HIRUGARREN PARTEA

BIDASOAKO BIZTANLEAK

 

 

EGILEAK

 

        Bizikeran konprobaziorik ia ukan ez dezakeen ipuin konbentzional bat idaztera nork sarrarazi nauen nik ez dakit. Egia esan, literatur errealistarekiko zaletasun handirik ez dut sentitzen baina are gutxiago erretorikarekiko. Errealitatetik pertsonaiak eta zertzeladak hartu, eta gero norberaren sentimenduen arabera zuzendu eta eratzea maite dut. Baina aurrez ezpaldurik dagoen literaturatik hartzeari, lanbide aspergarria deritzat. Halere, nik asmo dudanerako, ez dago beste erremediorik. Behar honek beharturik, nire historiako lekuekin zerikusirik duen edozein kontu-zahar jalgiko dut. Hori bai, nire gisa jantzi ahal izateko eskubidea beti nire esku gordeaz.

 

 

I

ENDARLATZA

 

        Gaua da. Ibiltariak, lapurrekin izan duten burrukak atzendurik, ilunabarrean heldu dira Endarlatzara, eta aterpe batean babestu. Bidasoa-ertzeko bidea lokatzari bihurturik dago.

 

BASURDI: Egia esan, arras beldur naiz toki triste eta ilun honetan. Berriz Easora behar genuen itzuli; hori zatekeen onena. Pizti, lapur, munstro... auskalo zer dagoen bazter hauetan! Eta ohean etzanda egon nintekeela pentsatzen dudanean! Jauni zorokeriak besterik ez zaio bururatzen.

MAKROSOHOS: Hauexek bai bazter triste eta dramatikoak! Zertarako arriskatu ote gara zehar hauetan barrena abiatuz? Beldur-ikararen ezinegona sentitzen dut.

JAUN: (Bideak itxura izugarria dauka, eta nire adiskideak, Txiki eta bere laguna ez besteak, beldur dira. Beren estutasuna nabaituko ez banu bezala egin behar dut). Ea ba, jaunak, hemen hartuko dugu atsedentxo bat eta egun-sentian ekingo diogu berriro geure bideari.

 

        Aterpeko lurrean etzaten dira denak eta bat zaindari geratzen da. Lekua, triste, latz eta basatia da. Ibaia, ia zuzen, menditarte mehar sakoneko zokoan zehar doa. Eskuin-ezkerretako basoetan arteondo ugari da. Amildegi estuaren sakonean hertsirik, ibai urak beltz eta geldi lo dagi bere harkaitzezko azpietan etzanda.

        Sorginkeriazko ispilu ilun dirudien ibaiaren ezkerretara bada huntzez estalitako burdinola txiki bat, ur-axaleraino doan eskilara batekin.

        Oskarbitan ilargia argitan ari da eta aurkientzaren alderdi bat argitzen du, eta pake beldurgarri eta inmobilitate beltzeko erreka zulo misterios, mehar eta sakon hontako harkaitz aloskak nabarmenagotzen ditu.

        Ura tristurazko marmarrean ari da. Haizeak zuhaiztian egiten duen habarrotsa, itsasoaren urrundiko burrunda antzo entzuten da.

        Noiz-behinka, hontzaren kantua sentitzen da, eta arbolarian lasterka doan gizon ala abere baten urrats hotsa.

        Begien aurrean ageri den mendiarte honetan, haizerik eta hodeirik gabeko ortzi honetan, bera ere ezinegonez eta hotzikaraz balego bezala zeru beltzetik so dagien ilargi horizka honetan, bada halako maltzurkeria eta izugarrikeriazko zertxobait.

 

 

II

BIDASOA

 

        Ibai txiki bat nauzue, baina liluraz betea, eta beste anitz ibai handi baino fama handiagokoa, Estrabon, Ptolomeo eta Plinio mintzatu dira nitaz.

        Bi anaia dut, Errobi eta Urumea, eta arreba txiki bat, Urdazuri.

        Nigan badut Nafarroaren gogorretik zerbait, Gipuzkoaren leunetik zertxobait eta baita Frantziaren kortesia poxin bat ere.

        Erdi nafar, erdi giputz, erdi frantses, Txapitelako Harritik hasi eta San Telmoko Higer lur-besoraino internazionala naiz. Irueako eta Baionako eliz-barrutiek nire bazterretako nagusitzaren jabe agertu nahi izan dute. Baionakoak usque ad Sanctum Sebastianum iristen zela zioen, Iruñeakoak berriz usque ad flumen quod dicitur Vidaso

        Nik, eliza baten nola bestearen pretentsioei jaramon egin gabe nire bideari jarraitu diot.

        Beren urekin bazkatzen nauten errekatxoen kantuak biltzen ditut; izen bitxi eta pintoreskoak benetan, nire errekatxo hauenak: Inpernuko Erreka, Lamiosingo Erreka,

        Txerribuztango Erreka.

        Iturri mirarigileak ere baditut, Legasako Santa Leokadiarena eta Yantziko San Joanena esate baterako; iturburu garbiak, eta ura tantaka-tantaka darien zehar-leizeak.

