

        Urte bat joan da. Bihotz, Panpoxaren eta Jaunen semea, egunetan gaisorik datza. Haren eritasuna azterkatzen ari da Jaun, dituen liburuetan : Hipokrates, Galeno eta Avizena; medikuntzan jakintsu omen den sorgin bati ere deitu dio; haritz-ondo baten zulotik pasarazi dute haurra; medikuntzaren eta sorginkeriaren sendagaibide oro entsaiatu dute, eta Bihotz geroz eta okerrago doa. Gaur arratsean haurrak hain itxura txarra hartu duelarik, Jaunek bere emazte Usoari esan dio

 

JAUN: Frantziara noa mediku baten bila.

USOA: Orain?

JAUN: Bai.

 

        Gelatik ikuilura jaitsi da Jaun. Burusia jantzi eta zaldira igo da: eta badoa gau beltzaren erdian, bidetxihor estu batetan zehar doa Intzolako errekatxoruntz. Tximista, bere zakurra, jarraitzen zaio. Euria ari du. Zaldia tripaperaino sartzen da bideko lokatzarian. Gero, mendian gora daraman harrizko galtzara bat igotzen du, eta harkoskorren kontra jotzean, eta su-printzak ateratzean, zaldi-perrek kanpai hotsa dagite. Haizeak Intzolako gainean gogor zigorkatzen du, eta orro egiten du hurbileko amildegian, gauez ezkutaturik zezen izugarri erraldoi bat balego bezala. Egun sentian, Jaun badator berriz frantses medikuarekin. Haurrak lehengoan segitzen du.

 

 

VII

MEDIKUA

 

JAUN: Ikusi duzu?

MEDIKUA: Bai.

JAUN: Zer deritzazu?

MEDIKUA: Etsipenekoa deritzat. Honela ikusi ditudan haur guztiak hil egin dira.

JAUN: Zer egin genezake? Oinak zakarki gorbiztarazi ezkero, ez ote litzaioke burua arinduko?

MEDIKUA: Saia zaitez.

JAUN: Ezertarako ez lukeela zerbituko iruditzen al zaizu?

MEDIKUA: Niri hala iruditzen zait, baina saia zaitez.

JAUN: Gertatu zaizun beste horrelakoetan zer egin izan duzu?

MEDIKUA: Sendagai anitz erabili izan dut, baina batek bakarrik ere ez du ondorio onik ekarri; horrexegatik ez dut ezer agintzen.

JAUN: Krudela da zure egia.

MEDIKUA: Zertarako nahi duzu engaina zaitzadan?

JAUN: Arrazoi duzu. Ezer ezin badezakezu egin, utz ezazu. Gorputz gaiso honi ez diezaiogun bederen sufri erazi. Agur! Morroi batek lagunduko dizu herriraino.

MEDIKUA: Agur! Sentitzen dut hona lehenengo aldiz une hain tristetan etorri behar izana.

 

 

VIII

HERIOTZA

 

JAUN: Gero eta okerrago doa. Jadanik ez du ikusten. (Leihora irtenez.) Urtzi! Urtzi! Jainkoa! Jainkoa! Berdin da. Euriaren eta haizearen hotsa bakarrik entzuten da gauaren erdian. Atsekabearen atsekabea! Oinazearen oinazea! Alferrikako zientzia! Ikasi dudan guztiak ez dit ezertarako balio izan, ezta haur honen bizitza unetxo batez, luza erazteko ere. Zer egin behar dut orain? Non abaro egin? Ez ezer, ez inor. Gaurgero, hauek izango dira nere hitzak. O, Urtzi! Zugan sinesten nuenean zoriontsu nintzen.

USOA: Txoriño bat bezalaxe doa hiltzen, gaisoa.

JAUN: Dohakabeok! Zorook! Ezer aukeratzen ez duen eta ezer ikusten ez duen Natura hotz eta itsu bat besterik ez dago gure bizitzaren gainetik.

USOA: Hil da.

JAUN: (Zotinka, eta bere emaztearen eskua dardaraz estutuz.) Zoaz atseden hartzera, Usoa.

USOA: Eta zu?

