LEHEN PARTEA

BIZIMODU LASAIA

 

 

I

JAUN-EN DORREAN

 

        Garai hontan, Bidasoa Berako Altzateko auzoa, bere nagusi Jaunak gobernatzen duelarik, bere buruaren jabe da. Auzo hau, etxe beltz eta handitako karrika batek osatzen du, balkoiak lorez-beteak, teilatuak goroldioz eta ateak estu, gaztelu batetakoak bezala. Jaunen dorrea, Lamiozingo errekaren ertzean dago; gaztelu-etxe handi, beltz eta zarrakatu bat da. Bertan sartzeko, erreka gainetik doan zubi txiki bat pasatu behar da. Urre-zelai eta bi otso beltz, Altzateko eskudoa duen ateka gotiko baju bat igaro eta bebarru batera heltzen da. Harri zabalezko zorua, bi habe, bi eserleku luze eta zaldiak lotzeko zenbait uztai.

        Bebarru hontan gurdi bat, belar pilla eta nekazaritzako zenbait lanabes ere badira. Baranda hesola-lodia duen haritzezko eskilara bat doa bebarruaren ezkerretatik gora. Eskubitara sukaldea. Eta zuzen aurrean dagoen ikuiluko atetik idien marruak datoz.

        Zabala eta beltza da sukaldea, sabaian zurrunekin. Mahai handi bat bada erdi-erdian, eta tximini bat harrizko subaju zabal batekin.

        Tximini-kanpaiaren babesean zurezko bi eserleku luze daude. Subajua haritz-ilintiz su ederretan ari da. Altzateko amona xaharra, Jaun-en ama, aulkietako batean eserita, urre-dizdirazko lihoa iruten ari da, eta erraz eta arin jiratzen du ardatza.

        Noizbehinka bere lana utzi eta besararen bat, txilar eta ote lehor botatzen du surtara, eta hauek usain gozoa zabaltzen dute sukalde giroan. Bi mutiko, bere bilobak, behin eta berriz amonarengana inguratzen dira, beti zerbaiten eske.

        Subajuko harrian sagar batzuk erretzen ari dira, eta burdinazko danbolin handi batean gaztainak tiro eta tiro.

        Gaua da, eta udazken eguraldia. Jaunek, bere amak, bere emazte Usoak, hauen bi seme zaharrenek eta bi errainek afaria bukatu berri dute.

        Jaun handia da, lerden, berrogeita bost urtekoa; begi urdin argiak ditu, kolore onak, bizarra zurizkatzen hasia eta taxu ausart eta bizkorra. Etxetik irteterakoan eta etxeratzean, txistuka ari ohi da birigarroaren gisa, eta gudu eta lapurretarako asmoz bere lagunak eta taldekoak leku ezkutu eta ezezagunetan bildu nahi dituenean, hontzaren kantua nahiz otsoaren marrua egin ohi ditu.

        Euskaldunen erlijio naturazaleko aginduak betezen ditu. Egun seinalatuetan mendi gainetan sua pizten ere laguntzen dio Arbelaitz apaizari, eta ilargi beteko gauetan, basoko bakan unetako ilargi-argitan, bere auzotarrekin batera dantza egiten du.

 

USOA: Artozuriketarako gaur datoz gure auzotarrak.

JAUN: A! Horregatik ari zarete horrenbeste sagar eta gaztaina erretzen.

USOA: Bai, horrexegatik.

JAUN: Ardorik ekarri al duzue?

USOA: Bai.

AMONA: Ardoa! Orain mundu guztiak ardoa edaten du. Lotsagarria benetan!

JAUN: Ama, zure garaian ez al zen ardorik edaten?

AMONA: Ez, horixe ezetz. Baina gaur egun bizioa besterik ez da.

MUTIKOA: Amona! Ipuin bat konta iezaguzu.

AMONA: Gero, beranduago.

MUTIKOA: Ez ; orain, orain.

AMONA: Ea ba; oraintxe kontatuko dizuet.

 

(Zenbait neska mutil gazte ari da sukaldera heltzen, lurrean arto besara batzuk bota eta horman kriselu bat eta zuzi bat ipini dituzte. Jaun, etxeko nagusia, bere lagun Arbelaitz, eta beste zenbait gizaseme jadanik urteetan sartuak, subajuaren aurrez aurre eserita daude. Jaunen emaztea eta beste andereak haien inguruan jarri dira. Sua eta argia estakurutako bestetarako ez dituzten neska eta mutil gazteak xoko batean elkarren inguruan taldekatu dira, eta arto pilatik buru bat edo beste hartuz, zuriketan hasi. Gazte-jendea irri-abarrez eta algaraka ari da, eta gizonek eta andereek sekulan ere garbi ez dakite hain zuzen zergatik ote den. Arto zuriketa bukatzen doazen eran, eta artaburu gorri eta horizka pila gelditu denean, gazteak, neska eta mutil, zutitu egin dira. Neska gazteak sagar eta gaztaina erreak jaten ari dira, eta zurezko ontzietan sagardoa edaten. Mutilen batek pattarra eskaini die, eta haiek, edatean eztulka eta tuka ari dira. Artaburuak xokoetan pilatu, eta mahaia hormaren kontra jarri dute; mutil batek alboka bat atera du, beste batek patrikatik txistua, eta dantza-saioa hasi da. Dantzarien urrats erritmoa entzuten da, baita behatzen krixkitin soinua ere.)

 

AHOTS BATEK:

                Sagarra, lori, lori,

                denbora denian

                gazteac ancac ari

                soñua jotzian.

JAUN: Hi, Arbelaitz, nola egiten dute gero neska horiek saltaka! Gaztaroa! Gazte izatea gauza ederra duk.

ARBELAITZ: Bai, eta berehala ihes egiten duen zerbait, gainera.

 

(Gizaseme handi bat da Arbelaitz, bizar zuri luzea eta begi distiratsuak. Auzo hontarako asturuak egiten dituena).

 

JAUN: Panpoxa hori hain polit ikustean, nire adina pekatu balitz bezala sentitzen diat.

ARBELAITZ: Nor da Panpoxa?

JAUN: Baleztaren alaba.

ARBELAITZ: A! Bai.

JAUN: Eta inbiriaz aritzen nauk, oraindik ere zenbait jauntxok gorde duen eskubide hortaz nirekiko pentsatzen.

ARBELAITZ: Lehen gauerako eskubidea!

JAUN: Horixe bera. Ziniko arraioak! Egia esan, neska hauek hain politak ikustean, penagarri zaidak feudalago ez izan beharra. Eta atzeraka pauso bat eman eta berriro feudal ohitura horiek ezarriko banitu? Zer deritzak, Arbelaitz?

ARBELAITZ: Ba! Nire ustez, feudal-jauntxo izan ez haizen arren, hortan behintzat beti nabarmendu haiz nahikoa.

JAUN: Hala deritzak?