        Haran zabal eta eguzkitsutatik, eta muino-arte meharretatik igarotzen naiz, mendi-malkarren berdea ni gan dizdiratzen da, eta bide ertzetako palazio eta txabolen iduriak, eta aurrekalde erdia estaltzerainoko harma-harria duten etxe zaharretako herri txikiak nigan islatzen dira.

        Neguan marru dagit zezen batek bezala, eta bitsez gainezka uholde zakarretan jausten naiz; udan badut ur-begi bare eta berde anitz eta suge bat bezala narran jaisten naiz aloska artetan.

        Ilunabarrean urdinka bihurtzen da nire gain-axala eta gauez milaka izarrek egiten du lo nire zokoan.

        Oieregin eta Narbarten ni naizen paketsu eta idilikoa, azkenik ordea Txingudiko itsas-kolkoaren barra inguruetan Jaizkibel goibeleko harkaitzetatik Santa Anako puntaraino bitartean, nire uhinek itsas handiko kresalaz garrazturik burrukari ekiten dioenean, trajedia eitez jazten naiz.

        Espainiara eta gero Afrikara jaitsi diren Europako herriak nire aurretik igaro dira, eta baita Europara jaso diren Afrikako herriak ere. Gogoan ditut harrizko aizkora zuten gizonak eta brontzezkoa zutenak ere; gogoan ditut iberoak eta zeltak, fenizioak eta greziarrak, erromatarrak eta godoak, suevoak, frankoak eta moroak.

        Ponpeio ezagutu dut, eta Augustoren kapitainak ere bai; Kastilako Enrike IV eta Frantziako Luis XI; Karlos V eta Frantzisko I, Cond eta Albako dukea ; Luis XIV eta Mazarino. Kastilako Enrike IV.aren errege-ohantzetik dastatu ohi zuen Beltran de la Cueva jaun prestua, eta baita ederrez gutxiago izan ez zen Bonnivet almiranta,

        Behobiako gaztelu zaharra inguratu zuena eta amodio jokuetako erronkatan Frantzisko Larekin neurtu zen hura.

        Napoleon ere ikusi dut bere jeneralen artean aholku eske eta erabakiak hartzen ; Wellington ere bai bereen artean; Soult-ek, Longa-k, Jauregi Artzainak, Latour d'Auvergne-k eta Leguia-k buruturiko ekintza handiak begien bixtan izan ditut; Mina eta Zumalakarre-i beren ibilaldietan jarraiki ditut; eta Fabvier, Caron eta Armando Carrel ere ikusi ditut beren bandera errepublikanoa Anguleme-ko frantsesen kontra eraikitzen. Zenbait ibiltari ospetsu ere agurtu dut, Velzquez, Goya, Madame D'Aulnoy, Victor Hugo.

        Orain, noski, lilura gutxi eskaintzen dut nire bazterretan, karabinerokeriaz kutsatutako koartel itsusiz josita dagoen Espainia aldekoan batez ere. Baina badut etorkizun hobe baten esperantza, zeren jakintsu batek, Itzeako Joan batxillerrak, iragarri didanez, egun batez iritxiko omen naiz errepublika independiente bat osatzera : eulirik, prailerik eta karabinerorik gabe. Baztango etxeok, zurezko zoru altudun etxe sendook! Arizkungo komentu goroldiotsua! Erreparatzeako jauregia! Ursuako dorre tinkoa! Lesakako gaztelu beltza! Berako San Migel zubia! Aspaldiko mendeetan so dagizuet gauez eta egunez! Biriatu ere ikusten dut bere tontorretik zelatari; eta pixkana-pixkana azpia jaten ari natzaion Zubernoa izaroa ere bai. Eta azkenik, Hondarribiako etxe beltzak eta Iparragirrek bere herriaren bikaintasunak kantatzen zituen eta Pellot Montvieux frantses korsarioa bizi izan zen. Hendaia auzoko etxe xuriak islatzen diren Txingudi itsas-kolkoan, zabal zabal egiten naiz.

 

Euskal izpirituen korua

 

        Dei egin diguzun ezkero, hemen gaituzu, o Bidasoa! Baina jakinean izan behar duzu esistentzia arras baldatsa daramagula, ezkutuka gabiltzala eragotzirik, kanpaietatik, errezoetatik, ur bedeinkatutik eta isopoetatik iheska. Jadanik ez zaigu gordelekurik geratzen, eta munduko xoko guztietaraino latina bere saecula saeculorum-ekin beti atzetik dugu orpoz-orpo.

 

 

III

LAINOA

 

        Gulf-Stream-en aitzin-besoa naiz; leguak eta leguak eginez nator itsas gainetik; Bidasoako atekatik pasatzen naiz, Larrun mendiaren eta Aiako Harriaren artean, eta Belateko pagadietan gelditzen naiz. Udazkenak gorriztatu dituen sakenetan jostatzen naiz. Harkaitz tontor handiei atxikitzen natzaie, eta ganduzko itsasotan murgilarazten ditut euskal libertateak eta mihura sakratua sortu ziren hariztiak. Nire seda urdinezko ehunekin poesia ematen diot gauari ; ibai-uraren gainean etzaten naiz amultsuki, eta eguzkiaren laztana heltzean airean suntsitzen naiz poliki-poliki.

