17. ITZULERA

 

Handik, Madrila itzuli nintzen SAS-en hegazkin batean, Madrildik hiriburua Taf trenean, eta hiriburuan aditzera eman zidaten hogei urte hartan Molacegosaino lineako autobusa zegoela eta beraz ez nuela, lehenago bezala, Pozal de la Culebraraino joan beharrik. Eta ez dirudi baina honela, oinez egin beharreko bi kilometro aurreratzen dituzu. Eta horrela, Molacegos del Trigon oina lurreratu nuen orduko, muturrez aurrera Aniano Errekardariarekin topo egin nuen, eta Anianok begiz jo ninduen orduko hala galdetu zidan: «Nora abiatu zaigu gure estudiantea?» Eta nik erantzun nion: «Bueltan nator. Herrira». Eta esan zidan: «Bertan geratzeko?» Eta nik erantzun nion: «Ez ba jakin». Eta berak esan zidan: «Luze bota duzu hortik zehar». Eta nik esan nion: «Ba! berrogeita zortzi urte». Eta bere ohizko sotiltasunaz erantsi zuen: «Kapitalera noa. Zerbait behar bazenu...». Eta nik esan nion: «Eskerrik asko, Aniano». Eta gero, bidea hartu nuen orduko, halakoxe dardarizo bat sartu zitzaidan, zeren eta Molacegosko bidea, meharra izan arren, asfaltoz estalirik baitzegoen, eta momentu batez, nire hango lan, neke eta penamen guztien sustrai eta eustarria zakurraren ipurdira joana izango ote zen beldur izan nintzen. Eta nire bide bera zeraman gazte baten pausora jarri eta bidaidetu ginenean, ia-ia ahopean galdetu nion: «Zer, Makinak heldu al dira?». Kopeta txordoz begiratu eta esan zidan: «Zer makina?» Ni apur bat kikildurik geratu nintzen eta esan nion: «Zer dakit ba, nik? Gari-jotzekoa, traktorea, motogoldea...» Mutilak barre lehor bat bota eta esan zidan: Horietako katxarro bat erosi ahal izateko, herri osoa saldu beharko zenuke». Eta bidearen bihurgunea okertu genuen orduko, Lahocesko eremuaren hegoaldeko bitxurrean gora gizon bat bere ganadu parearekin ikusi nuen eta denak garai hartako traza bibliko bera zeukan eta orduan esan nion: «Han gora datorrena kantinako Hernando Hernando ez da izango?» Eta hark esan zidan: «Haren biloba da; Norberto». Eta herrira heldu nintzenean, gizonak bakarrik aldatu zirela ohartu nintzen, baina funtsean lehengoan irauten zuela, eta Ponciano Poncianoren semea zen bezalaxe, eta Tadeo Tadeo zaharrarena, eta Antonio Antonioren biloba, Moradillo erreka betiko arroilan behera zihoala ipular, lezka eta ezpata-belarren artean, eta Viudaren bitxurrean bihurgune guztiak ere hantxe aurkitu nituen lehengo berean, eta Poncianoren hiru arbendolondoak eta Olinpioren hiru arbendolondoak, Elizioren makalondoa, eta Zenona atsoaren usategia, eta Cerro Fortuna, eta Encapuchados basoa, eta Pimpollada, eta Piedras Negras, eta abuztuan eperkumeak galtzutara bidean jaisten zuten Lanzadera, eta Bibiana atsoaren intxaurrondoa, eta Los Enamorados, eta Fuente de la Salud eta Cerro Pintao, eta Siete Sacramentos, eta Otero del Cristo, Sisiniaren Gurutzea, eta Saturio zaharraren mahastia, erbi-izuak ohantzea zuen lekua alegia, eta Mesa de los Muertos, denek hantxe irauten zuten denboraren aurkako burruka patxadatsuan. Dena neuk utzita bezalaxe zegoen, azken garijotzeetako hautsa oraindik etxeetako lurrezko paretetan eta esparruetako hesoletan erantsirik.

        Eta etxeratu nintzenean, Bizkiak artean lo zeuden, biak burdinazko ohe zaharrean, eta biek jadanik ilea zuria zuten, baina Klarak begi bat lo eta bestea, urdin-urdina, geldi-geldi hunkigarriro niri begira zuen oraindik ere. Eta bekokian muin eman nienean, Klarari beste begia esnatu zitzaion eta jite hutsez segituan bulargaina mendelaz estali zuen, eta esan zidan: «Nor zara zu?» Eta nik irribarre egin nion eta esan nion: «Ez al naun ezagutzen ala? Isidoro, neska». Begiradaz goitik beheraino neurtu ninduen eta, noizbait ere, esan zidan: «Zaharrago hagon. Eta nik esan nion: «Hi handitu egin haiz». Eta aurrez entenditu, lo egon bagina bezala, biok barrez hasi ginen.

 

 

 

© Miguel Delibes
© itzulpenarena: Patxi Apalategi

 

 

"Miguel Delibes: Kastila zaharreko kontu zaharrak" orrialde nagusia