BIGARREN PARTEA

OLERIA ETA EGUBERRI ARTEAN

 

 

DEABRUEN AITZIN SOLASA

 

TXIKI: Agian zuetarikoren batek ezagutu bide nau; agian ez. Erdi deabru, erdi iratxo naiz. Aspaldi hontan Zugarramurdiko leize zuloan lan egiten dut, eta Altzateko Jaun zaintzera bidalita heldu naiz Easora, nire gizon honek kristau bihurtzeko aldarterik izango balu edo, alegia. Basurdi zaintzen duen beste deabru-lagun egoskor xamar batekin nago hemen. Berehala mintza eraziko diot berari ere. E! Hi! Martin, mintza hadi!

MARTIN ZIKIN: Ez dakit, zergatik nahi ote duten nik jende aurrean hitzegin dezadan. Ez dakit zergatik. Hemen, Eason, erromanizatutako euskal jaiak ospatu behar dituzte, eta gero Eguberriak. Aldiberez euskaldunek Eguzki-berri jaiak ospatzen dituzte, Joel-en Jaia alegia; eta noski, nire lagun Txiki jakituna eta ni, deabru garenez, idolatren alde eta kristauen aurka gaude. Hemengo jaiak oso bixiak izaten ohi dira. Txikik eta nik jendea pekatura zirikatzen dugu. Ez da horren behar handirik izaten. Tabernetako txopera kutsutan, ibai ertzetan baino hobeto itsasten da makal-hordia. Dantzatan berriz, kredoa dardaraz botatzeko adinako zirriak egin ohi dira. Herri honetako neskak horrelakoxeak dira, epel xamarrak, ur-irakina bezala alegia. Zenbait ziztrinek dioenez, patata bezala dira, oso freskuak itxuraz, baina berotzen direnean platerean utzi beharrekoak, bestela kiskal egiten baitute. Gure eginkizuna, nire lankide ospetsuak, Txiki doktore jakintsuak esan duen bezala, Jaun eta bere morroia bataiatzen inolaz ere ez uztea da. Txiki helburu horretan ari da Jaun lantzen. Eta nik Basurdi zaintzen dut. Dena den, jadanik ezagutzen nauzue, eta oraindik gehiago ezagut nazazuen, hor dihoakizue nire kantua:

                Martin Ziquin

                Erregueren sorguin

                tipula eta gatz

                ipurdian atz.

NORBAITEK: Nazkagarri alaena!

ATSO 1: Hau da eskandaloa! Ipurdi esan duela uste dut, ez da?

ATSO II: Bai, ipurdi esan du.

ATSO I: Azken juizioa gainean dugu oraingo honetan.

POLIZI-BURUZAGIAK: Inmoralitate bat da hau. Ertzainok, kasu mutilen eskuetara...! eta neskenetara ere bai! Guraso elkartea begira daukagu, Andere Katolikoen Batzarrekoak susmotan zehar-begiraka ditugu. Martin Zikinek ipurdi hitza berriz esaten badu, zuzen itzalera eramango dugu, deabru guztietan deabruena bada ere.

 

 

I

KONBITTEA

 

BASURDI: Nagusi!

JAUN: Zer da?

BASURDI: Gaur gauean irtetzen utzi beharko didazu.

JAUN: Zer dela eta? Nora joan behar duk?

BASURDI: Polus-en ardotegi-tabernan afaria dugu lagun talde batek.

JAUN: Lagunik baduk hemen?

BASURDI: Bai; Txiki Zugarramurdiko mutil distingittu batek konbidatu gaitu. Izugarrizko afaria dugu, aukeran aukerakoa.

JAUN: A bai, e!

BASURDI: Legatz kokotxak.

JAUN: Kontxo!

BASURDI: Atuna tipularekin.

JAUN: Arraioa!

BASURDI: Gaur goizean Agiñako ibaian harrapatutako angulak, ezin hobeak.

JAUN: Entzutearekin bakarrik tripazorri egiten zaidak.

BASURDI: Errapeko arkume guri bat Iruñetik ekarria.

JAUN: Hori duk.

BASURDI: Eta beste sardina eta antxoa batzuk ere baditugu.

JAUN: Alajaina!

BASURDI: Ardotik berriz, hasteko Errioxako gorririk onena; beste bat Alicantekoa, onenak baino hobea, eta usainarekin bakarrik txoratuko lukeen pattarra.

JAUN: Mozkortu egingo zarete.

BASURDI: A! Txikik esan dit, Arbelaitzek eta zuk afarira etorri nahi baduzue, denak biziki ohoretuak sentituko direla.

JAUN: Jakinaren gainean jarriko diat Arbelaitz.

 

 

II

POLUSEN ARDOTEGI TABERNAN

 

        Polusen ardotegi-taberna Easoko plazatik bertan dago. Lekotxandegius, Martin Zikin, Jaun, Arbelaitz, Basurdi, Xagit eta bi pedagogo, Makrosophos maixua eta Sabihondus lizentziatua gela itxi batean daude. Bi pedagogoak sistutako sotanaz eta birretez jantzirik daude. Makrosophos-ek begiak handituta eta sudurra luze, lodi eta gorri. Sabihondus, dena dakikeen hitz-ontzi uste huts bat da.