ARBELAITZ: Hor nonbait! Lau baserri baino gehiago ezagutzen ditat nik hire begiak dituen mutikoren batekin.

JAUN: Arbelaitzen haziari ondorio eman dion baserriren bat ezagutzen diat neronek ere; eta ez duk hain zuzen hire etxea.

ARBELAITZ: Mihi gaztoen marmarrak! ... Nik! Apaiz gizarajo honek...!

JAUN: Gezurti amorratua! Hire emakume-gorabeherak ezagutuko ez bagenitu bezala!

ARBELAITZ: Gazte denborako txorakeriak. Baina orain zahartzaroan konprenitzen diat.

JAUN: Ba, ni oraindik gazte sentitzen nauk, beste joan-etorri eta abentura berri batzuei ekiteko beti prest.

ARBELAITZ: Baina halere, hor dituk ba nonbait hire berrogeita sei urteak.

JAUN: Larrun aldetiko aire hauek beti gordin iraunarazten dutela zirudik. Gure garaiko emakumeak oraingoak baino libreago zirela ere aitortu beharra zegok, nahiz eta zenbaitek alderantziz dela esan.

ARBELAITZ: Hobe duk oraingoa.

JAUN: Nire aitonarengandik entzuna diat, bere aitonaz mintzo zen batean, garai hartako haurrak aitarengandiko baino gehiago amarengandiko bezala hartzen zirela. Emaztea baserrian gelditzen huen, senarra berriz, artzain izaki, mendira: beti joan-etorrian.

ARBELAITZ: Oraingoa hobe duk.

JAUN: Bai, errespetagarriago deritzaguk. Garai haietan gizona libreago bizi huen...

ARBELAITZ: Eta hiri ondo iruditzen zaik?

JAUN: A! Jakina!

ARBELAITZ: Baduk atseden pixka bat hartzeko garaia, Jaun, hik ez bait duk eraman beste gehienek bezalako bizimodu lasaia; Espainian eta Frantzian gudukatu haiz... beti ibiltari...

JAUN: Bai, itsasoz ere pixka bat ibilia nauk.

ARBELAITZ: Itsasoz ere bai?

JAUN: Bai, Baionako kaiako Puntan normandoekin.

ARBELAITZ: Pirata izugarri hoiekin?

JAUN: Nire garaian jende ona huen. Haiek irakatsi zidatek irakurtzen, eta latin pixka bat ere bai.

ARBELAITZ: Harrigarria!

JAUN: Garai hartan Baiona hiri ederra huen, langilea, jakituna eta aberatsa. Orain beheraka doala zirudik.

ARBELAITZ: Egia esan, hire bizitza abenturero gisa hacia duk.

JAUN: Eta nekazari paketsu finkatu baten gisa ari nauk bukatzen.

ARBELAITZ: Oraindik, nork jakin!

JAUN: Ez, ez. Harrokeria pixka batez mintzo natzaik abentura eta ibilaldiez, baina ez ezak dena sinets.

ARBELAITZ: Ahuntzak beti basora jotzen dik.

JAUN: Nahiz gudu nahiz maite-abenturarik, aurrerantzean gehiago ez izateko prest aurkitzen nauk. Ez, ez; ez diat beste buruhauste eta kezkarik nahi, egunean egunerokoan nire Usoa zaharrarekin bizitzea aski zaidak, nire ganaduak zaindu eta nire lurrak landu; ez diat gehiagoren beharrik. Ez jende berririk eta ez jakite berririk.

 

 

II

ELKARRIZKETAK

 

        Orain, Altzate dorreko sukaldean neska eta mutil, dantza itsumustuan dabiltza. Mutilen artean Barrendegi, Ezponda eta Lizardi ageri dira lirainenak. Argia, Beltxa eta Panpoxa berriz neska artean ederretsienak. Argia luzea da, begi argiak, axai xuria eta motots gorriak. Beltxa berriz belzaran kolore ilunekoa, begi beltz melankolikoak. Liraina da eta zoragarria. Sugea bezain biguna, begi distiratsua eta ezpainetan atxikirik irribarre bixi eta isekari bat.

 

LIZARDI: (Panpoxari) Zuk maite baninduzu! Zergatik ez didazu, ba, baietz esan behar?

PANPOXA: Nik...! ja... ja...!

LIZARDI: Beste norbait maite al duzu, ala?

PANPOXA: Nik besteren bat maite? Ez, mutil, ez... ja... ja...!

LIZARDI: Dantza eta barre egiteko edonori ondo deritzozu.

PANPOXA: Horixe baietz. Eta zergatik ez? Ja... ja... ja...!

ARGIA: {Ezpondari) Esan egin behar diozu zure amari nobio garela.

EZPONDA: Bai, bai... ; esango diot.

ARGIA: Baina noiz.

EZPONDA: Pse! Ondo letorkidakenean.

ARGIA: Beti gauza bera esaten ari zatzaizkit. Engainatu egiten nauzu; badakit. Beltxa eta beste emakumeei begira zaude beti.

 

(Basurdik, Jaunen morroiak, buru handia eta begi txiki distiratsuak ditu; tripazagia eta gizena da, neska atzetik ere saiatzen da. Orain Illopa tontaxkarekin hizketan ari da).

 

BASURDI: Gero ez al zara ikuilura joango?

ILLOPA: Ez.

BASURDI: Zergatik ez? Beste batzuekin joaten zara, ba.

ILLOPA: Zerbait ematen badidazu joango naiz.

OLAZABALGO AMONA: Har ezazu, bai, ttantta bat bederen. Urdaileko trixturarentzako gauza ona da.

ZARRATEAKO AMONA: Noiz-behinka hartu ohi dut nik kopaxka bat, gehienez bi. Hortik aurrerakoa bizio bat litzateke.

OLAZABALGO AMONA: Bai, baina gure adinean on egiten digu. Izan ere, giro-busti hauekin...

ZARRATEAKO AMONA: Eta hainbeste pena sufritu eta gero!

OLAZABALGO AMONA: Ba, pixka batek on egiten du, bai. Zotina kentzeko haina bederen.

OLAZABALGO AMONA: Eta melankolia ere... Zeren norberak dakien hainbat ezbehar jasan eta; eta gainera gaur egun... bizimodua... hain dago garesti...

OLAZABALGO AMONA: Harrigarria da... ; oraindik non bukatu behar dugun ez dakit. Ikusi dituzu neska horiek ; zeinen lotsagabeak! Ez ginen gu horrelakoak gure gazte denboretan.

ZARRATEAKO AMONA: Ez noski! Guk horixe baino lotsa gehiagorik bagenuen!

OLAZABALGO AMONA: Mutilak ordea, bai ederrak direla! zeinen jatorrak!

ZARRATEAKO AMONA: Neska lotsagaldu horien atzetik nola ibil daitezkeen ezin dut konprenitu. Gainera, zerbaiten edertasunik balute bederen, baina ezta horixe ere.

