...semeari, noski
ATARIAN
Kontu hauen muina bi poeta greziar handiri esker daukagu. Homero eta Hesiodo: hauexek dira beren herriko ahozko literatura eta esaera zaharrak jaso eta bertsotan idatzi zituzten lehen europarrak. Duela ia-ia hiru mila urte idatzitako bertso haiek bost mende baino gehiago izan ziren Grezia-ko neska-mutilen irakasle bakarrak. Euskal Herrian dolmen eta harri-lanetan genbiltzan garai hartan, Grezia-ko haurra eskolara joaten zen, eta eskolako zeregina bi poeta horien bertsoak buruz ikastea zen.
Ekintza-bertso ziren batik bat Homero-k eta Hesiodo-k idatzitakoak: mamitzat abentura harrigarri eta joan-etorri arriskutsu ugari. Baina bertsoak gainezka zeuden eguneroko giza-bizitzarako behar zen arau, betebehar, lege eta ohituraz, eta bertsoekin batera bazihoan giza seme-alaben behar-beharrezko errito eta eginkizun sakratu franko. Bertsoa totala zen, herriko entziklopedia eta elizkizuna baitzen, etika eta estetika batera; erakutsi eta behartu egiten zuen, jakin erazi eta egin erazi, alegia.
Bainan bertso-eskola hura jolas, joko eta atseden izaten zen gainera, bertsoak ikastea musika alorrean murgiltzea baitzen. Erritmoa, melodia eta dantza ziren alor hori: gorputz osoaren benetako espresabidea.
Eskolatze hura filosofiak bota zuen hankaz gora. Grezia-ko filosofoak Homero-ri eta Hesiodo-ri esker egin baziren filosofo, bi poeta horien kontra arituz izan ziren filosofo; baina hau historia aparta izanik beste historia bat da. Hemen hiruzpalau historia askoz ere apalago kontatzen da; Homero-k eta Hesiodo-k ahoz-aho jaso eta idatzi zuten hartatik, oraindik asko irakurtzen ez zekien haur bati aitak ipuin gisara kontatzen zizkion hiruzpalau historiatxo. «Aita, atzo Ulises Zirze sorginaren atzetik zebilela utzi genuen» semeak gozo-gozo ohetik, egungo Ulises-enaren zain.
Ahoz botatakoa idatzi egin du. Aitak koanto!, semeak oraindik ere entzun egiten baitu gustorago ohean. Bainan irakurri ere egingo dizkiola, idatzirik ematen badizkio... eta hala sortu da liburua.
Ahotik belarrietara behar zuena, begibixta prosaikoa bihurtu da. Semearen ohetik paper hauetaraino galbidea izango zen dudarik gabe, bainan gaitzerdi dateke galbide hori (ez dago gaitz bere on ez dakarrenik, Hesiodo-k berak zioenez), baldin prosa honi Grezia-ko katilu eta ontzietako marrazki batzuk erakusteko bidea irekitzen badiot, eskola-maixu izan ziren bi poeta greziar handi haien eragina guk batez ere begietatik soma baitezakegu gaur. Eragin hura estetiko gerta balekigu, gaitzerdi beraz.
© Mikel Azurmendi "Mikel Azurmendi: Kontu kontari Grezian barrena" orrialde nagusia