 

LEKOTXANDEGIUS: Jaunak: Biziki pozgarri zaigu gure elkarte barnean bi arrotz ospetsu hauek, Altzateko Jaun eta Arbelaitz beneragarria onartzea.

JAUN: A! Baina hau elkarte bat al da, ba?

LEKOTXANDEGIUS: Bidasoako Capelomagnicoak gara, Bidasoako Txapel-Handiak herri xehearen mintzairan.

JAUN: Aski dut horrekin.

LEKOTXANDEGIUS: Bai, Bidasoako Txapel-Handiak gara, eta txapela adinako bihotza dugu. Gure artean ez da ezinikusirik eta kaxkarkeriarik. Bizi eta barre, edan eta berriz barre. Horra Capelomagnico elkartearen programa.

TXIKI: Adiskide, biziki zuzen mintzatu haiz; eta ni, deabru kaxkar bat besterik izan ez arren ere, hik esanarekin orobat ados natorkik.

MAKROSOHOS: Baita ni ere. 'Bibere et Vivere'. Hortan datza guztiaren gakoa.

JAUN: Nor dugu jaun hori?

TXIKI: Maixu jaun Makrosophos duzu hori, pedagogo ospetsua, jainko eta giza jakintza guztietan arras jakitun, Salamancan, Alcalan, Parisen eta Pavian eta beste zenbait tokitan doktor tituluak ukan dituena. Ciceronek berak bezain ongi daki latina. Baina bere espezialitatea ardoa da. Eman iezaiozu zenbait libera, hala handi nola txiki, eta berehala ikusiko duzu tabernara bidean. Bere sudur handi gorri hori duzu haren ardo-jakintzaren brujula.

JAUN: Zertaz ari zaigu azken aldi honetan gure maixu Makrosophos jauna? Zein duzu zure iritzia gaur egungo arazo larrienez?

MAKROSOHOS: Nire iritzia... Lehenbait lehen afaltzen hasi behar genukeela.

SABIHONDUS: Argia da benetan gure Makrosophos hau, eta jakinduria zorrotz, handi eta harrigarrikoa.

 

(Hasi dira denak afaltzen, eta luzaroan isilik egon dira, eta jaten)

 

TXIKI: Zer moduzko afaria?

SABIHONDUS: Biziki bikaina.

TXIKI: Eta tabernako ardo hau?

MAKROSOHOS: Guztiz ohoragarria; Salimbanusek bezala diot:

                Mihi sapit dulcius vinum de taberna.

                Quand quod aquae miscuit proesulis pincerna.

        Latina konprenitzen duzu, Jaun?

JAUN: Hau behintzat bai. Ba dirudi, izan ere, erromantzea dela-ta. Pincerna ez beste guztia konprenitu dut.

MAKROSOHOS: Berez ardo-zerbitzaria esan nahi du; guretzako tabernaria.

 

(Afari bukaeran neska gazte batzuk sartu dira).

 

TXIKI: Aizu, Jaun

JAUN: Zer da?

TXIKI: Hemen duzu Pertxeta, jostuna, aingeruak baino hobeto dantzatzen du fandangoa.

TXIKI: (Arbelaitzi) Hau Ziburuko Gaxina duzu, Donibaneko kaxkaroten auzotarra. Deabrutxo bat soinekoz jantzirik. Zain ezazu emeki-emeki.

ARBELAITZ: Bai pozik.

TXIKI: Hau Txoralda da, arrantzalea.

MAKROSOHOS: Pulchra et satis pingis, edo, populuaren hizkuntzan esateko, polita eta biribila. Venus Calipigia gogorarazten du.

TXIKI: Honi berriz Erua deritza, eta horri Arina. Orain, vestale gazteok, nahi duzuena har dezakezue, nahiz pastel, nahiz kopa, nahiz beste gura duzuen edozer.

 

(Neskatxak jaten eta edaten hasten dira).

 

LEKOTXANDEGIUS: Ea! Goazen hemendik! Orain soinutara.

XAGIT: Chomin, jozac trompeta;

        Pello, non dez conqueta?

MAKROSOHOS: Hemen bertan ere badut nik oraindik zer eginik franko.

 

(Hojaldrezko pastel bat eta botila bete batzuk erakutsiz)

 

        Utz nazatela ixtante batez botila hauekin eta artolagamunezko pastel honekin, edo populuak dioen bezala esateko, hojaldrezko pastel honekin.

SABIHONDUS: Ezin gintezke joan. Non possumus.

BASURDI: Ez dakit zertarako aldegin behar dugun txokp honetatik. Eason gaude... Easoko tabernarik onenean, tabernako gelarik onenean eta afari on batekin. Ni bertan gelditzen naiz.

SABIHONDUS: Sorites-ean eginiko silogismo horrek orobat konbentzitu nau.

BASURDI: Sorites! Ez dakit zer den hori.

