LAUGARREN PARTEA

EROKERIA ETA ERREALITATEA

 

 

EGILEAK

 

        Nere kontu-zaharraren laugarren parteari ekitera noakio ; eta horretarako, halako egitura zientifiko, filosofiko eta erlijioso bat eratu dut. Eta honek grazia handirik egiten ez ote dizuen ere badirudi, eta nire obra hau itxuragabe neketsu eta aspergarri bilakatuko ote den beldur zarete. Zer nahi duzue, ba? Nik ez dakit besterik egiten.

        Zoazte zinemara.

        Bai, zoazte zinemara. Han zenbait neska gazte lotsati, baina une berean ausart, oso-eta-bizi ikusi ahal izango duzue ; orbaingabeko zenbait giza-seme gazte orbaingabeko gabanez jantzirik. Maskaraz estalitako zenbait traidore eta estaligabeko beste zenbait. Gaitzepela baino xangarinagoko indioak; guraso sinetsbera eta inuxenteak: zuen nahikerien zerbitzura folletinean dena txukun-txukun antolaturik. Neronek ere folletina maite dut bai, baina klase hortakorik ez. Zoazte zinemara.

        Bai, zoazte zinemara. Nik, esan dudan bezala, nire estudiotatik, magiaz, aingeru arteaz edo arte notoriaz, alkimiaz, astrologiaz, kiromantziaz, geomantziaz, hidromantziaz, katoptromantziaz... eginiko estudioetatik atera dudan egitura zientifiko eta erlijiosoa ezarriko dut nire kontu zaharraren laugarren partean. Bekozkoa zimurtzen duzuela esango nuke. Ondo da. Zoazte zinemara. Nik, niretzat eta nire beste bi lagunentzat bukatuko dut Altzateko Jaunen kontu zaharra.

 

 

I

TXILINDRONAREN NOSTALGIA

 

(Altzateko karrikan. Errikoetxeko atarian)

 

ARBELAITZ: Zer egiten du Jaunek?

BASURDI: Ezer ez. Beti bere liburutegian sartuta dago irakurtzen. Irakurri eta maixu Makrosophos-ekin latinez iharduki. Eta egia esan, ene iduriko, Makrosophos hori kaikutzar bat besterik ez da, ardoa edateko ez beste edozertarako ; hori bai, ardoa edaten benetan maixu da.

ARBELAITZ: Hori da gizona, Jaun hori!

BASURDI: Bibliotekan ez denean, baratzeko itzalpera joan ohi da, eta han egoten da orduak joan eta orduak etorri, errekara begira.

ARBELAITZ: Zer nolako aldaketa eman duen!

BASURDI: Jadanik ez du gehiago jate ez edate ezta neska konturik ere. Bizitza guztia liburu artean pasatzeaz orobat maxkaltzen ari da.

ARBELAITZ: Liburu asko izan behar du.

BASURDI: Apaizak baino gehiago eta hori hark gutxienez hamar-hamabikoren bat baduelarik. Eta gainera hormetan mapa batzuk jarri ditu irudi batzuekin eta izar batzuekin. Ba, bai! ni luzaro haiei begira jarriko banintz zoratu egingo nintzateke.

ARBELAITZ: Eta egia al da medikutzan ere saiatzen dela?

BASURDI: Bai. Mirarizko sendatzeak ere egin ditu. Eriari begi batetara so egin eta esaten dio : oineko zain bat etenik daukazu. Jan koipetsurik ez ezazu har, eta hobeto jarriko zara. Eta halaxe gertatzen da.

ARBELAITZ: Hori da gizona, hori! Horrek duen jakinduria! Eta Easora jaisterik ez du gehiago pentsatuko?

BASURDI: Kia!

ARBELAITZ: Tamalgarria! Larretxipiuseko tabernako xalxan haiek gogoan al dituk?

BASURDI: Eta nola ez, ba! Ze-nolako legatz-kokotxak!

ARBELAITZ: Eta nolako atuna tipularekin!

BASURDI: Eta Ponpeiopolis-tik ekarri ohi duten errape-axuri hura?

ARBELAITZ: Txilindron hari zerua deritzat.

BASURDI: Eta ze sardina!

ARBELAITZ: Pentsatze hutsak, aho-sabaia zirikatzen zidak.

BASURDI: Eta ze berdel!

ARBELAITZ: Eta ze txitxarro!

BASURDI: (Kantatuz.)

                Txitxarrua ta berdela,

                Txitxarrua ta berdela.

ARBELAITZ: Eta Polus-en ardotegiko tabernako likore horixka hartaz zer diok?

BASURDI: Irrits bat. Sabihondusek nektar deitzen zuen. Nik ez dakit horrek zer esan nahi duen, baina edozer delarik ere, arras ona behar du izan.

ARBELAITZ: Melankoliko sentitzen nauk.

BASURDI: Baita ni ere.

ARBELAITZ: Izan ere, behar genukeen konbustiblea falta zaiguk.

BASURDI: Konbustiblea!

ARBELAITZ: Bai, bai janaria eta bai edaria.

BASURDI: Kontuak kontu, Easokoa bizimodu erosoa dal

ARBELAITZ: Bai, bizimodu erosoa duk, bai horixe!

BASURDI: Kristau bihurtu eta betirako hantxe bertan geratzeko gogoa ematen du.

ARBELAITZ: Ze eritzi duk hik Trinitateaz, bat eta hiru, eta hiru eta bat den gauza misterios horretaz? Ezer bai al dakik hortaz?

BASURDI: Nik? Ezta tutik ere. Baina txilindrona biziki ongi konprenitzen dut. Nagusiarekin ez gera gehiago Easora joango. Gureak egin du. Arto eta sagardozko mantenura kondenaturik gaude, eta oso noizean behinka ardi zaharren bat.

ESKALE BAT: Eros iezazkidazue San Migel Aingeru printze txit gloriosaren bozkarioak, Aralar mendian Goiniko jaun Teodosio zaldun penitzentziagilearen kateak hautsi zituenaren bozkarioak. Jainkoaren lehen ministruaren bozkarioak.

                Pues en la corte del cielo

                gozais tan altos blasones,

                dad a nuestros corazones,

                Arcángel Miguel, consuelo!

                De la escuadra celestial

                sois el primer coronel

                que al atrevido Luzbel

                venciste en guerra campal,

                echando al fuego infernal

                su rabia y furioso anhelo.

                Pues en la corte del cielo

                gozais tan altos blasones,

                dad a nuestros corazones,

                Arcángel Miguel, consuelo!

ARBELAITZ: Gu ez gaituk kristauak, eta konprenitu ere ez diagu oso ondo konprenitzen hire hizkera. Beraz, hire paperetako batto bakarrik ere hemen saltzerik ez ezak espero.

ESKALEAK: Ondo da, ondo da, orduan limosna bat eman iezadazue.

ARBELAITZ: Ea ba, to! har ezak, eta hanka hemendik!

 

 

II

ALTZATEKO ATSOAK

 

OLAZABALGO AMONA: Diotenez, Jaun gure ugazaba ez omen da gehiago etxetik irtetzen.

ZARRATEAKO AMONA: Bai, eta denbora guztia irakurtzen pasatzen omen du, eta hainbat omen daki, ezen miragarrizko zenbait sendakuntza ere egiten omen du.

OLAZABALGO AMONA: Hori esaten dute baiki, baina nik duda egiten dut, zeren diotenez, dena irakurriz ikasi omen du. Nik ez dut uste liburuetan gauza handirik ikas litekeenik.

ZARRATEAKO AMONA: Ezta nik ere.

OLAZABALGO AMONA: Batzuek zihur bezala diote Jaunek kristau bihurtu nahi duela.

ZARRATEAKO AMONA: Zer ankerkeria!

OLAZABALGO AMONA: Lehendik ere esan izan dut nik Jaun horrek ez duela fitsik balio. Kristau bihurtu, alajaina!

ZARRATEAKO AMONA: Gure garaian ez ginen, ba, horrelakoak! Ez da hala?

OLAZABALGO AMONA: Ez horixe! Zu egingo al zinateke kristau?

ZARRATEAKO AMONA: Ni ez, sekulan. Nahiago hil.

OLAZABALGO AMONA: Beste Makrosofos delako hori da jauni txorakeria horiek buruan sartzen ari zaiona, eta Prudentzio, Berako Erretorea, etortzen zaio dotrina irakastera.

ZARRATEAKO AMONA: Eta pero gainera Arbelaitzek ez du batere lanik egiten gure erlijioaren alde. Jentil-harrin, basartean harkaitzez inguraturiko su sakratua zabarkeriaz utzita dago; Eguzkiari opari egiten zaion zaldia goseak hiltzen dago eta hezurrak konta dakizkioke. Joan den egunean espartin bat jaten ari zen.

OLAZABALGO AMONA: Espartin bat?

ZARRATEAKO AMONA: Bai.

OLAZABALGO AMONA: Ai ene! Hori da lotsagarrikeria! Nik ikusi nuenean, lastozko sonbrero bat jaten ari zen, eta dena den, hori behintzat janari osasungarriagoa da.

ZARRATEAKO AMONA: Eskandalo hutsa da hau. Hazal-huts faltso bat besterik ez da Arbelaitz hori.

OLAZABALGO AMONA: Familiz datorkio hori. Bere aita ere bera bezain faltsoa zen.

ARBELAITZ: Atso hauek ez dakit zergatik mintzo diren axola ez zaienaz. Nazkagarriok! Ahal banu, besara bat erretxin-zarbazta hartu eta su emango nieke sorgintzar hauei.

ZARRATEAKO AMONA: Lau arraultze badakart nik hemen magalean eta denda batetara noa saltzera.

OLAZABALGO AMONA: Nik baserritik artale apur bat hartu dut.

ZARRATEAKO AMONA: Arraultzeak eta artalea ttanttan pixka baten truke emango bagenitu...

OLAZABALGO AMONA: Horixe bera bururatu zait niri ere; izan ere giro busti hauekin...!

ZARRATEAKO AMONA: Eta gero gainera, jasan behar izan dugun haina trixtura eta etsipen!