OLAZABALGO AMONA: Izpirik ere ez dute. Panpoxa horrek ez du tutik balio.

ZARRATEAKO AMONA: Eta Argia artobizarrak diruditen motots horiekin!

OLAZABALGO AMONA: Eta Beltxa berriz, kolore itsusi horrekin!

ZARRATEAKO AMONA: Bai, egia esan, gizonen gustoa benetan konprenigaitza da.

OLAZABALGO AMONA: Beste ttantta bat hartuko al dugu?

ZARRATEAKO AMONA: Poxi bat bakarrik... mihia hezatzeko lain, besterik ez.

OLAZABALGO AMONA: Ez zaitez beldur izan. Giro busti hauekin!

ZARRATEAKO AMONA: Eta jasan dugun hainbat trixtura eta desengainurekin!

 

(Biek edaten dute)

 

FRIXU-BAITAKO ZAHARRA: Lagun, benetan politak dituk neska hauexek!

LEKUEDER ZAHARRA: Nire iduriko, gure garaikoak baino politagoak.

FRIXU-BAITAKO ZAHARRA: Bai, arrazoi duk. Mutilak ordea ez dituk gu ginen bezala. Gu galantago eta atseginago izan ohi gintuan emakumeekiko. Hauek arras galdu ditek prestutasun oro.

LEKUEDER ZAHARRA: Harroputz, astakerten, graziaren fitsik ez. Ezin diat konprenitu neska hauek nola hartzen dituzten aintzakotzat ere.

FRIXU-BAITAKO ZAHARRA: Bai, egia duk; ezin litekek konpreni.

LEKUEDER ZAHARRA: Nola doan mundua galtzen!

AHOTS BATEK:

                Baratzaco picuac

                iru chorten ditu

                nesca mutil zalia

                ancac arinditu

                ancac ariñ eta

                burua ariñago

                dantzan obeto daqui

                arto jorran baño.

                Ay, Ene! Nic ere nainuque!

                Ay, Ene! Zuc naibazenduque!

 

(Jendeak dantzan segitzen du)

 

 

III

EDAN, KANTA, DANTZA, LAGUNOK!

 

JAUN: (Alai sentitzen da, eta bere auzotarrei die:) Edan, kanta, dantza egin ezazue, lagunok! Bizitza laburra da eta gazte denbora berehala pasatzen da!

        Ni zuen ugazaba naiz, zuen buruzagi eta zuen burkide, eta zuek alai, kontent eta pozik ikusteaz poztu egiten naiz. Gu jende xehe eta ezjakina gara, baina jende bihotz-duna. Gezurra eta epelkeria arbuiatu egiten ditugu, eta handi, sendo eta jator den guztia maite dugu. Gure inguruetakoen kontra denok batera gudukatu gara. Bake garaian denok idi berarekin landu dugu lurra.

        Edan, kanta, dantza, lagunok! Bizitza laburra da, eta gazte denbora berehala pasatzen da. Gure bizimodu apal hau alaitasunaren eta ametsaren bixigarriz bizitzea beste asmorik ez dugu. Altzatearrok honelakoxeak gara: sensual xamar, poeta xamar, musikazaletik zerbait, ameslari ttantta bat.

        Bete dezagun berriro kopa eta huts dezagun kondarretaraino.

        Edan, kanta, dantza, lagunok! Bizitza laburra da, eta gazte denbora berehala pasatzen da.

        Horixe da gure filosofia. Bihar, gudan ala pakean, heriotza helduko da. Eta ausarki egingo diogu harrera. Alaitasuna ona da, eta barrea ere bai. Alai, diberti, barre, zuek gazte zaretenok!

        Edan, kanta, dantza, lagunok! Bizitza laburra da, eta gazte denbora berehala pasatzen da .

 

 

IV

GAUEKO PAKEA

 

        Orain dantza bukatu da. Altzateko dorreko jende guztia, bai mutil eta bai neska, bakoitza bere etxera erretiratu da. Urrutian irrintzi batzuk entzun dira. Gau-giro epela egiten du, auzoa lo datza ilunpean. Izarrek diz-diz dagite zeruan, zenbait lainoalde leun badabil zuhaitz artetan, ihintza ari da loreak hezatzen, idiak orroka ari dira ikuiluetan, eta Lami-erreka hizketa ezkutuan bere buruari kontu-kontari ari zaiola dirudi.

 

 

V

UDAZKENEKO ARRATSALDE BAT

 

        Handik zenbait astetara. Udazkeneko arratsalde bat. Zerua urdin dago, nakarrezko zenbait laino gorrizta handirekin. Eguzkia, hori-hori, urre kolorea ematen ari zaie mendi malkarrei, eta hauetan garoa gorritu da eta zuhaitz hostoak orbeldu. Naturak, lozorro eta nagi, arrats beherako argi honen laztana sentitzen du. Eguzki besoek gartzen dituzten egurats eskualdeetan eltxo-lainoak ageri dira. Zeruan, errege ibilian dabiltza arranoak hegaka lasaietan. Arratsaldearen agurrak badu bakerik eta idiliorik.

        Orbelaren busti usaina, udazken usaina, nabari da. Nagikeria leun bat da haize epelean; amets galduren baten ukitu bat ere bai ikurrin garaile gisa mendi tontor gainetatik agertzen diren laino gorriztetan. Mendixka zeharretan suei ke-bolada beltzak darizkie.

        Altzate etxeko baratzean bakea da nagusi. Fruitu-arbolak hasi dira hostoak jaregiten, eta belartzarian sagarrak isil-isilik jalgitzen dira bibelar gainera eta badoaz aldapa-ixurian behera.

        Jaun, bere baratzeko itzalpean eserita dago, itxituraren ondoan, alez betetako sagarrondo batek eta pikondo batek itzalunetzen duten harrizko eserleku batean.

        Lamiozingo erreka, hesiaren albotik doa. Une honetan errekatxoak eskarlata distirak ditu. Eta libelulek, beren tulezko hego kolore-aldakor, gorputz mehar eta xuxen, eta begi handi, ixtantez uraxala urratzen dute. Martin- arrantzariren bat hegan pasatzen da.

        Jaun, pentsamendua huts, zelaietara begira dago. Baratzean, tximeleta txuriak hegaka txoroan dabiltza, txantxangorriak kantan, elbi-handiak burrundan, sugandilak horman zehar korrika, eta armiarma-sare nahasiak enkaje antzo ageri dira eguzkitan. Katua txori-ehizean saiatzen da pantera baten gisa gorputza luzatuz eta bilduz.

        Jadanik hostoz soildutako larrosa-ondoetan loreren bat edo beste gelditzen da oraindik, eta itzalpearen ondoko lorategi txikian beste berant-lore batzuek dizdiraz daude.

        Jardin honek, udazkenak gorriturik, emazte rubia baten adatsaren kolorea du.