SABIHONDUS: Adibide argi eta garbi bat berehalaxe emango dizut latinez.

BASURDI: Latinez? Niri?

SABIHONDUS: Bai, Senekaren latinez.

                Qui prudens est, et temperans est;

                qui temperans est, et constans est;

                qui constants est, imperturbatus est;

MAKROSOPHOS:

                Qui imperturbatus est, et sine tristitia est ;

                qui sine tristitia est, et beatus est;

SABIHONDUS:

                Ergo prudens beatus est, et prudentia

                ad beatam vitam satis est.

BASURDI: Amen!

MAKROSOHOS: Har dezagun momentu bat. Botila honixe hondoa harrapatu arteko denbora bederen.

SABIHONDUS: Bukatuko dugu, bai; illico. Kito!

MAKROSOHOS: Quod era demonstrandum. Goazen.

 

(Denak kalera irtetzen dira; jendea batetik bestera saltaka eta deadarka dabil. Gurdi batean lastozko kuso bat daramate, lastabal argitan. Olentzaro da, antzinako oleria jaietako pertsonaje mitikoa. Jendea bere inguruan kantari)

 

JENDEAK:

                Olenzaro, buru aundiya,

                entendimentu gabia

                bartarratzian eran emendu

                amar erruco zaguia.

                Au urde tripa aundia

                zagar ustelez betia!

                Orra, orra, gure Olenzaro,

                pipa artzendubenic

                ishirita dago.

MAKROSOHOS: Arbelaitz, zer esan nahi du Olentzaro delako horrek?

ARBELAITZ: Euskaldunen erlijioari egiten dioten iseka bat dela uste dut. Olentzaro Oel-zaharra da; hau da, lehen garai batetako Joel-en festa.

MAKROSOHOS: Jakina. Joel, Joel, Oel, Oel-zaharra, Olentzaro. Bai, baliteke zuk diozuna izatea, bai.

ARBELAITZ: Olentzarori gizon astokilo eta burugabearen itxura eman diote. Guk bezalaxe Eguzkia eta sua gurtzen dituelako, Olentzaro ikazkin trazan agertzen dute, eta gero kristauek katoliko bihur erazten dute.

JAUN: Pertxeta, goazen plazara. Oraindik ere mutiko batena bezain arin sentitzen dut neure burua.

TXIKI: Ea, goazen denok haruntz!

XAGIT:

                Bat, bi, iru, lau,

                ezconduda mundu au

                bost, sei, zazpi, zortzi,

                diabruarequin. Ederqui.

LEKOTXANDEGIUS: Aupa! Aupa! Biba Capelomagnicoak!

XAGIT:

                Bederatzi, amar, amaica,

                fraile bat arratoya,

                amabi, amairu, amalau.

                Ezcomberriyac mesa eman du gaur,

                amabost, amasei, amazazpi,

                ez gabiltza gaizqui.

SABIHONDUS: Bene, bene. Doinu hau urratsa neurtzeko da. Adiskide Xagit, nahiz eta gizon ezjakina zaren, argi dago badakizula kantu atseginik asko.

TXIKI: Hemen gara plazan. Orain mundu guztia dantzara.

ARBELAITZ: Nik, egia esan, ez dakit... Apaiz bat!

LEKOTXANDEGIUS: Lagunarengana asko urreratu, lotu zaitez eta kito.

SABIHONDUS: Hori besterik ez al da dena? Arrimatu?

TXIKI: Besterik ez.

ARBELAITZ: Baina hau fandango bat da!

TXIKI: Bai.

MAKROSOHOS: Fandangus libidinosus... tripudius hilarius.

TXIKI: Orain quadrille frantses modura. Neska lagunari musu eman diezaiokezu, baina gehiegikeriarik gabe, noski.

ARBELAITZ: Baina hau cancan bat dal

SABIHONDUS: Cancanis scandalosus.

MARTIN ZIKIN: Eta orain kalejira. Bakoitza bere lagunarekin... Bota xahakua! Jo gogor danbolina! Jai... jai...! Aupa!

 

 

III

GABON-GAUA

 

        Eguna joan eguna etorri, eta heldu da Gabon-gaua.

        Gabon-gaua!

        Kanpai soinua.

        Gaur da jainkoen jaiotze eguna, Mitra eta Eguzkia, Jesus

        eta Baco.

        Bozkario! Bozkario!

        Gabon-gaua!

        Etxalde apaleko leihoan argi bat ageri da. Su-baju inguruan, argi epelaren babesera bildu da familia. Mihura nahiz gazte kantuan ari dira, eta panderoa jotzen.

        Bozkario! Bozkario!

        Gabon-gaua!

        Falta direnez mintzatu da norbait, lur eta itsasoak zehar ibiltari direnez bizitzaren samin-oinazeez.

        Atsekabe! Atsekabe!

        Gabon-gaua!

        Are gehiago mintzatu da norbait, eta joan bakarrik egiten den hegialdeetara sekulan ez itzultzeko joan zirenak gogorarazi ditu.