 

 

III

ARBELAITZ

 

        Altzateko Jaunen liburutegia, dorreko gela bat da eta zoko batean su-baju bat du. Subaju honen alboan, inarrontzi bihurri bat ba da. Horma zuri-berrituan txelairu bat pergaminoz beteta. Disekaturiko kaiman bat sapaitik zintzilik dago, eta apal batetan klase askotariko abere-buru-hezurrak.

        Hormetan ikusi bide dira irudi eta amuleto anitz : laburu gurutzea, suaren eta Urtzi Thor jainkoaren ikur-burua; eguzki-lore zenbait eta mizpiau bat, adurlari alemanen

        Trutenfuss-a, alde berdineko bi triangulo elkarri lotuz osatzen dena, alegia.

        Gaua da, eta Jaun mahai baten aurrean eserita dago, eskuan liburu bat, kriselu baten argitan.

 

BASURDI: Jaun!

JAUN: Zer da?

BASURDI: Arbelaitz da hemen, zure galde.

JAUN: Sar dadila!

ARBELAITZ: Jaun, aspaldiko lagun-zaharra! Ez haiz gehiago agertzen. Zertan ari haiz?

JAUN: Egiaren bila ari nauk.

ARBELAITZ: Eta aurkitzen al duk?

JAUN: Batzutan badiat aurkituko ote dudan esperantza; urrutira nonbait argi bat dakusdala iruditzen zaidak eta hor-hemenka beraren bila ibiltzen nauk; gero argia galtzen duk eta iluna besterik ez zegok.

ARBELAITZ: Eta hainbeste irakurri eta gero ez duk ezer aurkitu?

JAUN: Fitsik ere. Hau dena hitz-jario nahasi bat besterik ez duk. Lilurakeria! Alferrikako lilurakeria hutsa!

ARBELAITZ: Makrosophos-ek ez al daki?

JAUN: Bai, denek dakizkiten lilurakeriak zekizkik. Horixe duk bere ofizioa. Egia ala gezur direnik berari ez zaiok axola?

JAUN: Ez.

ARBELAITZ: Ze arrazatakoa duk orduan gizon hori? Ze klasetako piztia duk?

JAUN: Eskolastiko darizten pixti klase hortakoa... Eta Altzaten, ze berri?

ARBELAITZ: Hortaz mintzatzera natorkik. Katolizismoa uholde bat bezala ari duk herrian sartzen. Atzo, kristau-festa eguna, Beran jasotzen ari diren eliza orobat beteta zegoan. Santuek gure jainkoek baino mirari gehiago egiten dutela ziotek; apaizek ogi zuri bat jaten ematen omen diotek... Jende hau horrelakoxea duk eta, jadanik katolikuek idolatra eta jentil deitzen gaituztek; eta atzitu eta su eman nahi zigutek.

JAUN: Eta hik, zer egin behar duk?

ARBELAITZ: Ez zekiat, ba, nik. Hori hire baitan, hik zer egiten duan zegok. Hik amor ematen baduk, nik ere bai.

JAUN: Neuk ez diat etsiko baldin konbentzitzen ez banaiz.

ARBELAITZ: Hi tinko hagoen arte, ni hirekin izango nauk.

 

(Ate joka, norbait)

 

JAUN: Prudentzio izango duk, ni katekizatzera datorren Berako erretorea. Nahi baduk, gera haiteke gure elkarrizketa entzuten.

ARBELAITZ: Tira ba, geratu egingo nauk.

 

 

IV

MINTZO ERASOA

 

PRUDENTZIO: Gau on eta saindu biezazuela Jainkoak!

JAUN: Gau on, erretore. Eser zaitez.

PRUDENTZIO: A! Hemen al da nire erlijio-arerioa?

ARBELAITZ: Ez, ni ez naiz zurekin neurtzeko haina arerio. Zuk kobratu egiten duzu eta baduzu dirurik franko; ni afizionatu bat besterik ez naiz. Zu ahaltsu zara, ni ez.

PRUDENTZIO: Aitortu egiten duzu?

ARBELAITZ: Zergatik ez?

PRUDENTZIO: Eta ni pekatari errukarri bat izaki, halere nigana datorren ahalmena ikusirik ere, zuek, zorigaiztokook, ez duzue konprenitzen haizeak luma arin bat bezalaxe eraman behar zaituztela katolizismoak?

JAUN: Eraman gaitzan ala ez, horrek ez du zer ikusirik. Indarra ez da arrazoi.

PRUDENTZIO: Katolizismuan, indarra da arrazoia.

JAUN: Ongi da. Konbentzi gaitzazue.

PRUDENTZIO: San Tomasen Esposizioa irakurri al duk?

JAUN: Bai.

PRUDENTZIO: Eta?

JAUN: Ez dut orobat konprenitu. Ondo ulertu ezin litekeenari autoreak misterio deritza; eta arrazoibidez sinets ezin litekeena, misterio delako sinetsi behar duzu. Misterio bat, tira; baina hainbeste!

PRUDENTZIO: Harrokeria! Inpernutiar Satanen harrokeria!

JAUN: Zergatik? Ez sinesterik ez datorkit niri inolako onurarik. Aiseago deritzat gehienen joera, joera indartsuena, jarraitzeari; baina ez dut sinesten. Zer egingo da, ba! Ideia argiagorik eman biezadatela, edo adimen ilunagoa bestela.

PRUDENTZIO: Utzi nizun baita ere Tomas beraren De unitate intellectus Averroes-zaleen kontrakoa.

JAUN: Bai.

PRUDENTZIO: Eta irakurri zenuen?

JAUN: Bai; eta gauza hain ilunetan kontrakoa ere aldekoa hainbat defenditu ote litekeen iduripena utzi zidan.

PRUDENTZIO: Biblia ere irakurri al duzu?

JAUN: Bai. Judatar herri hain mespretxagarri eta hain zital hori Jainkoak hautatu herria izatea ezin dut konpreni. Jende herrakor eta arras maltzurra da, munduko herri guziek arbuiatu duten jendea. Eta Jainkoa sei egunen buruan bere antz eta idurira gizona sortu zueneko alegia horri dagokionez, izan daiteken umekeriarik handienetariko bat deritzat. Ala zer? Adam egin zuen Jainkoak, urdail, este, sudur eta belarririk bai ote zuen? Hargin-morroi batek bezala atseden hartu beharra ote zuen? Hori dena oso-osorik zentzugabekeria iruditze zait. Eta Adamen zigorra oraindik zentzugabeago; Jainkoak berak jartzen dio tranpa bere oinetan, eta erori denean, ez du bera bakarrik zigortzen, baita bere leinu guztia ere. Bai gogorra dela zuen Jainkoa! Zeinen garbi ikusten den ze herri anker eta bihotz-gogor agintzen duen! Bai urrikalgaitza! Eliseori burusoila zelako, isekaz ari zitzaizkion mutikoak irents zitzaten, bi hartz igorri zituen, alajaina. Hori, egia esateko, izugarrizko barregarrikeria kausitzen dut.

PRUDENTZIO: Bitxi da zuen handinahikeria. Bitxi da zuen ausardia. Zuek, nekazari xehe eta zikoitzok, akerra gurtzekoa bezalako zonbait ohitura nazkagarri duzuenok, sasi sineskerietarik ahalkegarrienak dituzuenok, zuek arbuiatu behar duzue Moises-en herria, Betidanikoa, Guztiahalduna konprenitu zuen herria... Utz iezadazue barre egiten.

JAUN: Nahi duzun hainbat barre egin ezazu. Judutarrek eta heien ondorengo lehen kristauek herri artzaintzariak zirelako bildotsa jarri zuten jainko izenaren babesean; guk arrazoipide berdinarekin eta guretzako Eguzki-sinbolo bat delako, akerra jarri dugu. Akerra idolo bat baldinbada, funts berdina du bildotsak ere beste hainbeste izateko.

PRUDENTZIO: Urrikalgarri zait zuri entzutea!

ARBELAITZ: Euskaldunok Eguzkia adoratzen dugu, Ilargia ere bai, eta oinazkarra eta ortotsa, sua, zuhaitzak, Naturaren indarrak, iturburuak...

PRUDENTZIO: Ixo, isil zaitez, agure zentzugabe hori! Deabrukeriaz kutsatutako zuen sasibiltzar horien berri ez dudala uste al duzue? Zuen akelarre ez eta ilargi bete gauetako basoko dantza-saio horietaz jakinaren gainean ez nagoela uste al duzue? Nola zaldi odola edaten duzuen eta gizonak abere balira bezala basoetan ehortzi ohi dituzuenik ez dakidalakoan al zaudete?

JAUN: Zuen kanposantuetan izan ala edozein basogunetan gerta, giza-gorputz bat usteltzeko moduan ez dakit alderik egongo ote den.

PRUDENTZIO: Badakit baduzuela idolo bat, Jupiter-en edo Marte-ren itxurako bat, burua tximistez inguraturik, zuek Urtzi Thor deitzen duzuena; eta baita Jaun-gorri ere.

JAUN: Egia da. Eguzkiaren sinboloa da eta bere hamabi tximistak urtearen hamabi hilabeteak dira.

PRUDENTZIO: Normandiako piratek tenplo batetara eraman zutenean, San Leonek Baionako elizan ikusi zuen idolo bera da. Idolo horrek bere oinetan ahari bat eta aker bat zituen; santuak haize eman zion, eta idoloa eta bi abere lizunak airean jaurtikiak izan ziren eta hauts bihurtuak.

ARBELAITZ: Hori berak kontatuko zuen. Gure artera ez da heldu horrelako gauzaren aditzerarik.

PRUDENTZIO: Zaude isilik! Gezurra dirudi adinak zuhurtasun gehiagorik nolaz eman ez dizun.

ARBELAITZ: Gure arteko batzuek ere Jainko ezezagun bat onartzen dute.

PRUDENTZIO: Estrabonek izendatzen duen Deus ignotus hura, eta batzuek Ilargia dela diotena; baina zuen arteko gehienok idolatrian bizi zarete; zaldia gurtzen duzue, eta akerra, iturriak eta zuhaitzak.

JAUN: Zergatik harritu gu, gizon ezjakinok, Naturaren indarrek txunditzen bagaituzte eta indar hoiei giza-atributorik eratxekitzen badiegu?