 

 

IV

ORBELAK

 

        Aupa! Handik honantza! Josta! Korri! Goazen airean jira-bira txorotan! Denbora aski egin dugu lotura sufritzen, geldirik egotera beharturik. Aupa! Aupa! Goiko gainetaraino igoko gara, bideetan eta belardietan zehar egingo dugu laisterka, zuhaitz-ondoen kontra zanpatuko gara eta zerutik hegan ibiliko, txorien antzo. Bukatu zen gure katibu-bizitza. Aupa! Aupa! Udazkeneko zeru nabarrean zuhaitz-buruen gainetik hegoak bagenitu bezala ibiliko gara airean.

 

 

V

IPURTARGIAK

 

        Adar eta hosto artetako izarra naiz. Neguko gau oskarbietan Siriok dizdiratu dezakeen bezainbat dizdiratzen dut nik hosto arteetan eta belar arteetan. Belartzari eta abaroetako ilargia ni naiz, eta ihintz-gauetako bustian, nire argiak urdin eta zuri dizdiratzen du kriseilu miragarri batek bezala.

 

 

VI

ZAPOAK

 

        Orain sorginek beren sorginkerietarako erabiltzen omen gaituzte, sarritan zigortzen gaituzte, kapusai aspergarri bat jazten digute eta hostia kontsakratu bat irents erazten, gure odolarekin sasi-pozoin zenbait egin dezatenekotz. Gizonek, abere odol-egarri horiek, arrapatzen gaituztenean, zotz punta batekin aldez-aide zulatzen gaituzte eta herio luzea jasan erazten digute. Gu paketsu eta atsekin gara, eta gure gozamen guztia ilunabarrean txirula jotzea izaten da. Gurekiko behintzat ez gara deabru-pizti ezta pozointsu ere sentitzen : Maite gaitzaten nahi genuke, eta lurpeko bizilekuan gure bihotz gaisoaren taupadak entzutean, bakardadearen astuna sentitzen dugu.

 

MAKROSOHOS: Jakintsuen eritziz, zapoaren eta armiarmaren artean bada ezin eramaneko etsaigoa, eta izaten omen dute elkarren artean zenbait borroka eta batzutan, azkenerako armiarma gertatzen omen da garaile.

JAUN: Ez dut horrelakorik sekulan ikusi. Hori txorakeria bat da.

MAKROSOHOS: Ez. Magister dixit.

JAUN: Ikusita gero, sinetsiko dut.

MAKROSOHOS: Horrela duda egitea, eskolastiko izpiriturik ez edukitzea da.

 

 

VII

LAMIAK

 

LAMIA: Pst! Pst!

JAUN: Adar artean zihizketa antzeko zerbait izan da. Basurdi, bazter hortan norbait ote dabilen begira ezak.

BASURDI: Banoa.

LAMIA: Pst! Pst!

JAUN: Berriz ere dei egin dute. Nor ote den begiratzeko esan diat!

BASURDI: Ez noa.

JAUN: Zergatik ez?

BASURDI: Beldur naizelako.

JAUN: Beldur haizelako. Zerria! Koldar, txaldana! (Bere artean). Egia esan, neu ere beldur naiz. (Besteari). Eta zergatik haiz ba beldur?

BASURDI: Ibaiko apar gainean emakume xuri ilegorri bat ikusi dut, zilarrezko goru batekin. Lamia bat izan behar du, mamurra bat.

JAUN: Gezurti alferrontzi zital hori! Oraingoan burua pitzatuko diat beldurti maltzur horri.

LAMIA: Pst! Pst! jauni jauni

JAUN: Berriz ere deika dira. Banoa!

XAGIT: Bai, goazen biok.

JAUN: Nor da? Nork ezagutzen nau? Nor da niri deika?

LAMIA: Ni naiz. Lamia bat, zatoz!

JAUN: Ez naiz fidatzen. Hurbil zaitez zu ibai ertzera. Ibaiko umedadeak gaitz egiten dit.

LAMIA: Jaun, zuk ere kristau bihurtu behar duzula esan didate. Egia al da? Bertan behera utzi behar al gaituzu?

JAUN: Ez.

LAMIA KORUAK: Zatoz, Jaun! Gaur gure eguna da, larunbata neskeguna, zoriona zabaltzen duten dama gazteen eguna. Diamante eta perlazko palaziotara eramango zaitugu. Iratxoekin eta gauargiekin itzulinguruka dantza egiten ikusiko gaituzu. Urrezko goruetan irunduko ditugu zuretzat haririk mehenekin oihalik finenak, eta hauetan zilarrezko izarrak bordatuko ditugu. Ilargi dizdiraz eta eguzki argi printzazko hariak baditugu. Zoronga ezin hobeak egiten ditugu, haur zapiak, ezkon-gai jantzirik ederrenak, dama dotorerentzat buru-zapiak, eta agure zaharrentzat beztidurak. Gure ardatzak ikusiko dituzu airean lilura indarrez jiraka ezin gelditurik urrin zoroan. Zatoz, Jaun! Zatoz, zu ere, Xagit!