        Atsekabe! Atsekabe!

        Gabon-gaua!

        Bizitzearen bozkario. Gabon-gaua. Bizitzearen atsekabe. Eguzkiaren ekaina. Gauzen misterioa. O, haurren jaiotza!

        O, Dickens-en Christmak!

        Bozkario! Bozkario! Atsekabe! Atsekabe!

 

 

IV

ELIZAN

 

JAUN: Arbelaitz, egia esateko, mozkor bat pasatu baino lehen, beste bat nola harrapatuko ibiltze hau lotsagarria duk.

ARBELAITZ: Tokitan ari gaituk gelditzen. Altzaten honen berri izaten badute, gureak eta bi entzun beharrean izango gaituk!

JAUN: Eta arrazoiz gainera. Dena den, hemengoa laster bukatuko duk.

EDERRA: Aita! Sar zaitez elizara! Zein polita dagoen ikusiko bazenu! Argien dizdira ikusiko bazenu, eta intzentsu-kearen usain gozoa! Gaur euskaraz kantatu behar dituzte Eguberri kantak.

PANPOXA: O! Bai, Jaun, atoz gurekin. Eliza oso polita dago.

 

(Pixka bat lotsaturik Jaun elizan sartuko da. Emakume eta haur-ahotsak ari dira kantatzen pandero soinuarekin batera.)

 

                        Eguberri kanta

                Olenzaro juan zaigu

                mendira lanera

                intenziyuarequin

                icatza eguitera

                aditu zubenian

                Jesus jayozala

                etorrizan corrica

                parte ematera.

 

TXIKI: (Jauni belarrira) Hori da estiloa. Nola lardaska liteke horrenbesteraino gure hizkuntza! Zer esango ote lukete Lezoko Unibertsitateko Akademikoek?

 

                        Eguberri kanta

                Artzai buru zuri bi

                Anthon eta Peru

                Belengo portalera

                etorri zaizquigu

                zartudira barrena

                Manuelcho engana

                presente eguindiyote

                arcumecho bana.

 

TXIKI: Zer txorakeria! Zer tentelkeria! Afrikarren eta judutarren sortaldetiar mito hoiekin euskaldunak horrenbesteraino nola itsutu litezkeen ezin dut konpreni.

 

                        Eguberri kanta

 

                Ay au egunen

                zoragarriya

                au alegriya

                pechuan

                jartzac guerrico

                josi berriya

                chapel garbiya

                buruan

                capoy parea

                escuan

                onlaco gaba

                santuan.

 

TXIKI: Ez dute poesiaren aztarrenik ere! Bai makur eta ustel dela Kristaukeria hori dena! Eta zeinen arte gutxi dagoen hontan denean!

 

                        Eguberri kanta

 

                Arratz gozoa,

                nere Cathalin,

                oberic ecin

                arquitu

                artzan mantalan

                usa cumea

                caicu esnea

                neurritu

                gauza gueyago

                baneuque

                zuretzat Jess

                liraque.

 

TXIKI: Ba! Ba! keria hutsa! Musika horrek sagu kurrixka dirudi! (Elizan sartu berri den Martin Zikin-i) Zer da?

MARTIN ZIKIN: Neska horiek, Pertxeta eta besteak, hor daudela zai!

JAUN: (Ederrari eta Panpoxari) Kanpora noa momentu batetarako. Lagunak deika ditut.

 

 

V

BI PEDAGOGOAK

 

        Larretxipiusko tabernak badu bodega handi bat, egundoko sagardo kupel batzuekin, eta bodega zokoan gela bat baratze batetara begiratzen duen lehio batekin. Aurreko egunetan Polusen ardotegi-tarbernan zegoen talde bera bildu da gaur gela honetan.

 

JAUN: Basurdi.

BASURDI: Zer?

JAUN: Gizartean habilenean, ibil hadi giza-itxura gehixeagorekin. Zerri batek egingo zukeen moduan ari haiz jaten.

BASURDI: Besteak bezalaxe.

JAUN: Ez. Besteek ez diatek hik bezain goseti-antsiz eta itsusi jaten. Egin ezak kontu, gero, saltsak arpegia garbitzeko direla esango duen edukazio libururik ez duala inon topatuko.

BASURDI: (Azpitik) Lehor egin ezak! Ni nondik izorratuko habil beti.

JAUN: Hi baino finago eta maila handiagoko jende honek lagunartean ametitu hauen ezkero, gutxienez ere hire berezko astokilokeria eta galbaikeria ezkutatzen saia hadi behintzat.

BASURDI: Ez dakit nik, ba, zer egiten dudan.

JAUN: Hago ixilik. Utz iezaidak jakintsu hauen arteko eztabaida entzuten.

BASURDI: Ba, nik baietz diot, konbida litekeela honeski alegia, beste bat ab hoc et ab hac, basoerdi bat quod dicitur chopera, txikito etabar, etabar, nahiz beltz, nahiz gorri, nahiz kupel nahiz zagiko, et sic de coeteris, edatera.