PRUDENTZIO: Baina ez nau harritzen zuen ezjakinkeriak! Zuen egoskorkeriak eta zuen ausardi-zoroak harritzen naute. Zuek bataioa eta grazia baztertzeaz harritzen naiz.

JAUN: Gure burua besteren menpean ezarri nahi ez izateaz harritzen zara?

PRUDENTZIO: Bai; gaindiko beste arau baten menpean zuen buruak ezarri nahi ezak harritzen nau.

JAUN: Beste zein arau?

PRUDENTZIO: Jainkoaren araua.

JAUN: Ze nolako setatsukeria eskerga duzuen kristauok!

PRUDENTZIO: Nola ez gara, ba, setasu izango, egia guk edukita! Egia guztia Elizan dago. Elizan ez dagoen egia, ez da egia.

JAUN: Zientziarena ere ez?

PRUDENTZIO: Ezta.

JAUN: Ez jakintzan eta ez sinesmenean, ez duzue lankiderik onartzen?

PRUDENTZIO: Dena esanda dago : meneko izan beharra besterik ez da geratzen.

JAUN: Erlijio-xede bat bada, ene iduriko, bai Jainko batetan bai idolo batean. Erlijio-xedea ona bada, zergatik ez onartu?

PRUDENTZIO: Idoloa onartu? Deabrua onartu? Ez. San Tomasek esan duen bezala, sasi-sineskeria ere deabruarekin isilka nahiz agerian egin den elkargo batean finkaturik dago: omnes supertitiones procedunt ex aliquo cum doemonibus inito, tacita vel expreso.

JAUN: Beraz, gure ohituretatik, gure aintzinako ideietatik ez du ezertxok ere iraun behar?

PRUDENTZIO: Fitsik ere ez. Noyon-go gotzain San Eloy-ek bere ad omnem plebem hitzaldian esan duen bezala, pagano-aztura guztitik aldendu beharra dago; Ilargiaz eta Eguzkiaz ez da pentsatu ere egin behar, ekain mugaren begirunerik ere ez, Donibane egunez dantzarik eta kantarik ere ez, ohitura hauek denak deabruaren ekintza bait dira.

JAUN: Gurerik ezer ez duzue onartzen...: bakar bakarrik gurutzea...

PRUDENTZIO: Gurutzea! Zer esan nahi duzu horrekin?

JAUN: Gurutzea euskalduna da, kristau izan baino lehenagotik.

PRUDENTZIO: Hori da burugabekeria!

JAUN: Ez da burugabekeria. Oraindik ere aurkituko duzu laburua gure Herriko anitz tokitan; batzuen ustez munduko bi bideak sinbolizatzen ditu, beste batzuek diotenez lau hegi-alde nagusiak, eta gure artean berriz Thor-en, suaren, garraren, Eguzkiaren enblema da.

PRUDENTZIO: Ikur hau kristauetatik hartu duzue.

JAUN: Ez. Zuek guri hartu zeniguten ikurra da hau. Erromako inperioko lehen kristauek beren ikurrinean gu- rutzea ezarri zutenean labarum deitu zuten. Labarum laburu, lau buru hori euskeraz da: lau buru, lau gailur, Labarum euskal gurutzea da svastica, tetragrammaton, Urtzi Thor-en sinboloa, Lonbardiara euskaldunek eraman zutena, eta Constantinok onartu zuena.

PRUDENTZIO: Labarum latineko labare-tik etorriko da: kulunkatu, ikurrinak haizetan egiten duen bezala, alegia.

JAUN: Nire argibidea logikoago da. Ikurrin guztiak kulunkatzen dira haizetan, baina ikur guztiek ez dute lau gailur, lau bururik, Labarum gurutzeak bezala. Eta Laburu-gurutzeaz gainera anitz tokitan aurkituko duzu hartzuloetan grabaturik urkabe gurutzea; eta hori, besoak zabalik dagoen gizonaren eta, ertzik ertz, lerroz inguraturiko eguzki sinbolo borobilaren idurikatze soil eta sakratu bat besterik ez da.

PRUDENTZIO: Filosofo izan nahi duzula ikusten dut; filosofo, non? eta Altzaten ... ?, ja..., ja...!

JAUN: Zergatik ez?

PRUDENTZIO: Filosofoa, Tertulianok esan duen bezala, abere lorios eta harroputz bat da, eritzi okerren tartekatzaile. Bere asmaketa guztiak zorakeria dira cogitationes ominum philosophorum stultas esse; eta eliza-guraso hau zerbait gehiago esateraino ere heldu da: jadanik Jesukristoren ondoren ez dugu jakin-min beharrik, ezta inbestigazio beharrik ere, Ebanjelioa dugun ezkeroztik: Nobis curisiotate opus non est post Christum, nec inquisitione post Evangelium.

JAUN: Berdin mintzatuko dira beltzak ere beren erlijioaz ari direnean.

PRUDENTZIO: Ez ezazu zirika zeruaren haserrerik!

JAUN: Jarein dezakezu, jautiki diezadakezu gainera. Tximistarekin eta oinazkarrarekin nire lagun Arbelaitzek baino harreman handiagorik ez dut uste izango duzunik.

PRUDENTZIO: Barkatu egiten dizut, dohakabe horri!

JAUN: Zure barkapena eta zerutarren haserrea niretzat berdin dira. Lehenago sinesten nuen izpiritu onak eta gaiztoak bazirela eta gizonak heiekin herremanik izan zezakeela. Gaur egun ez dut sinesten : Naturaz at ezer ez dela deritzat.

PRUDENTZIO: Aingerurik ez dela? Deabrurik ez dela? Ebidentzia ukatzen duzu, dohakabe horrek!

JAUN: Inondik ere ebidente ageri ez den ebidentzia bat. Nire iduriko, munduan ez da bikoiztasunik. Egia ala gezur, iduripen ala errealitate nahiz infinituki aldakor nahiz osoro bat eta bakar izan, dena gauza bera da.

PRUDENTZIO: Une honetan zure ahotik deabrua mintzo da. Umildade gehiago behar da. Pentsa ezazu gero, Tertulianok bere jakinduria handi guztiarekin nola esan duen:

        Prorsus credibile est, quia ineptum est..., certum est qui imposibile est...

JAUN: Nik, konprenitzen ez dudanik ez dut konprenitzen. Nire ustez inork ez daki, ezta jakingo ere, mundura zergatik gatozen, ezta zertarako ere, baldin hona etortzean, xederen bat badugu behintzat, eta hori nik nirekiko duda egiten dut.

PRUDENTZIO: Berriz ere deabrua mintzo da ahotik. Vade retro, Satan. Ni banoa. Gauza bat bakarrik esan behar dizuet: begirik kendu gabe zaintzen zaituztet. Ez dut utziko, zuengatik auzo hau kondena dadin. Gerla nahi duzue? Gerla izanen duzue. Eta infernura joanen zarete, muga-gabeko oinaze zigorra nozitzera, betirako betikotasunetan.

 

(Prudentzio badoa)

 

ARBELAITZ: Hori duk handik honakoa! Horrek hitz egin!

JAUN: Eta horrelako gizon bati Prudentzio deritza! Duela urte batzu leihotik botako nian.

ARBELAITZ: Amor eman beharrean izango gaituk.

JAUN: Ni ez. Konbentzimentuz bai, burua makurtuz ez. Gezurkeria bat kendu nahi zidatek beste gezurkeria bat ezartzeko. Gezurkeria gezurkeriaren truke, nahiago diat neurea gorde.

ARBELAITZ: Izan ere, gizon honek duen sua!

JAUN: Bai ; pizti amarrutsu bat duk. Latino hauek denek eta heiekin hezi direnek, jaiotzatik ditek berezko amarrukeria.

ARBELAITZ: Bai, baina hain ondo hitz egiten dik!

JAUN: Hik, nahi duana egin ezak. Nik ez diat amor emango.

XAGIT: (Kanpoan, kantatzen.)

                Ay au fraile picarua

                galdu biardu mundua,

                precisamente naidubela

                nescatillen zancua.

JAUN: Igotzeko esan iezaiok Xagit-i. Zuhurrekin baino hobe izango duk agian eroekin mintzatzea.

 

 

V

SORGIN-ETXE

 

        Altzateko Jaunek, bere Errota-Zaharreko hormatzar hondakinen babesa utzi die inguruetako sorginei, bertan biltzar egin dezaten. Errota-Zahar hori Bidasoa bazterretan dago, lats baten saihetsean.

        Errota-Zahar horri orain Sorgin-Etxe deritza. Errota-Zaharraren hondakinek, horma handiak, beltzak eta huntzez estaliak dituzte; zurezko dorre bat eta erreka gainetik arku batzuk.

        Gauez Errota-Zaharreko inguruak itxura arras berezia hartzen du. Ordu hoietan, jendeak dioenez, munstroz betetako ingumari magiatsu eta misterios bilakatzen da; hilargi horizka eta eri batek argituriko aurkientza. Han den guztia bihurri eta teratologiko da.

        Zelaietan, zuhaitz eta belar izugarriren artetik, non-nahi iratxo isekari, trasgo eta eltxo giza-aurpegidun ageri ohi dira.

        Errota-Zahar erdi eroritik gertu ermita abandonatu bat bada, bide bat ere bai, dena harrizko gurutzez betea, han atseden hartzen dute bele pentsakor, ontz eta gau-txori-

        -talde pilakatuek, eta bada egur ustelezko gurutze bat ere, beso bihurritu eta oinaze hizugarriren espresioz jantziriko Kristo batekin.

        Errota-Zaharraren lehor aldetik, hiru urkatu dagoz zintzilik, eta haien azpian biziki oparo ari da hazten zenbait urrilo-belar gorputz zintzilikatuei darien ustel itukinarekin. Ontto-gorri pozointsu ugari da han, baita itxura zikineko anzanita phalloides, amanita muscaria, bihotzigarrak eta zigorriak ere. Errotako sarreran hegaletatik josirik dagoen saguzar batek izugarrizko karrasiak botatzen ditu.

        Diotenez, Errota-Zaharren dantza handiz ospatu ohi da larunbata. Emakumeek bilutsik egiten omen dute dantza, katularruzko uhal batzuk gerrian loturik dituztelarik.