XAGIT: Goazen, goazen beraiekin.

JAUN: Ez, ez. Noizbait entzuna dut, behin batez olagizon bat zuetako batekin ezkondu zela.

LAMIA: Eta zoriontsu izan zen.

JAUN: Niri esan didatenez, sorgin batekin ezkondu zela jakin zuenean, orobat ihartu omen zen, argizaria baino horiago bilakatu eta hil egin omen zen.

LAMIA: Gu ez gara sorginak. Eta zuk, Lamiozingo errekagunean bizi zaren horrek, nola esan dezakezu hori? Inoiz ez gara sorginekin nahasten. Hemen, ibai ertzean daukagu gure Lamiharia, eta Zugarramurdin leize berezi bat, Lamien Leizea. Frantses Euskal Herrian, gero eta gehiago hartzen gaituzte aintzakotzat: Atherey, Isturitzeko harpe zuloa eta Atharratzeko iturburu sakratua dira gure biltokiak. Zatozte!

JAUN: Zure hitz-jario guztiak ez nau konbentzitzen. Agur!

MAKROSOHOS: Zer zen?

JAUN: Lamia bat.

MAKROSOHOS: Maisuek diotenez, Lamiek beren begiak ateratzen dituzte, eta gero, nahi dutenean, berriz sartzen. Lamia, jakinberakeriaren eta norberekeriaren enblema da. Plutarko bera De Curiositate liburuan lamia itsu batez mintzo da esanez, lamia horrek bere hartzulotik irten nahi zuenean, gordailutarako zeukan kutxa batetik bere begiak ateratzen zituela.

JAUN: Aldarte bitxia, horixe.

MAKROSOHOS: Filostrato antzinakoak, biziki lizun-zale bezala idurikatzen ditu Lamiak, eta Tiranako Apolonioren Bizitza-n esaten du irentsi nahi dituzten gizaseme gazteak beren ezkutalekuetara erakartzen dituztela loxintxaz, eta mutil gazte lirainak guri eta bikain daudenean maite dituztela.

 

 

VIII

BASA-JAUNA

 

BASURDI: Beste mamu bat! Hau da gaua! Dena fantasmaz betea dago.

        (Zarbazta artean bi begi gorri eta diztiratsu ageri dira)

JAUN: Nor haiz hi!, denge begigorri hori?

BASAJAUN: Basajaun beldurgarria naiz ni.

JAUN: Beldurti xamar dirudik hain beldurgarri izateko.

BASAJAUN: Izan ere, egoera biziki erori batean kausitzen naiz. Batzutan erraldoi bat naizela uste izaten dut, buru handia, besondo zaintsuak eta mendia adinako gorputza; beste batzutan ordea iduripen hutsa, kea besterik ez naizela pentsatzen dut. Ez dakit errealitate objetiborik dudan ala ez, Kant-en diszipulo batek liokeen bezala, fenomenoen munduan benetakoa naizen ala musiu Chaho-ren fantasiaren sorkari ote naizen. Euskal izpirituen arteko inongo biltzarretan ez naute onartzen. Identifikazioko dokumenturik erakutsi ezin dudalako, nire lepotik barre egiten dute. Eta hain da tamalgarri zirkunstantzi hauetan dokumenturik ez edukitzea!

 

(Basajaunak zotinka aldegiten du)

 

JAUN: Gizajoa!

MAKROSOHOS: Basajaun hori, gezurti lotsagabe bat da nire ustez. Gehienez ere, ingurumari hauetan galdu eta euskal hizkera ikasi duen silvano, fauno edo egipan bat izango da.

 

 

IX

SIRENAK

 

        Bertizarango ibarretik gatoz; hango etxeetako harmarrietan gure iduriak han daude, gorputz erdia emakume, beste erdia arrain, esku batean ispilu bat eta bestean orrazia.

        Orobat itsastar izan arren, lehorreko bizitzara poliki egokitu gara. Gure antzinako kantu misteriotsuak, mundua bezain zaharrak, kantatzen genituen harkaitzez, aparrez eta esmeraldazko palazioak ahantzi ditugu, eta baita uhin berdeen dantza zurrunbilotsuak ere, eta laino-izaro mugakaitzak, tximistaren arrabotsa eta haizearen txistua ere ahantzi ditugu.

        Bukatu ziren izurde eta tritoien lepagainetan egin ohi genituen arrapalada zorabiagarriak.

        Orain lamiekin batean kantatzen dugu iturrien surmurra lagun dugula, erreka bazterretan, kainabera, nenufar eta ihi arteetan. Badugu zenbait hartzulo aihen-belarrezko kurtinaz estalirik, menda-samurrez usaindurik, eta hantxe etzan ohi gara nagi-nagi.

        Maltzur eta iruzurzale garela dio zenbaitek. Zuen emazteak baino gehiago ez gara. Horrela idatzi zuen antzinako poeta kastilar batek:

                Solamente con cantar

                diz que engaña la serena;

                mas yo no puedo pensar

                cuál manera de engañar

                a vos no vos venga buena.