MAKROSOHOS: Respondeo ezetz, arbitrium-era edaten utzi beharra dagoela, eta Carlomagnoren Kapitularretan eragotzia dagoela beste edonor edatera behartzea, eta esaten du. Ut nemini liceat alterum cogere ad bibendum.

BASURDI: Amen!

JAUN: Hago isilik, astokilo, zientzia-gaiez diskutitzen ari diren bitartean.

BASURDI: Bat-batean hilko al haiz! Beti nire kontra aritu behar duk.

SABIHONDUS: (Makrosophos-i kopa bat eskeiniaz) Beraz, magister ospetsu hori, nik kopa eder baino ederrago hau, ardo bikainez gainezka eskeintzen badizut, adiskidetasunaren kontra pekatu egiten dut.

MAKROSOHOS: (Kopa hartuz) Distinguo, adiskide maite, distinguo. Kopa eder baino ederrago hontan eskeintzen didazun ardoa nik maite ez banu, eta adiskidetasunaren izenean edatera behartuko baninduzu, pekatu egingo zenuke. Baina nik ardoa maite dut eta edan egiten dut..., ergo ez duzu pekaturik egiten. (Kopa edaten du).

SABIHONDUS: Per Jovem! Indubie, edo mintzaira populokorrean esanda, dudarik gabe. Baina nik ez dakit aldez aurretik ardorik maite duzun ala ez; ziurtasuna falta zait, adaequatio rei et intellectus ergo pekatu egiten dut.

MAKROSOHOS: Nego majorem... Zuk badakizu ardoa maite dudala.

SABIHONDUS: Badakit, baina modu enpirikoan bakarrik, eta aldez geroztik a posteriori ez dut unibertsalen ezagupiderik.

MAKROSOHOS: Ez; ziurtasuna duzu..., certitudo.

SABIHONDUS: Per Jovem! Magister, eta zergatik eduki behar dut?

MAKROSOHOS: Zeren naura ab horret vacuum, eta nire urdaila beti hutsik dago.

SABIHONDUS: Eta beterik dagoenean?

MAKROSOHOS: Orduan ere badu zenbait hutsune. Zenbat hutsune klase da? Bi, ez al da hala? Bat, vacuum concervatum eta bestea vacuum disseminatum, vacuum concervatum pareten artean dagoen edozeren hutsunea da, nire urdaila bezala. Hortaz, horra nire galdera: Nire urdailean mugimendurik bada ala ez da mugimendurik? Likidoen eta solidoen mugimendua bada. Mugimendua den lekuan bada hutsunerik..., ergo nire urdailean bada hutsunerik.

SABIHONDUS: Per Jovem! Zure izpiritu zorrotzez urrunegi zoaz.

MAKROSOHOS: Orain ere arrainari igeri irakastea nahi duzu-eta... Piscem natare doces.

TXIKI: Gure Makrosophos hau jakintza osin ba da; jakintza kupel bat, hobeto esateko.

JAUN: Bai; gizon jakintsua dirudi.

TXIKI: Trivium eta quatrivium nahi bezala dakizki.

JAUN: Ez dakit hori zer den.

TXIKI: Trivium, hau da, gramatika, erretorika eta logika; eta quadrivium berriz, aritmetika, geometria, astronomia eta musika.

JAUN: Gauza asko da hori.

TXIKI: Nahi baduzu, erakuts diezazuke.

JAUN: Zahartxo naiz ni lanbide horietarako. Eta gainera ez naiz hemen bizi.

TXIKI: Zahartxo zareneko hori, ez da egia. Eta bestetik, bere Eason bizi izateagatik ez da axolarik, Makrosophos joan daiteke Altzatera-eta.

JAUN: Baina Makrosophos-ek hemen bertan ere zereginik izango du.

TXIKI: Ez, orain lanik gabe kausitzen da. Soldata kaskarra ordaindu arren ere joango da, edari asko eskeintzen badiozu batezere.

JAUN: Ez dakit. Burutapen molde horrek ez nau sobera berotzen.

TXIKI: Ikasteko aukera ezin hobea duzu. Adiskide Jaun, idazten ba dakizu?

JAUN: Nolabait xamar.

TXIKI: Eta irakurtzen?

JAUN: Bai; hainbestean.

TXIKI: Ba, Altzaten izango duzu pedagogoa.

PERTXETA: Utz itzazue gauza horiek. Funtsean, gorabehera dibertitzea da.

JAUN: A! Pertxeta, Pertxeta: gaztetasunaren sua duzu. Ni jadanik zaharregi naiz zurekin neurtzeko.

PERTXETA: Baina, aguretxo biziki xarmanta zara.

MARTIN ZIKIN: Ardoa, bota ardoa! Ea, nor da buru? Nor da nagusi Larretxipiuseneko tarbenan? Oraindik behar dugu gure puntua harrapatzeko.

BASURDI: Ardoa, bota ardo gehiago!

SABIHONDUS: Makrosophos handi eta ospetsu!

MAKROSOHOS: Zer duzu, jakindurien Sabihondus?