        Egun horietan, etxeetan gauerdi-begian oilar kanturik entzuten badute, gatz-eskutara bat botatzen dute surtara, goiztarregiko oilar kantu horrek argi eta garbi salatzen baitu sorginak ari direla igarotzen.

 

 

VI

SORGIN-AMA

 

        Gau ilun egiten du; laino beltz zarratatu puskak doaz zeruetan zehar; Ilargia berriz, izuturik bezala, laino pusketa hoien kontra-bidean doa arin, beldurrez-horizkatu aurpegiarekin. Zakurrak amorru-zaunkaz ari dira; Altzateko Jaun, Makrosophos-ekin, Basurdirekin, Txikirekin eta Berako elizan sakristau den Timoteusekin, Errota-Zaharrera doa, Larunbata ikustera.

 

TXIKI: Aizu, Jaun, gure Urtzi-Thor joan zaigu.

JAUN: Eta nora doa, ba?

TXIKI: Jainko hilen panteoira, beren garaian kristauen jainkoak joanen diren toki bertara.

JAUN: Eta Urtzi Thor-ek ez al du ezer utzi?

TXIKI: Urtzi Thor-en hondamena Arthur erregearen fabula bera izatea baliteke, eta Table Ronde ospetsua ortziaren sinbolu besterik ez izatea ere. Arthur-en aita Uter jainkoa da, Heren-Suge Burua, borrokaren jainkoa, zeruan bizi dena, eta armarritzat ortzadarra daukana; izartegian jainko bat da Urtzi bezalaxe. Bestetik gainera, Arthur gudari bat da Thor bezalaxe, eta hil ondoren zerura igo eta, Bost-izarretan dizdiraz dago. Uter eta Urtzi, Arthur, Aitor eta Thor; Urtzi eta Hartza (Hartz-Handia); hau dena, zalantzarik gabe, leinu beretik dator.

JAUN: Beraz, horren ondorio gisa, gaurgero kristautasunak menperaturik gauzkala aitortu behar..

TXIKI: Horregatik kexu zara?

JAUN: Bai.

TXIKI: Euskaldunei kristautasuna laket ez izatea konprenitzen dut; izan ere judutarren eraso bat besterik ez da, latinoen gain-igurtzi batekin.

JAUN: Ez zaiela laket! Mundu guztia kristautasunera bihurzen ari da-ta.

TXIKI: Zer nahi duzu, ba! Natura aurrez aurre begiztatu ahal izateko gizonaren begirada ez da nahiko bortitza. Heldu gara sorgin etxera. Larunbata ikusiko dugu.

MAKROSOHOS: Priapo-Baccus-Sabasius-en akerra ospatzen duteneko luperkal moeta bat besterik ez da hau dena.

JAUN: Priapoz eta Baccus-ez hemen fitsik axola ez izatea ere baliteke beharba.

MAKROSOHOS: Nola ezetz gero? Erromatar eta greziatar sorginkerien aztarna bat besterik ez da hau dena.

JAUN: Zergatik? Ideien, jakiteen eta sineskerien arteko batasun hortan badakizu noiz sinetsiko dudan? Ba, Txinan piku bat jaten duenak, Atenasen beste bat jan duena imitatuz jan duela frogatuko didaten egunean.

MAKROSOHOS: Ideia oro erro beretik dator. Den guztian batasuna dago: nola onean hala txarrean.

JAUN: Eta banakatasuna ere denean.

MAKROSOHOS: Gizona ez al dator bikote bakar batetik?

JAUN: Agian bai ; nik ezetz uste dut.

 

(Txikik ukabilaz Errota-Zaharreko ate zarrakatua jotzen du eta bere kolpeak mailu hotsaren soinua ateratzen du.)

 

AHOTS PITZAKATU BAT: Nor da?

TXIKI: Ireki ezazue mila deabru parekin batean, bestela ostikoka botako dut eta!

 

(Sarrera irikirik, Jaunen lagunak barruratu dira. Errota-hondakin hauetan bada zenbait arteka bide, eta erdian, gela handi batean, aker iduriko zanpantzar bat dago, zumitzez egina, bi adarren artean zuzi bat garretan duela. Gela bazterretan, horma-kontratan edonondik etorritako zenbait gizon eta emakume atseden hartzen, eta atsoak, ohol bat belaunen gainean, trukean eta musean ari dira. Pasiloetan bada zenbait oilaloka, katubeltz zornatsu, txakur igar eta terziopeloz jantzitako zenbait zapo lepoan txin txarri eta guzti. Hormetako apaletan, urkaturen zenbait soka, haur-ilor batzuk alkooletan, musker bat edo beste, eta zaldi, txakur, tximu eta urde buruhezur anitz ikus bide dira.)

 

JAUN: Nahiko higuingarri da hau dena.

TXIKI: Goazen sorgin-ama ikustera.

 

(Pasiloak jarraitzen dituzte eta gelatxar txiki batean sartzen dira.)

 

SORGIN AMA: Nolaz ausartzen zarete hemen sartzen?

TXIKI: Ni naiz: Txiki.

SORGIN AMA: A! Hi al haiz, Txiki? Eskergabe hori. Nik maite haudan adina maite eta halere ez haiz sekula ikustalditxo bat egitera etortzen.

TXIKI: Ea, ba, amona! Ea ba! Sentimeltalkeriarik asko bada.

 

(Sorgin-ama oso zahar eta zimurra da, burusoil, eta kako antzeko sudurra du. Begiak uher ditu eta ahoa hortzik gabe, azal zimur lur-kolorekoa eta zenbait de zurizka bizarrean. Irakiten ari den pertz bati errepatzen ari da sorgin-ama. Harrizko bi kimeraren antzo geldi-geldirik dauden bi putrek zaintzen dute; katu beltz batek bere begi horiztaz so dagio, eta arratoiak batetik bestera dabiltza gelan.)

 

TXIKI: Horko arratoi begi gorri hori nor da, amona?

SORGIN AMA: Lanzarote del Lago-ren arima bizi da orain arratoi hontan.

JAUN: Ze txorakeria!

TXIKI: Eta isatsetik sua botatzen duen beste arratoi hori?

SORGIN AMA: Hori diat nire kontu txikien mandataria. Horrek ekartzen zidak herriko eta inguruetako sekretu guztien berri.

TXIKI: Ze programa duzu gaur gauerako?

SORGIN AMA: Larunbata guztietako bera, nire urne hori.

TXIKI: Oso gauza kaskarra deritzat horri.

SORGIN AMA: Deabrutxo batzuk ezagutaraziko dizkizuet, nahi baduzue.

TXIKI: Deabru-errebista bat alafede! (Jauni.) Zer deritzazu?

JAUN: Bueno, ea ba.

 

 

VII

KONJURUA

 

SORGIN AMA: Conjuro te, Sabella, qua faciem habes multiris et renes piscis, caput tennes in nube et pedes in mari, septem ventos bajulas, demonibus imperas...

JAUN: Latin hori berriz ere! Biraoak euskaraz botatzen ez al dakizue, ala?

TXIKI: Zer nahi duzu, ba! Euskaldunak hain tradizionalista dira! Batzutan badakite beren gurasoek zer egin duten, baina beren aitonek egin zutenik inoiz ere ez. Magia eta sorginkeria gaietan maisu handi anitz bazen lehen Miarritzen, Getarin eta Senperen, baina beren zientzia ahantzi dute. Malleus maleficorum bat erosi beharko diegu. Utziko ahal diogu amari bere araoa bukatzen?

JAUN: Ea ba, buka dezala.

SORGIN AMA: Kojurua egina dago. Badatoz.

 

(Horman, itzal-arteko iduri antzo, iratxo eta deabrutxo itsusi eta barregarriak hasten dira agertzen, ahotik sua dariela, saguzar, ontz, gaubele, banpiro, mamu herensuge eta arrain hegakariren lepagainetara igotako zapo-itxurak, eta bakoitzak bere izena esaten du.)

 

DEABRUTXOAK:

                Zilbor beltz, Sabel goibel.

                Oilo ipurdi, Lehoi larru

                Katu begi, Ahuntz adar

                Oilar gandor, Aker hanka

TXIKI: Deabrutxo arrunt eta errespeto txikikoak dira hauek.

DEABRUEK: (Jauntxotsukiro, eskola-maisu gosetiren taiu melankolikuarekin.)

                Samiaxas, Leutias, Bucella,

                Barnaza, Sabella,

                Agios, Celin, Celes, Potas,

                Ibris, Palamitis, Agiotas,

                Authos, Anostro, Nostro, Bay,

                Afren, Oscazo, Uba, Glay,

                Actiova, Baleztaco, Caudebat,

                Easas, Celsus, Saudebat,

                Acaos, Asmodeo, Cedn,

                Achas, Alex, Zabuln.

JAUN: Idurikeria tentel bat deritzat honi denari. Hormetako errainu xelebreak besterik ez dut ikusten nik.

TXIKI: Izan ere, zu intelektualegia zara. (Besteei.) Zuek ez al dituzue deabruak ikusi?

BASURDI: Nik bai.

MAKROSOHOS: Nik ere bai.

TXIKI: Eta hik, Timoteus?

TIMO: (Bere harriduratik irtenez.) Ab hoste maligno, liberanos Domine. Utikan! Utikan izpiritu galgarriok! Arin! Irten gaitezen hemendik! Milaka munstro izugarri dabil hemen airean, eta pikearen eta azufrearen kiratsak arnasa hartzen ez digu uzten. Goazen, arin! Satan zelataka daukagu!

TXIKI: Kristau hauek koldarkeria bera dituk haragi bihurturik. Benetan barregarri da infernuari dioten beldurra. Sakristauak ez du ikusten duenik zalantzan jartzen.

JAUN: Hainbeste beldur baldin badu, utz iezaiozue joaten.

TXIKI: Zuk ez al duzu beldurrik?

JAUN: Nik? Batere ez. Farsa bat deritzat honi, eta gainera bere neurritxo batean barregarri xamarra.

TXIKI: Farsa bat! Deabruaren egintza! (Azpitik.) Jaun hau gizon zuhurra duk.

 

 

VIII

LARUNBATA

 

        Sorginak, ar eta eme, bildu dira erdiko gela handian; eta eguzkiaren sinbolo izaki deabru bilakatu den akerraren inguruan letania bat errezatzen ari dira.