        Jaunen bi morroiren artean hurbileko soroaldetik, anitz koloretako kalabaza batzuk, saski batzuk sagar eta babarrun-besara zenbait dakarzkite, gero egutera aldetik dagoen balkoi batean zabaltzeko.

 

USOA: (Balkoira irtenda) Etorriko al zinateke, Jaun?

JAUN: Banoa.

 

        Jaunek baratzea gurutzatzen du, sotoan sartzen da eta bere emaztearen bila doa.

        Dorre barruan, gela handietan, zelaietako berdearen kolorea hartu duen argia sartzen da.

        Arratsaldea badoa; udazkenak bere lainozko ehunak darabiltza mendi maldetan zehar. Auzoko etxeetako tximinietatik, eguratsean biru mehetan desegiten den ke urdina, emeki eta leunki, indargabe hasi da irteten.

        Iluntzean, mamu trixte eta oldozkorren itxura hartzen dute tximinia beltzek. Herrixka txikietako etxeetatik sortzen den ke urdin honek, badu otoitz eta intzentsu eite bat. Nekazarien bizitza apalaz mintzo da, etxeko gizonak idiei errekan edaten ematen dien bitartean eta etxekoandreak, sarobeko abereentzako jatena daraman bitartean, surtara eskutara bat zotz-abar botatzen duelarik haurraren sehaskari kantari eragiten dion amonaz mintzo da.

 

 

VI

IBILALDI-ASMOTAN

 

JAUN: Zer dela-ta deitu didazu, Usoa?

USOA: Jaun, Easora joan behar zenukeela pentsatu dut.

JAUN: Zertara?

USOA: Ederraz, gure alabaz, zer den ez dakigu. Gainera, jaso beharreko diru apurren bat ere badugu Eason. Horrela distraitu egingo zara.

JAUN: Ez dut distraitu beharrik. Hemen ondo nago. Etxetik irtetzeko gogorik ez dut.

USOA: Bai baina joan egin behar duzu.

JAUN: Benetan, nahiago nuke joan gabe gelditu.

USOA: Zeharo alpertzen ari zara.

JAUN: Zahartzen ari gara.

USOA: Zuri behinipein ez zaizu nabari. Hortaz, joango zara, e?

JAUN: Ondo da. Esango diot Arbelaitzi ibilaldiaren asturua egin dezan, txorien hegakeraren arauera.

USOA: Egin du, jadanik.

JAUN: Eta? Ondorio onak eman al dizkio?

USOA: Bai. Berak lagunduko zaitu. Basurdi ere joango da.

JAUN: A zer nolako piztia! Basurdi horrek ez du ezertarako balio.

USOA: Beste morroia etxean behar dugu sagardogintzarako.

JAUN: Ondo da. Ondo da. Sekula gehiago Basurdirekin etxetik ez irtetea erabakita neukan, baina halere berarekin joan beharko dut.

USOA: Ederrarentzat erregalo batzuk jarri behar dizkizut saski batean.

USOA: Begira, egia esan, zu joan zaitezen nahi nuke, zeren Ederrak senargaia baduela entzun dut, eta kastilanoa eta katolikoa dela uste dut. Komeniko litzateke gazte hori zerorrek ezagut zenezan.

JAUN: Bai, ikusiko dut. Zuk ez al zenuke nahi gure alaba arrotz batekin ezkontzea?

USOA: Ez, nik ez. Nik nahiago nuke gure herriko eta gure sinesmeneko batekin ezkonduko balitz.

JAUN: A! Jakina.

USOA: Baleztaneko Panpoxa ere badoa Easora.

JAUN: A! Panpoxa ere bai?

USOA: Bai. Easora joan behar du eta gero handik Sarara.

JAUN: A! Sarara al doa Panpoxa?

USOA: Bai.

JAUN: Eta zer egin behar du Saran?

USOA: Ezkontzera doala uste dut.

JAUN: Harek bere gustoko bat topatu ahal ez izateko bezain eskas al gabiltza, ba, hemen mutil gaztez?

USOA: Hala dirudi.

JAUN: Bueno. Eta zenbat denbora egingo dut nik Eason?

USOA: Nahi duzun guztia... aste bat, bi...

JAUN: Ondo da. Senar atsegina ez naizenik ez duzu esango behintzat. Beste mandaturik eman behar al didazu?

USOA: Ardorik eta beste edari bizirik ez edateko. Gaitz egiten dizutela badakizu.

JAUN: Ez dut edango.

USOA: Orduan biderako behar duzuna prestatzera noakizu. Bihar goizean abiatu nahi al duzu?

JAUN: Bueno.

USOA: Arbelaitzi eta Panpoxari abixatuko diegu, eta zaldiak prest edukitzeko esango diozu Basurdiri.

JAUN: Ondo da.

 

 

VII

PRESENTIMENDUAK

 

JAUN: Beldur ikara sentitzen dut, ibilaldi honetatik gaitz izango ote dudan. Presentimendua bezala. A! Agian iduripenkeria txoro bat besterik ez da izango. Panpoxa ere badator eta nik lagunduku dut. Hori atsegin dut. Zergatik ote da presentimendu hau?

IZPIRITUEN KORUA: Jaun, alferrik ari zera halabeharraren kontra. Den guztia izan behar duelako da. Zuen etorkizuna aurrez erabakia ez bada ere, paperezko nahiz brontzezko liburu batean idatzirik ez daudelako zuen ekintzak halabeharreko zori baten ondorio ez badira ere, naturan den beste edozer bezain beharreko dira.

 

 

VIII

GOIZA

 

        Biharamun goizean. Altzateko auzoa lo datza lainoaldetan estalirik. Etxeetako tximinietatik, bizitza apalaren goiz-otoitz, ke-laino mehea irtetzen da, eta oilarrak kantutan hasi dira. Jaun ikuilura jaitxi da eta gainbegirada bat eman die zaldiei.

 

JAUN: E! Basurdi! Pixti arraio hori! Esna hadi!

BASURDI: Gizon hau niri nondik adarra joko zebilek beti.

JAUN: Zaldiei edaten eman al diek?

BASURDI: Ez.

JAUN: Zertan ari haiz ba, tentela!

BASURDI: Injustizia nazkagarri eta gorrotagarri bat duk morroi izan behar hau. Beti nagusiaren nahikerietara egon behar, hau nahi duela beste hura behar duela... Ze aspergarri! Leporaino...! Aberats albanendi! Ez nikek kolpe zorririk joko. Nire morroiek egin beharko liketek dena.

USOA: Pardelak ondo ipinita al daude.

JAUN: Bai. Basurdi ekar iezazkidak nire armak!

BASURDI: Hemen dituzu ezpata eta azkonak. Nik zerbait eramango al dut?

JAUN: Eraman ezak adarra.

BASURDI: Adarra! Inoren aurrean nire izena nola hankapean pasako zebilek beti gizon hau. Ezpata bat eramango dut.