SABIHONDUS: Guztien gainetiko Makrosophos handi horrek, ba al dakizu Salinbenusek Hordien faborez eginiko poema hura?

MAKROSOHOS: Bai.

        (Errezitatuz)

                Tertio capitulo memero tabernam

                illam nullo tempore sprevi, neque spernam

                donec sanctos angelos venientes cernam

                cantantes pro mortuo requiem eternam.

BASURDI: Ora pro nobis.

JAUN: Astokilo horrek bota dik berriz ere berea.

MAKROSOPHOS:

                Meum est propositum in taberna mori

                vinum sit oppositum morientis on

                ut dicant cum venerint angelorum chori:

                Deus sit propitius tanto potatori.

BASURDI: Amen!

TXIKI: Goazen kalera.

TXIKI: Goazen kalera.

SABIHONDUS: Pergamus deambulatum.

                (Taberna hutsean)

DAMAXA: A ze nolako astakertenak! Horrelako jendeari eramango dion damaxarik eta katalintzarrik ez da oraindik sortu. Hori zen edatea, hori!

KUPELA: Arrazoi duzu. Neronek ere nabari dut. Eta begira gero zenbaterainoko zilborrondoa dudan. Ez da harritzekoa zu kexu izatea.

 

 

VI

KALEAN

 

SABIHONDUS: Jaunak: mozkor-kantu zubipetiar eta Baco-tiar bat kantatu behar dugu. Ea hi, Xagit! Bota ezak euskal kantu alai bat.

XAGIT: Hor doa

                Tra, la, la, la, la, len,

                instante bat egon gaiten.

                Tra, la, la, la, la, la, la,

                oraio untsa guituzu,

                sarrio joanen dituzu,

                joan bear eta ecin parti

                erori eta ecin chuti,

                chacurrac Guau!

                Gatuak au!

                Arnuac untala eman nu gaur.

BASURDI: Hi... ju... ju... ju...!

JAUN: Basurdi, lotsagaldu bat haiz, hago isilik! Ez gaitzak honela nabarmen. Gure buruak desakreditatzen ari gaituk. Zer esan behar dute Altzateko Jaunaz, taiu hontan ikusten badute?

BASURDI: Zer esango dute! Mozkortuta dagoela!

JAUN: Eta hiri ez al zaik batere axola?

BASURDI: Niri? Ezta tutik ere!

JAUN: Hori al duk hire nagusiari dioan begirunea?

BASURDI: Hemen festan gara. Ze demonio! Konpon bedi bakoitza bere modura.

SABIHONDUS: Ea... ; beste kantu isekari eta lotsagabexamar bat.

BASURDI:

                Chicharrua ta berdela,

                chicharrua ta berdela.

TXIKI: Basurdi, zekor baten eztarria daukak, zakar samarra alegia, adiskide...

SABIHONDUS: Arras arrunt eta aspergarri duk kantu hori. Egia duk, hori bai, txandakako kantua maite dutela musek. Amant alterna Camoenoe; baina ez gaitezen hain baju eror. Ea hik, Xagit, nahiz gizon ezjakituna izan, ahalmenez eraginkor haizen ezkero, kanta iezaguk beste kantu zahar-girotsuago eta arruntkeria gutxiagoko bat.

XAGIT:

                Ollarac jotzian cucuruc,

                orduan echera juango guera gu:

                batzuec ala,

                bertziac onela ;

                errana gatic acholaric eztugu.

                Cucuruc!

                Nor guera gu?

                Altzatarrac guerade gu.

JAUN: Geure buruak desakreditatzen ari gara.

IZPIRITU IKUSTEZINEN KORUA: Jaun! Jaun! Zure arima ilunkatzen ari da, eta lokatzetan ondoratzen. Pizti-bizio soraiokor hoietan ez duzu erori behar; azter ezazu; pentsa ezazu: zure burua lokatzari batean bezala plazaretan nardatzea ez da bizitzea. Izpiritua, landu behar den diamantea da.

JAUN: Mozkor burugaldu talde hau utzi egin behar dut, eta etxean sartu.

 

 

VII

PANPOXA

 

        Jaunek, bere ezkon-anaiaren etxera heltzean, Panpoxa ikusi du leihora irtenda.

 

JAUN: Zer ari zara, Panpoxa, hor leihoan?

PANPOXA: Izarrei begira nago.

JAUN: Gauaren jainkoetako bat ematen duzu.

PANPOXA: Nork daki? Halaxe naiz agian.

JAUN: Beste mundutik agertutako baten antza duzu.

PANPOXA: Ba, ez naiz bestekoa, hemengoa eta bene-benetakoa naiz, Jaun.

JAUN: Hortan nago ni ere, bai. Hotz handia egiten du hor geldirik egoteko.

PANPOXA: Nik ez dut hotzik.

JAUN: Nik ere ez.

PANPOXA: Zer, dagoeneko etxera zatoz?

JAUN: Bai.

 

(Panpoxa jaisten da, atea ireki eta biak igotzen dira)

 

JAUN: Berriz ere leihora zoaz?