MAKROSOHOS: Zer dira?

JAUN: Sirenak dira.

MAKROSOHOS: Hegaldun sirenak.

JAUN: Ez.

MAKROSOHOS: Benetako sirenek hegoak dituzte. Buru, bular eta beso emakumezko; gainerakoa hegazti.

JAUN: Ba, hauek faltsifikatuak dira edota, bestela, hegoak ahantzita utzi dituzte.

 

 

X

SORGINAK

 

        Euskal sorginak gara, inkisidore espainolak ihiztatuak, Lancre eta d'Espagnet epaileek kiskaldurikoak. Euskal sorginak gara, Michelet historiagilearen erretorikaz ilustratuak. Edariak eta gantzuak egiten ditugu, maitasunerako eta gorrotorako xurrupatzeko, gizonak engainatzeko maltzurkeria anitz badugu: oheko artile artean sartzen badakigu, geure burua zapo eta katu bihurtzen ere bai: Palo negro, palo blanco, llévame al sábado! esate hutsarekin. Aste Santuko erramu adarrek, gurutze gisa irikitako guraize eta ur bedeinkatuak kexuarazten gaituzte.

        Bidariok, ez al duzue gurekin etorri nahi?

JAUN: Ez, presa dugu.

 

 

XI

AGOTEAREN ARRENKURA

 

        Agotea naiz, Agote arbuiatua. Arizkun aldetik nator, eta noan tokitik noala, iba honen bazterretan barna, gorroto naute. Ez dakit zein erru leporatzen didaten. Legendunen leinukoa naizela botatzen didate aurpegira, baina nik ez dut hatsa beste gizonek baino kiratsagoa. Estaltzen nauen jantzi arlote honen gainean hegazti-atzapar baten iduriko trapu puska gorri bat josita eramatera behartzen naute. Kristau ez diren euskaldun zaharrek arrazoibiderik gabe gorrotatzen naute, eta kristauek ere berdin. Zergatik? Ez dakit. Ezin naiteke damutu zeren, baldin legea hautsi badut ere, ez dakit noiz, ez nola. Nire errua etxe hartako ordez beste hontan jaio izana da. Erru bitxia benetan horixe.

MAKROSOHOS: Doilor hori arrenkuratu egiten da.

JAUN: Eta arrazoi du.

MAKROSOHOS: Ez du arrazoirik. Hereje-leinutik dator. Merezia du bere zigorra. Gurasoen erruak ondorengoek ordaindu behar dituzte; eta belaunaldi batetakoenak hurrengoek.

JAUN: Hori da zentzugabekeria!

MAKROSOHOS: Zentzugabekeria ez! Gure aita Adanen errua gu ez al gara nozitzen ari?

JAUN: Gure erruak ordaintzea nahiko eta gehiegi izango genuke! Gainerako edozer injustizia bat litzateke.

MAKROSOHOS: Giza-justizia ezin liteke zeharo zuzena izan; eta are gehiago, komeni da hala izan ez dedin.

JAUN: Zergatik?

MAKROSOHOS: Anitz arrazoirengatik: prima, secunda et tertia.

JAUN: Ea, ba. Ikus dezagun!

MAKROSOHOS: Prima, zeren giza justizia orobat zuzena balitz, ez bait legoke Jainko justiziaren beharrik; eta hori gaitz bat litzateke; secunda, zeren giza justiziak ekintza bat determinatzen duten zio, xehetasun, kausa eta konkausa guztiak eta bakoitza banan-banan eta bereziki aztertzeraino heldu behar balu, ez bait zukeen juzgatzerik ahal izango, eta hori arras kaltegarri litzateke; tertia, zeren ikerketa-lanbide hau dela medio, gizarte bizitzako morala lasatu egingo bait litzateke; eta hori gauza txarra eta arriskugarria bait litzateke.

JAUN: Beraz, eta batez ere injustizizkoa denean, gora justizia!

 

 

XII

IJITUAREN AHOTSA

 

        Ibai honen ertzean dut nire etxea, euskaldunen hizkuntza bera hitz egiten dut, jazkera berdina dut, baina hala eta guzti ere ez dira nitaz fidatzen. Nire begiok dagien dizdirak salatzen nau, eta beraienak ez bezalako beste grina batzuk ditut nire arimako nagusi. Sentsual sentitzen naiz, maite dut plazerea, lapurreta ere maite dut, eta arauketakeria hertsia gorroto dut. Lurralde hontan bertan milaka urte daraman jende honek senti ezin duen grinarik badut nik ibiltari-bizitzarako. Ez dakit zein den nire aberria zeren, noan tokitara noala, beti eta edonon arrotz bait naiz.

 

 

XIII

OLAGIZONAK

 

        Eman, Matxin! Jo egunez eta gauez gure mailuaren kantua : tiriki-tauki-tauki.

        Olagizonak gara. Basati antzera bizi gara, beti bakarti, goroldioz estaliriko ola zahar erori batean, gure mailuaren kolpe bakoitzeko pindarrezko konstelazioek dizdiratzen duten zulotzar ilun batean.