JAUN: Ez, ez. Ematen didan laguntzarengatik! Bildotsekin eta hirekin nindoalarik Sunbillarako bidean Zabaletarrek eraso zigutenean, hik ihes egin huen.

BASURDI: A! Jakina! Bizia bertan utzi ala, bildotsek bezala!

JAUN: Horixe baietz!

BASURDI: Hori zure eritzia izango da. Baina ez nirea. Ni ez naiz batere iskanbilazale. Bakean utz nazatela, neuk besteak uzten ditudan bezala.

JAUN: Hi ez haiz izeneko basurde hori. Urde bat bestterik ez haiz.

BASURDI: Gizon hildako baino nahiago dut urde izan bizirik. Eta denek ez dute hori bera esaten ahal.

JAUN: Nortzuk ez dezakete hori bera esan?

BASURDI: Ba, hil direnek, noski!

JAUN: Hago ixilik, kertena! Etxetik at ostikoka botatzeko gogoa sartzen didak-eta. Kirten bezain hirekoi haiz eta hirekoi bezala eskergaitz.

BASURDI: Non dira azkarrak, esker onekoak eta berekoi ez direnak? Pozik ezagutuko nituzke.

JAUN: Aski duk. Ondo zegok. Har ezak adarra, eta utz dezagun hau alde batera.

BASURDI: Bada besterik, adarra nik baino hobeto eraman dezakeenik.

JAUN: Lehenago ala geroxeago hik eramango duk. Beraz, ez hadi estu.

BASURDI: Auskalo.

JAUN: Har ezak zaldi hau kraixtuetatik, Baleztaneko bere etxeko atarian Panpoxa igo dadin.

BASURDI: Neska hori ere gurekin al dator?

JAUN: Bai, eta kasu hire mingainari.

BASURDI: Ba! Nik esan dezakedan guztia entzuten ohitua dago hura honezkero.

JAUN: Ohiturik badago, ez balego bezalaxe; baina hobe duk haren aurrean kirtenkeriarik ez esan.

JAUN: Ba. Table Rondeko zaldun bat haiz hi.

BASURDI: Hori badakit ezetz. Eta beste zaldi hori norentzat da?

JAUN: Arbelaitzentzat. Herriko-etxean elkartuko gaituk.

 

(Jaun, artile ilunezko kapotea jantzi eta zaldira igotzen. Basurdik daramatza beste zaldiak erremaletik).

 

 

IX

EASORA BIDEAN

 

        Jaun eta Basurdi Altzateko karrikan Balezta deritzan etxe baten aurrean gelditu dira.

 

JAUN: (Deika) Eup! Eup!

BALEZTA: Nor da deika?

JAUN: Ni nauk, Altzateko Jaun. Hire alaba ez al dator Easora?

BALEZTA: Bai. Berehalaxe jaitsiko duk. Panpoxa!

PANPOXA: Banoa. Hauek dira berriz presak. Egun on, Jaun.

JAUN: Egun on, Panpoxa. Udaberriko goiz bat bezain heze zaude.

BASURDI: Heze dagoen ala ez, ikusi egin behar. Nire iduriko, orobat bestelatsu dago.

PANPOXA: Eskerrik asko, Jaun. Hau da polita!..., ja... ja...! Zaldiz joan behar dugu?

JAUN: Bai.

PANPOXA: Ba, nik ez dakit zaldiz ibiltzen.

JAUN: Nik lagunduko dizut igotzen. Eupa!

BASURDI: Nagusiak bada-ezpada ere gerritik heldu dio, bai.

BALEZTA: Hik zainduko didak alaba, Jaun.

JAUN: Ez axola, bidean ez zaiok ezer gertatuko.

BALEZTA: Kaxkarin xamarra duk. Hire esku uzten diat, e!

JAUN: Bueno, bai. Ondo duk. Basurdi!

BASURDI: Zer?

JAUN: Joan hadi Arbelaitzen bila!

 

(Jaun eta Panpoxa, elkarrekin doaz Arbelaitzekin bateratu arte, eta Easorako bidea hartu dute. Beratik iragaitean kristauak jasotzen ari dicen eliza ikusten dute)

 

ARBELAITZ: Egia esateko, gure euskal pentsakera eta ohiturak arrixku gogorretan aurkitzen dituk. Alde guztietan kristautasuna aurrera zihoak. Kristau horiek, kultukeriazale horiek, dena kendu nahi zigutek, gure praktika ordez beren kultoak ezartzeko. Eta horien kultoa zer? Konprenitzen ez dugun latinezko zenbait hitz-jario besterik ez.

JAUN: Arrazoi duk, Arbelaitz. Gure euskal tradizio beneragarri hauek kendu nahi zizkigutek, eta erlijio berria beren judutar dogma eta guzti ezarri. Ni horren kontra izanen nauk nire indar guztiaz, nahiz eta nire indarra handi ez izan.

ARBELAITZ: Altzateko jauna haiz.

JAUN: Bai zera! Ehun etxe eta beste zenbait borda.

ARBELAITZ: Adixkide onak badituk : Ganboatarrak Espainian; Urtubikoak Frantzian.

JAUN: Bai, baina denak kristau bihurtzen ari dituk.

ARBELAITZ: Egia esateko, kristau hoiek jende argia dituk. Ororen jabe egiten dituk eta gero eta itzal handiagoa ditek. Zer eliza! Zer nolako komentu! Zer urrezko kopa! Nolako jantziak! Guk ordea, Urtziri fidel jarraikitzen gatzaizkionok, artilezko kapa batekin eta untzezko koroi batekin aski diagu.

JAUN: Hik zer deritzak? Gure jainkoek gaurgero indarrik ez dutela izango?

ARBELAITZ: Agian nekatu egingo hituen, baina nire ustez oraindik izango ditek aro ospetsu bat.

JAUN: Eta hilda balira?

ARBELAITZ: Urtzik, Leherenek eta besteek oraindik zereginik badutela uste diat nik. Hilko dituk, bai, baina ez hain azkar. Oraingoz gure jainkoak eragile dituela: nahi duguna lortzen zigutek. Hik sarritan ikusi duk.

JAUN: Egia duk.

ARBELAITZ: Kristauak berriz, hor ari dituk errezatu, ia konprenitzen ez duten hizkuntza batean hitz berak behin eta berriz errepikatzen. Eta zertarako? Alferrik!

JAUN: Baina halere ahulak gu garela esaten ditek, eta beraiek dakitela egia bakarra.

ARBELAITZ: Hala duk; hori ziotek. Jaunek indarren bat ukan behar dik beren pentsakerak.

ARBELAITZ: Hala uste duk?

JAUN: Ziur. Hala ez balitz, nolaz zabalduko litzateke kristautasuna munduan zehar?

ARBELAITZ: Arrazoi duk. Kezkatzeko adina baduk.