 

SORGIN AMA: Luzifer.

KORUA: Miserere nobis.

SORGIN AMA: Belzebuth.

KORUA: Miserere nobis.

SORGIN AMA: Serafinen Ordenako Astaroth.

KORUA: Ora pro nobis.

SORGIN AMA: Astaburu dun Sabaoth.

KORUA: Ora pro nobis.

JAUN: Hona etortzeak ez du merezi. Karikatura ergel bat besterik ez da hau.

TXIKI: Hala deritzazu?

JAUN: Horixe baietz! Orain datorkigun kristau erlijioa, erromatar gain-igurtzi batekin, mamiz judutar huts dela zenion. Zuen magia ere judutar duzu eta latina erabiltzen du. Bene-benetan, sorgin hauek ez dute deus balio. Nere Errota-Zahar erdi eroritik aldegiteko esan behar diedala uste dut.

TXIKI: Utz itzazu oraindik pixka batean. Ea sorgin-azti honek zer dioen. Aizu, atso!

SORGIN AZTIA: Zer gura duzu, maisu?

TXIKI: Zureetako aztikeria bat edo beste egingo ote zeniguke?

SORGIN AZTIA: Zer nahi duzu egin dezadan? Ur pertz honetan zuen etorkizuna ikusaraztea nahi al duzue?

MAKROSOHOS: Arte boni lekanomantzia deritza.

TXIKI: Halaxe da. (Jauni.) Honek, ondo egin ezkero, badu bere meritua.

JAUN: Ikusiko dugu!

 

(Sorgin-aztiak pertzeko ura eragiten du eta zuzi baten garretan argitzen du.)

 

TXIKI: E! E! kasu garrari!

BASURDI: Ez dut santa sekulan horrelakorik ikusi.

MAKROSOHOS: Nik ere ez. Nola irtetzen den, gero, garra pertzetik!

TIMO: Vade retro, Satan! Vade retro!

TXIKI: (Isilka, Jaun-i.) Potasio, sodio eta beste metal alkalino batzuen bidez lortzen dira garrak.

JAUN: Nik pertzean ez dut inolako garrik ikusi.

TXIKI: Hauxe duk gizona! Inola ere ez zegok honi ziria sartzerik!

SORGIN AZTIA: (Ekialdera so.) Uriel Serafin, nik araokatzen haut, Jainko Guztiahaldunaren hirurogeita hamabi deituren izenean, Adonaien izenean, Belialen izenean, Astaroth Inpernuko Printzearen izenean, eskatzera noakizun guztia iruzurrik eta engainamendurik gabe ur hontan ikusaraz iezaiguzu. Abraxas! Abraxas! Orain begira dezakezue.

MAKROSOHOS: Izugarria da hau. Ze munstrol

BASURDI: Horrantz begiratze hutsarekin hotzikara sartzen zait!

TIMO: Vade retro! Vade retro! At! At inpernutiar izpiritu galgarriok!

JAUN: (So eginaz.) Zer da? Nik ez dut deus ikusten.

TXIKI: Ez duzula deus ikusten?

JAUN: Pertzaren ondoa besterik ez dut ikusten.

TXIKI: Geure buruak desakreditatzen ari gaituk. Beraz ez duzu ezer ikusten.

JAUN: Ezer ez.

 

(Erdiko gela handira irtetzen dira denak)

 

TXIKI: Jendea badator Larunbata zelebratzera.

 

(Sorgin anitz, ar eta eme, ari da sartzen, erratz makilatan zamarika)

 

SORGIN ARRAK: Astelehena, asteartea, asteazkena : hiru.

SORGIN EMEAK: Osteguna, ostirala, larunbata: sei.

BASURDI: Igand...

TXIKI: Ixo! Igandearen deitura esateko burutamendurik ez dezala inork izan.

ERRATZAK: Azkenik berriz ere birgaitu gaituzte. Mendeetan eta mendeetan lanbide lotsagarrietara behartuz erabili gaituzte, hauts eta zaborra artean. Ihauterietan bakarrik agertu gara arte handizko apaindura gisa mozorro xehakarien eskuetan. Hegakaritarako dugun gure aukerakotasun miragarririk ez zaigu aintzat hartu, baina erredentzio eguna heldu da: le jour de gloire est arrivée. Ze-nolako ibilaldiak egin ohi ditugun orduko ehun eta berrogeita hamarreko abiaduran! Ze jirabira! Nola lur-hartu! Ez, ez, ezin liteke ametitu berriz ere eginkizun likitsetan erabil gaitzaten! Oskurantismo garaietan ez gara bizi. Hegakarako tresna gara eta ez hautsbiltzaile eta lurgarbitzaile.

 

(Sorgin guztiak beren erratzekin biribilketa dantzatzen ari dira eta baserritar bat alboka jotzen. Atso zahar batzuek esku artea badute zenbait giza-hezur; argia botatzen dutela diote Basurdik eta Makrosophos-ek. Timoteusek dioenez, kiratsarriaren lurruna darie. Jaunek beste edozein gauza bezain argi gabe ikusten ditu. Atsoak, hainbeste dantzarekin hauspoa beroturik atorra hutsetan gelditu arte eranzten ari dira.)

 

BASURDI: Kontxo! Kontxo! Oraindik zer ikusi behar dugun hemen!

TXIKI: Bueno, sorgin-amona: ikuskizun hau guretzat aspergarri xamar da eta bagoaz.

SORGIN AMA: Dagoeneko bazoazte?

TXIKI: Bai, bagoaz.

 

(Jaunek, Altzate auzoko baserri apartatu batean bizi den gizon lepradun bat ezagutu du.)

 

JAUN: Zer habil hi hemen?

LEPR: Ba, ni, jauna, etortzen naiz...

JAUN: Zergatik etortzen haiz?

LEPR: Gizon bezala tratatzen nauten toki bakarra hauxe delako.

 

(Txiki eta bere lagunak, Errota-Zahar utzi eta irten dira.)

 

 

IX

GIZON OSPETSU ETA MIRAIL MAGIKOAK

 

TXIKI: Egia esan, Jaun hau engainatzeko modurik ez duk. Gauzetan, dena besterik ez dik ikusi nahi, giza-izatearen gakoa hortan baletza bezala. Adarra jo zidak ederki. Ez zekiat zer egin, taiuz gelditzeko. Koloretako iduri batzuk eta itxura aldaerazten dutenetako mirail batzu erakutsi behar zizkioat. (Martin Zikin-i.) Ea, hi, Martin, argi ibil hadi. Zehar-argitara estanpa batzu erakutsiko zieat nik hauei, eta hiri esango diat bakoitza zein pertsonaiaren iduri den. Konprenitzen duk? Gero hire esplikazioa ahal duan moduan apain ezak.

MARTIN ZIKIN: Bai. Ondo duk.

JAUN: Eta hemen zer ikusi behar dugu?

TXIKI: Lehenik edan egingo dugu.

MAKROSOHOS: Oso ondo. Bibamus.

 

(Denek edaten dute eta Txiki desagertzen da)

 

MARTIN ZIKIN: (Komeriante berritsu baten antzeko ahotsez.) Aurrera jaunak, aurrera! Gizon ospetsu eta mirail magikoak hemen ikusiko dituzue!

MAKROSOHOS: Zenbait ispilutan begiratzea arriskugarri dela dioenik bada, zeren arima gal omen bait liteke.

JAUN: Ba! Ze txorakeria!

MAKROSOHOS: Bai, bai; katroptomantziaz deritzan zientziak baditu bere oinarriak. Varron-en esatez, Agustin sainduak zitatzen duenez, De Civitate Dei, zientzia hau persiatarrengandik omen dator.

MARTIN ZIKIN: Aurrera jaunak, aurrera! Gizon ospetsu eta mirail magikoak hemen ikusiko dituzue!

TXIKI: Hau Julio Cesar da.

MARTIN ZIKIN: Aurrean duzuen burusoil hau Julio Cesar da, Ponpeioren arerioa, ponpa handiko gizona zelako horrela zeritzan harena alegia. Julio Cesar hau izan zen halako Veni, vidi, vici hura esan zuena, hau da: Bizio bidetik etorri nintzen, zeren, itxura denez, gizon honek bizimodu lizun nabarmen xamarra botatzen omen zuen.

MAKROSOHOS: Hori duk astakeria!

MARTIN ZIKIN: Julio Cesarek egin zuen gauzarik ohoragarriena, Rubikon iragaitea izan zen. Horrela deritzan ibaia bazen lau-bost bat kana zabal. Mundu guziak: Juliori esaten Ezetz salta! Eta berak, abantara hartu eta oinkada batetan iragan zuen ibaia.

MAKROSOHOS: Absurdokeria!

TXIKI: Hau Neron da.

MARTIN ZIKIN: Untzez koroeturiko gizen hau duzue Neron. Honek txirula jotzera kumunera joateko ohitura zuen, eta azkenik kumunean hil zuten. Orduan esan zuen : A ze-nolako artista galdu bide duen munduak! zeren bera baino lehen bazen teatroko, kafeteriako eta tabernako txirula-jotzailerik, baina bera baino lehenago kumunetako txirula-jotzaile izanik inor ez bait zen.

MAKROSOHOS: Hoiek dituk aleak!

TXIKI: Hor Carlomagno.

MARTIN ZIKIN: Bizar zuria duen hau, Carlomagno da, oinbete askoko gizon handia zelako horrela izendatua. Kapusai gorria du, bere koroia luma beltzez apaindua, esku batean ezpata eta bestean mundu borobila.

MAKROSOHOS: Gizon honek ez daki zer esaten ari den.

MARTIN ZIKIN: Aurrera jaunak, aurrera! Gizon ospetsu eta mirail magikoak hemen ikusiko dituzue!

TXIKI: Hau Mahoma da.

MARTIN ZIKIN: Hemen dugu gure aurrean Mahoma ospetsua, bere sudur zorrotzarekin eta bizar beltz xorrotxarekin. Hau da beste halako hura esan zuena : Mendia nigana ez datorren ezkero, ni joango naiz mendira koneju ehizera.

MAKROSOHOS: Hau baino gizon ezjakinagorik!

TXIKI: Hori Atila da.