JAUN: Nik ezin izango nuke lorik egin.

 

 

IX

ARRENKURAK

 

JAUN: Dohakabe! Dohakabe! Hire zahar ilusio guztia zergatik ezarri haur herbal horren baitan? Munduari orain beltza deritzat, inoiz baino ilunago. Zergatik ezarri hituen hire esperantza guziak haur horrengan? Hil! Hil! Gaurgero ez zait beste esperantzarik geratzen. Bihotz-estura honetatik lehenbait lehen irten, hutsera joan, uniberso itsu eta sohor honetatik aldegin.

IZPIRITU EZKUTUEN KORUA: Jaun! Bizitzea ez da gizonen nahikundea, eta halabeharrak bere eskutik zuzentzen du dena itsu-itsuan. Segi bila, jarrai zure bidean ausart eta adoretsu azkeneraino.

JAUN: Bai, halabeharrak garabiltza, kuhuso gaixo batzu gara. Gure zorigaitza bera ere ez da berria. Beste askok egin dituzten aieru berdinez negar egiten dugu; besteren imintzio berak birregiten ditugu, eta gure keinu berdinak egingo dituzten beste batzuei uzten diegu teatro txaxtar hontako gure lekua. Hau mixeri izugarria!

TXIMISTA-TXAKURRAK: Begira nazazu ni apal eta lasai sutondoan hasperenka. Bizitza horixe da!

JAUN: Jakin-minak hil nau. Baina nori burura behar zitzaion zientziatik izadi itsua irtengo zela, gure karrasiekiko sohor den Natura eta ortzi hutsa irtengo zirela? (Leihora irtetzen da. Egunsentia hasi da.) Mundu osoa bizirik gabeko gorputz bat da, hil-hotz handi bat, eta gizonok berriz bere hartxo tristeak, heriotzak gurekikoa egingo duen arte beraren azpi-jaten ari garen hartxoak. Zenbait ahots entzuten dut... Nortzuk izan litezke?

 

 

X

ERROMESAK

 

        Compostelako Santiagotik gatozen erromesak gara. Eman iezaguzue limosna bat Jainkoaren izenean, ondo merezia dugu-ta

        Summus Pirineus eta Crucem Karoli ez igarotzeagatik, sasiarte hauetan zehar igarotzen gara, bestela euskaldunek dena lapurtzen bait digute, beren lantzekin mehatxu egiten, eta baita asto-zamari moduan lanean erabiltzen ere. Velche eta germaniar, frankotar eta bretoin, normandiar eta pikardiar gara. Batzuk fedeak bultzaturik goaz; beste zenbati gure herrietan jauntxo batek ala abate batek bere menpean zanpaturik jasan erazen digutena baino bizimodu bizkorrago eta atseginagoa bizitzeagatik. Lehen aingeru batek ala izar batek gidatzen gintuen; orain berriz abentura egarriak eta diru gutiziak gidatzen gaituzte. Arrisku handiren artean bizi : gosea, egarria, nekea hotza, elurteak, ekaitzak, erasoak eta piztiak.

        Compostelako Santiagotik gatozen erromesak gara. Eman iezaguzue limosnatxo bat Jainkoaren izenean, ondo merezia dugu-ta!

        Maskor askotako esklabina bat daramagu, galapago batek baino maskor gehiago dugun jendea bait gara, eta kalabaza bat ere badugu, eta ez hain zuzen ur bedeinkatuarentzat. Zakuto bat, makila bat eta kapelu zabal bat ditugu, eta taldeka ibiltzen gara eliza-kantuak kantatuz.

        Komentu batean gauerako aterpe on bat edireiten dugunean, ondo izaten gara; baina topatzen ez dugunean, sofrikario anitz nozitzen dugu.

                Dum pater familias

                rex universorum

                donaret provincias

                jus apostolorum

                Jacobus Hispanias.

                Lux, illustrat, morum.

JAUN: Itxoin! Itxoin ezazue! Ni ere zuekin noa.

ARBELAITZ: Nora hoa, Jaun?

JAUN: Egiaren bila nihoak. Agur!