JAUN: Easoko kristauak orain hasiko dituk Eguberri festatan.

ARBELAITZ: Bai. Han ospe dexente duten oleria festak dituk lehen.

BASURDI: Hau duk hau aukera! Nire zintzurretik ardo-ibai batek pasatu behar dik.

ARBELAITZ: Kristauek beren jaia zalebratzen duten bitartean, guk Eguzkiaren jaiotza zelebratuko diagu, eta horrela bata bestearekin nahastu ahal izango gaituk, haserrerik eta begiterik gabe. Gu ez gaituk haiek bezain egoskor eta moldakaitz.

 

 

X

PANPOXA ASPERTZEN

 

PANPOXA: Jaun.

JAUN: Zer duzu, nire ume horrek?

PANPOXA: Ezin naitekeela honela joan. Erori egingo naiz.

JAUN: Geldiago joan gaitezen nahi al duzu?

PANPOXA: Ez. Zure zaldiak ezin al gintzake gu biok eraman? Horrela nik non heldu izango nuke.

JAUN: Ondo da. Jaitxi zuretik, eta harri handi baten ondora iritxiko garenean igo zaitez nirearen gainera.

 

(Panpoxa jaixten da bere zalditik eta oso errex igotzen bestera eta heltzen dio Jauni gerritik).

 

JAUN: Bai arin oraingoan!

PANPOXA: Nahi dudanean biziki arina naiz. Ez jarrai gauza horietaz hitz egiten, Jaun.

JAUN: Zer gauzaz?

PANPOXA: Gauza serios horietaz. Aspertu egiten nauzue.

JAUN: Zertaz nahi duzu hitz egin dezagun?

PANPOXA: Maitasunaz eta gauza alaiez.

JAUN: Panpoxa, horretarako zaharrak gara. Basurdi oraindik gazte da bainan kirten hutsa da.

PANPOXA: Basurdi... ja... ja...! Hau da barregura.

 

 

XI

XAGIT, EROA

 

        Zalain deritzan auzotik pasatzean, txano gorridun gizon txiki bat kantuan hasi da haiek ikusi orduko.

 

XAGIT:

                Arre, arre, mandoco;

                biyar, Iruaraco.

                Andic cer ecarrico?

                Zapata eta guerrico

                oc guciac norentzaco?

                Gure aur politarentzaco.

BASURDI: Zer egiten duk, Xagit?

XAGIT: Kantatzen ari nauk, neure burua dibertitzeko.

BASURDI: Zelan doa hire buru hori, croa?

XAGIT: Ondo, hirea hainbat hazi ez bada ere.

BASURDI: (Makila jasoaz) Ero arraio hori! Emango diat...

JAUN: Te! Tel Astiro, astiro. Oraingoz behintzat gizon hau hi baino eroago denik ez duk nabari.

XAGIT: Hi al haiz Altzateko Jauna?

JAUN: Bai. Eta hi nor haiz?

XAGIT: Ez al nauk ni ezagutzen?

JAUN: Ez.

XAGIT: Ni kantaria nauk, eta eroa, denek diotenez. Herriak eta bideak zehar ibiltzen nauk eta festa eta eztaietan kantu alaiak kantatzen dizkiat, eta jaten ematen zidatek.

JAUN: Hortaz, poeta bat haiz.

XAGIT: Nahi duan bezala izenda nazak. Behartsu bat nauk, baina kontent bizi den behartsua. Ez diat diru egiteko grinarik, zeren diruak niri ez bait dit ezertarako balio; ez diat andrea eukitzeko asmorik izan, eta nire herriko alkate izan nahi banu, mundu guztiak nire lepotik barre egingo likek, eta neronek ere bai.

JAUN: Orduan gizaseme zuhur bat haiz.

XAGIT: Agian; baina mundu guztiak eroa naizela ziok.

JAUN: Nora hoa orain?

XAGIT: Easora. Eta zergatik ez hidake zuekin joaten utzi behar?

JAUN: Zakutoak daramatzan zaldira igo hadi.

XAGIT: Eskerrik asko, jauna. (Panpoxa seinalatuz) Hori emaztea al duk?

JAUN: Ez ; nire emaztea zaharrago duk.

XAGIT: Bai; hire emaztea duk.

JAUN: Ez; trukera galerarik izango ez banu ere.

PANPOXA: Ja... ja...! Hau da barregura!

 

(Ibiltariak badoaz beren bidean eta katez inguraturiko Easoko auzo batera heldu dira, eta han oina lurrera egin behar izan dute. Aduana da. Basurdi jende multzo artean nahastu da eta neska bati gerritik heldu du.)

 

JAUN: (Deiadarka) Basurdi! Hator hona. Neska bat gerritik heltzen berriz ikusten bahaut, burua pitzatuko diat, kirten hori!

BASURDI: Beraiei laket zaie, ordea.

JAUN: Laket zaie! Laket zaie! Kirtena!

XAGIT: Kirtena! Kirtena!

 

(Basurdik bultzada bat ematen dio)

 

JAUN: Basurdi! Easora joateko astakirtenegia haiz hi. Altzatera itzularazi behar haut.

PANPOXA: Honengatik bederen ez dute esaten ahal izango ibilaldiek heziketa osatzeko balio dutenik, zeren geroz eta egoskorrago ari bait da bihurtzen.

ARBELAITZ: Bueno, aduana gora-behera hau bukatu diagu. Goazen Easora!

JAUN: Goazen.

 

 

XII

EZTABAIDAK

 

        Jaunek, Arbelaitzek eta Panpoxak, Txoriburuko jaunaren emazte den Jaunen ahizpa Andriaren etxean ostatu hartu dute. Basurdi inguruko baserri batera bidali dute. Bere alaba, bere arreba eta bere ezkon anaia beraien artean beti misterio-giroz mintzo direla nabaitu du Jaunek. Kezkaturik, azterkatzen saiatu da eta denak kristau egin direla jakin du.

 

JAUN: Beraz, denok kristau egin zaretela, alegia?

TXOR: Bai; bataiatu egin gara.

JAUN: Nire arreba ere bai?

TXOR: Baita.

JAUN: Eta Ederra, nire alaba?

TXOR: Easoko kristauen artean sutsuenetako bat duk.

JAUN: Dotria hoiek irakatsi dizkiozue nire alabar?

TXOR: Kristau egin bada, bere gogoz eta borondatez izan duk, benetan. Mezatatik etorriko denean, galde iezaiok bestela berari.

JAUN: Ondo zegok. Ondo zegok. Ederra egin diagu!

TXOR: Hi ere katoliko egingo haiz.

JAUN: Ni ez. Ez ni. Katoliko hitz horrek zer esan nahi du?

TXOR: Unibertsala.

JAUN: Ni ez nauk sekulan unibertsala izango. Altzatekoa izatearekin banauk nahikoa.