MARTIN ZIKIN: Hemen da Atila, Atila ospetsua, belarra zanpatu eta gehiago erne ez zedin era berezi bat zuena. Bere jokaera-moldea makadam-aren aitzindari izan zen. Ikusi bide duzuen bezala, Atila gorputzez zapala da, bular-ondoz zabal, buru handi, sudur zanpatua, begi txikiak, bizar bakana eta azal gorbeltza.

TXIKI: Hori Roldan da.

MARTIN ZIKIN: Esku batean ezpata motz bat eta bestean bi-buruko arrano-dun eskutua dituen emakume-arpegiko gaztetxo hori Roldan da, Orreagan euskaldunen esku hil zena. Hemen duzue berriz ere Frantziako hamabi pareen erdian, Ferragus erraldoiarekin eta Fierabras izugarriarekin.

JAUN: Baina, hau ordea historia ezik nobela ere bada.

MARTIN ZIKIN: Nobela ala historia, adiskide Jaun, azkenerako dena nobela dela uste dut nik. Aurrera jaunak, aurrera! Gizon ospetsu eta mirail magikoak hemen ikusiko dituzue!

TXIKI: Hau Merlin liluragilea da.

MARTIN ZIKIN: Itxura tristeko agure hau, egoera neketsu batetan aurkitzen den hau, Merlin liluragile jakintsua da, bere maite Bibianaren sorgin-maltzurkeria zela medio, elorri arantza artean esiturik. Fida gero emakumeez! Neskamotz ilegorri hori Melisenda da, eta hau don Gaiferos... Eta hontaz geroz, estanpa-saioa bukatu dela uste dut.

BASURDI: Judutar Bidegalduaren aditzera izan dut nik.

MARTIN ZIKIN: Berehalaxe erakutsiko dizuet. E! Txiki! Judutar Bidegaldua! Hemen duzue Isaac Laquedem: ikusten duzuen bezala, bizarra arras handi du, makila oso lodia, kapelua buruan eta oinetan abarkak.

TXIKI: (Berriz agertuz) Barka nire adiskideak esan dituen astakeriak. Orain ondo baderitzazue, Hilen Dantza erakutsiko dizuet. Ixtante bat: Botila hemen uzten dizuet atseden-alditxo bat har dezazuen.

 

 

X

HILEN DANTZA

 

BASURDI: Hilen dantza! Zer da hori?

MAKROSOHOS: Guk jakitunok Horea Macchabaeorum izendatzen duguna da.

BASURDI: Jakina ba. Argi dago.

JAUN: Ikusiko duk, gizona, ikusiko duk.

TXIKI: Hastera doa.

 

(Lehenik, Ilargi argitan kanposantu bat ikusten da Hilarri baten petik eskeleto batek buruhezurra agertzen du. Beste bat harzabal handi bat jasotzen bortizki saiatzen da, eta, jendea badela ikusirik, ahopean esaten du: Eta oraindik ere ez dute aldegiten. Beste batek dei-soinua jotzen du danbolin batean bi bernazurrekin. Gero turutalari-banda bat dator dena eskeletoz eratua.)

 

TXIKI: Hemen dira heriotzaren turutalariak!

BASURDI: Nola jotzen duten gero eskeletu madarikatu horiek tronpeta, ttunttuna, tiorba, tinbala...!

TXIKI: Hemen ageri da bere tronuan eseririk, bere tiararekin eta bere bakuluarekin Erromako Aita Saindua. Heriotzeak begiz jota dauka eta berarekin eramango du.

        Hemen dago enperadorea bere ezpatarekin, baita bera zelatatzen duen eskeletoa ere etxekide hezurtsuak bere pitxarretik edaria zerbitzatzen diolarik, hemen dago Errege bere palazioan. Hemen Enperadore-anderea, Erregina, Obispua, Kardenala, Dukea, Abadesa, Emakume Lausengukoia mirailan bere aurpegia so, Prailea, Moja, Ibiltaria,

        Artzaina... Heriotzea idurikatzen duen eskeletoa alai eta jostaria da... Hemen huntzez koroeturik doa; han bere txanoz jantzirik, beste nonbait bere biktimari hondar-erloju bat erakutsiz ageri da; kale horretan kandelargia darama arras deboziotsu baten taiuz, elizakoak laguntzen; astronomoari buruhezur bat erakusten ari zaio; lukurrari, bere dirua lapurtzen dio; zalduna lantzarekin aldez alde sakailtzen du; gudaria, iztar-hezur batekin hiltzen du; eta non-nahi txirula, danborra, tiorba, eta alboka jotzen ari da, eta dantza ere egiten du alaiki bere kalaberaren irriabarra erakutsiz, eta bere hezur eta zurdak karraska eraziz...

MAKROSOHOS: Biziki interesgarri.

TXIKI: Orain edan dezagun txurrut banal

BASURDI: Gehiago zutik ezinean nago ni jadanik. Betazalak erori egiten zaizkit.

JAUN: Niri berdin gertatzen zait!

MAKROSOHOS: Niri ere bai.

TIMOTEUS: Eta niri ere.

 

(Denak lurrean etzaten dira)

 

TXIKI: Orain ibilaldi bat egin behar dugu eguratsean zehar. Entsegu gisa Larrun mendira joango gara. Haize-oihalak moldatzera noa. Igo zaitezte untzira. Bat, bi, hiru... Denok hemen gara? Ea ba. Goazen haruntz! Nola astintzen dira gero haizetan oihalak!

BASURDI: Jaitxi egin nahi dut nik. Behartxo bat egitea ahantzi zait.

MAKROSOHOS: Ni burua galtzen ari naiz!

TIMOTEUS: Vade retro!

JAUN: Gehiegi edan dut... ; belarriak burrundan ditut... ; hemengo denetik ezer ez da egia...

TXIKI: Hemen gara, Larrun mendian.

BASURDI: Bai arin igan garela!

MAKROSOHOS: Ze zolitasunez!

JAUN: Hau dena gezur ote den susmoa dut.

 

 

XI

TXIKI ETA MARTIN

 

TXIKI: Martin, hemen pixka bat bermatu beharrean gaituk. Jende hau mozkorrerazi diat. Gurdi koxkor batetan Larrun mendiraino eraman behar dizkiagu. Hegan ibili direla esan eta gero, han goian esnatzen direnean, sinetsiko diate.

MARTIN ZIKIN: Ea ba; gurdixka baten bila noak, berehalaxe nauk berriz hemen.

 

(Badator gurdi txiki batekin. Bertan sartzen dituzte lau hordiak Martinek eta Txikik, eta badoaz Larrun alderantz.)

 

 

XII

EGURATSEAN IBILALDIA

 

TXIKI: Ea ba, jaunak, prest zaitezte! Orain ibilaldi handia egin behar dugu. Untzira denok! Ba al gara?

DENAK: Bai.

TXIKI: Ari gara igotzen. Argi oihalarekin! Hau da haizea, hau!

BASURDI: Txapelak aldegingo dit.

TIMOTEUS: Niri bonetea joango zait eta itzultzean ez dut elizara joaterik izango.

MAKROSOHOS: Beran ez al da bonete saltzailerik?

TIMOTEUS: Ez. Bonete hau Baionatik ekarri didate kontrabandoan.

TXIKI: Begira orain ze leize dugun gure azpian.

BASURDI: Beldurgarria da hori.

MAKROSOHOS: Sakonaren sakon itzela! Horresco referens!

TXIKI: Pirineoak zehar paraleloki Mediterraneo aldera goaz.

MAKROSOHOS: Kasu hor! Nola gero paraleloki? Hori ezin liteke. Pirineoak Ipar aldetik Hego aldera, Rin ibaiari dagokionez paraleloki doazela dio bermuki Estrabonek.

TXIKI: Estrabon oker dago hortan.

MAKROSOHOS: Estrabonek ezin du hanka sartu.

JAUN: Oker dabil, ba. Plinio Antzinakoak ulertu zuen Pirineoak Mendebaldetik Sortaldera zihoazela. Eta Tolomeok bi muga-buru egoitza-guneak seinalatu zituen : Easoko lurbesoa bata, Itsas-Handi aldetik; eta bestea Postus Veneris-ko Afroditaren tenploa, Mediterraneoan.

MAKROSOHOS: Tolomeok ala Estrabonek, ospe gehiago zeinek duen ikusi egin behar.

JAUN: Ez; egia nork dioen ikusi behar da.

TXIKI: Oraingo hontan Estrabon baino gehiago da Tolomeo. Orain Ebro ibaitik goaz. Heldu gara Mediterraneo itsasora!

MAKROSOHOS: Hau da uhinen emana!

BASURDI: Bale bat ikusi dut.

JAUN: Bale bat Mediterraneoan?

MAKROSOHOS: Leviatanen bat izango da.

JAUN: Leviatan delako horrenik ez da. Bibliako kontu-txar bat da hori.

TXIKI: Italiako kosta aldera urreratzen ari gara. Hementxe gara Erroman!

MAKROSOHOS: Zazpi muinoek eta Kapitolioa ikusten ditut. Eta Kapitoliotik hurbil Tarpeiako Harria: Saxum Tarpejum. Eta Otsama ere ikusten dudala uste dut.

JAUN: Eta antzar famatuak ez al dituzu ikusten?

MAKROSOHOS: Ez, oraindik ez!

JAUN: Begien aurrean ditudala esango nuke.

BASURDI: Eta Aita Santua? Inondik ez al da Aita Santua ageri?

TXIKI: Tiara eta bakulu bat daramatzan hori da.

BASURDI: Gizajoa! Eta hain pobre al da, ba?

TXIKI: Atso santujaleek diotenez, gatibu dagoela ez al duk ikusten?

BASURDI: Ez al du etxerik?

TXIKI: Zertarako behar du? Estalpe batean jaio zen Kristoren ordeko duk eta.

MAKROSOHOS: Nola ageri den Enromaren handitasuna!

BASURDI: Ze herri! Eta nolako merkatu-plaza, dena kalez inguraturik! Hor bai izango da erosteko, gauza onik asko, eta ez Altzaten bezala, edozer gauza erosteko Donibanera ala Lesakara joan beharrik ez da gertatuko.