 

 

XI

HAMABOST URTEREN BURUAN

 

        Neguko egun batez ilunabarrean heldu da Jaun bere Altzateko auzora. Makila bat lagun, hil zorian dator.

 

JAUN: Unetik unera indarrak galtzen ari naiz. Etxera heldu baino lehen hilko ote naizen beldur naiz. Haize izoztuak hotz-ikaraz dardara erazten du nire gorputza.

        Hementxe bertan, bide ertzean etzango nintzateke, heriotzaren zain, baina etxera heldu nahi nuke... A! Ari naiz hurbiltzen... Hemen naiz!

USOA: (Deika.) Nor da?

BASURDI: Eskale bat da.

JAUN: Ez, Usoa; ni naiz, Jaun!

USOA: Zu? Lagun gaisoa. Nola zatoz, gero! Ze penagarri!

JAUN: Bai, ni naiz. Eraman nazazu nire gelara, ez bait dut jadanik deus ikusten.

USOA: Gizarajoa...! Gizarajoa...!

JAUN: Ondo al zerate denok?

USOA: Bai, denok ondo.

JAUN: Arbelaitz bizi al da?

USOA: Bai, oraindik bizi da. Nahi al duzu deitzea?

JAUN: Bueno, bai.

USOA: Oraintxe bertan etorriko da.

JAUN: Nire liburuez zer egin zenuten?

USOA: Erre egin genituen.

JAUN: Zergatik, ba?

USOA: Aita Prudentziok erretzeko agindu zuen, haiek irakurriaz beste inor nahas ez zedin.

JAUN: Eta baratzeko aterpea? Nire zuhaitzek han jarraituko dute...

USOA: Ez. Botatzeko agindu zuen Aita Fanatikusek. (Arbelaitz sartzen da)

ARBELAITZ: Itzuli haiz Jaun? Berriz hi ikusterik ez nian espero. Bila henbilen egia idoro al duk?

JAUN: Egia ez duk bakarra, Arbelaitz... ez... Kristo eta Jehova bezainbeste duk Urtzi. Katoliko bihurtu al zarete?

ARBELAITZ: Bai.

JAUN: Liburuak erre dizkidatenez eta baratzea xahutu didatenez, hala pentsatu diat.

ARBELAITZ: Hementxe, aurrez aurre, Zelaian, frantziskotar fraileek komentu bat jarri diate.

JAUN: Baina etxe hori nirea duk!

ARBELAITZ: Hire emazteak utzi egin ziek, eta haiek herria katekizatu ditek. Denak bataiatu dituk, Xagit eroa ez beste guztiak.

JAUN: Beraz hura eta ni izan gaituk herriko ero bakarrak?

ARBELAITZ: Hala zirudik.

XAGIT: (Karrikan, kantari)

                Iru chitu izan ta

                eta lau galdu.

                Nere chituaren ama

                zeec jan du?

                Acheriyac jan diyo lepoa

                eta erretora jauna troncoa.

JAUN: Ahots hori Xagitena al da?

ARBELAITZ: Bai.

JAUN: Esan iezaiok igotzeko.

USOA: Aita Fanatikusen beharrik ez al duzu Jaun? Ez duzu berarekin konfesatu nahi?

JAUN: Ez, ez; ireki ditzatela leihoak, mendi maiteak ikus ditzadan ; kanta dezala Xagitek eta utz nazatela bakean hiltzen.

 

 

AZKEN SOLASA

 

        Hil zaigu gure Jaun gizarajoa. Batetik bestera ibilia zen; gehiegi ibilia zen eta bere ordua heldu zaio.

        Altzateko etxean ezkutuka burutu dute erlijio zaharreko zenbait zeremonia. Hilaren eskuan txanpon bat jarri dute, etxetik ateratzerakoan zerraldoarekin ertzetan koipe batzuk eman dituzte. Erleei eta etxeko abereei ere nagusiaren heriotzearen berri eman zaie. Jentil-Harrira joan eta han nagusi hilaren ohorez eskeintza egitea pentsatzen du zenbait lagun zintzok.

        Jaunen gorputza atera dute, eta orain apaizek ospe handitan gori-goria kantatuz daramate lur ematera eliza berriaren inguruan dagoen kristau kanposantura; din, dan, din, dan, dagite kanpaiek.