TXOR: Egia jakingo duzuenean, denok etorriko zarete Elizara. Orain idolatrian bizi zarete, gezurrez eta bizioz beteriko mundu batean.

JAUN: Ze gezur? Ze bizio da Altzaten? Esan nahi al didak?

TXOR: Eguzkia, ilargia eta izarrak adoratzen dituzue.

JAUN: Eta zergatik ez?

TXOR: Abereak...

JAUN: Ez duk egia.

TXOR: Akerra jainkotzat daukazue.

JAUN: Artzain-herri baten sinboloa duk. Eta zuek, kristauok, ez al duzue bildotsa?

TXOR: Ezjakin eta atzeratu batzuk zarete.

JAUN: Zuek berriz, gu baino gezurtiago eta egoskorrago.

TXOR: Edozerentzat erantzuna badik gizon ezjakin honek. Hara, hementxe duk hire alaba elizatik etxera. Ez iezaiok Ederra deitu. Orain Maria deritzak.

 

(Ederra sartzen da)

 

JAUN: Ederra, ene alaba! Gure sinesteak utzita, egia al da kristau egin zarela?

EDERRA: Bai, aita, bataiatu egin naiz. Orain Maria dut izena.

JAUN: Niretzako beti Ederra izango zara. Eta zergatik utzi dituzu gure euskal tradizio zaharrak?

EDERRA: Egia irakatsi didatelako.

JAUN: Egia! Egia! Herri bakoitzak badu bere egia. Katolizismoa arrotzen egia izango da, maketoena, baina ez gurea.

EDERRA: Aita, ez ezazula biraorik esan. Zuk ez duzu ezagutzen.

JAUN: Ez dut ezagutzen! Ezta txinatarren erlijiorik ere ez dut ezagutzen. Baina, hara nik esan, kristauen jainkoak dauden tokian jartzeko lain badira Urtzi, Leheren eta beste euskal jainkoak ere.

EDERRA: Hori dena idolatria besterik ez da, aita. Kristauok ez dugu Jainko bat besterik, Jainko bakarra, Betikoa, Guztia ahal duena. Aita Mamertus gaur etorriko da eta berak irakatsiko dizkizu gure erlijioaren benetako erlijioaren hastapenak eta misterioak.

JAUN: Nola? Zuen erlijioak misteriorik ere badu? Egiak misteriorik ez zuela uste nuen nik.

EDERRA: Konbentzituko zara, aita. Zure konbertsioaren alde otoitz egitera noa.

 

 

XIII

BAKAR-HIZKETA

 

JAUN: En naiz konbentzituko, zeren ez bait dut entzuteko asmorik ere. Misterioak esplikatzera letorkidakeen praileren beharrik ez dut nik. Baletorkit, lehenengo makilkadarekin lehertuko dut. Hara hor zer egin duan hire alaba hona ekartzearekin. Bere erlijioa bazterrera utzi du. Laster bere hizkuntza ahantziko du latina ikasteko; nik ere ahantziko dut eta denok hor arituko gara musa, musae deklinatzen eta kantuan:

                Los de 'um' sin excepción

                del género neutro son.

        Eta gu ere apaiz histrioniko hoiek beren jainko judutarrekin zanpatuko gaituzte. Eta eguna helduko da, Altzatek ere kristau eliza kultokeriazale bat, bere kanpai eta guzti, izango duenekoa, lotan gaudenean ere esna gaitzaten. Finis Vasconiae! Neroni ere hasi nauk azkenik latinezko hitzak esaten. Hau duk abelera, hau!

 

 

XIV

EDERRAREN ETORKIZUNA

 

JAUN: Andria, ene arreba maite hori!

ANDR: Ana deitu nazak. Horrela darizt bataiatu naizenez gero.

JAUN: Euskal izenik ere ez ahal duzue gorde nahi? Ondo zegon, ba, Ana.

ANDR: Zer?

JAUN: Atera iezadan bigarren ardo kopatxoa.

ANDR: Baina, jadanik sei edana haiz eta...

JAUN: Kontatzen huts egingo ninan, nonbait; niretzat bigarrena dun. Zer deritzan nire alabak egin duenari?

ANDR: Oso ondo. Hik ere berdin egin behar huke bataiatu.

JAUN: Bataiatu! Zergatik? Nire erlijioa gezurra eta zuena egia dela argitu beharko zenidakete lehenik.

ANDR: Baina, bixtan dagoen gauza duk hori.

JAUN: Nik ez dinat bain bixtan ikusten.

ANDR: Bataia hadi eta ikusiko duk.

JAUN: Ni ez. Eta Ederrak kristau ez den batekin ezkontzerik ez duela nahi uste al dun?

ANDR: Zhur nauk. Are gehiago: Anselmus deritzan kastilano gazte katoliko batekin harremanetan dabilela uste diat.

JAUN: Anselmus txoro horrekin? Maketo horrekin?

ANDR: Ederrari sarritan entzun zioat: Anselmusekin besterekin ez naiz ezkonduko; bestela komentura sartuko naiz.

JAUN: Txantxetako kontua, alajaina. Baina maila sozial handiagoko ezkongairik idoroko dinat nik nire alabarentzat, eta Anselmus hori alde batera uzteko konbentzituko dinat.

ANDR: Ezin izango duk.

JAUN: Dena dela, ikusiko dinagu!

 

 

XV

SENARGAIAK

 

ARBELAITZ: Iragan egunean esan huenaz pentsatu diat eta idoro ere bai hire alabarentzat katoliko ez den zenbait senargai.

JAUN: Nortzuk?

ARBELAITZ: Ekarriko dizkiat.

JAUN: Jakinaren gainean jarri al dituk?

ARBELAITZ: Bai.

JAUN: Nahi duanean ekar iezazkidak, neronek ezagutu ditzadan. Hitz egingo zieat eta ikusiko diat zer-nolakoak iruditzen zaizkidan.

ARBELAITZ: Oraintxe bertan ekarriko dizkiat.

 

(Arbelaitz irteten da eta berehala, tunika beltzez jantzitako gazte ihar txepel batekin itzultzen).

 

ARBELAITZ: Hau duk Zakarias Pimienta, Muskariako judutarra.

ZAKARIAS: Zure lagun Arbelaitzi entzun diodanez, alaba bat ezkongai duzu. Ni etekin ugari ematen didan banketxe baten jabe naiz Muskarian. Lurralde handiak erosi ditut hiri hartan, eta bai aberatsei eta bai pobreei hilean ehuneko ehun eta berrogeita hamarren irabazpidetxo kaxkarraren truke aurreratzen diet dirua. Zure lagun Arbelaitzek dioen bezain aberats bazara, esaidazu zenbat izango den dirutan zure alabaren dotea, eta komeni bazait, gure Aita Abrahamen izenean zin egiten dizut ezkonduko naizela berarekin.

JAUN: Adiskide Pimientaa, zer nahi duk, ba? Ez piperminik eta ez judutarrik ez zaidak gustatzen.