TXIKI: Nire lagun Asmodeoren formulari esker Betirako Hiriko etxeen teilatupeetakoa ikusteko modua egingo nuke ; baina gizonak, selar naiz klerigo, denak lotsagabekeriaren bat egiten arituko direnez, ez zaituztet misantropo bihurtu nahi. Erromara ondoren, nora joan nahi duzue?

MAKROSOHOS: Aspaldiko mendeetako herri zahar aipu-ohiak nahi nituzke nik ikusi.

TXIKI: Gora, orduan! Han ikusten dira Atenas eta Partenon. Beste alde hortan Herkulesen Habeak daude. Kanelaren lurraldeetatik datorren ibai handi hori Nilo da. Horregatik aurkitzen dio zenbait jakintsuk bertako urari halako natilla-kutsuko zertxobaiten guztua. Hor dituzue amazonen lurraldea eta Trapobana izaroa.

MAKROSOHOS: Autoreek diotenez, izaro hontan urte bakoitzak bi negu eta bi uda ditu.

JAUN: Hori gezurra da.

TXIKI: Hoiek etiopeak dira.

MAKROSOHOS: A, etiopeak! Etiopeez gauza jakina da nola beren errege imitatzen duten; hainbesteraino, ezen monarka herrena denean, denak herrenkatzen bait dira, eta errege begibakar denean denak begi bat estalirik ibiltzen bait dira.

TXIKI: Etiopiako errege tentel gertatuko denean, eta hori maiz gertatu ohi da herri guztietako erregeren artean, etiopeak mingaina zintzilik arrastaka ibiliko dira, beren buruak lirakeen baino are tentelago erakutsiz.

MAKROSOHOS: Noski.

TXIKI: Ba, lagun Makrosophos, horixe bera gertatzen da gutxi gora-behera alde guzietan. Hau Babilonia da bere dorrearekin.

BASURDI: Kontxo! Berako elizarena baino handiago da.

TXIKI: Hau Sabako erregina da, bere ezpatarekin.

BASURDI: Neskamotz bikaina! Bular-alde bikaina! Edozein inguratzen zaio horri ezpata-burruntzi horrekin delarik!

TXIKI: Hor duzue Egipto.

MAKROSOHOS: Bere diskurtsoetako batean Jaun Crisostomok dionez, hor ba omen da gizon guztiak eta emakume guztiak tabernari diren hiri bat.

JAUN: Asmakeria!

TXIKI: Eta hizlari ere bai al dira?

MAKROSOHOS: Zergatik galdetzen duzu hori?

TXIKI: Hala balira, herri hori partidu sozialistaren ideala izango bait litzateke. Beste horiek Atlanteak dira.

MAKROSOHOS: A! Atlanteak! Gatzezko mendi bat den lekuan bizi diren izaki erraldoi batzu dira hoiek, eta ez dute izenik.

JAUN: Eta nola izendatzen dute elkar, izenik ez badute? Numeroen bidez?

MAKROSOHOS: Ez dakit. Zertzelada horixe ez dut oraindik zehatz argitu.

TXIKI: Horiek trogloditak dira, harpezuloetan bizi direnak, alegia.

MAKROSOHOS: Eta elkarren artean batak bestear zezen, aker, ahari, urde, asto... eta abar deritza. Siziliako Diodorok hala dio.

BASURDI: Baita guk ere zerri eta asto deritzatu elkarri.

MAKROSOHOS: Bai, baina bada alderik, lagun Basurdi, trogloditen artean horrela elkarri irain asmorik gabe deritzatelarik.

TXIKI: Arrainez bakarrik bazkatzen diren iktiofagoak hor daude, eta hor loto-lorea besterik jan gabe bizi ohi diren lotofagoak. Orain Eszitiako eremuetara goaz. Hau da pigmeoen eskualdea; eta-eritzi arrunt baten arabera, kurriloekin burrukan pasatzen omen dute beren bizialdia.

MAKROSOHOS: Esia. Baina oharterazi behar da Aristotelesek Egipton Niloren iturburuetarantz ezartzen dituela pigmeoak. Filostratoren ustez Asian dira, Ganges ibaiaren ertzetan. Pliniorentzat Eszitian. Kurriloak erasotzen dituztenean haien kontra burrukatzen omen dira pigmeoak, batzuek, gehienek, diotenez; beste batzuek, berriz Atenean greziar historialari izandako Menaklesek esate baterako, galeperren kontra gudukatzen direla segurtatzen dute. Hegazti gainean igota ibiltzen direla diote batzuek; beste batzuek berriz, aker gainean. Juvenalek dionez, pigmeoek oinbeteko altura baino gehiagorik ez dute: Quorum tota cohors pede non est altior uno. Elizaren gurasoek, Agustin Sainduak, Jeronimo Sainduak, pigmeoak badirela esaten dute ; eta gizonok txinauri bateena baino handiago ez litzatekeen neurriraino ttipitu litezkeela dio Tomas Sainduak. Filostratoren eritzirako, Lurraren seme eta Anteo erraldoiaren senide dira pigmeoak. Besabete dira luzean; emakumeak hiru urtetarako ama izan ohi dira, eta zortzi urte ezkero atso-zahar. Kurrillo-arrautza-azalak dituzte beren etxe.

JAUN: Zenbat astakeria!

MAKROSOHOS: Ze astakeria gero? Zientzia da! Baita korrikalari herriak ere badira zango bat eta oin oker bakar bat besterik ez duten jendeak.

JAUN: Eta ibiltzen al dira?

MAKROSOHOS: Jakina, ba, ibiltzen direla! Pliniok eziapodo derizte.

JAUN: Nahi duan bezala izendatuko ditu. Horrelako pertsonaiarik denik ez dut sinesten.

MAKROSOHOS: Sziapodoek hala dute izena: Itzal-oin, grezieraz; zeren beren oina bain dute handia, ezen eguzkiarengandik babestu nahi dutenean beren oinaz itzalpe egiten bait dute.

JAUN: Absurdoaren neurriez gaindiko astakeria duk hori, alafede!

MAKROSOHOS: Zergatik? zinezefalorik ere ez al da, ba? Eta monokuloak zer? Eta gorputza belarriekin estaltzen dutenetako fanesianorik ere ez al da, ba?

TXIKI: Errealitatean ala iduripenean izan, badira behintzat.

JAUN: Iduripenean gehienbat.

TXIKI: Hemen daude Gog eta Magog.

MAKROSOHOS: A! Gog eta Magog. Bururik gabeko erraldoiak dira, begiak bularretan eta ahoa urdailean.

BASURDI: Orduan beharba da horrexegatik esaten dugu guk urdaileko ahoa?

MAKROSOHOS: Ez; espeziez huts egin duk. Gizaki horiek begiak bularretan dituztelako deriztek stenophtalmoak.

JAUN: Deriztek! Benetan badiren ala ez diren, hortan datza auzia.

TXIKI: Gog eta Magog, tartaroak eta mogolak dira. Hau Bersebi errege da eta beste hori Ganbalekeko errege.

MAKROSOHOS: Civitas Cambaleth maonis Canis Cat hayon Txinako Kan handiaren Kanbaleth hiria.

TXIKI: Azkenik hor duzue Anti-Kristoa; ikusi bide duzuen bezala, Apokalipsiko 666 numeroa darama. Orain, nahi baduzue, Thule izarora eta Terne izarora io gintezke.

        Diotenez, han elkar jaten omen dute. Baina nire iduriko, ipar laterri haietan hotz handia eaingo du, eta gurekin ez dugu beroki kaxkarrenik, ezta Baiona-txalekotxo bato ere. Beraz gure lurraldeetara itzuliko gara. Jadanik Frantzian gara. Aquitania tertia edo Novenpopulania zehar igarotzen ari gara orain. Hemen gara berriz ere Larrunen. Egin dezagun lo. Gau on pasa!

 

 

XIII

IRATZARTZEAN

 

(Larrun mendiko hartzulo batean iratzarri dira denak)

 

TIMOTEUS: Deabrukeria besterik ez da izan hau dena.

JAUN: Mozkorkeria utsa izango zen balinba gehienbat.

BASURDI: Eguratsean zehar ez al gara, ba, ibili?

TIMOTEUS: Ez.

BASURDI: Erroma-gainetik ez ote gara igaro?

TIMOTEUS: Ez.

BASURDI: Zer egin dugu, ba?

TIMOTEUS: Hementxe egon, mugitu ere egin gabe.

MAKROSOHOS: Sakristauak egin duen baikikundearen funtsak txunditurik eta zalantzatsu kausituarazten nau.

BASURDI: Sakristaua gezurti bat da.

TIMOTEUS: Ez; ez naiz gezurti. Etsai Gaiztoaren maltzurkerien artean nik argi eta garbi dakust, horixe da dena. Eta zuek bere atzaparretan, atzipeturik zatzate.

BASURDI: Ni, ikusi dudanaz mintzo naiz.

JAUN: Ea, ados jar gaitezen! Nik ibilaldi bat egin ote dugun irudipena daukat, bitsetan zuri-zuri zegoen itsaso baten gainetik igaro ote garen iduripena.

MAKROSOHOS: Nola gero, bitsez zuri-zuri? Nire aurretiko eritzi-emailearen aburuarekin ez nator ados. Nik berde ikusi dut.

BASURDI: Nik urdin ikusi dut.

TIMOTEUS: Niri beltz ote zen iruditu zait.

JAUN: Erromako hiri-burua zen beltza zegoena.

MAKROSOHOS: Argudio diot horri. Belzt ez; gorri, harri-kolorea bezalaxe.

BASURDI: Niri horia iduritu zait.

 

 

XIV

XAGIT KANTUAN

 

JAUN: Ezetz eta berriz ere ezetz! Hau dena idurikeria hutsa izan da: Ez ibilaldirik ezta eguratsetan heganik, ez dugu egin; eta sakristauak arrazoi du. (Hartzulotik irtetzean) Mila demonio! Larrun mendian gaude. Nork ekarri gaitu hona? Nola etorri gara? Hor dabil Xagit, kantari.

XAGIT:

                Cucu micu,

                choriac sasian umiac ditu.

                Shagusharrac jango al ditu,

                shagusharrac alcatia

                berac eguindu leguia.

JAUN: Aizak, Xagit!

XAGIT: Zer?