PANPOXA: Bai, hain gau ederra egiten du! Egia ote da gutako bakoitzak bere izarra baduela?

JAUN: Ez dakit. Zuk zeurea arkitu al duzu?

PANPOXA: Nik ez oraindik.

JAUN: Zaila izango da. Gainera izenik ere ez dute-eta!

PANPOXA: Eta baldin balute ere, ez nuke jakingo nola aurkitu. Ez dakit irakurtzen.

JAUN: Irakurtzen ez dakizu?

PANPOXA: Ez. Izkribuetan irakurtzen ez dakit; nire bihotzean bai.

JAUN: Eta zer irakurtzen duzu zure bihotzean?

PANPOXA: Arras triste dagoela irakurtzen dut. Beste denentzat hain zoriongarri den gau honetan, nire bihotza lutoz dago. Preso dagoelarik, kaiolatik ihes egin nahi duen txoria bezala da.

JAUN: Joan egingo al naiz?

PANPOXA: Zergatik?

JAUN: Panpoxa, zuk sinesten al duzu kristauen deabrua?

PANPOXA: Zergatik galdetzen didazu hori?

JAUN: Neure burua bere menpean sentitzen dudalako. Haur-jale batek haragi gordina ikus dezakeen bezala ikusten zaitut. Agur!

PANPOXA: Agur esaten didazu baina ez zara joaten.

JAUN: Bota nazazu zuk. Neronek ez dut joan ahal izateko haina adore. Bota nazazu edo bestela utz iezadazu musu ematen.

PANPOXA: Ba, musu eman iezadazu, nahi baduzu.

 

 

VIII

GOIZ-ALDERA

 

JAUN: Eta orain zer egin behar dugu? Bere aitak nere zaindaritzapean utzi didan neska! Ederra egin dut!

PANPOXA: Zurea ez da errua. Nik dut erru guztia.

JAUN: Kastilanok dioten bezala, ohorea ebatsi dizut.

PANPOXA: Ohorea! Nundik? Nik ez dut nabaitu.

JAUN: Hitz egiteko modu berezi bat da, alegia.

PANPOXA: Banengoen ba, ni, zuk zer lapurtu ote zenidan.

JAUN: Uso gaiso baten gainera jauzi den sapelari baten antzera sentitzen naiz.

PANPOXA: Oraingo honetan usoa arras kontent datza sapelariaren atzaparretan.

JAUN: Bai, baina orain zer egin behar dugu?

PANPOXA: Ba, ni Sarara joango naiz, pentsatua nuen bezala.

JAUN: Ez duzu etsipen amorrurik? Ez nauzu gorroto?

PANPOXA: Ez. Zergatik? Beste bat aukera nezakeen bezalaxe aukera zaitut zu. Zer ba? Gizonek bakarrik ukan behar al duzue aukeratzeko eskubidea, ala?

JAUN: Bai xalotasun miragarria! Noiz abiatu behar duzu?

PANPOXA: Etzi.

JAUN: Eta nahi al duzu bihar eta etzi elkar ikus dezagun?

PANPOXA: Bai, nere bihotzeko Jaun, bai.

JAUN: Hemen?

PANPOXA: Hemen.

JAUN: Ez nauzu gorroto? Ez didazu herrarik gordetzen?

PANPOXA: Zergatik?

JAUN: Ohorea edo... delako horreratik.

PANPOXA: Ez, ez. Orain badakizu zer dudan? Izugarrizko logalea, beste ezertxo ere ez.

 

 

IX

ASMOAK

 

JAUN: Egia esan, nire adinerako desegoki diren astakeriak egiten ari naiz. Panpoxa hori trankil eta lasai joan da. Zer-nolako konfiantza halabeharraren besoetan! Ni ere banoa. Erabaki bat hartu dut eta bada zerbait. Txikiren aholkuz, ikastea erabaki dut. Lotsagarri da hainbeste gauzaren ez-jakinean ibiltzea. Pitxisaltzaile bati erosi diot zenbait pergamino. Bat Pronostikoez da eta erromantzez dago; bestea latinez eta Secretum secretorum naturae deritza, eta, diotenez, hitz egin zezakeen altzairuzko burua egin zuen praile ingeles batena, doktor Mirabilis-ena izan behar du. Secretum hori pixka bat besterik ez dut konprenitzen, baina jakin-min harrigarria piztu dit.

        Ez dago ba, ez dago; ikasi egin behar da. Jakintza aldera pixka bat jo beharra dago. Horrek, astakerietatik zerbait aldenduko nau. Kultokeriazaleen ideietan zenbat egia dagoen ikusiko dugu laster. Horrela mespretxatzen gaituztenean umil-umil geratu beharra... Txiki mintzatu da Makrosophos-ekin eta hau badator Altzatera. Makrosophos pedagogo handia da eta berarekin zientziarik luneta ezkutuenean ere sakondu ahal izango dut; magian, alkimian, astrolojian eta matematiketan. Zer aurkientza zabala dudan nire aitzinean! Astia nahiko eta gehiegi ere badut Altzaten. Jakintza-liburu anitz erosiko dut, bai kastilanoz eta bai latinez ere, zenbait esfera eta astrolabio ekarriko dut, zientziaren muin sakonenean murgilduko naiz, eta erle antzo, giza-jakintzaren lore guztietan xurgatuko dut ezaguera oro, nire gozamenerako eta ez bestetarako, ezti gozo eta bikaina egiteko.