        Eman, Matxin! Jo egunez eta gauez gure mailuaren kantua : tiriki-tauki-tauki.

        Gudua ta pakea, goldea eta ezpata gure sutegietatik irtetzen dira. Leize zulo beltzetatik meatz-burdina ateratzen dugu lanabesak egiteko. Guk eginiko lanabesekin ari da gizona munduaren lurraxala atzamarkatzen eta berak nahi duen modura moldatzen. Ipotxen arraza zuhurrekoak eta erraldoien arraza indartsukoak gara.

        Eman, Matxin! Jo egunez eta gauez gure mailuaren kan- tua : tiriki-tauki-tauki.

        Dena zor zaigu. Gure aroaren izena burdin-aroa da. Arotza guri esker da arotz, nekazaria ere guri esker, gugatik da militarra ere militar, eta perratzailea perratzaile, eta hargina hargin. Eta halere munduak gu mespretxatu egiten gaitu, eta jende anitz hiltzen eta kataxuri-larruz jazten bestetan jakin ez duen errege odolxurgariaren ospea kantatzen du. O mundu anker eta tentela! Ez duk sekulan ikasiko gu aintzakotzat hartzen. Behar duan guztia eskuratzen diatenak baino maiteago izango dituk betiere hire ustehuskeria zoroak.

        Eman, Matxin! Jo egunez eta gauez gure mailuaren kantua: tiriki-tauki-tauki.

 

 

XIV

KONTRABANDISTAK

 

        Ramuntxo naiz; Itxua naiz. Pierre Loti deritzan sirena zahar frantses horren lilura artifizialez betetako prosak aldarrikatu dituen abentura-bizitza ausartera arras egindakoetako pertsonaia hoietako edozein naiz. Hendaian nahiz Ondarrabian, Behobian eta Biriatun, Beran, ala Urruinen, Askainen eta Saran badut zenbait xoko.

        Karabineroak eta aduaneroak dira nere etsai. Loti-k, Javelo-ko komandante izanak —Bidasoan elbarritutako frantses gerlauntzi koxkor hartako komandante hark, alegia—, galiatar jator denez, gure arerio bakarra karabinero espainol zekena dela sinetsarazi nahi lioke munduari; baina hainbeste bada, eta ia beti are gehiago, aduanero frantses tripahandia bere bibote horiekin eta sudur gorriarekin.

 

 

XV

KAIOAK

 

        Baita neuk ere ezagutzen dut Bidasoa hori. Jaizkibelgo harkaitz malkarrean dut nire habia, uhinak amorru biziz zigorkatzen duten harkaitz adar latz hortan. Maria beherako ondartza eta lokatzarietan jan bila, bixitatu ohi ditut Hondarraizko plaia eta Hondarribiakoa. Baina nire-nirea itsasoaren zabala da. Lerro gabe, dena mugakaitz eta uher den hura. Kaosaren umea naiz. Ekaitzean laino artetan itsas haize gazi eta lodia hatsartzen dut, eta gerla deiadar antzera jaurtikitzen dut neure irrintzi latz eta zakarra. Itsas hondargabeko zabal urdinean kulunkatzen naiz uhinen gainean, eta badakit apar-gainezkatik nola aldegin. Galernaren arrenkura eta aiuma artean zehaztasun matematikoaz egiten dut hegan, eta zurrunbilo gainetan jostatzen eta gozatzen naiz... ; baina ezagutzen dut zuen Bidasoa hori, Maria beherako kanale lokatzatsuetan eta Irungo eta Hondarraizko hondartzetan janari bila nabilenean bixitatu ohi dut.

 

 

XVI

HONDARRIBIAKO MARINELAK

 

        Hondarribiako marinelak gara. Jende alaia gara, beldurrik gabe eta buruahausterik gabe.

        Arrantza, alturako merkataritza eta itsasohointza ere egin ohi izan ditugu.

        Ardo ona, lapurreta ona, kaietan neska politak, eta aintzina!

        Gure herriak ibaia du aita, eta ama itsasoa.

        Balearen arrantzura joaten ohi ginen lehen; gero Terranova-ra bakailutara; orain joan-etorri apalagoak egiten ditugu. Frantsesarekin ausart eta setatsuki gudukatu gara.

        Itsas-aldi luze eta arriskuz beteak egin ditugu. Ekaitz eta harkaitz, zorabio, estuasun eta sarrakio gorriak ezagutu; Kraken-a, Maelstrom-go munstroa eta Satanasen izaroa. Horrelako ezerk ez gaitu atzera erazi.

        Ardo ona, lapurreta ona, kaietan neska politak, eta aintzina!

        Sirena eta itsas-suge, arpia eta olagarro, suzko-uharte eta bolkan misteriotsu, denetarik ikusi dugu. Herrialde estrainuenetan lehorreratu gara: ñañoenetan eta erraldoienetan, gizabeltzen eta gizahorienetan, amazonen eta begibakarrekoenetan.