JAUN: Ikusi al gaituk etortzen?

XAGIT: Bai.

JAUN: Nondik etorri gara?

XAGIT: Aireetatik.

JAUN: Aireetatik?

XAGIT: Bai.

JAUN: Eta nola?

XAGIT: Kurriloekin batera.

JAUN: Ez diat sinesten. Gurdiren batean ekarri behar izan gaituzte, nahasturik geunden bitartean.

 

 

XV

LARRUN MENDIA

 

        Pirineoetako mendirik mendebaldekoena naiz. Euskal Herri txiki hain maitagarri eta aldakor hontako errege naiz. Harrikatz-lurraldez inguraturik nagoen erdi-gune hontan, lehen-garaiko harkaitzezko oinarri gainean finkaturik natza. Malkor handitzarrez osaturiko harkaizti anitz badut, baita ezponda berderik eta harrikari bazterrik asko ere ainduraz, ziorriz, kukubelarrez eta bihotzigarrez beterik.

        Amets egin nahi dudanean, milaka urte hontan, maitemindurik naukan urrutiko izar hari dagiot so; melankoliak bihotza uzkurtzen didanean Espainia aldeko mendi sarri eta malkartsuei begiratzen diet. Irri-abar egoteko nahikundea gertatzen bazait, Frantzia aldeko lurgozo zelaietara begiratzen dut.

        Bera eta Urruine, Hendaia eta Donibane Lohitzune, Etxalar eta Sara, Askain eta Zugarramurdi, nire inguruan babesten dira.

        Urdazuri eta Bidasoa-hurbileko ibar alai eta irripartsuak ikusten ditut. Errobiren sakana, Aturriren arroarekin Baionan elkartzen ere begiztatzen dut urrutian. Senpereko basoa, Mondarraingo marra tontorra; eta itsasoko uhinak ikusten ditut hondartzan zuri bat uzten, eta Sokoa, Bidarte eta Getariko harkaitzetan bitsetan lehertzen.

        Hain barekaitz, hain zalapartari, hain maltzur den Gaskoinako itsas-kolko hontako barrantari ni naiz.

        Nere barrandegi hontatik zonbait lurrikara ikusi izan dut. Lur-ertza ikusi dut geldi-geldiro itsas haundian hondoratzen, baita inguruko ibaien burruka ere lurraldeetan zehar bide bat irekitzeko. Lehorreko eta itsasoko gudateren ikusle izan naiz. Wikingoak eta erromatarrak itsas-ontzietatik lehorreratzen ikusi ditut. Croix du Bouquets-en eta Sansculottes-en kanpamentuan erreboluzio garaietako errepublikanoak nola organizatzen ziren begira egona naiz; karlista espainolak Artxurian lubakiak zulatzen ikusi ditut; Muinagorri ere Erlaizko Pagogainako gazteluan, eta Santa Krutz apeza Aritxulegiko ezkuta-lekuetan.

        Espiritu Santuaren ermitta nire gailurrean dut, egunez kristauentzat eta gauez sorginentzat. Baina horrelako ezerk ez nau kezkatzen. Gehien larritzen nauena, urrutiko izar hori da ; milioika urte hontan hartaz maite-mindurik nago, baina berak oraindik ez du nire asperenik sumatu.

 

 

XVI

USOA

 

        Europa erdiko ekialdeko oihanetatik, Eszitiatik, nator. Baso handiren eta aintzira handiren gainetik igarotzen naiz; tipulaburu antzeko kanpandorredun dorre bizanziarrak dituzten hiri elurtuak ikusi ditut. Baita udazkeneko eguzkiz argituriko hirialde jendetsuak ere ditut ikusi beren katedral gotikoekin, apaindura ugaritan landutako harrizko orratz eta guzti.

 

 

XVII

URRETXINDORRA

 

        Gauaren doinua naiz, agertu eta ezkutatu dabilena, bere txiruliekin ilunpea liluratzen duena. Nire musikarekin bakardadearen eta landaren bihotza, eta Naturaren poesia adierazten ditut, eta halako oinaze baten antzeko alaitasun melankoliatsu bat uzten dut ariman, eta halako plazere baten iduriko tristura samur bat.

 

 

XVIII

ONTZA

 

        Minerba-ri kontsakraturiko hegazti ospetsua naiz, Salomon bezain zuhur, katuarengandik zerbait, mamuarengandik beste zerbait. Misantropiarako joera badut agian, nire azturak basatiar eta zaputz direla esan liteke beharbada. Haurren odola xurgatzen duen banpiro baten antzera idurikatu nahi izan naute, eta nire lumekin sorginkeriarik ere egin izan dute. Asmakeriak. Merezi ez arren, aipu gaiztoa dut. Justiziarik gabe tratatu izan naute. Hain tentel, eskergaitz eta zikoitz den usoarentzako ohore besterik ez, eta niretzako hainbat eta hainbat arbuio: eta dena bera xuria delako eta ni belza. Estetikaren ospetan sakrifikatzen naute; eta zein estetikarenetan! poeta tximadunaren estetika txepel eta barregarriarenetan.

BASURDI: Ontza, asturu gaiztoko txoria!

MAKROSOHOS: Ontzaren presentzia harik eta kantuan hasten den unerarte ez da hondamenkor.

JAUN: Nire iduriko, hormatxori batena baino hondamenkorrago ez da.

MAKROSOHOS: Aipu handiko autore anitzek dioenez, ontza eta belea zoritxarreko eta asturu gaiztoko txoriak dira. Filipos-ko guduariekin aurretik, ontz bat agertu zitzaion Casiori gerla galduaren eta bere heriotzearen berri aurrez emanez.

JAUN: Casiok berak kontatu al du hori?

MAKROSOHOS: Ez. Auditu-z izan dugu gertaera horren berri. Autoreek diote.

JAUN: Ba! Hainbeste gezur esaten dutel

 

 

XIX

ARTZAINA

 

        Eserita, nire makila xuria esku artean, ibarrak eta itsasoa begiztatzen ditut, eta belardietan sakabanatu ohi diren nire ardiak zaintzen ditut, kukuak ezkutaketan jostatzen ari balitz bezala urrutian kantatzen duen bitartean. Batzutan, nire txirularekin zenbait doinu arin jotzen dut, eta mendiek ere nire soinuarekin batean dantza egiten dutela iduritzen zait. Nire inguruan gertatzen denetik ezer ez dut ezagutzen; begien aurrez-aurre ditudan herrixka hoietan bertan ere jendea nola bizi den ez dakit. Horregatik udazkenean, paseko beste hegazti guztiak baino beranduago, hodeiak berak bezain altu, triangulu bat eginez eta karrasi zorrotzak botaz kurriloak pasatzen ikusten ditudanean nire artean egiten dut galde: Nondik ote datoz! Nora ote doaz? . Eta haiek datozen eta doazen lurraldeak onak ala txarrak direnik jakin gabe, inbidiz begiratzen diet txori haiei.

 

 

XX

AKERRA

 

        Akerra, akelarreko buru ni naiz. Bacco, Priapo, Mendes eta Thor-en lagunik minena eta adiskidea ni naiz. Lehen ernal-indarraren sinbolutzat ninduten ; deabrua naizela diote orain, baina nik ez dut horrelakorik nabaitu. Beste bat edozein bezalaxe adardun gaiso bat naiz, eguzki mito bihurturik. Tximistak ernaldu duen ekaitz-gaua sinbolizatzen dut.

 

 

XXI

URTZI THOR-EN ARRENKURA

 

        Thor jainkoa naiz, jainko guztietan indartsuena. Azken aldi honetan Eskandinabiatik irtenda, Pirineoetan bertan ere agintea ukitzera iritxi naiz eta euskaldunek beren herri-jainko jatortzat adoratzen ninduten.

        Urtzi deitzen ninduten : ortzia, zeruko iturburua, urtearen ekain-burua, ortotsa.

        Delako Aitor, euskaldunen aitaren aditzera izan dut. Aitor hori nire arbasoetakoa ere bada.

        Herri-jakintzak dioenez suak jaso omen zituen Pirineo hauetaraino, hegoaldeko eskualde hauetaraino alegia, nire erresuma zabaldurik ikustea laket zitzaidan. Euskaldunen niganako begirunea atsegin nuen : germaniarrek eta eskandinabiarek bezalaxe osteguna nire izenari eskeini diote, Urtzi-egun deituran eta turmoi hitzean ere nere izenaz oroitu dira.

        Heroismoaren eta ausardiaren kultoa irakatsi diet gizonei; erraldoien kontra eta heriotzearen kontra burrukatu naiz, eta bentzutu ez baditut, sorginkeria gaiztoren baten erruz izan da. Nekazaria eta olagizona defendatu ditut, kreatzaile guztiak eta Lurreko langile guztiak.

        Orain gizonek bazterrera utzi naute. Jehova-ren semitiar kultoa edonon sartzen ari da eta ni aldegin beharrean gertatzen naiz.

        Ez al nauzue nahi, eskergaitzok? Nire hodei-durrundarekin eta nire tximistarekin eta nire hamabi izarrekin banoa; nire mailuarekin, nire burnizko goanteekin eta pertza buru gainean, joan egingo naiz. Nire begi bihurriak eta nire bizar gorria ez dituzu maite? Nire akerrekin ez al duzue deus nahi? Ileapaindegietako eskaparate-idurien antzeko judutar profeta ilekizkur beltzeko hoiek nahiago al dituzue? Ondo da. Nire egurats-erresumara joango naiz. Gaurgero zuen artean, euskaldunen artean, Leheren-suge deritzan mustrotzar, jainkoen eta gizonen etsai haren kontra ez naiz burrukatuko.

        Ezin nezake eskale ibili. Ez al nauzue nahi? Joan egingo naiz, nire untzian sartuko naiz eta gauerdiko eguzkiak dizdiratzen dituen polo aldeko itsas izoztuetan desagertuko naiz.

 

(Itsasuntzi wikingo beltz bat hurbiltzen ari da, urrez pintaturiko aurpegitzar iduri bat du brankan. Urtzi Thor bere akerrekin untzian sartzen da.)

 

 

 

© Pio Baroja
© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

 

"Pio Baroja: Altzateko Jaun-en kontu zaharra" orrialde nagusia