ZAKARIAS: Gu judutarrok ez gaituzue konprenitzen ahal. Gurea baino arraza herbalagoa zarete zuek.

JAUN: Zuek baino herbalagoak bagara, arras kaskar gaituk benetan.

ZAKARIAS: Kafreak bezala zarete.

JAUN: Aski! Aski! Utikan hire bankadiruekin eta hire salerosketarako azpijan hoiekin mundua pozointzera!

ZAKARIAS: Hegazti gaiztoek jan hazatela, madarikatu hori. Hire begietako argia galdu eta lurrera eror hadila, eta hire gorputza kiskal...

JAUN: Judutar gizajo honi ostiko bat eman ala ez negok.

ARBELAITZ: Ez iezaiok horrelakorik egin. Diru mordo bat ordaindu beharko hioke.

JAUN: Orduan joan dadila.

ARBELAITZ: Ezkongaietako beste bat ekarriko diat.

 

(Irteten da Arbelaitz eta turko batekin itzultzen).

 

JAUN: Turko bat!

ARBELAITZ: Bai, gizabeteko turko bat. Soliman Mustafa.

SOLIMAN: Jainkoak eman biezazu, jauna, lehoiaren indarra eta sugearen zuhurtasuna.

JAUN: Urtzi Thor-ek eman biezazkik arranoaren hegakera eta barearen patxara.

SOLIMAN: Zure bihotza larrosa ondo loretu bat dadila.

JAUN: Eskerrik asko!

SOLIMAN: Alaba bat ezkongai duzula esan didate, eta gainera, zure baitan ez duzula kristau txakur hauen ezkontzari buruzko aurre-eritzirik. Horrela bada, eta konfiantzarik badidazu, eman iezadazu zure alaba, berarekin ezkonduko naiz eta eramango dut harenera beste nire emazteekin batean bizitza zoriontsu eta lasai bat bizi dezan.

JAUN: Soliman jator hori: Ederra hirekin zoriontsu izango ez ote litzatekeen susmoa diat. Gure euskal emakumeak bere senarraren bihotzean jabe bakarra nahi dik izan, eta nire ustez, hire izenari berari ere, o Soliman nire alabak pozoi hutsa deritza.

SOLIMAN: Beraz, ez natzaizu komenigarri?

 

(Arbelaitz, Haroldo vikingoarekin heldu da. Pagano-insigniaz betetako gudari jantzian dator Haroldo.)

 

HAROLDO: Haur bat nintzen ezkeroztik, borrokan aritu naiz beti, eta gudu-zelaietan nire lantza odol gorriz lurrunetan ikusi izan dut. Nire esku hauez ehunka arerio hil dut. Burezur landutako kopatan edan dut garagardo beltza, eta Ragnarus Lodbrok Eskandinabiako erregearen himnoa kantatu ohi izan dut:

                Bibemus cerevisiam brevi

                ex concavis craniorum poculis

                in praestantis Odini domicilio.

        Nire deiadarra hau da: Thor, lagun! Ez naiz inoren menpeko, ez dut inorenganako begirapenik. Ba dakit zaldiz ibiltzen, saltatzen eta igerikan. Nire korsario itsas-ontzia altxorrez beterik dut. Nire ideala gudu-iskanbila artean hiltzea da, eta Odin-ek bere jauregira deituko nauenean, ezpainetan irribarrez joanen natzaio. Gudari bazera eta zure alabak bihotz tinkoa badu, eman iezadazu.

JAUN: Ni ez nauk, hi vikingo hori bezain beldurgarria, eta nire alaba ere ez. Burezurrezko ontzietan edate horrek ez zidak nire barne-muina gehiegi berotzen. Hi gudari beldurgarri bat haiz, ni nekazari jator bat. Guk biok ezin diagu elkar konprenitu.

ARBELAITZ: Hire burua non urka ezin arkiturik habil, Jaun. Ikus dezagun senargai hau laket zaian. Hemen duk Manex, lapurtarra.

MANEX: Nire gurasoek, neska premu, aberats eta itsusi batekin indarrez ezkontzera behartzen naute. Baina nik ez dut inola ere nahi. Zure alaba ikusi dut eta gustatu egin zait. Utziko al zenidake berarekin hitz egiten?

JAUN: Nola ez ba?

MANEX: Zuraidetarra nauzu. Badut han baserri eder bat, belardi zabal, artasoro eta behi anitz.

JAUN: Zuraidekoa haiz beraz, jendeak dioenez tipula-saltsazale den herri hortakoa.

MANEX: Ez pentsa gero, beste edonork baino tipula gehiago jaten dugunik.

JAUN: Ea halaxe balitz ere zer. Bai, Manex, nahiago nikek nire alaba hirekin ezkonduko balitz, eta zuen eskualde atsegin eta maitagarri horretara bizitzera joango balitz. Zuek ere gu bezala euskaldun zarete. Hori bai, guri kastilanoen harrokeria iratxekitzen ari zaigun eta zuei berri frantsesen ustehuskeria. Nire alaba eta hi biok elkarrekin konpontzen bazarete, nire baimena emango dizuet.

ARBELAITZ: Jaun, oraindik ere beste senargai bat baduk zain.

JAUN: Etor dadila.

ARBELAITZ: Hemen duk.

ANSELMUS: Ni Anselmus kastilanoa naiz. Eta zure alaba ezkontarazteko hizketaldi hauek denak alfer-alferrikakoak direla esatera natorkizu.

JAUN: Nola? Nire gorabeherak hire esku hartzeko asmoa al duk?

ANSELMUS: Gorabehera hauek ez dira zureak bakarrik, baita zure alabarenak ere eta beraz niri axola zaizkit.

JAUN: Hori duk azala!

ANSELMUS: Maketo harroputz eta handiuste bat naizela zuk esatea baliteke, Jaun. Eskale izan eta errege balitz bezala dabilen behartsu eta alfer-herri batetakoa naizela zuk uste izatea ere baliteke; baina ni Anselmus kastilanoa naiz, eta zure alabaren begiko; eta nahi ala nahi ez, bera nirea izango da.

JAUN: Harrokeria handiz mintzo haiz.

ANSELMUS: Ez; ziurtasunez mintzo naiz.

JAUN: Hain ziur hago nire alabaz.

ANSELMUS: Bai. Berak eta nik betirako maitasuna elkarri zin egin diogu, eta gu elkarrengandik aldenduko gaituen gizaindarrik ez da.

JAUN: Aski duk. Ondo zegok. Sutsuak dituk benetan kastilano hauek. Ba, horrela bada, ez diat zer esanik. Ezkon zaitezte eta izan zoriontsu. Arraioa! Erabaki dudanik ez diat sekulan egiten.

 

 

 

© Pio Baroja
© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

 

"Pio Baroja: Altzateko Jaun-en kontu zaharra" orrialde nagusia