        Odol euriteak eta lumazko elur-erasoak ikusi ditugu; egunik ez duten lurraldeak eta gaurik ez dutenak. Eta itsaso zabalaren erdian kristalezko katedralak ere ikusi ditugu.

        Une oroz arriskuz inguraturik ibiltzen gara. Haize bolada zakar bat, gure intxaur-azalean zulo bat eta, hondora! Horregatixek beragatik behar dugu alai izan.

        Ardo ona, lapurreta ona, kaietan neska politak, eta aintzina!

        Hondarribiako marinelak gara.

 

 

XVII

ABENTURA-ZALEA

 

        Euskal abenturazalea naiz, ez espainol eta ez frantses. Ondo pagatzen duenaren zerbitzuan jartzen naiz, eta zerbitzu leialean.

        Ideiez eta aberriez ez naiz axola. Nire baserria beste aberririk ez dut, eta gero, mundu zabala.

        Gora! Gora abentura! Gora halabeharra!

        Nire ondasun oro hontara mugatzen da: ezpata bat gerritik zintzilik eta nire zoriaren baitan konfiantza handia.

        Eskuin-ezkerretara gerrenkadak emanez aberastea espero dut, nahiz mosketerotzan nahiz dragoitzan, nola Jainkoaren hala deabruaren alde.

        Gora! Gora abentura! Gora halabeharra!

        Karlos V ala Frantzisko I, Austriako Juan ala Borbongo kondestablea, Aita Santua ala Lutero, Pizarro ala Ursuako Pedro: nornahiri ondo deritzat, baldin nire xedera banarama; marinel izan ala soldadu, niri berdin zait; nola kristau hala turko. Ilunpeko lan xehean aritu ez beste zernahi onartzen dut.

        Gora! Gora abentura! Gora halabeharra!

        Abenturazale naizenez, maite dut ibiltaritza. Egun batez altxorren bat topatuko dudala eta aberats izanen naizela amets egin ohi dut, inka ala errege-jauntxo bilakatuko naizela, eta emazte eta esklabu anitz izango ditudala.

        Gora! Gora abentura! Gora halabeharra!

        Gerlan hanka bat ala beso bat galtzen badut, elbarri-koartel batean botako dut, pipa erre eta pipa erre, nire bizitza guztia; hiltzen banaute, zulora joango naiz dan- bor soinua lagun dudala; eta hortaz pentsatzeak ez nau goibelerazten.

        Gora! Gora abentura! Gora halabeharra!

 

 

XVIII

PITXI-SALTZAILEA ETA BERE ZAKURRA

 

        Eguraldiaren iragarpenak! Adardunen goralpenak! Emazteen maltzurkeriak! Iauteri eta Garizumaren arteko ihardukitzeak! Txiribitaren soinutan botatzeko xorokantuak! Klase guztitako kantuak! Nork nahi du beste bat?

        Bide bakarti hontatik ere igaro naiz beste askotatik egin dudan bezala. Errosario, eskapulario, medaila, latinez idatzitako santu-historia eta erromantzez idatzitako historia gordin, kantu isekari eta makurrak saltzen.

        Eguraldiaren iragarpenak! Adardunen goralpenak! Emazteen maltzurkeriak! Iauteri eta Garizumaren arteko ihardukitzeak! Txiribitaren soinutan botatzeko xorokantuak! Klase guztitako kantuak! Nork nahi du beste bat?

        Edozein alkate, errejidore, jauntxo, obispo eta abadek, edozein aitzeki dela medio, bahitu eta giltzapean sartzen nau. Inongo ahaltsu eta jauntxok ez du nahi nire salgairik; denek susmo txar hartzen didate eta sinesgabetzat eta zitaltzat jotzen naute. Nik tinko jarraitzen diot mundua desastokilotzeari, eta nire paperek lur-jo eraziko diote nire arerio ahaltsuen indarrari. Goazen txakur, goazen aurrera.

        Eguraldiaren iragarpenak! Adardunen goralpenak! Emazteen maltzurkeriak! Iauteri eta Garizumaren arteko ihardukitzeak! Txiribitaren soinutan botatzeko xorokantuak! Klase guztitako kantuak! Nork nahi du beste bat?

 

 

XIX

PELOTARIAK ETA BERTSOLARIAK

 

        Gu ere Bidasoa bazterretako ume gara. Baita gu ere abenturero gara eta herririk herri, tabernarik taberna ibiltzen ohi gara. Batzuek pelotan jokatzen dugu oso ondo eta besteek euskaraz bertsoak botatzen ditugu nahiko gaizki. Baina batzuek ala besteek, nahi duguna lortzen dugu: etxetik sarritan aldegin eta pestarik pesta ibili, alegia. Hortan dago koxka, gure arteko bertsolari batek esan duen bezala:

 

                Bordariyari chardiñ erdiya

                eure ollasco osua

                eperrac eta usuac

                edari generosuac

                ondo beteric basua.