P. PRUDENTZIO: Ehortzi behar dugun gizon hau, Eliza aintzat hartu gabe bere kontura pentsatu nahi zuen asaldari bat zen. Eskandaloarengatik ez balitz, lur sakratutik at ehorztearen alde nintzateke ni.

P. FANA: Hori litzateke, bai, onena. Gizon honen arima infernuan izango da.

P. ANGE: Jainkoak barkatu egingo zion.

P. FANA: Sakramentuei uko egin die.

ARBELAITZ: Berak nonbait hain eri zenik ez zuen pentsatzen.

P. FANA: Ez zuen pentsatzen! Fededun izan ezkero hori ez da sekulan zabarkeriaz uzten; baina federik ez men eta zigor betirakoa merezi du.

P. ANGE: Jainkoaren urrikalmendua muga gabekoa da.

P. FANA: Jaun, Elizaren legeen asaldari, zorigaiztoko fede-hausle madarikatu bat zen.

OLAZ. GAZTE: Gezurra dirudi! Diotenez, Jaun ez da kristau zintzo gisa hil.

ZARRATEAKO ANDERE GAZTEA: Jesus, Maria eta Jose! Hori ere entzun behar genuen! Gu, Altzatearrok, beti bain kristau zintzo izan garenok!

ARBELAITZ: Nire lagun Jaun gizarajoa! Hi ausart eta zintzo hintzen. Gure zanpatzaile izan behar duten sotanaz jantzitako gixonkoxkor hauen kontra hik borroka egingo hukeen.

OSTALARIA: Benetan bikainak Altzateko jaunaren hiletak! Bere auzoko gizonek bi dozena arkume jan dute, eta kupela bete ardo edan dute. Atsoak berriz txokolatetan eta pattarretan saiatu dira. Astean behin bederen horrelakoxe bat hilko balitz!

XAGIT: Jaun gaisoa! Lagun gaisoa! Nork zainduko nau orain ni, ero hau, jende bain zuhurren artean?

TXIKI: (Arbelaitzi.) Ba dakizu zer egin behar dudan?

ARBELAITZ: Zer?

TXIKI: Jaun ez dela hil esan behar dut; bere zerraldoa neuk bete dudala lurrez, Jaun bizi dela eta ez dela hilko; Larrun mendiko leize batean ezkutatu dudala, eta euskal herria katolikuen esklabu den bitartean biziko dela, eta bere garaia helduko denean, Thor-en mailuarekin agertuko dela faltsiaren, eta morrontzakeriaren puskatxikitzera, eta libertatearen eta Naturaren kultoa zabaltzera.

ARBELAITZ: Eta nork sinetsiko dik?

TXIKI: Zuek. Astakeria handiagorik ez al duzue sinesten? Katolikuen ipuinak ez ahal dituzue sinesten?

ARBELAITZ: Bai, baina katolikuek bezala kartzelarik, urkaberik, sumetarik, epailerik, borrerorik, soldadurik ba al duk hik jendeari sinesterazteko?

TXIKI: Egia da. Arrazoi duzu.

 

 

AZKEN AGURRA

 

KORUAK: Hemendik entzuten dugu zure ahots indartsua, Urtzi Thor. Gureganaino heltzen da zure mintzoa.

        Zatoz, zatoz ekialdeko lurralde hauetara! Gauerdiko eguzkiaren eskualdea utz ezazu! Dena itzultzenda, dena birretortzen da, zu ere bai, berriro etorriko zara.

URTZI THOR: Agur! Agur, itsas ertzeko Pirineoak!

        Mendi leun eta argitsuok! Ibar epel eta berdeok! Herrixka irripartsu eta doinuz jantziok! Agur aspaldiko euskaldun gotor eta alai, aurpegizorrotzekook! Agur neska gazte eta dantzariok! Azken aldiz agurtzen zaituztet nire izotz-eremuetatik. Agur! Agur betirako! Agur!

 

 

 

© Pio Baroja
© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

 

"Pio Baroja: Altzateko Jaun-en kontu zaharra" orrialde nagusia