 

 

X

AGURRA

 

EDERRA: Ba al zoaz, aita?

JAUN: Bai, nire, bai.

EDERRA: Amari esan iezaiozu, nire eztaiak baino lehen, etortzeko, asko maite dudala, berarekin hitz egin beharra dudala.

JAUN: Horrelaxe esango diot, bihotza.

EDERRA: Ez naiz ausartzen, baina, fabore bat ere eskatu nahi nizuke.

JAUN: Esan, ba.

EDERRA: Aita Prudentziok, Berako elizako erretoreak, gurutze bat bere makila eta guzti enkargatu zuen Eason, eta horixe eraman diezaiozun nahi nuke.

JAUN: Trakets samarra da.

EDERRA: Ez ; gurutzea zakutoan sar ezazu eta makila aparte eraman.

JAUN: Ea, ba; amor ematen ez dakidanik esan ez dezazun, eramango dut.

EDERRA: Agur, aitatxo!

JAUN: Agur, txikitxo!

 

 

XI

KAPITAINA

 

        Jaun, Arbelaitz, maixu Makrosophos, Txiki, Martin Zikin, Xagit eta Basurdi badoaz, batzuk oinez besteak zaldiz, Bidasoa ondoko bidetik. Negu giroko egun bat da, zerua hodeiatu dago, lanbroa ari du. Behobia eta Biriaturen artetik igarotzean, zenbait gizonek inguratzen dituzte. Ohoin-talde bat da.

 

KAPITAINA: Geldi hor!

JAUN: Zer da?

KAPITAINA: Geldi, esan dut!

JAUN: Zergatik?

KAPITAINA: Arrestaturik zaudete! Bota dirua!

 

(Jaunek ezpata ateratzen du eta ekiten dio kapitainari zartaka, baina honek barrez gelditzen ditu kolpeak eta azkenik Jaun desarmantzen du eta bere ezpata ibaira bota.

Orduan Jaunek gurutze-makila hartzen du, eta ekiten dio eskuin-ezkerretara lapurrei makilka)

 

JAUN: Arraio, milla demonio, urdeok!

 

(Hainbeste zartakorekin, azkenik Jaunen makila hausten da eta eskuartean printza koxkor bat besterik ez zaio gelditzen. Kapitana burusi handi batekin estaltzen da, begi beltz handiekin isekari begiratzen du, karraisi-algara zorrotz bat bota eta badoa zaldi gainean asapalan desagertuz. Heien arteko batzuk lurrean utziz, lapur taldeak aldegin du. Txiki "Urde zikinak" deiadarka, ihes doazenei makilka ari zaie zarbata-ondo batekin. Makrosophos eta Basurdi ezkutatu egin dira)

 

ARBELAITZ: Indartsu hago, Jaun! Eta oso gazte!

JAUN: Ez. Kia! Beso hau minez diat. Jadanik galdu diat armetarako taxua.

ARBELAITZ: Harmetarako, beharba; baina makilkarenari dagokionez...

MAKROSOHOS: Jaun adiskide, baculinum argumentua era kementsu eta dotorean erabiltzen duzu.

JAUN: Erori al da norbait?

BASURDI: Hiruzpalau bada lurrean.

JAUN: Ez ote dira hilda egongo?

TXIKI: Zartakoengatik zorabiaturik besterik ez. Zekena zara horratio. Hori zen ematea!

ARBELAITZ: Bere-berea duen esku berezia dauka zartakaritzarako.

JAUN: (Basurdiri) Zer ari haiz, hi!

BASURDI: Erori direnei gainean dutena kendu behar diet.

JAUN: Burrukarako beldur eta lapurretarako ausart.

BASURDI: Bertan hilko al haiz! Hik begiratzen ez duanean, denak miatu eta hustuko dizkiat, bai. (Handik berehalaxe, ingurua begiratuz). Nun dira erori diren lapurrak? Alu zikinak! Hil itxura egiten ari ziren eta denok aldegin dute.

MAKROSOHOS: Deabrukeria bat dirudi honek.

JAUN: Ezer kendu al digute guri?

TXIKI: Gurutzea da falta den guztia. Gainerako dena berriz eskuratu dugu.

JAUN: Menturaren mentura! Tamalgarria benetan! Bere zorioneko gurutze hori eraman nezan, Ederrak egin dizkidan gomendio guztiak egin eta gero!

TXIKI: (Martin Zikini) Gurutzea sisa egin diagu, gure maisu Urtzi Thor egon zitekek kontent.

 

 

 

© Pio Baroja
© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

 

"Pio Baroja: Altzateko Jaun-en kontu zaharra" orrialde nagusia