 

 

XX

AMU-ARRANTZARIAK

 

        Lasai! Lasai! Erabateko lasaia naiz. Ordua orduaren atzetik pasatzen dut amorraiaren zain batere ernegatu gabe. Kortxoa begiratzen dut urgainean kulunkan, eta muinak ere kortxo bihurtzen zaizkit, eta nerbioak berdin. Badoan urak berehalaxe ahantzi ohi dudan milaka kontu nabar kontatzen dit. Errekako zurrunbiloek beren sekretu nahasi eta ugaria esaten dizkidate eta denak nire arima kontenplatzaile bigun eta ohiberaren axalean geratzen dira.

        Lasai! Lasai! Erabateko lasaia naiz.

 

 

XXI

ITSASOA

 

        Zuek zati zarete. Ni osoa naiz. Zuek lerroa, ni esfera. Zuek nota bat, ni sinfonia. Zuek zeinu bat hutsartean dilindan. Ni naiz alfa eta omega, hastapena eta azken-burua.

        Mendi eta bar arteko zuen bizitza nire errai-leize ikarakorretatik eta nire bits-irakinetatik erne da. Zuen indarra nigandik jalgi da; zuen indarra nigana itzuliko da.

        Zuen mendi, zuen horma, zuen harkaitz, oso desegingo dut lehentxoago edo geroxago; lehentxoago edo geroxago materia organikua eta materia bizia, irten ziren laboratoriora bilduko dira berriro, eta lehorretako beste fauna berri bat eta beste gizadi berri bat sorterazteko nahikeria izango dut. Zuek zati zarete. Ni osoa naiz. Zuek lerroa, ni esfera. Zuek nota bat, ni sinfonia. Zuek zeinu bat hutsartean dilindan. Ni naiz alfa eta omega, hastapena eta azken-burua.

 

 

XXII

EGUNSENTIA

 

        Egunsentia hasi da agertzen. Lainaldea argitzen eta gardentzen ari da.

 

JAUN: Ea ba, goazen!

DENAK: Goazen!

 

(Ibiltariek legua bat bide egin dute eta eguzkia agertu da).

 

MAKROSOHOS: Noizpaitean ere irten gara behintzat zoko ilun hortatik. Zein da hor dakusgun ibar naharo hori?

JAUN: Zalaingo ibarra.

BASURDI: Hemen jan dezakegu mokau bat.

TXIKI: Txerribuztango errekaren iturburuko ur ederra edan dezakegu.

BASURDI: Pua! ura baino gauza tristeagorik...!

MAKROSOHOS: Txerribuztango-errekako Akademia ospetsuaren egoitza, Bidasoako Capelomagnico-en bilzar-lekua alegia, hemen al da?

ARBELAITZ: Hementxe.

TXIKI: Historian entzute handia duen lekua, hauxe.

MAKROSOHOS: Arrunt ospetsua. Ze pentsalari! Fisikan Txistormius; Xudurrus methafisikan; Mandazahius geografian; komunikazioei buruzko estudiotan Merluzius; zoologian Txakurzulus; botanikan Tipithus. Nolako pleiadea!

 

 

XXIII

ZALAINEN

 

JAUN: Basurdi!

BASURDI: Zer?

JAUN: Baserri hortan atea jo ezak eta jateko ezer ote dagoen galdegin ezak.

BASURDI: Banoa.

 

(Basurdi sartzen da baserrian eta berehala irtetzen)

 

ARBELAITZ: Ez al dute ardorik?

BASURDI: Ez, sagardo xorta bat besterik ez zuten.

JAUN: Eta nun duk?

BASURDI: Neronek edan dut.

JAUN: Astakume bat haiz.

MAKROSOHOS: Astotaz ez da gaizki hitz egin behar. Ammonio-k bazuen asto bat hain jakintsua ezen hexametroan egindako bertsoak entzutearren pentsuari muzin egiten baitzion.

BASURDI: Asto jakitun hoietako bat zara zu dudarik gabe; ni besteetakoa naiz.

TXIKI: Ez zegok gaizki, Basurdi. Ardo pixka bat nahi duzue, beraz.

ARBELAITZ: Izan ere, sagardoa benetan txarra da biderako.

TXIKI: Ardo poxin bat ekarriko dut nik. Eman iezadazue pitxarra.

        (Txikik, arbola ondo bat zulatu eta handik ardoa aterako bazukeen itxura egiten du ; baina bere zahatotik betetzen du pitxarra. Denek edaten dute.)

TXIKI: (Martin Zikini) Jaun, gure pekatari zahar hau, jadanik heldu duk bere etxera, eta berriz Easora ez duk itzuliko. Bataiatuko den beldurrik ez zegok. Urtzi Thor-I zintzo jarraikiko zaiok. Oraingoz, bakarrik utz dezakegula uste diat.

        Mzik: Nik ere hala uste diat.

TXIKI: Ea ba, jira bertan eta... hanka!

 

(Deabruak desagertzen dira eta Arbelaitz, Makrosophos eta Basurdirekin batera heldu da Jaun Altzatera, eta beren zaldien asapalan egiten dute denek Altzateko karrika.)

 

 

 

© Pio Baroja
© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

 

"Pio Baroja: Altzateko Jaun-en kontu zaharra" orrialde nagusia